"Roomba xurgagailuak zure etxeko planoa eskaneatzen omen du eta Ikeari saldu"

  • Lerro paraleloak, elkarrengandik gertu-gertu joan arren, ez dira inoiz elkar gurutzatzen, eta lerro elkarzutek, berriz, behin ukitzen dute elkar, eta betiko banatzen dira gero. Lorea Argaratek, ordea, ezinezko geometrikoa lortu du. Bere bizitza ardazten duten lerro paraleloak batu ditu, bere hiru pasioak uztartu: musika, teknologia eta hezkuntza.

Argazkia: Dani Blanco.
Argazkia: Dani Blanco.
Lorea Argarate Zubia (Bilbo, 1990)

Musikaria, teknologoa eta hezitzailea. Fisika ikasten hasi zen, baina nahiago zuenez gauzak egitea, gauzei buruz hitz egitea baino, fisika utzi eta telekomunikazio ingeniaritza ikasi zuen. Hantxe topatu zuen bere lekua. Deustuko unibertsitatean ibili zen hiru urtez, pedagogia eta teknologia lantzen dituen ikerketa-talde batean, eta, gaur egun, Tazebaez berrikuntza kooperatibako kidea da. Hezkuntza eta teknologia uztartzen dituzten proiektuak garatzen dihardu, adibidez, Sortzearen abentura proiektua egin dute Bilboko Udalarekin batera, Bilboko eskoletan emateko. Proiektu horren bidez, design thinking metodologiari buruzkoak irakasten dizkiete haurrei.

Has gaitezen musikarekin.

Musika beti izan da nire bizitzako adar sendoena, nire bizitza musikari begira egon da, hortik sortu dira beste hainbat proiektu. Umetan klarinetea jotzen hastea erabaki nuen, ez dakit zergatik. Gurasoek esan didatenez, halako batean esan nien klarinetea jo nahi nuela. Musika eskolan hasi nintzen, eta oso ondo dago, baina nik egur gehiago nahi nuen. Orduan, kontserbatorioan sartu nintzen. Han sekulako egurra zegoen, baina ezin zenuen ezer erabaki, eta musika eskolan nire esku zegoen guztia.

Zer ikasi, zer ez ikasi…

Hori da. Kontserbatorioan, ikasturte hasieran esan zidaten hiru obra jo behar nituela. Nik ez nituen horiek jo nahi, baina nik nahi nituenak ez zeuden curriculumean. Orduan, tratu bat egin nuen irakaslearekin, eta esan zidan berak eman ahal zidala nik nahi nuena, baina ezingo zidala gainditutzat eman.

Eta?

Horrela ibili nintzen bi urtez, kontserbatoriotik bota ninduten arte. Kalera joan nintzen, baina, han ibili nintzen bitartean oso gustura ibili nintzen. Nirekin karrera atera dutenek titulua daukate, baina ez dute inoiz jo, ez dute berriro instrumentua erabili, eta nik, ostera, ez daukat titulurik baina asko jo dut: garai horretan Sopelako bandan nengoen (han lortu nituen nire lehen soldatak), gero E Gene izeneko pop rock musika talde batean ibili nintzen… Klarineteak asko eman dit.

Klarinetearen ondorioz hasi zinen fisika ikasten, ezta?

Bai, txoriburu bat nintzenez, klarineteak egin nahi nituen, eta horretarako jakin behar nuen akustika, eta akustika jakiteko egin behar nuen fisika.

Baina ez zintuen bete.

Fisika beti gustatu izan zait, ez bakarrik akustika. Baina lehenengo urteak beti dira oso generikoak, ematen da matematika pila bat, kimika pila bat… fisika ia gutxiengoa zen. Beraz, lehenengo urteetan pixka bat gogorra egin zitzaidan. Aurrera egin ahala, beste ikasgai batzuekin hasi nintzen, eta gustura aritu nintzen. Kontua zen, ordea, ezin nuela inon aplikatu. Konturatu nintzen jakingo nuela hitz egiten denari buruz, baina ez nuela jakingo ezer egiten, eta nik beharra dut gauzak egiteko, ez hitz egiten aritzeko, aspertu egiten nau.

Eta utzi egin zenuen.

Bai, hala ere, utzi aurretik, elektronika deskubritu nuen. Eta ikusi nuen zein merkea zen, ikusi nuen egin nitzakeela sintetizadore pila bat, mikrofonoak… Klarinete bat egiteko diru pila bat behar nuen, eta bat-batean oso prezio baxuan egin nezakeen sintetizadore bat, klarinete bat ematen zuena!

Hain justu ere, musika elektronikoaren bidez ezagutuko zaitu jende askok, Tea Party DJ’s taldeko kide gisa.

Hori izan zen hurrengo pausoa. Elektronika deskubritzen hasi nintzen, pedalak egiten, sintetizadoreak tuneatzen … Orduan hasi zitzaidan musika elektronikoaren mundua pixka bat gehiago gustatzen, zeren ordura arte nahiko purua nintzen, iruditzen zitzaidan ordenagailuarekin egindako musika ez zela musika, baina estereotipo horiek guztiak hautsi nituen eta hasi zitzaidan benetan gustatzen. Zortea eduki nuen gainera, zeren Eva Gutierrez topatu nuen bidean, nirekin Las Tea Partyn ibili dena, eta Evarekin batera aritu naiz ez dakit zenbat urte.

Orain atseden hartzen ari zarete, ezta?

Bai, luzatu egin dugu atsedenaldia gainera. Lehenengo aldiz Soraluzen jo genuen oholtza baten gainean, 2010ean, eta 2019an gaude. Bitarte horretan ez genuen inoiz oporrik hartu, komatxo artean. Oso pozik gaude zeren eduki dugu aukera Las Tea Partys proiektuaren bidez asko ikasteko, autonomoak izan gara, fakturak eta horrelako gauzak egiten ikasi dugu, egon gara DJ moduan Bilboko bi diskoteka onenetan, eta hor ikasi dugu nola antolatu gaueko ordu horiek, zelan eragiten dizun. Bestalde, jaialdietan ere ibili gara: Euskal Herrian jo dugu mila jaitan, eta hemendik kanpo ere ibili gara eta esperientzia hori, alde batetik, surrealista da eta barregura handia sortzen digu, eta, bestetik, pila bat ikasi dugu, eginez.

Argazkia: Dani Blanco.

Baina…

Baina atsedenaldia behar genuen, eta oso gustura gaude. Egon izan gara musika jartzen elkarrekin, baina ez Las Tea Partysen izenpean daukazun ardura horrekin, zeren azkenean ardura handia izatera heldu da eta psikologikoki ere exigentzia handia dauka. Eta are gehiago nortasun digitalean. Denbora guztian konektatuta egotea, online egotea, aktualizatzea… Gaur egungo artistek musika egiteaz gain mila gauza gehiago egin behar dituzte, eta hori zen agian gehien nekatzen gintuena. Orain, adibidez, sare sozial guztiak geldi dauzkagu eta guretzat benetako lasaitasuna izan da, eta gure bizitzen egunerokotasunean ere igarri dugu pixka bat. Ikusiko dugu nola bueltatu, horri buruz momentuz ez dugu asko pentsatu. Erabaki genuen apur batean geratzea, gure proiektu bat zelako eta gustura egin nahi genuelako. Beste gauza batzuk daude inposatutakoak, beraz guk gure buruari ez diogu inposatuko gauza gehiago.

Nortasun digitala aipatu duzu. Oker ez banaiz, datuen kudeaketari buruzko master bat egin zenuen. Nolakoa da egoera?

Gaur egun, datuen salmenta berehalakoa da. Gure datuekin asko trafikatzen da. Zerbait bilatu duzu orri batean, eta hurrengoan iragarki bat agertzen zaizu bilatu duzunarekin lotura duena. Hori gertatzen da bilatzaileak saldu dituelako zure datuak. Eta hori da orain arte ezagutu duguna, hau da, nik bilatzen dut eta agertzen zait. Baina bilatu duzu, akzio bat egin duzu. Orain, ordea, mugikorraren bidez egiten dute, irudiekin, mikroekin. Mugikorra oso dispositibo inteligentea da, eta sentsore eta gauza asko dauzka, eta guk, aplikazioak jaistean baiezkoa ematen diogu baldintza pila bati, irakurri gabe, eta baimena ematen dugu gauza horiek guztiak hartzeko.

Orain gutxi entzun dut roomba robot xurgagailuak zure etxeko planoa eskaneatzen duela eta plano hori saltzen diola jende pila bati, bai Googleri bai Ikeari, eta horregatik Ikeak bidaltzen dizu iragarki bat justu zure neurrira datorren altzari batena, zeren badaki non ahal duzun ipini, zeren roombak erregistratu du. Nork pentsatuko luke roomba ari dela zure etxeko planoa erregistratzen eta bidaltzen, eta badakiela noiz jarri duzun altzari berri bat eta non? Ba hala da. Datuen kudeaketaren mundua oso ezezaguna da jendearentzat, ez daukagu hezkuntzarik gai horietan, eta gainera oso berria da guztia. Beraz, uste dut beharrezkoa dela dibulgazio minimo bat egitea, ondo kudeatu behar ditugu gure datu digitalak, eta pribatutasuna zaintzen hasi behar dugu.

"Orain dela 40 bat urte, teknologia eta zientzietako karreretan neskak ia %44 ziren eta orain, berriz, %11. Ez goaz aurrera, baizik eta atzera"

Nola?

Txikikeria da, baina webcam-a beti eroan behar da estalia. Eta gero, esango nuke pentsatu edo aukeratu egin behar dela, beste gauza batzuk egiten ditugunean bezala. Elikaduraren arloan adibidez hartzen dugu kontuan jasangarritasuna, eta pintxo bat jatera zoazenean, igual okelarik gabekoa hartzen duzu, edo behintzat badakizu aukeratu ahal duzula. Publikatzeko orduan berdin: adibidez, ez publikatu argazki bat zure etxetik oso gertu badago, edo ez jarri kokapena. Hala, makinak jakingo du, baina zure kontaktu guztiek ez. Azkenean, mundu digitala da mundu fisikoa bezalakoa, eta jendeak ez du plazara atera eta egin duen guztia oihukatzen, eta mundu digitaleko plazan, ordea, hor gabiltza edozer gauza zabaltzen. Norberak erabaki behar du zein den lokala, zein den plaza eta zein den gela, zeren mundu digitalean gure gela ere eduki behar dugu, Osakidetzako datuak kudeatzeko, egiten ditugun transferentziak kudeatzeko... Gero aukeratu behar dugu plaza bat, izango da Facebook edo Google bera, eta gero lagunekin egoteko tokia, Whatsappa adibidez. Baina jakin gela, plaza eta lagunartea direla. Ipini iragazkia eta hasi erabakitzen zein forotan esan nahi dituzun gauza batzuk edo non erakutsi nahi dituzun zure kontu guztiak eta non ez. 

Kode irekiaren eta teknologia librearen aldekoa zaitugu. Uste dut nahiko garbi ulertzen dela zergatik den positiboa teknologia irekia izatea, baina batzuetan badirudi aukera horiek, eskura egonda ere, oso urruti daudela herritar “xeheengandik”.
Zer iruditzen zaizu?

Ez daukagu gure tresnak sortzeko eta egiteko ohiturarik. Latinoamerikan, adibidez, gauza pila bat sortzen dute, egunerokotasunerako aplikazio pila bat, eta hemen, aldiz, oso kontsumistak gara, egiten duguna da jaso, erosi eta kito. Are gehiago teknologiaren munduan, beldurrak eta mugak ditugu-eta. Arropa erostean, adibidez, kontuan hartzen dugu nondik datorren; teknologiari dagokionez ostera, edozer gauza erosten dugu, ez zaigu inporta nork egin duen, zer gertatu den hori egin ahal izateko… Edonola ere, puntu.eus fundazioak Kaixo mundua proiektua egin du, eta aipatu nahi dut, oso pozik nago eta. Proiektu horren bitartez eskoletan landuko dira gai hauek guztiak, eta guk parte hartu dugu edukia egiten. Bideo formatuan dago, eta edonork ikus dezake. Pozik nago, alde batetik, puntu.eus fundazioak nahi duelako euskal gizarte sortzaile bat, eta ez kontsumitzailea soilik. Interneten gauza bera gertatzen da, asko kontsumitzen dugu eta ez dugu euskaraz sortzen, eta proiektu horretan balorean jarriko da, eta irakatsiko dira gaitasun batzuk gazteak sortzaile bihurtzeko, eta nortasun digitala landuko da. Lehen esan moduan, teknologia eta internet oso azkar sartu dira, sare sozialak oso azkar sartu dira, eta datuen kudeaketa eta pribatutasuna asko aldatu dira. Beraz, diruari buruz edo hizkuntza bat ikasten dugun bezala, nortasun digitalari buruz irakatsi behar dugu. Oso pozik nago Euskal Herrian ere horrelako proiektuak sortzen ari direlako.

Teknologia eta hezkuntza uztartzen dituen beste proiektu batean ere ibili zara: Inspira. Zer da?

Deustun nengoenean sortu genuen proiektua da. Ez dakit ba ote dakizuen, baina teknologia eta zientzietako karreretan neska kopurua oso-oso baxua da, eta jaisten ari da, asko. Orain dela 40 bat urte, ia %44 ziren neskak eta orain, berriz, %11. Ez goaz aurrera, baizik eta atzera. Joera areagotzen ari da, industria askotan gizonezkoak bakarrik daude, eta oso arriskutsua da, zeren munduan ezin dira irtenbideak aurkitu bakarrik gizonen ikuspuntutik. Beraz, sei orduko ikastaroa da Inspira. Emakume teknologoek ematen dute eta bertan lantzen dira estereotipoak, lanbideak, erreferenteak… Izan ere, emakume zientzialarien erreferenteak orain dela ehun urtekoak dira.

Argazkia: Dani Blanco.

Marie Curie.

Hori da. Eta oso ondo dago, baina bizitza eman zuen. Emakume batek zientzian puntan ibiltzeko bizitza eman behar du, izan behar du onena, irabazi behar du Nobel bat… Inspiraren bidez nahi izan ditugu erreferente horiek lurreratu, erakutsi hurbilagoko batzuk, gauza “arruntago” batzuk.

Adibidez?

Youtubeko zuzendari exekutiboa emakumea da.

Pozik zaude proiektuaren emaitzarekin?

Oso pozik nago. Hirugarren urtez egin da aurten, eta aurten, lehenengoz, mutilentzako ere egin dute bat. Orain arte banatu egiten ziren ikasleak, eta neskek eurek eskatu zuten hala mantentzeko, zeren denak elkarrekin daudenean rolak aldatzen dira, eta banatzean, neskak ahalduntzen dira pila bat, harremanak oso-oso ezberdinak dira, eta eskatu zuten mesedez horri eusteko. Baina neskak lanean ari ziren bitartean, mutilak edozer gauza egiten aritzen ziren, eta hori ere ez genuen nahi, eta mutilek ere badute zer landu: haiek ere estereotipoak dauzkate eta oso markaturik daude. Orduan, aurten, haientzat ere ari dira bide bat eskaintzen.  
    Bestalde, proiektua Deustun hasi zen orain dela hiru urte, baina gaur egun Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egiten da, eta orain Madrilen eta Katalunian hasiko da. Telefonicak Espainian ematen duen sari bat ere irabazi du. Niretzat ikaragarria da, zeren nik sortu nuen edukia eta itzela da jakitea hortik zehar dabilela eta ondo funtzionatzen duela.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Teknologia berriak
2024-03-31 | David Bou
‘La xarxa ultra’

ARGIArekin azken kolaborazioa egin nuenetik lau hilabete igaro direnean, testu honen bidez nire iritzi-artikuluei berriro heldu diet, baina azalduko dizuet zergatik alde egin dudan denboraldi honetan aldizkari maitagarri honen orrialdeetatik.

Otsailaren 20an La xarxa ultra... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


2024-03-31 | Diana Franco
Teknologia
Gorputzaren memoria

Mekanografia ikasi baduzu, gitarra jotzen, josten edo eskuz idazten, ulertzen duzu zure gorputzak zelan memorizatzen dituen zenbait jarduera. Gorputza eta adimena modu miresgarrian daude harremanduta, bat dira. Gizakiok sortu dugun teknologia eta honek gure gorputzarekin duen... [+]


2024-03-25 | ARGIA
Espainiako Auzitegi Nazionalak Telegram aplikazioaren blokeoa eten du, Poliziak ondorioak ikertu bitartean

Epaile Santiago Pedrazek iragan ostiralean eskatu zuen estatuan Telegram aplikazioa blokeatzea. Astelehenean blokeo hau etetea erabaki du epaile berak, lehenik neurri hori aplikatzeak ekarriko lituzkeen ondorioak aztertzeko.


Eguneraketa berriak daude