Ihartuagatik eutsi


2019ko otsailaren 03an
Nola esaten zaie udazkena iritsi, hostoak ihartu eta askatu beharrean, egoskor bere gainean eusten dieten zuhaitz horiei?
Nola esaten zaie udazkena iritsi, hostoak ihartu eta askatu beharrean, egoskor bere gainean eusten dieten zuhaitz horiei?

Izena duen guztia bada, baina alderantziz? Baden guztiak izenik ba al du? Ez dakit euskaraz hitzik badugun horri deitzeko. Alegia, nola esaten zaie udazkena iritsi, hostoak ihartu eta askatu edo bota beharrean, egoskor bere gainean eusten dieten zuhaitz horiei? Eta negu osoan eutsi ere, jeneralean hurrengo izerdialdian ninikak ireki eta hosto berriak ematen dituzten arte.
Gertakari hori izendatzeko latineko “marcere” (ihartu, zimeldu...) hartzen dute oinarri gure inguruko hizkuntzek: marcescência, marcescenza, marcescence, marcescencia…

Hostoak ez ezik, badira beste zati batzuei eusten dieten landareak; adibidez, txilarrek (Erica sp.) zimeldutako loreei eutsi egiten diete edo hortentsiek (Hydrangea macrophylla) loreen brakteoei. Ezagunenak, hala ere, hostoei heltzen dieten zuhaitzak dira. Haritzen Quercus generoko askok egiten dute hori, baita pagoak (Fagus sylvatica), xarmak (Carpinus betulus), gaztainondoak (Castanea sativa) eta abarrek ere. Denak Fagales ordenakoak.

Ez dago argi jokabide horren arrazoia. Zuhaitzetan gehienetan gazteak direnean gertatzen da. Heldutasunera hurbiltzean, joera hori galdu egiten da, baina adar bakan batzuetan jarrai dezake.

Helburu asko aipatu izan dira. Batzuek diotenez, udazken-neguetan hostoei helduta, landareak hurrengo urtean berrituko diren begiak edo ninikak eta sustraiak batesten ditu. Beste batzuek diote, berriz, hosto batzuei helduta bere itzaleko lurraren gainera egiten duen hosto ongarri-gaien ekarpena denboran luzatuz sustraiak hobeto elikatzeko aukera izango dutela. Zenbaitek dio hostoak gainean izanda eguzkiarekin gehiago ajatzen direla eta lurrera joandakoan errazago luartu eta janari bihurtuko direla. Hosto horiek elur gehiago bildu eta ondorioz pixkanaka bere sustraietara ur gehiago bideratzen dutela dioenik ere bada.

Palmera askok ere hosto iharrei luze eusten diete. Itxuraz, hostaje lehor horrek haizeak darabiltzan hondarrak, zakarrak eta abar orrazten ditu, ongarri gisara palmeraren ipurdira ekarriz. Antzeko lanaz gain, uraren estresa orekatzeko erabiltzen dituzte, agidanean, azpiko hosto zimelduak tropikoetako mendietako landare ugarik; esaterako, Andeetako Espeletia schultzii eta Espeletia timotensis. Landareei bezala, ea gertakari fisiologiko horri ere euskarazko izenen bat jartzen diogun. Proposamenak onartzen dira.

Irudia: Maitane Gartziandia.

 


ASTEKARIA
2019ko otsailaren 03a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Haritza
2018-12-09 | Jakoba Errekondo
Upol eta ailara

Gaztaina hazitu da gaztainondoetan, Castanea sativa, eta joan da gaztainazitua. Hala deitzen dio urriari Saldiasko Jurdaneko Dolores Ezkurra Etxekoleneak. Jurdanea Saldiasko Karrika Nagusian dago. Karrika berean goraxeago ari da bere seme Eneko Tolarea etxea zaharberritzen... [+]


2018-09-19 | ARGIA
Santa Anako haritzak: Lapurdiko kostaldeko hirigintza basatiari aurre egiteko ikur

Urruña eta Ziburu arteko hainbat auzo-bide handitzeko lanetan 24 haritz handi arriskuan daudela ohartarazi dute Santa Ana eta Penditxeneako bizilagunek. Arbolak salbatu eta ekosistema babesteko sinadura bilketa hasi dute eta jadanik 1.600 lagunen atxikimendua jaso dute.


2015-04-19 | Jakoba Errekondo
Amatzako altzoa

Oraintxe du sasoia. Ezkur bat. Eguna luze. Giro polita. Hezetasunak azala beratu dio. Barruko mamia puztu da. Hormonen dantza hasi eta hazia hozitu da. Ernatu da. Sustraiak luzatu. Lurraren epela neurtu. Eta gora jo behar. Zurtoinak gora ekingo dio. Hostoak hedatu eta betirako... [+]


Eguneraketa berriak daude