Upol eta ailara


2018ko abenduaren 09an

Gaztaina hazitu da gaztainondoetan, Castanea sativa, eta joan da gaztainazitua. Hala deitzen dio urriari Saldiasko Jurdaneko Dolores Ezkurra Etxekoleneak. Jurdanea Saldiasko Karrika Nagusian dago. Karrika berean goraxeago ari da bere seme Eneko Tolarea etxea zaharberritzen. Etxea galanta eta ikaragarrizko lanak hartu ditu Enekok, baina egoskorra izaki, eta hor ari da ttarraka-ttarraka; zuraje, harrije eta teilaje onenekin hezten ari den alaba balitz bezala.

Etxe tzarrera inguratzen garenero Tolarea izena errotuko lukeen arrastoren baten bila jartzen gaitu bazterrez bazter. Berak, egunero buru-belarriak erne buru-belarri ari denak, ez badu arrastorik topatu guk sartu-ateran aurkituko dugulakoan... Eguna joan eta eguna etorri, ez du arrastorik topatu. Atzo arte. Hor bidali dit bertan azaldu den haritz (Quercus robur) ohol baten argazki sorta.

Ohola berezia da. Ez da handia, metro eta erdi eskas da luze, eta ez da arra bete zabal. Oholaren alde berean, bi muturrak janak ditu, txistuan, lantzerka ahopilduak, ertzean ahopilo zorrotz samarra dutelarik. Itxuraz upola da. Sagardotarako ontzi baten ohola: upola, upel-ohola, upelgaia edo upa-ohola.

Ontzi baten upola bada, gutxi-gehiago kobatua behar du bi zentzuetan: luzetaka eta zabalka. Izan ere, ohol hori bezalakoek ontzien ingurua osatzen dute, bi buruek ixten duten bueltakoa. Borobila izateak eta erdi aldean sabel tankerakoa izateak nahitaez dakar upolak forma hori izatea. Ohol hori zuzena da bi eratara, luze-zabal. Ohol zuzenak upelaren buruan izaten dira. Enekorena buruko upola da.

Ontziaren bi buruak, txotxerako zipotza, kanila edota leihoa izaten dituen alde borobil hori eta inguruko upolak elkartzen diren tokiari “kardia” esaten zaio. Buruko oholen ertzeko lantzerrak txertatzeko upolak erretentxo bat izaten du, upolak biltzen dituzten inguruko uztaiak estutzean negarrik ez izateko moduan itxi dadin. Ondo esanda, Tolarea etxearen garaiko ontziren baten upola bada, uztaiak ez, baizik eta ailarak. Edo zumitzak ote? Alde bakarra ala biak landuak izatea dute aldea.

Ontzi batena bada, tamainagatik upel batena izan daiteke. Hogeita hamar edo berrogei karga sagarren, 9.000-12.000 kiloren muztioa hartzeko adinakoa; 5.000-6.000 litro ingurukoa.


ASTEKARIA
2018ko abenduaren 09a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Haritza
2019-02-03 | Jakoba Errekondo
Ihartuagatik eutsi

Izena duen guztia bada, baina alderantziz? Baden guztiak izenik ba al du? Ez dakit euskaraz hitzik badugun horri deitzeko. Alegia, nola esaten zaie udazkena iritsi, hostoak ihartu eta askatu edo bota beharrean, egoskor bere gainean eusten dieten zuhaitz horiei? Eta negu osoan... [+]


2018-09-19 | ARGIA
Santa Anako haritzak: Lapurdiko kostaldeko hirigintza basatiari aurre egiteko ikur

Urruña eta Ziburu arteko hainbat auzo-bide handitzeko lanetan 24 haritz handi arriskuan daudela ohartarazi dute Santa Ana eta Penditxeneako bizilagunek. Arbolak salbatu eta ekosistema babesteko sinadura bilketa hasi dute eta jadanik 1.600 lagunen atxikimendua jaso dute.


2015-04-19 | Jakoba Errekondo
Amatzako altzoa

Oraintxe du sasoia. Ezkur bat. Eguna luze. Giro polita. Hezetasunak azala beratu dio. Barruko mamia puztu da. Hormonen dantza hasi eta hazia hozitu da. Ernatu da. Sustraiak luzatu. Lurraren epela neurtu. Eta gora jo behar. Zurtoinak gora ekingo dio. Hostoak hedatu eta betirako... [+]


Eguneraketa berriak daude