Mastodonek ere euskaraz egiten du

  • Mastodon sare sozial bat da. Twitter ezagutzen baduzu azalpen asko eman beharrik ez dago, oso-oso antzekoak baitira. Ez dira gauza bera, ordea. Twitter tresnaren atzean dagoen enpresaren oso bestelako helburuak ditu Mastodonek. Oraingoz, euskaraz ari diren bi komunitate sortu dira sare sozial horretan: mastodon.eus eta mastodon.jalgi.eus.

Mastodon.eus-ek 1.500 erabiltzaile ditu. Mastodon.jalgi.eus-ek 100.
Mastodon.eus-ek 1.500 erabiltzaile ditu. Mastodon.jalgi.eus-ek 100.

Bai, hala da. Mastodon sare sozialaren barruan daude mastodon.eus (1.500 erabiltzaile) eta mastodon.jalgi.eus (100 erabiltzaile). Nola uler daiteke hori? Bada, sare sozial hori deszentralizatua eta federatua da. Hau da, Mastodonen barruan nahi adina komunitate sortu daitezke eta dagoeneko sortuta daude. Hainbat irizpide edo helbururen arabera sortutakoak daude munduan zehar.

Komunitate horietako batzuren oinarrian hizkuntza komunitatea dago, adibidez, mastodont.cat (katalanez). Beste batzuk gaikakoak dira. Mastodonen garatzaile nagusiak, Eugene Rochko alemaniarrak, mastodon.social sortu zuen erabilera orokorrerako. Europa Mendebaldeko komunitate handiena da. Mastodon.eus eta mastodon.jalgi.eus euskaraz ari dira, eta euskal kultura eta euskara dituzte oinarrian. Komunitate batean izena emateak ez du esan nahi talde horretan isolatuta geratzea, Mastodoneko beste komunitateekin konektatzeko aukera guztiak ematen ditu.

Twitterrekiko aldeak

Jabetza beste modu batez ulertzen du Mastodonek. Komunitate bakoitzak administrazio talde bat du, komunitate bakoitzeko erabiltzaile kopuruak oso handiak ez izatea hobesten da, eta administratzaileak gertuagokoak sentitzen dira. Mastodon ez da sare komertzial bat. Ez dago ordaindutako iragarkirik eta erabiltzailearen datuak ez dira bestelako helburuekin erabiltzen.
Sare sozial horrek tresna euskaraz izatea bermatzen du. Twitterrek tresna euskaraz edukitzea bezala, erabaki dezake hala ez egitea, eta ez dago erabiltzaileen esku. Hain zuzen, pare bat atzerapauso emanak ditu: lehen ez bezala, orain mugikorrean ezin da euskaraz erabili, eta azken interfazea ez dute euskaratu.

Twitter gune desatsegina bihurtu da zenbait pertsona eta komunitaterentzat. Mehatxuak, jazarpenak, ez dira beti zorrotz jarraitzen eta hainbat erabiltzaile babesgabe sentitzen da. Pertsona eta talde horietako hainbatek Mastodonen aurkitu du babeslekua. Esate baterako, LGBT+ komunitateek kudeatutako gune asko daude Mastodonen.

Zer egin daiteke Mastodonen?

500 karaktereko muga dute mezuek, antzeko beste sare sozialek baino tarte handiagoa. Kudeatzaileen ustez, horrek edukiak xehetasun handiagoz lantzeko aukera ematen du eta elkarrizketak sendoagoak izan daitezke. Irudi hunkigarriak edo mingarriak saihetsi nahi dituenarentzat, ohartarazteko mekanismoa dauka. Komunitate bakoitzak bere emojiak edo irudiak sortzeko aukera dauka. Mastodon.eus-ek ondokoak sortu ditu: ikurrina, ahobizi, belarriprest, Durangoko Azoka (DA!), Maridomingi, Olentzero, Mastodon eta Pixelfed (Instagramen alternatiba librea).

Pribatutasunari dagokionez, norbere kontua giltzapean jartzeko aukera dago. Horrez gain, beste hainbat neurri har ditzake erabiltzaileak: bidali duen mezu bakoitzaren pribatutasun maila zehaztu; bilatzaileen indexazio motorretatik atera; nor jarraitzen duzun eta nork jarraitzen zaituen ezkutatu daiteke.

Beste sare sozial batzuetan kontua ezabatzea ez da batere erraza. Mastodonen kontuko datu guztiak atera daitezke eta kontua ezabatu.

Zein dira sortzaileak?

Mastodon.eus egitasmoa 2018an gauzatu zen, azaroaren 21ean egin zuten aurkezpen ofiziala. Elkarlanean ondutako lana da. Ondokoak dira bultzatzaileak: Azkue Fundazioa, PuntuEUS Fundazioa, Iametza, Laborategia 2.0, Dinahosting eta Talaios Koop. Sare sozial horren jabetza eta kudeaketa ez da itxia eta egitasmoan parte hartu nahi dutenek ateak zabalik dituzte. Mastodon.jalgi.eus Izarkom Euskal Herriko telekomunikazio operadore kooperatiboak jarri zuen abian hilabete batzuk lehenago.

 

Mastodon, 2016

Eugen Rochko alemaniarrak, artean 24 urte zituela sortu zuen 2016ko urrian, egitura dezentralizatuan eta software librean oinarritzen den sare soziala. Datuak gutxi gorabeherakoak dira, kudeaketa zentralizaturik ez dagoelako, baina ia bi milioi erabiltzaile ditu, 6.442 komunitatetan banatuta.

Sortzaile alemaniarrak historiaurrean bizi eta ondoren desagertu zen mastodontea baliatu du sare sozialararen irudirako. Hain zuzen, horregatik, Mastodon bidez “toot” izeneko (ingelesez) mezuak argitaratzen dira. “Toot” da nolabait ugaztun hark ateratzen zuen soinua. Mastodon.eus-en inkesta egin zuten eta “tut” nagusitu zen, baina “orro”, “marru” eta toot” ere erabiltzen dira.


Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude