Etxegabetzeen boomak hamar urte, eta etenik ez

  • 2008ko hipoteken krisitik hilabete gutxira hasi ziren bankuak jende andana etxetik botatzen. Horietako bat da Gloria Rodriguez gasteiztarra; ARGIAn elkarrizketatu genuen orduan eta harengana jo dugu berriz: kaleratzea infernu-bide baten hasiera izan zela kontatu digu. Luzea eta gogorra izan da kaleratzeen aurkako plataformek hamar urteotan eginiko borroka ere; hasierako amorrua eta indarra, bideko zangotrabak eta lorpenak. Garbi dute denek, oraindik asko dago egiteko.

Gloria Rodriguez 2011n kaleratu zuten etxetik, eta zor ekonomikoak kateatu du ordutik.
Gloria Rodriguez 2011n kaleratu zuten etxetik, eta zor ekonomikoak kateatu du ordutik. "Zama hori bizkar gainean daramazu bizitza osorako" (Argazkilaria: Dos Por Dos)

2011n elkarrizketatu genuen Gloria Rodriguez. Urte hartako urriaren 31n 5 urteko semearekin eta 10 urteko alabarekin bota zuen bankuak etxetik, senar ohiak hipotekaren bere zatia ordaintzeari utzi ostean ezin izan ziolako berak bakarrik maileguari aurre egin. Egun hura buruan iltzatuta du oraindik gasteiztarrak eta bere etxea zenaren aurretik igarotzen denean negargura sartzen zaio. “Kaleratzea txinparta izan zen, borrokaren hasiera baino ez. Bankuak, etxea beretzat hartu eta enkantean saldu zuen arren, hipoteka osoa ordaintzeko falta ziren 22.000 euroak eskatu zizkidan eta hori ordaindu behar izan dut urte hauetan guztietan. Gurpil zoroa da: mailegua eskatu behar izan diot Vital Kutxari, berak eskatu didana ordaindu ahal izateko, eta kateatuta izan nau zortzi urtez, amaren etxea ere abalatu behar izan dut eta banekien ordaintzen ez nuen unean nire amaren aurka egingo zutela. Zama hori bizkar gainean daramazu eguna joan eguna etorri, bizitza osorako. Eta egia esango dizut: ez badut nire burua zubitik bota nire seme-alabengatik izan da. Haiek senar ohiarekin joan ziren bizitzera, zer eta bera izan zenean zorra eragin zuena! Baina nire amaren etxean ez ginen sartzen, eta seme-alaben pentsioa ere pasatu behar izan dut. Orain logela batean bizi naiz eta lanean aritu naizenetan ordaintzen joandakoari esker bankuarekin dudan zorra kitatzear nago, argi pixka bat ikusten hasia naiz azkenean…”.

Mugimendu herritarrak eta Europako ebazpenek presioa handitu ahala joan dira bankuak jarrera leuntzen, kaltetuei bestelako harrera egiten eta haiekin negoziatzen

Tamalez, antzeko kasuak ohikoegi bilakatu ziren 2008tik aurrera. Bankuek sorturiko krisiaren eztandak benetako sarraskia eragin zuen eta horri erantzuteko Hipotekak Kalteturikoen Plataformak jaio ziren, Katalunian lehenengoa, 2009an, eta urtebete geroago Euskal Herrian. “Krisia deitzen diogu, baina ez zen krisia izan, iruzur erraldoia baizik, bankuen iruzurra. Herritar asko langabezian geratu ziren, edo egoera prekarioan, eta bata bestearen atzetik etorri ziren etxe kaleratzeak, biktimek erreakzionatzeko denbora eta gaitasunik izan gabe, ez zietelako adibidez doako justiziaren aukeraz informatu, negoziaketarako tarterik gabe abiatu zituztelako kaleratze prozesuak… Konturatzen zirenerako, kale gorrian zeuden asko eta asko, eta gainera oraindik zor ekonomikoa zuten bankuarekin. Horrek guztiak sorturiko amorrutik eta gaitzespenetik sortu ziren plataformak; hedabideak ere oso gainean zeuden urte haietan”, azaldu du Kaleratzeak Stop Arabako Arturo Val del Olmok.

Erruduntasun sentimendua muineraino sartua
Hastapenetan, batik bat jatorri atzerritarreko bizilagunek pairatu zituzten etxegabetzeak, egoera ahulenean egoteaz gain ez zutelako babes sarerik inguruan. Laster, baina, babes sareak ere ez ziren nahikoa izan, eta biktimaren profila anitzagoa bilakatu zen. Are gehiago, kaleratzeek senitarteko bat baino gehiago eraman zuten errenkadan, hipotekaren abaletan batzuek besteak lotzen zituztelako. “Seme-alabak dituen emakumearen profila izan da sarri ikusi dugunetako bat –kontatu digu Angel Larrea Nafarroako plataformako kideak–, bikotea banandu eta maiz gizonak alde egin duelako, emakumea zor guztiarekin utziz”. Drama asko eta asko ezagutu dituzte Val del Olmok eta Larreak, ez bakarrik jendea etxerik gabe geratu delako, horrez gain bankuek sekulako dirutza eskatzen jarraitu dielako baizik, baita 200.000 euro ere. “Zuzenean heriotza sozialera kondenatzen dituzten zorrak dauzka jendeak”. Halako dramari aurre egin ezinik buruko gaixotasunak garatu dituztenak, harreman zapuztuak, suizidioak… ikusi dituzte plataformetako kideek. “Jendeak porrot pertsonal gisa barneratu ditu kaleratzeak, saldu zaigulako norberaren errua dela dena”.

Hipotekaren itzal luzeari, alokairu garestiegiak ordaindu ezin dituztenak batu zaizkio azken urteotan, eta profil berri bat gerturatzen ari da orain plataformetara: etxe batean ez, gela batean bizi diren herritarrak, egoera ezin prekarioagoan. “Eta datorkigun jendea ez da sufritzen ari den jende guztia, izebergaren tontorra baizik. Lotsagatik eta abar, ez dira gutxi prozesu guztia isilean eta beren kabuz daramatenak”, gaineratu du Larreak.

Angel Larrea: “Garai batean kaleratuak izan ziren familia gehienak ez dira putzu sakon horretatik atera, nahiz eta horiez jada ez den hitz egiten”

Zangotraba franko eta lorpen pozgarriak
Garbi dute plataformetako kideek: mugimendu herritarrak eta Europako Auzitegiaren ebazpenek presioa handitu ahala joan dira bankuak jarrera leuntzen, kaltetuei bestelako harrera egiten eta haiekin negoziatzen, “baina ahal izan duten heinean erresistentzia eta traba baino ez dute jarri, abusiboki eta lotsagarriki jokatu dute, sistemak ematen dien nagusitasuna eta boterea baliatuz. Publikoki salaketa jarri dugunean mugitu dira, baina guregana etorri ez diren herritarrek, oihartzuna eta gure babesa izan ez dutenek, ez dute inongo erraztasunik izan bankuen aurrean”, dio Val del Olmok. Adibiderako, etxea bankuari ematearen truke hipoteka osoa ordaintzeko gelditzen den zorra kitatzea da borroka handienetakoa, eta eraikuntza-enpresa handiei zor hori barkatu diete bankuek, baina familiei ez. Hipoteka zorraren %70 promotore eta eraikitzaileekin zuten bankuek eta %30 familia edo norbanakoekin, baina esaterako 2015ean promotore horiei 32.000 euroko zorra barkatu zieten bankuek gaizki bukatutako etxebizitzen edo lurren truke, eta aldiz familiei ez zieten barkatu 7.000 milioi euroko zorra.

Politikariekin antzera gertatu dela diote: presio herritarra (tartean, Espainiako parlamentuan aurkezturiko 1.500.000 sinadurak) izan da legeak eta neurriak aurkeztera bultzatu dituena, “jendartean aurpegia zuritzeko, bankuei praktika onak eskatuz, bezero eta bankuen artean bitartekari rola sortuz… Baina neurri eskasak izan dira”, diote. Eta beste adibide bat jarri digute: hilabete batez hipoteka ez ordaintzeagatik kaleratzeko prozesua hasi zezakeen bankuak Espainiako Estatuan, eta Europako Auzitegiak esan behar izan du klausula hori abusiboa dela. Zer egin du Espainiako Gobernuak? Kaleratze prozesua abiatzeko hiru hilabetez ez ordaintzea jarri du muga. Eta Europak berriz ere errieta: hiru hilabetez ez ordaintzeagatik etxetik botatzea ere abusiboa da. Adabakiz adabaki, gaiari serio heltzea saihesten dute agintariek.

Bidetik harri koskor asko kentzea lortu dute plataforma herritarrek. Esaterako, gizartea sentsibilizatzearekin batera, mobilizazio sozialak eta aipaturiko presioak instituzio eta bankuak neurriak hartzera behartu dituzte. Eta lortu dute kaleratze ugari gelditzea, bankuek dagoeneko etxearen truke maiz zorra kitatzea, hainbatetan gainera biktimari etxebizitza soziala eskaini ahal izatea… “Kasu zehatzei konponbidea eman diegu eta zor-kitatze bakoitza garaipen gisa ospatzen dugu, baina berdin-berdin gauzatzen da kaleratzea”. Biktimei emandako babes emozionala ere azpimarratu digute: “Erruduntasun sentimendua eta kondena morala gainetik kentzen laguntzen diegu eta uste dugu horrek gaixotasun eta bizitza asko salbatu dituela, jendea suntsituta iristen baita”. Gainera, bankuen jokamoldea biluztu eta gizarteratu dute plataformek: hipoteka kontratuak klausula abusiboz josita zeudela azaleratu dute (ordainketan atzeratzeagatik interes izugarriak, gutxieneko ordainketaren klausula, ordainketan atzeratzeagatik hipoteka osoa ordaintzeko eskatu ahal izatea…). “Ikusi da zein iruzur handia eta eskubideen zein urraketa larria den guztia. Gauzak lortu ditugu, baina oraindik ez da nahikoa”.

Ezkerrean, Orkoienen kaleratze bat etetea lortu zutenean. Eskuinean, alokairu soziala aldarrikatzen eta Val del Olmo bozgorailuarekin.

Alokairu gehiegizkoak eta kaleratze ikusezinak
2011n Gloria Rodriguez elkarrizketatu genuenean, urte hartako datuak eman genituen: Hego Euskal Herrian, batez beste egunero ia zortzi etxe-kaleratze egiten ziren. Gaur egun, kezkatzeko moduko zifrak ditugu oraindik: iaz, 1.611 etxegabetze egin zituzten Hego Euskal Herrian, batez beste egunean lau pasatxo, eta horietatik %70 alokairua ez ordaintzeagatik. Izan ere, hipoteka ordaindu ezinik azken urteotan alokairura jo du askok eta alokairuaren garestitze itzela da etxea galtzeko bide berria (Gipuzkoan hilean 1.130 eurokoa da alokairuaren batez besteko prezioa). Alokairu sozialerako aukera eskasa da, etxebizitza sozialen eskaintza askoz txikiagoa baita etxebizitza hauen beharra eta eskaera baino. Gainera, Alokabidek berak, alokairu soziala bideratzen duen EAEko erakunde publikoak, jendea etxetik botatzen du, ez baitu kuota maizterraren egoerara egokitzen, eta esaterako honek lana galtzen badu, ezin du hasieran finkatu zitzaion kuota ordaindu.

Dena den, benetako datuak askoz larriagoak direla ohartarazi dute Val del Olmok eta Larreak, praktikan kaleratze direnak ez baitzaizkigu sarri hala aurkezten, baina maizterrari kontratua ez berritzeak maiz esan nahi du kaleratu egin dutela, edo bankuarekin zor-kitatzea negoziatu duten guztiak ez dira estatistiketan kaleratze gisa jasotzen, nahiz eta aterpe barik geratzen diren.

Ikuspegi osoa izateko, beste bi errealitate aintzat hartzea inportantea dela nabarmendu digute. Batetik, aurten jende bat kaleratzeak ez du esan nahi ez dagoenik jende gehiago kaleratuta: urteotan guztiotan jende asko izan da kaleratua, eta asko dira egoera horri buelta eman ez diotenak, zorra bizkarrean bizi direnak, etxebizitzarik alokatu ezin dutenak (garestiegi delako edo zuzenean jabeak ez dielako alokatzen, maizter egonkorrak ez direla izango iritzita)… “Garai batean kaleratuak izan ziren familia gehienak ez dira putzu sakon horretatik atera, nahiz eta horiez jada ez dugun hitz egiten”, dio Larreak. Bestetik, orain kaleratze asko zor-kitatzea negoziatuz bankuan eserita egiten direnez eta ez kalean, badirudi ez dagoela ia kaleratzerik, baina ez da hala. “Gaur egungoak kaleratze sotilagoak dira, ez lehen bezain ikusgarriak, baina kaleratzeak”.

Orain kaleratze asko zorra negoziatuz bankuan eserita egiten direnez eta ez kalean, badirudi ez dagoela ia kaleratzerik. “Sotilagoak dira, ez lehen bezain ikusgarriak, baina kaleratzeak”

Etxebizitzaren legeak eta lege proposamen berria. Itxaropen hazia?
Legalki hain da handia herritarron babesgabetasuna bankuen aurrean, behin baino gehiagotan egin behar izan diola tira belarritik Europako Auzitegiak Espainiari. EAEn, berriki onartu da Etxebizitzaren Legea, EAJ eta PPren kontrako botoekin. Besteak beste, etxebizitza hutsei kanona kobratzea aurreikusten du eta muturreko kasuetan hutsik mantentzen den etxebizitzaren jabetza administrazioak bere gain hartzea. “Baina praktikan neurriok bete daitezen, gizartetik presioa egiten jarraitu beharko dugu, politikarien aldetik ez baitago borondaterik, hain daude botere ekonomikoari lotuta –kritikatu du Arturo Val del Olmok–. Hasteko, erakunde publikoek eurek hutsik dituzten etxebizitzei eman diezaietela bide!”.

Nafarroan, 2013an onartu zuten etxebizitzen gaineko legea. Hala nola, jasotzen du Nafarroako Gobernuak bost urtez bere gain har dezakeela kaleratua izan den familiaren etxebizitza, hain juxtu kaleratzea saihesteko asmoz; edo bankuen etxe hutsei isuna jartzeko aukera planteatzen du eta etxe hutsen erregistroa egiten ari da orain Nafarroako Gobernua.

Etxebizitzaren arloan, ordea, Espainiako Gobernuak du eskumen gehien, eta orain arte neurri sakabanatuak baino ez dituzte onartu, bateraturik ez. Martxorako, halere, Hipoteka Lege berria jarri nahi du martxan Gobernuak, Europatik iritsitako hainbat aginduri erantzunez –jendea hain erraz ez kaleratu ahal izateko–. Legeak ez du jasoko kaleratu aurretik aterpe alternatiboa eskaintzeko betebeharra.

Hipotekek Kalteturikoen Plataformek 2011tik Espainiako Kongresura eraman nahi duten herri-ekimen legegilea eztabaidatzea onartu berri du Kongresuak. “Proposatzen dugun guztia aurrera ateraz gero, kaleratzeak amaituko lirateke, baina alderdi guztiak ez dira ausartzen bankuei aurre egiten”

Aldi berean, Hipotekek Kalteturikoen Plataformek 2011tik Kongresura eraman nahi duten eta beti blokeatua izan den herri-ekimen legegilea eztabaidatzea onartu du, pasa den irailean, Kongresuak. Lege proposamenaren puntu nagusiak honakoak dira: etxearen truke bankuarekin zorra kitatzea eta neurriak atzeraeraginezko izaera izatea, aterpe baten alternatiba eskaini gabe kaleratzerik ezin gauzatzea, pobrezia energetikoari aurre egitea, etxebizitza publikoa sustatzea eta etxebizitza soziala zabaltzea. Aspaldiko borroka da zor-kitatzea, eta lorpen handia litzateke legez hala zehaztea, baina lortuz gero ere ez dirudi atzeraeraginezko izaera izango duenik, aurka agertu baita Kongresuaren gehiengoa. “Legean proposatzen dugun guztia aurrera aterako balitz, kaleratzeak bukatuko lirateke, baina alderdi guztiak ez dira ausartzen bankuei aurre egiten. Bitartean, aurrera ari gara –dio Val del Olmok–, kontratuetako klausula abusiboak ezabatzen eta irtenbide gero eta duinagoak eskuratzen, baina oraindik etxebizitza huts asko dago, etxebizitza sozial gutxi eta behar handia duen jende asko. Baikorrak gara, gizarteak mobilizatzen eta aldarrikatzen jarraituko duela uste baitugu, etxebizitza benetan eskubide funtsezkoa izan arte”.

Gloria Rodriguezen etorkizunak ere ez du hain kolore iluna. Bankuarekin zorra kitatzearekin batera, pixka bat bizitzen hasiko dela dio. “300 euro gehiago izango ditut hilabetean! 900 euroko soldatarekin pasa ahalko dut hilabetea eta 300 euro gehiago izango ditut, ez niretzat, nire seme-alabentzat baizik. Behingoz haiei erosi ahal izateko nahi dituzten zapatilak, behar duten zerbait, gutiziaren bat… Luxua da hori niretzat”.

Gloria Rodriguez 2011n elkarrizketatu genuenean, etxerik gabe geratu eta aterpea amarenean aurkitu zuenean.
Juan Carlos Infante irundarra, iaz ARGIArako elkarrizketatu genuenean. Kutxabankek urik eta argindarrik gabe utzi zuen bost urtez, ateko sarraila hainbatetan aldatu zion eta azkenerako ate blindatua ere ezarri zion bankuak, etxetik botatzea lortu zuen arte.
Ezkaban (Iruñean) emakume bat etxetik kaleratu zuten unea 2014an (down sindromedun semearekin bota zuten).

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Etxegabetzeak
2024-04-04 | Gedar
La Caixak hiru familia etxegabetu nahi ditu Bilbon

Babes Ofizialeko Etxebizitzetan bizi dira familiak, eta La Caixak ez dizkie alokairu-kontratuak berritu nahi. Bilboko Etxebizitza Sindikatuak salatu duenez, bizilagunak kaleratuz, "alokairu sozialetatik aberasten da" banketxea. "Etxegabetzeak berehala eta... [+]


Etxegabetzeak 48 ordutan burutu ahal izateko lege aldaketa proposatu du EAJk

EAJren asmoa da legezko aldaketa azkar bati ekitea, 48 orduko epean etxegabetzeak egin ahal izateko etxebizitzak okupatzen diren kasuetan.


Iruñean familia bat etxegabetuko dutela salatu dute Harituk eta Jaki Tokik

Bilatu dituzten beste etxeetako jabeek ez diete etxerik alokatu nahi izan familia ugaria, soldata bakarra eta atzerritar jatorrikoak izateagatik.


2024-02-13 | ARGIA
Hamabi familia etxetik bota nahi dituzte Pasaian, trenbide zati bat egiteko

Pasaiako portuko langileen familiak bizi diren Trintxerpeko etxebizitza bloke bat bota nahi dute Pasaiako Portu Agintaritzak eta Euskal Trenbide Sareak, 400 metro inguruko trenbide zati bat egiteko. Lau hilabetetan etxea utzi behar dutela ohartarazi diete.


Eguneraketa berriak daude