Kataluniako prozesutik ikasten, Euskal Herrian zer?

  • CUP, Gure Esku Dago, Sortu eta Zergatik ez? antolakundeetako ordezkari banarekin mahai ingurua egin zuten Gipuzkoako Zubietan irailaren 23an. Iraultza Txikien Akanpadako solasaldietako bat zen. Helburua, bikoitza. Kataluniako prozesu independentistatik euskal herrigintzarako irakaspenak ateratzea, bata; Euskal Herrirako estrategia independentista eraginkor baterako gakoez eztabaidatzea, bestea. Tarteka bat egin bazuten ere, toki oso ezberdinetik egin zuen hitz bakoitzak.

Argazkia: Javi Julio.
Argazkia: Javi Julio.

Hitza hartzen lehendabizikoa Iñigo Robredo Korta izan zen, Kataluniako CUP alderdiko nazio-idazkaritzako kidea. Prozesu independentistak eman dituenak eta eman ditzakeenak aletzea zegokion hari. Erreferendumaren eta independentzia adierazpenaren inguruko gertaera historikoek jarraikortasunik izan ez bazuten ere, ondorioak atzeraezinak direla adierazi zuen. Horiek zehaztasunez identifikatzeko goiz dela esan zuen ordea: “Ikusteke dago eraiki genuen egia berri horren, subjektibitate berri horren esanahi politikoa. Venezuelan bederatzi urte joan ziren Caracazo deituriko protesta herritarraren eta Chavezen botere hartzearen artean. Zenbat denbora beharko dugu guk Errepublika eraikitzeko? Ez dugu jakiterik”.

Irakaspen positiboak eta negatiboak zerrendatu zituen CUPeko kideak. Lehendabizikoen artean, herritarren mobilizatzeko eta erantzuteko gaitasuna eta sindikalgintza “borrokalariaren” jarrera. Gabezi eta akatsetan gehiago luzatu zen. “Erabakiguneen bertikaltasuna eta opakutasuna”, erabakiak bulegoetan kaiolatzea. Espainiako Erreinutik inposatutako hauteskundeak onartzeak, legalitate arrotza onartzea ekarri zuelako, haustura prozesuari amaiera emanez. Izan ere, hausturaren ulerkera okerra eta onberegia nagusitu zen bere ustez: “Ez dezagun sinetsi legetik legera dioen mantra”. Erakundeek beldurra diote desobeditzeari, haien barne logikaren ondorioz. Kaleak izan behar du “instituzioa gainezkatu eta desobeditzera behartzen duena”.

Mobilizazio ziklo bat amaituta, indar metaketa fase berri batean ikusten du Katalunia CUPek. Galderak eta ziurgabetasunak asko dira, horregatik zabaldu dute hausnarketa prozesua. Eztabaida potoloenetako bat boterearen ingurukoa da. “Mugak, azpiegiturak, kapitala. Nola lortu hiru horien kontrol herrikoia?”. Bien bitartean, esparruz esparruko burujabetza prozesuetan ari dira pisua jartzen. “Etorkizunaz hitz egin nahi badugu, burujabetzei heldu behar diegu. Jendeari hitz egiten badiozu Errepublikak duen balio praktikoaz, bizi-baldintzak aldatzeaz, entzun egingo zaitu”. Faktura elektrikoak edo saltoki handietako jaki pozoituak aipatu zituen, besteren artean. “Independentzia ez dugu ulertzen bandera aldaketa bezala, paradigma eta bizitza aldaketa gisa baizik”.

Zer ikasgai atera dugu Euskal Herrian?

Euskal Herriko eragileen txanda. Euskal herrigintzarako zer irakasgai atera ditzakegu Kataluniatik? Kataluniatik harago, gaur eta hemen, zer? Bi galdera horiei erantzun behar izan zieten Sortuko Pello Otxandiano Kanpok, Gure Esku Dagoko (GED) Unai Lizasok eta Donostiako Antigua auzoko Zergatik ez? ekimeneko Unai Apaolazak.

Apaolaza hasi zen, “konstatazio eder” batekin: hamar urteren bueltan, independentismoa hirukoiztu egin da Katalunian. Ikasgaiak nabarmendu zituen eta bilakaera hori azaltzen duten zergatiekin lotu zituen. “Erritmoa eta agenda jendarte antolatuaren esku daudenean, prozesua azkar eta norabide onean doa. Balantzak alderdien aldera egiten duenean, prozesua geldotu eta agendan galerak egon daitezke. Biak behar dira, elkar eragiten, kontua da nork eramaten duen agintea”. Urriaren 1a konfrontazioaren indarraren erakusgarria da bere hitzetan. “Konfrontazio maila altuek independentismoa handitzen dute, toki eta modu egokian sortzen badira”. Azken ikasgai bat ere azpimarratu zuen Apaolazak: indarrak alderdien arteko hitzarmen baten bila baino, jendartearen aktibatze eta erradikalizatzean jarri izana. Ñabardura eman lezakeen arren, estrategiak finkatzean alde “itzela” ezartzen duela adierazi zuen.

Sortuko Pello Otxandiano mikrofonoa eskuetan. (Argazkia: Dani Blanco)

“Zooma zabaldu behar dugu”, hasi zen Otxandiano prozesua mundu mailako eta Europako testuinguruan kokatuz. Kapitalismoaren krisi sistemikoaren eta “fase basatiaren” garai hauetan, Europan bi erreakzio ari dira gertatzen. Faxismotik hurbil edo faxismoan bertan kokatu daitekeen “eskuin xenofobo populista” eta “kutsu progresistako erreakzio populista”. Azken horretan kokatzen ditu prozesu herritar asko: M15-a zein Eskozia, Irlanda, Katalunia edota Euskal Herriko prozesu subiranistak. Bere ustez denek dute funtsean aldarrikapen bera oinarri: “Burujabetzaren berreskurapena”. Estaturik gabeko nazioetan, erreakzio horrek estatu baten aldarrikapenaren forma hartzen du Otxandianoren hitzetan.

Mobilizazioa sistema politiko-instituzionalaren erabilerarekin konbinatzen dute. “Hori da, adibidez, Kataluniaren ikasgaietako bat. Bi espazio horien arteko etengabeko dialektika, kontraesankorra, batzuetan elikatzailea bestetan geldialdira daramana”. Geldialdi egoeran leudeke orain Katalunian Sortuko kidearen ustez.

Baina prozesu herritarrak ez dira fase bakarrekoak, Otxandianoren esanetan. Katalunian, fase autodeterminista urriaren 1eko mugarrian amaitu zen. Geroztik, “Errepublikaren ezarpenaren fasean” daude. “Inork ez daki zer gertatuko den, baina aurreikus daiteke fase luzea izango dela”.

Gure Esku Dago mugimenduko Lizasok euren hausnarketa propioak baino, Kataluniako eragileek helarazi dizkietenak partekatu nahi izan zituen. “Bi akats nagusi aipatu zituzten: bata, ez zirela ausartuko sinestea; bestea, Europan esperantza izatea.

Dauden tokira ailegatu izana azaltzeko, hiru krisi aipatu zizkieten Katalunian. “Krisi ekonomikoa, M15-a adierazle nagusi izan zuena. Krisi politikoa, instituzioekiko eta klase politikoarekiko haserre eta atxikimendu ezarekin. Eta lurraldetasun krisia, 78ko Erregimena auzitan jartzen duena”. Herri mugimenduek horietan guztietan izandako eragin handia azpimarratu zuen Lizasok, baita garatutako moduak ere. “Jakin izan dute borroka oso erradikalak eramaten formak oso ondo zainduz. Erakargarriak, irribarrea, errespetua. Jendea hurbiltzeko bidea ere badira”.

Euskal Herrian zer?

Pello Otxandiano baikorra da. “Mobilizazio ziklo historiko honekin lotzen den pultsio sozial oso potentea dagoela iruditzen zaigu”. Horren adibide, hiru mugimendu nabarmendu zituen: pentsionistena, feminista eta Altsasukoen ingurukoa. Horiei eta beste askori burujabetzarekin lotura zuzena ikusten die. “Erronka da nola eraman hori guztia burujabetza proposamen konkretu batera. Independentismoak zer proposamen taktiko-estrategiko jarriko duen mahai gainean, pultsio sozial hori artikulatzeko gai izango dena”.

Espainiako Erreinuaren dimentsio anitzeko krisiaren testuinguruan kokatzen zuen erronka Otxandianok, eta krisi ekonomiko berri bat heltzear. “Estatu honi ezingo zaio eutsi”. Inboluzio demokratikoa eta polarizazioa aurreikusi zituen, tartean Euskal Herriaren aurkako jarrerak. Independentismoaren erronka da une horri aurre egiteko moduan egotea: “Haustura uneek horretarako prest egotea eskatzen dute.”

GED ez da eragile independentista, eta horrek bere arrazoibideetan isla duela ohartarazi zuen Unai Lizasok. “Hiru oinarrirekin jaio ginen: herri bat gara, erabakitzeko eskubidea dugu eta herritarron garaia da”. Azken baieztapena da gakoa bere ustez. Herrigintza, alderdiak, instituzioak. Hiru eremu horien arteko “sinkronia eta elkarlana garrantzitsuak dira”. Izango dira tentsioak eta tirabirak beren ustez, eta beraz, “herritarrok eta herri mugimenduok hartu behar dugu nolabaiteko lidergoa, bidea zein den erakutsiz”.

Printzipio horiek GEDen praktika politikoan lurreratuz, herri-galdeketak eta urte honetako giza-katea ekarri zituen hizpidera Lizasok. Galdeketen bitartez, erabakitze eskubidea aldarrikatzetik praktikatzera egiten da jauzi, “mentalitatean aldaketa dakar”. Kateak bi helburu nagusi zituen, herritarrak aktibatzea eta EAEko autogobernu ponentziari bultzada ematea. “Helburuak sobera gainditu genituen”. Aurrera begira, Herri Ituna gorpuztu nahian dabiltza, erabakitze eskubidea edukiz bete nahian. “Oso lotuta dago diskurtso subiranistarekin”. Otsailerako ekimen handia ari dira prestatzen esango duena gu erabakitzera goaz, baimenik eskatu gabe. “Fase politiko berri baten hasiera”.

Estrategia berriak garatu nahian, baina hankak eskema zaharretan preso. Horrela irudikatu zuen Apaolazak euskal independentismoa. “Hor izugarrizko kontraesanak eta frustrazioak sortzen zaizkigu”. Independentismoaren markoa, “naturaltzat hartzen duguna” eraldatzeko beharra argi du. “EAJ gerturatzea edo zatitzea helburu duten estrategiak alboratu eta %80ko independentismo baten bila jo behar dugu. Kataluniak erakusten du posible dela”.

Gako egokiekin asmatzea da kontua, Apaolazaren ustez. “Hasteko, independentzia abertzaleen kontua dela dioen leloarekin apurtu behar dugu, estatu propio bat guztion onurarako litzatekeela argudiatuz. Alderdien papera birplanteatu beharra legoke, aldi berean. Artikulaziorako akuilu ezinbesteko bai, baina ez dutelako erreminta nagusi bezala balio”. Gehiengoak sortu eta gorpuzteko, hitzarmenez gain, toki eta modu egokian planteatutako konfrontazioa garatzea defendatu zuen. Aurreko guztia bultzatzeko, “prozesu independentistan agenda eta konfrontazioa” markatzeko gai izango litzatekeen eragile baten beharra genuke.

Epe laburrean, udaletxeak proposatu zituen borroka zelai bezala. Udaletan ezker independentistak duen indarra jendartearenarekin batuz, “herriarekiko obedientzia edo autodeterminazio ekintza potenteak” garatzeko baldintzak ikusten ditu. Eta, uneoro, pedagogia independentista. “Egunerokoan eragiten diguten gauzak hartuz, Errepublikaren beharra argudiatu dezagun”.

Ezberdintasunak eta puntu komunak jarri zituzten hizlariek mahai gainean. Etorkizunari begira Katalunia zein Euskal Herrirako hainbat gakotan egin zuten bat, nor bere begiradatik. Etorriko dena idatzi gabe dago, aurreikusten zaila, garai erabakigarriak... Hizlariak entzunda, argi geratu zen emaitza erabakiek eta praktikek baldintzatuko dutela, eztabaidak irekia jarraitzen duela eta premiazkoa dela.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Katalunia independentziarantz
Junts-PSOE akordioa
Amnistia legea eta negoziazio mahai berria, legealdi akordioaren truke

Akordioaren bidez Juntsek eta PSOEk Kataluniako gatazka historikoa bideratuko duen etapa berri bat ireki nahi dute. Horretarako, bi indarren arteko negoziazio mahai bat eratu dute eta bertako edukiak eta akordioak segitzeko bitartekaritza mekanismoa adostu ere bai.


'La Directa' babestu dute ARGIAk eta beste hainbat hedabidek: "Kazetaritza ez da terrorismoa"

La Directa-k salatu du Jesús Rodríguez kazetaria inputatu izana “informaziorako eskubidearen aurkako erasoa” dela. Elkartasun manifestua plazaratu dute Rodríguezi babesa helarazteko, eta dozenaka hedabide eta erakundek sinatu dute jada, ARGIAk... [+]


La Directako kazetari bat ere "terrorismoagatik" inputatu dute Tsunami Demokratikoaren auzian

Espainiako Auzitegi Nazionalak “terrorismo-delitua” egotzi dio Jesús Rodríguez La Directako erredaktoreari eta beste hamaika pertsonari, tartean Carles Puigdemont presidente ohi eta Marta Rovira ERCko idazkari nagusiari, 2019ko epaiaren aurkako... [+]


Puigdemont eta Rovira inputatu ditu Auzitegi Nazionalak Tsunami Demokratikoagatik

Espainiako Auzitegi Nazionala 2019ko udazkeneko protestetan “terrorismo” deliturik izan ote zen ikertzen ari da. Bitartean, PSOEko eta JxCko ordezkariak Bruselan bilduta daude.


Jordien indultua egokia dela onartu dute eta Miquel Buch kontseilari ohia lau urtera zigortu

Ostegun honetan ezagutu dira bi epaiak. Batean, Espainiako Auzitegi Gorenak balekotzat eman ditu Jordi Cuixart eta Jordi Sánchezen indultuak. Bestean, Bartzelonako Auzitegiak laur urte eta erdiko kartzela zigorra jarri dio Miquel Buch Generalitateko Barne kontseilari... [+]


Eguneraketa berriak daude