"Macarena lurraren defentsan borroka egiteagatik hil duten lehenengo emakume maputxea da"

  • Ruben Collio maputxeak (Santiago, Txile, 1976) itsasoa zeharkatu du Macarena Valdés ekintzailearen hilketaz jakinarazi eta nazioartean babesa lortzeko, salatzen duenez Txileko Estatuaren baitan maputxeentzat justiziarik ez baitago. 32 urte zituela hil zuten Valdés Tranguileko bere etxean, beraien bizilekuan zentral elektrikoa eraiki duen RP Global enpresa transnazional austriarraren auto batetik mehatxatuak izan eta egun batera. Macarenaren bikotekidea zen Ruben Collio, eta justizia bila dihardu.

Argazkia: Amaia Lekunberri)

Macarenaren hilketa ez da maputxe herriaren kontrako lehen erasoa. Aspalditik datorren gatazka da. Zertan datza?

Txileko Estatuak Herri Maputxearekin duen gatazka da, ez maputxeona. Gatazka ekonomikoa da, behin independentzia lortuta Txileko Estatuari sortzen zaion anbiziotik datorrena. 140 urte dituen gatazka da.

Araukaniako okupazioan, jaioberria zen Txileko Estatuak beretzat hartu zuen maputxe herriaren Biobio eskualdeko hegoaldearen aberastasun handia, lurrak inbadituz. Sinatua zuen Tapihueko ituna haustea erabaki zuen, zeinetan Txileko Estatuak Nazio Maputxea nazio libre eta burujabe gisa onartzen duen, eta senidetutako nazio bezala haztea proposatu. Herri Maputxeak abantaila gehiegi zituela eta lur emankorregian bizi zela ondorioztatuta, lurrok okupatzea erabaki zuten. Helburu horrekin intentsitate baxuko guda bati hasiera eman zioten. Inbaditu eta hiltzen gaituzte. Gaur egunean, gudak hortxe dirau.

Pinocheten diktaduraren ostean, baliabide naturalen erauzketa masiboan ardaztu da Txileko ekonomia, eta horretan jarduten duten enpresek estatuaren babesa dute. Egoera hori izanik, enpresok parean jartzen zaien edozeinen aurrean indarrez egiten dute aurrera.

Macarena bakarrik ez, jende andana hil dute testuinguru berberean. Gertatzen dena zera da, Macarena lurraren defentsan borroka egiteagatik hil duten lehenengo emakume maputxea dela. Gizonezkoak kriminalizatu eta hil badituzte ere, ohartu dira herri maputxearen indarra emakumeengan dagoela, orain artean horregatik eutsi diotela gatazkari maputxeek. Hala bada, estrategia aldatu dute. Zoritxarrez, estrategia aldaketa hori gurekin egin dute, eta nire bikotekidea hil.

“Ohartu dira herri maputxearen indarra beronen emakumeetan dagoela, orain artean horregatik eutsi diotela gatazkari maputxeek”
 

RP Global enpresako auto bat mehatxu egitera joan zitzaizuen eta biharamunean, 2016ko abuztuaren 22an, Macarena etxeko sabaitik urkatuta, hilda agertu zen. Suizidiotzat jo zuten heriotza, baina Macarena ezagutzen zenutenoi zaila zitzaizuen bere buruaz beste egin izana sinestea.

Begira, La Negrak –berak hala deitzen dio Macarenari– energia ikaragarria zeukan. Hainbesteko energia daukan pertsona batek bere buruaz beste egin dezakeela pentsatzea zaila da. Hil zuten egunean osasun zentrora doan autobusa hartzekoa zen. Aurretik, haurra bainatu, arropaz eta pixoihalez aldatu eta bazkaria egin zuen. Bere buruaz beste egitea pentsatzen ari den zein pertsonak egiten dio bazkaria bere familiari. Etxera heldu nintzenean janaria eta bere poltsa, semearen mediku txartelarekin batera, mahai gainean ziren. Hil nahi duen pertsona batek ez du etorkizunera begirako planik egiten. Bera emakume zoriontsua zen, ez zuen bere buruaz beste egiteko asmorik.

(Argazkia: Agencia de Noticias RedAcción)

Macarena hilda agertu eta biharamunean, enpresako langileak zentral hidroelektrikoaren kableatua instalatu asmoz azaldu ziren.

Abuztuaren 23an kableak jartzen ari zirela esanez deitu zidaten, eta segidan dei egin nuen nik herrizaintzara, kableak jarriko ez zituztela esanez. Konpromiso politikoa hartua zeukatela adierazi nien, enpresa legez kanpoko jardunean ari zela frogatu eta salaketa jarria geneukalako. Herrizaintzatik ezin zutela ezer egin erantzun zidaten, eta nik hurrengoa adierazi nien: “Bart nire bikotekidea hil zuten eta gaur kableatuaren kontra dagoen maputxe asko ari dira gerturatzen. Hemen zerbait larriagoa gerta daiteke. Erretiratzeko eskatu edo hildako gehiago izan dezakegu”. Herrizaintzak, arazoaren muntaz jabetuta, karabineroei dei egin zien alde egiteko eskatuz, eta poliziak eta teknikariak kableatua egin barik joan ziren. Baina irailaren 9an nire kontrako prozesu bat hasi zuten, kamioi bati su emango niola mehatxu egin nuela aitzakia gisa erabiliz. Horretaz baliatu ziren urrian Poliziaren indar bereziekin –Polizia paramilitarra– kable instalazioa indarrez egiteko.

Gertakariok Macarenaren heriotzarekin lotura zutenaren susmoa indarra hartuz joan zen, eta gorpua hobitik ateratzea erabaki zenuten, baldintza egokietan heriotza zerk eragin zuen aztertzeko.

2016ko urrian, guztia elkarloturik dagoela ulertuta, Macarenaren heriotzagatik kereila kriminala jarri genuen. Kereilak bi urteko epea zeukan ikertua izateko, baina 2017ko martxoan ikerketa itxi egingo zutela esanez dei egin ziguten. Egun horretan manifestaziora deitu genuen jendeak lagunduta auzitegira joateko, eta ikerketa zabalik mantentzea lortu genuen, baldintza batekin: gorpua hobitik ateratzeko perituak geuk ordaintzea. Dirua biltzeari ekin genion, eta bost hilabeteren buruan peritu bat ordaintzeko beste geneukan. 2017ko abuztuaren 9an, perituaren informea aurkeztera gindoazela, berriz aurkitu genuen ikerketa itxita. Bi urteko epea zeukan ikerketa bi aldiz itxi zuten urtebete igaro aurretik.

“Azterketak Macarena urkatu zutenerako hilda zegoela frogatzen zuen”

Fiskaltza erregionalera jo genuen orduan. Lehenengo autopsia ofiziala gaizki egin zela frogatzen zuen perituaren informea hain zen sendoa, ezen ikerketa zabaldu behar izan zuten berriz. Irailaren 25ean ezarri zen gorpua hilobitik ateratzeko data, eta eragozpenekin bada ere hala egin zen. Urriaren 30ean lortu zen autopsia egitea, eta laginaren ale bi gorde genituen: bata Estatuko auzitegi-medikuek aztertzeko, eta bestea laborategi pribatu batera eramateko. Laborategi pribatuan egindako azterketaren emaitza 2018ko urtarrilean jaso genuen, eta horrek Macarena urkatu zutenerako hilda zegoela frogatu zuen. Zintzilikatu egin zuten, hildako bat ezin baita bere kabuz zintzilikatu. Beraz norbaitek jarri zuen hor, norbait han zen hil zenean. Hilketa izan zen.

“Ez dute nahi beraien eskutan dagoen autopsiaren lagina laborategira eraman”

Orduan ikerketa aldatzea eskatu genuen, suizidioa baino hilketa kalifikatu bat iker zezaten. Kalifikatua, ez delako hilketa sinplea, lehenengo hil egin baitzuten eta ondoren hilketa estaltzen saiatu, auzitegi-medikuari dirua eskainiz lehen autopsia faltsua sinatzeko. Fiskaltzak ikerketaren norabidea ezin zuela aldatu erantzun zigun, horretarako froga nahikorik ez zegoela argudiatuz, nahiz eta guk urtarrilean adituaren txostena aurkeztu. Hori gutxi balitz, auzitegi-medikuek aztertu beharreko bigarren autopsiako lagina laborategira bidali aurretik, gure perituaren prozeduraren gaineko analisi kritiko bat egiteko eskatu zion mediku bati, gure peritua zalantzan jarriz. Ez dute nahi beraien eskutan dagoen autopsiaren lagina laborategira eraman, jakin badakitelako guk jasotako emaitza berbera jasoko dutela, lagina laborategira eramanez gero Macarena hil egin zutela onartu eta gertakaria ikertu beharko dutela. Hilketa ezkutatzen saiatu zirenak agerian geratuko liratekeelako. Lehen autopsia egin zuen medikua kasu, zeinak aurretik ere sinatu zituen beste bi autopsia faltsu, hilketa zena suizidiotzat joz.

Epaiketa zabalik dago momentu honetan, baina irregulartasun guzti hauekin. Horregatik erabaki dugu nazioarteko babesaren bila ateratzea.

Pinocheten diktadurak iraun bitartean maputxe ugarik  lurraldetik alde egin zuen, baita izenez aldatu ere, bortxaren eta baztertuak izaten jarraitzearen beldur. Macarena eta zu Santiagon bizi zineten, eta hiria utzi eta komunitate maputxera bizitzera joatea erabaki zenuten. Deserrotu zen belaunaldi haren ondorengoa berriz erroak botatzeko bidea hartzen dabil?

Gero eta gazte maputxe gehiagok erabakitzen du lur maputxeetara bueltatzea, maputxe bezala bizitzera itzultzea. Lurrak deitu egiten dizu, saihetsezina den zerbait da, guk ez genuen nahi zementuzko oihanean bizi, hiriak intoxikaturik gintuen. Jendea estresatuta bizi da, estututa, alde batetik bestera korrika, oso haserre. Izatez ez dira bizi, biziraun egiten dute hirian, dirua lortzeko saiakeran. Zeren dena neurtzen da diruaren arabera, eta zenbat eta diru gehiago izan orduan eta erosteko ahalmen handiagoa daukazu, eta zenbat eta gehiago erosi zoriontsuagoa eta arrakastatsuagoa zara. Jendeak urteko 365 egunetatik 350 lanean igarotzen ditu, esklabuak bezala, pareta bati begira, ordenagailuko pantailara iltzaturik, gaizki tratatzen dituen nagusi bat jasaten. Urteko 350 egun horrela lanean, dirua batu eta hamabost egunez zoriontsu izan ahal izateko. Eta hamabost egun horietan gu urteko 365 egunez bizi garen tokira etortzea erabakitzen dute. Hala bada, gu oporretan bizi ginen, horrela ulertzen genuen. Bizi garen tokira jendea arnasa hartzera etortzen da, zoriontsu izatera. Horregatik gure lau semeak, Macarena eta seiok zoriontsu bizi ginen. Baina bizitza zikintzera etorri zitzaizkigun.


Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude