Koldo Almandoz: "Beti pelikula bera egitea oso atzerakoia da"

  • Ibilbide oparoa du Koldo Almandoz zinegile donostiarrak. Orain jarri dio ordea, lehen aldiz, pelikula konbentziona(ago) bat egiteko erronka bere buruari. Saiakera horren emaitza da Oreina. Zuzendari Berriak sailean lehiatuko da Donostiako Zinemaldian eta irailaren 28an zine aretoetan estreinatuko dute. Filmeko lokalizazioak trenez gurutzatzen ditugun bitartean hitz egin dugu berarekin.

Argazkia: Dani Blanco.
Argazkia: Dani Blanco.

Donostiako Easoko Euskotrenen geltokian jarri dugu hitzordua. Tabernazuloko elkarrizketek badute bere xarma, baina gaur, topoaren, metroaren edo dena-delakoaren joan-etorrian egingo dugu solasaldia. Donostiatik Oriora eta buelta. Oreina-ko geografia gurutzatuko dugu horrela. Iraila dela sumatzen da, dagoeneko ez dabil horrenbeste jende. Asko bilatu gabe aurkitu dugu patxadaz eseri eta hizketan hasteko tokia.

Protagonista eta istorio asko gurutzatzen dira Oreinan. Nondik tiraka iritsi da gaur ikus dezakeguneraino?

Badago Aginagan etxe bat oso berezia, erdia oso ondo zaindua eta beste erdia desastre bat egina duena. Jakin-mina piztu zidan. Nor biziko ote da hor? Etxe guztietan dauden familia tirabirak etorri zitzaizkidan burura, eta hortik atera da harietako bat. Gero hori uztartu dut pelikulan sartu nahi nuen beste ideia batekin: denbora asko igarotzen dugula baterako eta besterako joan-etorrietan, bakarrik, eta orduan garela inoiz baino gehiago gu geu. Inori kontatu ezin dizkiogun sekretuekin eta barruan daramagun guztiarekin.

Lokalizazioek protagonismo nabarmena dute. Aginaga, Usurbil eta Oria ibaiaren inguruen bidez, normalean oso banatuta erakusten diren hiria eta natura, biak batean erakusten dituzu zuk.

“Zinean emozioari gehiegizko garrantzia ematen diogu.
Denak izan behar du emozio bat sortzeko, dena baloratzen da negar edo barre egiteko gaitasunaren arabera”

Lokalizazioak ahalik eta gutxien ukitzeko ahalegina egin dugu. Nik paisaia hori errepidetik begiratzen nuen hasieran, eta bertatik ikusten nuena izan zen atentzioa deitu zidana. Trenetik ere egin dut bidaia bizpahiru aldiz, gaur bezala, ibaiaren bi aldeak ze desberdinak diren ikusteko. Batean herriak daude, industriguneak eta bizitza urbanoa; eta beste aldea berriz, guztiz basatia da. Zati batzuetan ez dago ezta biderik ere. Horrek eraman nau hausnartzera Euskal Herrian daukagun periferia berezi honetaz. Naturak eta industriguneek, baserriek eta poligonoek bat egiten duten periferia da gurea. Horrek nahasketa interesgarriak dakartza, baita pertsonen artean ere, eta errealitate hori islatu nahi izan dut. Hori da pelikularen geografia edo unibertsoa.

Tokiaren aniztasunak azaltzen du pertsonaien aniztasuna ere: gazte saharar bat, basozain bat, bi bide desberdin hartu dituzten Aginagako bi anaia, aitaren gasolindegian lan egiten duen neska gaztea…

Gidoia idatzi nuenean halako intuizio batetik abiatu nintzen, baina gero grabaketa egin dugunean antzeko errealitatea aurkitu dugu. Ikusi genuen, adibidez, Usurbilen badagoela saharar eta magrebiar komunitate handi bat. Kokapen horietan bizi den jendeaz hitz egin dugu, ekosistema oso interesgarria iruditzen zitzaidalako. Oso gaurkoa da, normalki ditugun aurreiritzietatik urruntzen dena, bai nekazal munduarekin ditugunetatik, eta baita etorkinekin ditugunetatik ere.

Pertsonaia horien hariak gurutzatu egiten dira, baina elipsiak ere badaude, eta ez dute itxiera borobilik. Ikusleari ahalegina eskatzen dion lana da Oreina?

Uste dut zor diodala errespetu bat ikusleari eta baduela gaitasuna hutsune horiek betetzeko. Gu pertsonaia hauen bizitzaren momentu batean agertzen gara, eta beste batean desagertu, baina bizitza horiek gerora ere jarraitzen dute. Nire apustua izan da normalki pelikuletan azaltzen ez den jendeaz hitz egitea, jende arruntaz. Izaera konplexuak dituzte, eta aurpegi desberdinak, denok ditugun bezala. Ez dago Handiarik, ez dago ezer oso estraordinarioa. Gertatzen zaizkien gauzek ere ezin zuten pentsaezinak izan. Iruditzen zait zinean emozioari gehiegizko garrantzia ematen diogula. Denak izan behar duela emozio bat sortzeko, dena baloratzen dela negar edo barre egiteko gaitasunaren arabera. Ba niri negar egiteko gogo gehien eragiten didatenak telebistako realityak dira. Gainbalorazio horren eta joera horren kontrako pelikula egin nahi izan dut nik. Emozioak egon badaude, baina gure bizitzan bizi ditugun moduan agertzen dira, azpimarratu gabe.

Argazkia: Dani Blanco.

Atentzioa deitu dit anaietako baten pertsonaiak. Azken euskal film luzeetan asko errepikatzen den arketipoa ordezkatzen du: emozioak kudeatzen ez dakien gizona, gatazkak konpondu beharrean bere hoztasunean babesten dena, lehorra…

Egia da azken aldian egin diren filmetan islatuta dagoen zerbait dela, baina uste dut erantzuten diola errealitate bati. Baliteke belaunaldi kontua izatea, baina nire familiari begiratzen diot, nire gurasoei begiratzen diet, eta uste dut jarraitzen duela horrela izaten. Nire buruari begiratzean ere, hein batean, sentitzen naiz identifikatua horrekin. Pentsa, pertsonaia horren beste anaia ere, beste molde batekoa izanagatik, antzekoa da horretan. Eta beste pertsonaia guztiak ere bai. Oso barrura begira bizi dira.

Pertsonaia horiei gorputza jarri dieten aktoreen artean Ramon Agirre dago. Aurrez ere egin duzu lan berarekin, eta aurten Zinemira saria jasoko du egindako bidearen errekonozimendu gisa.

Ramonekin eta beste batzuekin gertatzen zaiguna da, hain gertukoak direnez, ez ditugula nahikoa baloratzen. Iruditzen zaigu gure aktoreak direla, baina Ramonek egin du lan Almodovarrekin, Hanekerekin… Eta hori egin badu castingak gainditu dituelako da, ez du edonork hori egiterik. Badira aktore asko ez daudenean faltan botako ditugunak, eta Ramon izango da horietako bat. Sekulako teknika du. Sekuentzia batean, hamalau aldiz esanda ere gauzak errepikatzeko, momentu berean hartuko du beti arnasa. Nire kezka zen ikusleak ez Ramon ikustea, pertsonaia baizik. Horregatik saiatu gara gehiegi ez nabarmentzeko interpretazio eta ahots bat bilatzen, Ramon Agirre desagerrarazi eta Martin ikusteko. Uste dut lortu dugula.

Kontrastean, esperientzia gabeko aktorea izan du parean. Khalil gorpuztu duen Laulad Ahmed Saleh gaztea. 

“Jende askorentzat
film luze bat egin arte ez zara inor. Orain bihurtu naiz zine zuzendari.
Baina ez zait asko axola, egia esan”

Bai, baina beharrezkoa zen. Hasieratik argi nuen aktoreak eta aktore ez zirenak uztartuko genituela, sinesgarritasuna emateko eta lan egiteko modu bat ere badelako. Kasu honetan, aktore profesionalak kutsatu ditu ez direnen inperfekzio natural horrek, eta besteek asko ikasi dute profesionalen ondoan lan eginda. Ni oso gustura gelditu naiz Lauladen lanarekin. Gainera, kasu askotan ez ditugu hoberen dauden esaldiak hautatu, inperfekzioak dituzten zatiak baizik. Horrek ematen dio sinesgarritasuna. Hitz egiten dugunean ez dugu perfektu ahoskatzen, keinu arraroak egiten ditugu… Zinean perfekziorako joera dugu eta badirudi arau idatzia dela, baina hortik ateratzen saiatu gara. Lauladek hori eskaini digu.

Grabaketa prozesuak irekia izan behar duela entzuna dizugu. Hala izan da orain ere?

Halako pelikula bat planteatzen duzunean, behar duzu benetan sinesten duzun gidoi bat, baina hala ere, prozesuak beti aldatu behar du zerbait. Bestela ez du zentzurik pelikula egiteak, hobe gidoia idatzita uztea. Guri adibidez, lokalizazio prozesuak edo aktoreekin egindako lanak asko eragin digu. Uste duzu dialogo bat borobila dela, eta ikusten duzunean aktoreen ahotan konturatzen zara ezetz, ez duela funtzionatzen, ez duzula ondo idatzi. Gero animaliak azaldu dira bat-batean, edo txaluparekin ibilita espero ez genituen irudi oso ederrak hartu ditugu…

Nekeza izan da dialogo horiek sinesgarri egiteko lana?

Hasieran hartu nuen erabakia izan zen horrekin burua gehiegi ez jatea, eta modu naturalean egitea dena; bai hautatutako euskarari dagokionez, baita euskara eta gaztelania nahasteari dagokionez ere. Gure errealitate linguistikoa berez da konplexua. Errealitate bat dugu Donostian, beste bat Ataunen… Eta aktoreen hizkuntza estiloak ere oso ezberdinak dira. Sinesgarri egiteko saiatu gara aktoreak beren euskararen matizak sartzera bultzatuz. Bitxia izan da adibidez…

[Oriora iritsi eta jaitsi gara trenetik. Elkarrizketa eten dugu pixka batez. Hiru minutu eskasean dator bueltako trena. Bestelako gaiez hitz egiteko ia tarterik gabe, bagoaz barrura berriz, Donostiako Easo plazarantz].

Argazkia: Dani Blanco.

Ahaztu dut zertaz ari zinen ere… Hizkuntza hautuez?

Bai, hori da. Bitxia izan da Khalilekin gertatu zaiguna. Bera euskalduna da, bai aktorea bai pertsonaia, baina halako pertsona bati zuzentzen garenean ez dugu uste euskaraz jakingo duenik. Pelikulan hori islatzen da, baina lehengoan, elkarrizketa bat egitera joan ginen eta hori bera gertatu zen kazetariarekin. Horrelako gauzak azpimarratzeko ere balio izan du pelikulak.


Lehenengoz igaro zara fikziozko film luze baten lurretara. Oso bestelako lana da Sipo Phantasma edo Plaganekin alderatuta.
Jendeak normalki espero du zure lanetan aurretik egin duzun hori, baina nik, alderantziz, sentitzen dut horrekin hausteko beharra. Niretzat erronka zen aurretik egin ez dudan zerbait egitea, eta nahi nion nire buruari frogatu banuela pelikula konbentzional bat egiteko gaitasuna. Badugu obsesio bat autoretzarekin, begirada propioaren ideiarekin… Niri oso jarrera kontserbadorea iruditzen zait, atzerakoia. Ez naiz duela bost edo hamar urteko pertsona bera, eta normala da molde bereko lanak ez egitea. Denok edan dugu gauza desberdinetatik, denok kopiatzen dugu gustatzen zaiguna, eta aldaketa horiek ere nabaritu behar dira. Woody Allenena, adibidez, honezkero autoplagio konstante bat da. Niri hori ez zait interesatzen.

Aurrez beste lan asko egin dituzun arren, askok orain jo zaitu zinegiletzat. Are, Zinemaldian “Zuzendari berriak” sailean hartuko du parte Oreinak.

Jende askorentzat film luze bat egin arte ez zara inor, hori hala da. Orain bihurtu naiz zine zuzendari. Baina ez zait asko axola, egia esan. Egia da baduela halako prestigio sozial bat, baina dena da harri-kartoia. Ez da talentu berezirik behar zine zuzendari izateko; eta zenbat eta zine zuzendari gehiago ezagutu, orduan eta argiago dut hala dela.

Kritikoa zara sortzaileengandik oso urrun bizi diren ekoizleekin. Txintxua Films-ekin lan egiteak errazagoa egin du dena?

Bai, oso argi dut ni pribilegiatua naizela. Txintxuak aukera ematen dit bestela oso zailak liratekeen gauzak egiteko. Pelikula hau egiteko aukera badut, Marian Fernandez ekoizlearengatik da hori. Gidoia idaztera ere berak bultzatu ninduen. Apustua egitea, pelikula honek dituen ezaugarriak kontuan hartuta, ez zen batere erraza. Zalantza momentuak izan ditudanean ere, berak eman dit aurrera egiteko bultzada. Hori esanda, egia da zinearen beste alde hori aldrebesa ere badela: finantziazioa, zinemaldiak, salmenta internazionala, banaketa… Horrek eragin handia du zure pelikularen zabalkundean, eta askotan zinearekin zerikusirik ez duten aldagaiek eragiten dute.

Konbentzionala ez den zineak badu tokirik arau horien araberako joko-mahaian?

Ez da erraza. Badago belaunaldi berri bat: Aitor Gamentxo, Maddi Barber, Maria Elorza, Maider Fernandez, Juan Palacios… Guzti horiek ohitu dira Sipo Phantasman izan genuenaren antzeko lan egiteko modu batzuetara. Izango dute horiek zinea egiten jarraitzerik haien burua saldu gabe? Ba ziur asko ez. Polita litzateke haiek egiten ari diren bidea ere bultzatzea, baina ez dut ikusten apusturik horren alde, ez erakundeen aldetik, ez ETBren aldetik. Ez da Goyak eta argazkiak ematen dituen zine bat. Kontua ez da bata ona edo bestea txarra denik. Biak behar genituzke.

Zure burua saldu behar izan duzu zuk?

“Zinelistook dugun
joera hori, publiko orokorra gutxiestekoa, gainditu behar genuke”

Neurri batean behintzat bai. Ez hainbeste egin dudan lanean, baina bai izan behar dituzun harremanetan, egon behar zaren tokietan, zer esan dezakezun eta zer ez… Itxurakeriaren jokoa ere hor dago. Denok dugu diskurtso iraultzaile bat, baina gero ikusten duzu zure burua elite batzuekin, eta hor egotea ere gustatzen zaizu. Nire kasuan, ni hasi nintzenean oraindik ez zegoen hainbeste jende antzekoa egiten, eta horri esker ezagutu nau jende batek, egin dut bide bat…

Abangoardiaren onespena eta publiko orokorraren txaloa. Ez da erraza biak uztartzea.

Igual gaizki dago esatea, baina nik pelikulak batez ere niretzat egiten ditut. Publikoak ikusteko esperantza horrekin, baina niretzat. Kasu honetan ere, ez dugu froga-ikustaldi edo antzekorik egin. Pelikula bat ez da hauteskunde bat. Ez pelikula, ez musika, ez sorkuntza orokorrean. Hori esanda, uste dut zinelistook dugun joera hori, publiko orokorra gutxiestekoa, gainditu behar genukeela. Eroso bizi gara undergroundean, mundu txiki batean elkar elikatzen. Hortik ateratzen ere jakin behar da. Publiko orokorrak interesa izatea nahi genuke gauza berri edo arriskutsuagoekiko, baina guk ere egin behar genuke esfortzu bat gure lan hori publiko horri gustarazi eta hurbilarazteko. Bi muturretan daudenak ez dira gustura egongo, baina nahita egin dut erdibideko zerbait egiteko saiakera. Pelikula honek izango du aukera zine aretoetan egoteko, eta joaten den jendeak ikusiko du proposamen desberdinak egin daitezkeela. Badaudela zine mota desberdinak, egiteko modu desberdinak…

Orain Oreinak bere bidea egingo du. Baina bide konbentzionalago hau jorratu ondoren, zertarako gogoz zaude zu?

Ari naiz idazten, baina ez dut plan zehatzik. Lan egonkorrik ere ez dut orain, ze noski, zinegileak ez gara zinea egitetik bizi. Beraz, oraintxe nago halako noraez sentsazio batekin. Bitxia da, batzuetan izutzen nau, eta beste batzuetan gustura sentiarazi.

[Heldu da trena berriro Donostiara. Kanpora atera gara, gainontzeko bidaiarien artean. Argazkiak ateratzen ari ginela aitortu digu Almandozek ondo ateratzeko sekretua: eguzkitako betaurrekoak. Geltokia atzean utzi eta Easo plazako terraza batean jarri gara hirurok, gargardo bana eskuan. Susmatzekoa zen: orduan hasi da elkarrizketarik interesgarriena. Grabagailurik gabe].


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zinemaldia 2018
Aukerak eta loturak

Izaro filmaren kronika. Zuzendaria: Txuspo Poyo. Irailaren 23an, Donostiako Zinemaldian ikusia.


Esperimentu bat irabazle, erraldoi digitalak sumatzen hasi diren edizioan

Zarata handirik egin gabe, Isaki Lacuestak dagoeneko bi Urrezko Maskor eskuratu ditu Donostiako Zinemaldian hamarkada honetan. Lehenbizikoa aski eztabaidagarria iruditu zitzaidan, 2011n Sail Ofizialera ekarri zuen Los pasos dobles-i asmo handi samarreko lana izatearen traza... [+]


Kapuscinski garaile

Ez da ohikoena animaziozko dokumental batek lortzea publikoaren saria. Baina Another Day of Life ere ez da ohiko animazio lana. Hasteko, Ryszard Kapuściński gerra-kazetari handia duelako abiapuntu (haren Egun bat gehiago bizirik liburua eta hitzak ditu oinarri... [+]


Analisia
Esperimentu bat irabazle, erraldoi digitalak sumatzen hasi diren edizioan

Zarata handirik egin gabe, Isaki Lacuestak dagoeneko bi urrezko maskor eskuratu ditu Donostiako Zinemaldian hamarkada honetan. Lehenbizikoa aski eztabaidagarria iruditu zitzaidan, 2011n Sail Ofizialera ekarri zuen Los pasos dobles-i asmo handi samarreko lana izatearen traza... [+]


Kapuscinski garaile

Ez da ohikoena animaziozko dokumental batek lortzea publikoaren saria. Baina Another Day of Life ere ez da ohiko animazio lana. Hasteko, Ryszard Kapuściński gerra-kazetari handia duelako abiapuntu (haren Another Day of Life liburua eta hitzak ditu oinarri pelikulak),... [+]


Eguneraketa berriak daude