Umami zaporedun egun bat

Gorka Bereziartua
0

Naomi Kawaseren ‘Vision’ filma, basoko bizitzaren idealizazio naif samar bat.

Glutamato monosodikoak osasunari egiten dizkion kalteen berri izan nuenetik janari asiarretik urrun samar nabil, sortaldean hainbeste erabiltzen duten soja saltsa gehienek osagai hori baitaukate. Daukadan abstinentzia sindromea txikia ez dela kontuan izanda, gaur egun gogorra izan da: hiru film asiar Zinemaldiko Sail Ofizialean, horrek esan nahi duen guztiarekin: pertsonaiek zerbait jaten duten bakoitzean, ramen, yakisoba eta sushi zaporeekin hortzak izerditan hasi zaizkit. Bueno, gaurkoa bi bider gogorra izan da: janariarenaz aparte, pelikulen maila ere ez da beste mundukoa izan.

Naomi Kawase japoniarrak zerbitzatu du aperitifa: Vision emakume frantziar baten istorioa da, Japoniako mendialdera joango dena filmari titulua ematen dion sendabelarraren bila; han ezagutuko du Tomo basozaina, ia inorekin harremanik eduki gabe bizi den gizon lakoniko bezain sakona. Haren laguntzarekin, protagonistak bere iraganera barne-bidaia moduko bat egingo du.
Filmak poema bisual bat izan nahi du eta aitortu behar zaio errodatu den ingurune naturalari etekina ateratzen diola. Hortik aurrera, gauza narritagarri zenbaiten erruz, batere atsegin ez dudan produktu bat bihurtzen da: gidoiak baditu Paulo Coelhok sinatzeko moduko momentuak (“Maitasuna olatuak bezalakoa da”, “mendi bat bezain lasaia da”), basoko bizimodua erromantizatzen du ñabardurarik gabe eta plano mistiko batera eramaten, mundu bat sortuz non pertsonaia guztiak onak diren, non antzinako moduak idealizatzen diren, non ez dagoen konfliktorik. Azkenerako, autolaguntza liburu bat dirudi beste ezer baino gehiago.
Txikitan abandonatu zuten emakume gazte bat da Liu Jieren filmeko protagonista.

Metafisika horietatik Liu Jie txinatarraren Bao Bei Er pelikulara pasatzea lur hartze arriskutsu baten antzekoa izan da. Jaiotzetik zeukan gaixotasun bat zela-eta abandonatu zuten emakume gazte baten istorioa kontatzen du. 18 urte betetzearekin bat, bere harrera-ama izan denaren etxea utzi behar du eta, ospitale batean lanean ari dela, ikusiko du gaixotasun larri batekin jaio den ume bat hiltzen utzi nahi duela haren aitak. Ahal duen guztia egingo du hori eragozteko.
Estatuak herritarren erabakitzeko aukerak zenbateraino mugatzen dituen erakusten du pelikulak, egoera paradoxikoak pantailaratuz: ume bat hiltzen uztea legezkoa da; bizi osoan zaindu zaituen ama orain zuk zaintzea berriz, administrazio publikoaren irizpideen kontrakoa.
Ornamentu handirik gabe errodatuta dago, antzezpen neurtuak, giro-soinua. Duela bi urte Urrezko Maskorra irabazi zuen Wo Bu Shi Pan Jinlian-en lehengusutzat har daiteke, nahiz eta konparazioan galtzen ateratzen dela esango nukeen, hari zerion umore absurdua pelikula honetan garraztasun ezkor bihurtuta ikusten dugulako.
Distopia korear ahul samarra da ‘Illang: The Wolf Brigade’.

Hego Koreako ekoizpen batekin bukatu da eguna: Illang: The Wolf Brigade etorkizun hurbilean girotua dago, bi Koreak batu ondoren herrialdeak bizi duen krisiaren erdian. Poliziaren bi adar elkarren arteko gerran ari dira, herrialdearen batasunaren kontra ari den talde armatu bat tartean dela.
Bi ordu eta hogei minutuz, glutamatoa bezain kaltegarria den platera zerbitzatu digute: tiro-entsalada. Kim Jee-woonen pelikula honek ez dauka ezer berezirik, bigarren mailako ekintza-filma iruditu zait, ra-ta-ta-ta-ta-ta-ta asko, tentsio aurrefabrikatua eta irakurketa sakonagoren bat egiteko aukerarik batere ez. Berezitasun bakarra filmaren hasieran ikusi dugun izen batek ematen dio: Netflix. Ez dakit horrek esplikatzen ote duen gauza hau Sail Ofizialera iritsi izana.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA