Harkaitz idor bat itsasoaren erdian, hondartza izanak kai abandonatu bihurtuta, kokondo lirainen ordez garabi herdoilduak... Nauru uhartera iristen diren bidaiari bakanek ez dute aurkituko Itsaso Bareko paradisurik. Halako zerbait inoiz egon bazen, ahaztua dute nauruarrek. Beren oinpean aurkitutako fosfatoaren ustiaketak aberats zirela sinestera eraman zituen urte batzuen tartean. Xahuketaren ostean, beren miseria partekatu behar dute uhartera urrundik ekarritako errefuxiatuekin.
Irailaren 4koa ez du erraz ahaztuko Barbara Dreaver kazetariak. Zeelanda Berriko TVNZ katearen erreportari joana zen Naurura, Itsaso Bareko Uharteen Forumaren berri ematera. Tartean, uhartetik irten ezin den errefuxiatu afganiar bat elkarrizketatu zuen eta handik laster atxilotu zuten poliziek, ordu luzez preso eduki eta kazetari lana egiteko baimena kendu. Kazetariek hemen lan egiteko 5.800 dolar pagatu behar duten baimena, alegia.
Ez da denbora asko jakin zela Nauruko eremu itxi batean Australiak zerratuta dauzkan zientoka errefuxiatuetako batzuk beren etsipenean gose greban sartu zirela; batzuk suizidio ahaleginera ere iritsiak ziren. Iheslarien aldeko ekintzaileak saiatu ziren gaia sartzen Itsaso Bareko Uharteen Forumaren agendan, baina alferrik: errefuxiatuak ezin dira aipatu ere. Funtsean, planetako herrialde independente ñimiñoenetakoa den Nauruk bere diru-iturri nagusitzat dauzkalako.
21 kilometro koadro eta 10.000 biztanle baino ez dituen Nauruko errepublikak lur-mutur txiki horretan hartu ditu 1.000 errefuxiatu eta asilo eskatzaile Asia urruneko gerra eta bortizkerietatik ihesi Australian sartu nahi izan zutenak. Australiak, ordea, aterpetzeko ordez Nauru eta Manus –hau Papua-Ginea Berriarena– uharteetara eraman zituen. Naururi dagokionez, 400 bat iheslari dauzkate eremu hesitu batean preso eta handi pasa ostean libre irten direnak ezin dira uhartetik irten, lanik gabe ahal bezala bizirautera kondenatuta.
Amnistia Internazionalak krisi humanitario honetaz zabaldutako txostenean dioenez “agiri askok eta baita Nazio Batuen Erakundearen adituek ere erakutsi dute sistema honetan Australiak preso dauzkan iheslari eta asilo eskatzaileek era guztietako tratu txarrak jasaten dituztela”.
Nauruko Gobernuaren diru-iturri nagusietakoa da iheslariok etxean edukitzearen truke Australiak pagatzen dion kalte-ordaina. Baina agintariek baino onura handiagoa ateratzen diote presondegia kudeatzen dutenek: “Kontratista pribatu nagusia –dio Amnistia Internazionalak– Broadspectrum da, hiru urteko kontratuaren truke 1.900 milioi dolar jasotzen dituena. Broadspectrum 2016tik Ferrovial multinazional espainiarrena da“.
Baina Naurun gauzak ez dira beti horrela izan, atzerriko herrialde baten kartzelazain izatera makurtu beharra gauza berria da. Izan ziren garai oparoagoak hemen ere. Hain oparoak, ezen per capita errentan munduko herrialde aberatsenetakoa izana baita Nauru. Ez hain aspaldi, gainera. Naururi egokitu zaio paradisu itxi bat izatetik meatzaritza industrialean murgildu eta ustez aberastera pasatzea, ondoren basamortu post-industrial latzenean hondoratzeko. Eta dena ehun urteko tarte laburrean.
1798. urtean Naurun lehenbizikoz lehorreratu ziren marinel mendebaldarrak harrituta geratu omen ziren uhartearen eta bere biztanleen edertasunarekin: Pleasant Island deitu zioten, uharte atsegina. XIX. mende amaieran ehunka urte lehenago bezalatsu bizitzen jarraitzen zuten, garaiko argazkietan ageri denez. Baina XX.aren hasieran Pacific Island Company-rentzako Albert Ellis geologoa ohartu zen paradisu urrun haren zorupean fosfatoa zetzala.
Paradisua harrobi-zulo bihurtu
Pleasant Island laster bilakatu zen harrobi handi bat, zeinetan XX. mendean zehar konpainia australiar eta zeelandaberritarrek ustiatzen zuten begi bistan azaltzen zen fosfatoa. Tarte horretan, Nauru pasatu zen Alemaniaren kolonia izatetik Britainiar Inperioarena izatera, gero Australiarena.
Nekazaritza industrialaren boom-arekin, Nauruko fosfatoak berdatzen zituen Australia eta Zeelanda Berriko zelai eta soroak. Garairik onenetan urtean 100 milioi dolarretik gora mugitzera iritsi arren, uharteko fosfatoaren etekinen %2 baizik ez zitzaien itzultzen nauruarrei.
British Phosphate Commission erakunde ilunak kudetu zuen negozioa 1968a arte. Urte horretan lortu zuten independentzia nauruarrek. Hammer DeRoburt lehendakari berriak fosfatoa nazionalizatu zuen, haren kudeaketarako sortuz Nauru Phosphate Corporation konpainia. Harrobi handiak jarraitu zuen lurzorua zulatzen eta Nauru iritsi zen estatistiketan munduko herrialderik aberatsenetakoa izatera per capita errentaren arabera.
Fosfatoaren etekinen parte bat agintariek inbertsio funts batean jokatzen zuten eta beste partearekin herritarren bizimodu gero eta lasaiagoa finantziatzen. Dena doan zen nauruarrentzako, zergarik batere ez. Lantzeko moduko lurrik ez zenez, nekazaritza fini zen. Arrantzaleek beren lana utzi zuten. Harrobietako lanetarako inguruko uharteetako obreroak ekarri zituzten. Nauruarrak hegazkinez joan zitezkeen Hawaii, Fiji edo are Singapurreraino bidaiatzera. Autorik modernoenak inportatu ziren... bizikletaz kostaz-kosta bisitatzeko goiz bat aski duen uharte batera!
1921etik 100 milioi tona ongarri lurrari kenduta, 2000. urterako agortuak ziren Nauruko fosfatoak. Soldatarik ezean, langile atzerritarrek ihes egin zuten. Tartean, gobernua saiatu zen alternatiba ekonomiko bila, batik bat fosfatoarekin metatutako funtsa baliatuz. Zenbait inbertsio bitxi egin zuten atzerrian, hegazkin handi, etxe-orratz eta istorio, laster porrot bilakatu zirenak.
Paradisu fiskal ere bilakatu zuten uhartea, mafia eta diru zuriketazko hainbat eskandalurekin lotuta agertzeraino. Nekazaritza aukera guztiak agortuta, larrialdian mesede egin nahian bezala, Australiak eskaini zien berak errefusatzen dituen etorkinen kartzelazain izatea. Estatu baten porrota.
Lurzoruaren %80 fosfato bila harrotuta, Nauru harkaitz lehor bat da ozeanoaren erdian. Behialako zuhaitz eta landare ugarietatik deus gutxi geratzen da. Nekazaritzako lurrik ez eta egin nahiko luketenek baratzea nola egiten zen ahaztuta. Langabeziak %80 gainditzen duenez, naurutar batzuk hasi dira berriro arrantzan.
Oihanetik modernitatera eta ondoren infernu post-industrialerako bidaian, Nauruko jendeek galdu dituzte bakea, natura, bizimodua, lana, kultura, hizkuntza hein handi batean... eta osasuna. Gizonen bizi itxaropena 60 urtekoa da, 68koa emakumeena. Herritarren %70ek obesitatea nozitzen dute, %40 dira diabetikoak.
Elikadura errotik aldatu baitzaie: Ozeano Bareko beste uharte kolonizatu askotan bezala aspalditik dena da Spam Nauruko sukaldeetan, urrutitik ekarritako jaki industrial, gizenkor eta ontziratuak. Limoi zukutuaren azala bezain idor utzitako uharte suntsituko low cost jendearentzako zabor-jana.
Fitxa: Musika Hamabostaldia. Kursaal Zikloa. Le Concert des Nations. La capella Nacional de Catalunya.
Zuzendaria: Jordi Savall.
Abesbatzaren prestaketa: Lluís Vilamajó.
Egitaraua: Mendelssohnen lanak.
Lekua: Kursaal Auditorioa.
Data: abuztuaren... [+]
Abuztuan chikungunya infekzio kasu bat atzeman dute Hendaian. Bero boladek, tenperaturaren igoerak eta eremu tropikaletara egindako bidaiek areagotu dituzte kasuak.
Testuliburuen mailegutza, berrerabilera edota bigarren eskuko azokak ugaritu badira ere, ikasmaterialak gastua izaten jarraitzen du etxe askotan, dirulaguntzak dirulaguntza. Eskola-itzulerak batez beste 400 eta 500 euro arteko gastua ekarriko du Hego Euskal Herriko etxeetan,... [+]
Izendapenak ahalbidetuko du kalte ordainak ordaintzeko prozesuak hastea. Bi suteetan 500 hektarea baino gehiago erre dira.
Iaz jasotakoarekin alderatuta, %15eko murrizketa jasango luke Euskal Kultur Erakundeak. Prentsa ohar batean, erakundeak adierazi du erabaki horrek "ondorio latzak" izango lituzkeela: esaterako, hainbat postu arriskuan egongo liratekeela eta kideei emandako dirulaguntza... [+]
Ekologistak Martxanek eta Sustrai Erakuntzak diote txinatar inbertitzaileek atzera egiteak agerian utzi dituela Zangozako meatzearen "funtsik gabeko arrazoiak". Nafarroako Gobernuari eskatu diote "interes publikoari erantzuten ez dion proiektu defendaezina... [+]
Herriko Etxeak elikadura burujabetzaren aldeko urrats handia egingo du 380 metro koadroko azpiegitura berriarekin. Sukaldeak haur eta adinekoentzako janari osasungarria eskainiko du, tokiko produktuekin eta tokiko laborantza indartuko du.
“Mapak ez dira erreminta hutsa, sinboloak dira, eta mapa zuzentzea Afrikari buruzko narratiba globala zuzentzea ere bada; duintasun kontua da”. Afrikako Batasunak eskatu du munduan oraindik erabilienetakoa den mapa distortsionatua alboratzeko.
Wallball txapelketa abuztuaren 27tik 30era jokatuko dute. Euskal Herritik aparte Argentina, Belgika, Erresuma Batua, Valentzia, Herbehereak eta Puerto Rico herrialdeek hartuko dute parte.
"Gehiengoa lortzen badugu, gobernua berretsiko dute; bestela, erori egingo da", adierazi du Frantziako lehen ministroak. LFI Frantzia Intsumisoak, Frantziako Alderdi Komunistak, ekologistek, Alderdi Sozialistak eta RN Batasun Nazionalak, ordea, dagoeneko jakinarazi dute... [+]
Fitxa: Musika Hamabostaldia. Kursaal Zikloa. Espainiako Orkestra Nazionala.
Zuzendaria: David Afkham.
Egitaraua: Wagnerren ‘Der Ring ohne Worte’ (Lorin Maazelen moldaketa). Lekua: Kursaal Auditorioa.
Data: abuztuaren 22a.
---------------------------
Oraingo... [+]
Gazako osasun zentro nagusia bonbardatu du Israelek. Hildakoen artean bost kazetari daude, Reuters, AP, Al Jazeera eta NBCkoak.
639 'minipisu' ari dira eraikitzen Barakaldon, BEC erakustazokaren aldamenean. Udal ordenantzak aginduta, hotel erabilera eman behar zaio espazio horri, baina "alokairu malgua" dela dio Be Casa-k. Egun batzuetako alokairuetatik hasi eta "hilabete batzuetarako... [+]
Candela emakumeen elkarteak eta PSNk eskatu dute argazkia kentzea eta udalak argitaratutako materialetan kontrol handiagoa egotea, ez egoteko estereotipo sexistarik.
Poliziak Palestine Action ekintzaileen taldea babestea leporatzen dio, Erresuma Batuko Gobernuak uztailean erakunde terrorista izendatu zuena. Bizpahiru orduz atxilo egon ondoren aske geratu da, baina epailearen aurrean deklaratu beharko du irailaren 18an.