Bertsoz "iraintzeagatik" Txirrita kondenatu zutenekoa

  • Legasako alkate ohiari buruz 1913an enkarguz jarritako bertsoengatik kondenatu zuten bertsolaria 1916an Iruñeko auzitegian. Mikel Taberna idazleak Bertsolari aldizkariaren 110. zenbakian argitaratu duen ikerketa lanean kontatu du guztia xeheki, eta penaz adierazi du iturri guztietara jo arren ez duela bertso sorta aurkitu. Auzitegiko epaian, gaztelaniaz jasota dago bertso sorta horren itzulpena.


2018ko irailaren 02an
Unai Iturriagak “Bertsolari” aldizkarian gaia ilustratzeko eginiko irudia.
Unai Iturriagak “Bertsolari” aldizkarian gaia ilustratzeko eginiko irudia.
1916ko urriaren 31ko
“Diario de Navarra” egunkariak
ekarri zuen epaiketaren kronika.

1916ko urriaren 31ko Diario de Navarra egunkariak ekarri zuen, hirugarren orrian, auzitegiko bezperako saioaren kronika, EME sinadurapean. Bertan azaltzen zenez, Tomas Alcainek 40 pezetaren truke eskatuta, Txirritak bertsoak jarri zituen Legasako alkate ohi Eusebio Babazeri buruz. Bertso-paper hauek 10 (pezetaren) zentimoan saldu ziren Doneztebeko jaietan, kalean zalaparta handia sortuz: “La algazara pública revistió caracteres de desorden y tuvo que intervenir una pareja de la guardia civil“. Babazek, sumindurik, salaketa jarri zuen bertsolariaren eta enkargua eman zuenaren aurka. Azaroaren 10ean ekarriko zuen sententzia egunkari berak: kondenatu egin zituzten biak.

Iruñeko Lurralde Entzutegiko 205 liburuan aurkitu du Mikel Tabernak epaia: 1916ko azaroaren 6ko data darama eta 14 orrialde “idor” dira, makinaz idatzirik. Epaiak zehazten du Tomas Alcainek urte horretan 60 urte zituela, eta sortzez iruindarra izanagatik Legasan bizi zela. Jose Manuel Lujanbio Txirritak berriz, 55 urte zituen garai horretan, eta Hernanin jaiotako bertsolaria Errenterian bizi zen ordurako. Jatorrizko bertso sorta sumarioko zazpigarren folioari josia dagoela dio epaiak, baina tamalez Mikel Tabernak ez du inon aurkitu. Baina bai ageri da bertso hauen mamia gaztelerara itzulita.

Mikel Tabernak Txirritaren funtsa arakatu du eta zera adierazi du: “Bertso hauek ez dira hain larriak. Txirritak emakumeen aurka eta defendatzeko aukerarik ez zutenen aurka askoz gordinagoak jarriak bazituen, enkarguz. Alkateak bertso hauengatik auzitegietara jotzea... agian beste elementuren batzuek izango zuten bere pisua: Alcaine eta bien estatusaren artean zegoen aldea, herritar xeheek beraz irri egitea ezin eramana...”.

Martín Perillán, Julio Lassala eta Bruno González epaileek argudio hauek idatzi zituzten Alcaine eta Txirrita errudun jotzeko: alkatearenganako mespretxuz idatzi zirela bertso bidez kontatzen ziren gertaerak, eta gainera espres idatzi zirela eskualde hartan nagusi zen hizkuntzan (“haberse redactado, de propósito, en la lengua dominante en el pais donde se publicó; en versos populares…”). Zirkunstantzia horiek garbi uzten omen zuten zein zen egileen asmoa: auzi-jartzailea mendratzea eta fama txarra ematea. Alcaine eta Txirrita, biak berdin jo zituen epaileak irainengatik (“delito de injurias graves por escrito y con publicidad”) errudun: Alcaine, bertsolariari kontu iraingarriak jakinarazteagatik eta Txirrita, min emateko moduan papereratzeagatik (“revistió dichos conceptos de la forma ritmica e incisiva o mortificante”).

Zigor ekonomikoa eta intsumisioa

Hauxe zen jarri zieten zigorra: hiru urte, sei hilabete eta hogeita bat eguneko deserriratzea, Legasatik 25 kilometrora, gutxienez. 250na pezetako isuna; eta prozesuko kostuaren erdia erdibana ordaintzea, alegia, gastu horien laurdena bakoitzak.

Alcainek errekurtsoa jarri zuen Madrilgo Auzitegi Gorenean, baina ez zuten aintzat hartu.

Ordea, 1918ko maiatzaren 21eko autoan Mariano Zirikiain Gea instrukzio epaileak ebatzi zuen bi akusatuak kaudimen gabeak zirela, alegia, ezarritako isuna ordaintzeko adina dirurik ez zutela. Izan ere, Hernaniko Udalari Txirritaren ondasunetatik 2.000 pezeta enbargatzeko eskaera egina zion, eta hau da udaletik jaso zuen erantzuna: Juan Mendizabal Otaegi udaletxeko idazkariak idatziz adierazi zuen herriko ondarea azertuta ez zela ezer ageri Jose Manuel Lujanbioren izenean. Eta bi herritarren ahozko lekukotza ere jasotzen du Hernaniko Udalaren dokumentazioak: Ramon Arbelaitz Zapiain eta Julian Alzelai Elortzak adierazi zuten “pertsonalki” ezagutzen zutela Txirrita, baina ez ziotela ondasunik ezagutzen.

Isunaren ordainetan, epaileak Legasatik deserriratze zigorra handitu zien bi kondenatuei. Ordura arte Txirrita ez zutela aurkitu ere adierazten du, beraz, ezin izan zioten sos bakar bat kendu bertsolariari.

Bertso berriak gertaera zahar bati jarriak

Zergatik jo zuen Alcainek Txirritarengana, bertsoak jartzeko eskatuz? 1913ko abuztuaren 3 gauean hasi zen guztia. Eusebio Babaze, orduan Legasako alkateak, eztanda entzun zuen bere etxe aurrean, eta biharamunean, Sunbillako Guardia Zibilen kuartelean salaketa jarri zuenean, hiru herrikide salatu zituen, dinamita haiek zartarazi zutelakoan: Tomas Alcaine, Pedro Hualde eta Frantzisko Mendiola. Hiru hauek haserre ziren berarekin, aste pare bat lehenago isuna jarri zielako hirurei: bosna pezetako multa biraoak esateagatik, bost pezeta gehiago Hualderi alkateari desobeditzeagatik eta pezeta bat gehiago Alcaineri herriko ordenantzak ez betetzeagatik.

Iruñean egin zen auzian hiru auzipetuek ukatu egin zuten leherketa haiek egin zutenik, eta epaileak kasua itxi zuen epaiketarik egin gabe, ez zegoelako hiru haiek izan zirenaren frogarik.

Tomas Alcainek Txirritarengana jo zuen, eta gertaera haiei buruzko bertsoak jarraraziz itzuli zion alkateari Guardia Zibilen aurrean bera salatu izana. Bertso sorta honek epaitegira eramango zuen Alcaine Txirritarekin batera; eta dinamitak baino zigor handiagoa ekarriko zion bertsozko “irainak” epaileengandik.

 

HISTORIAN PISUA IZANGO ZUTEN HIRU ABOKATU

Gabriel Iziz Bueno.

Txirritaren abokatua: Gabriel Iziz Bueno

Oibarren jaioa 1889an, abokatu bidean lehen urratsak ematen ari zen. Gerora ospea hartuko zuen baliabide ekonomiko gutxiko herritarrak defendatzen zituelako: bere gain hartzen zituen beste abokatuek nahi ez zituztenak. Langile jendeari zuzendutako eskola eta hitzaldiak ere eman zituen. Faxistek hil zuten 1936ko uztailaren 31n: Erreniega mendiko hobi komunean aurkitu zuten bere gorpua. Bere aita Oibarko alkatea zen, Izquierda Republicana alderdiko kidea, eta Hego Euskal Herriko lau lurraldeak hartzen zituen Lizarrako Estatutuaren alde sinatu zuen, herri ordezkari gisa. Bera ere semea erahil eta hilabete pare batera hil zuten faxistek.

Gabriel Iziz Bueno oroitzeko lurreko plaka Iruñeko Kale Nagusian dago, Nafarroako Fusilatuen Senitartekoen Elkarteak jarria. Blog honek kontatzen du fusilatu hauen omenez haien ondorengoek garagarra kalean zergatik jarri zuten. Hemen Nafarroako Oroimen Historikoari Buruzko Dokumentazio Fondoko bere fitxa.

 

Tomas Alcainen abokatua: Fernando Arbizu Aguado

Txirritarekin batera akusatuen aulkian eseri behar zuenak abokatu iruindarra hautatu zuen: Fernando Arbizu Aguado. Honek ere ez zuen eskarmentu handirik artean ofizioan. Baina legelari famatu izango zen gerora, Espainiako Kode Zibilaren foru eranskina idatzi zuena izan baitzen. Bere aita eta anaia Iruñeko alkate izatera iritsi ziren.

 

Manuel Arantzadi Iruxo.

Legasako alkate ohiaren abokatua: Manuel Arantzadi Iruxo

Eusebio Babazek epailearen aurrera eraman zituen Txirrita bertsolaria eta bertsoak ordaindu zituen Tomas Alcaine, bere ondraren aurkako bertsoak zabaltzeagatik zigortu zitzaten. Salaketa epaiketan aurrera eramateko kontratatu zuen Manuel Arantzadi Iruxo, Lizarrako abokatua eta politikari jeltzalea ere bazena: bi aldiz Madrilgo Gorteetan diputatu izango zen (1918an eta 1923an) eta EAJko Napar Buru Batzarreko kide aktiboa. 1918an Eusko Ikaskuntzaren sortzaileetakoa izan zen eta 1923an La Voz de Navarra egunkariaren sortzaileetakoa. Euskal Estatutua prestatzeko lanetan aritu zen. Espainiako Bigarren Errepublika garaian, antierrepublikarra zen Koalizio Katoliko Foruzalean sartu zen. 1936ko uztaileko estatu kolpean, Nafarroako EAJren izenean, matxinoen aldeko komunikatua plazaratu zuen.

Unai Iturriagak “Bertsolari” aldizkarian argitaratutako irudia. Kondenatutako Txirritari ongi-etorria egiteko egitaraua eta afixa irudikatu ditu, Txirritak lurraldea aipatzeko hainbestetan erabilitako “Kantabriako partian” hitzak festa bihurtuz.

"DELITUZKO" 14 BERTSOEK ZER ZIOTEN, BADA?

Iruñeko Lurralde Entzutegiko 205 liburuan aurkitu du Mikel Tabernak Txirrita kondenatu zuen epaia: 1916ko azaroaren 6ko data darama. Tamalez, jatorrizko bertsoak, euskarazkoak, ez ditu inon aurkitu Tabernak. Horrela adierazi digu: “Iruñeko Udal Artxiboa, Nafarroako Artxibo Nagusia, Espainiako Auzitegi Gorena, Guardia Zibilen Artxibo Historikoa, egunkariak, inplikatutako familien funtsak... horietan galdetu dut eta denean froga nagusia falta da! Oso bitxia da. Eta herrian ere ez aztarnarik gelditzea! Jarraituko dut herritarren artean galdezka. Badut esperantza agertuko direna”. Baina epaian bai ageri da hauen edukia, gaztelerara itzulita.

Itzuli ezinezko “irainak”

1916ko urriaren 31ko Diario de Navarra egunkariko kronikaren arabera, Joxe Agerre Santesteban iruindarrak egin zuen Txirritaren bertsoen itzulpenetako bat gaztelerara; eta Berako Jenaro Larratxe Agirrek egin zuen beste itzulpena. Biek itzulpen “erabat desberdinak” egin omen zituzten, kronikalariaren hitzetan. Itzultzaileek adierazi zuten ezinezkoa zela literalki itzultzea (“el vascuence es de una estructura totalmente distinta de la del castellano, tanto que no es posible hacer una traducción literal“).

Baina Txirrita (bertsoak egiteagatik) eta Tomas Alcaineren (bertsoak enkargatzeagatik) aurkako salaketa jarri zuen Legasako alkate ohi Eusebio Babazeren abokatuak ontzat eman zituen bi itzulpenak, funtsean berdintsuak zirela esanaz. Txirritaren abokatuak, aldiz, horixe izan zuen argudio: nola ondorioztatu zitekeen hitz haietan deus txarrik zenik, eginiko bi itzulpenak hain desberdinak izanik? Epaileak ere bi itzulpenak mamiz berak zirela ebatzi zuen. Epaiak erdarazko bertsio bakarra jaso du, eta ez du zehazten bertsio hau Larratxe edo Agerre, nork itzulia den.

Joxe Agerre Santesteban idazle, kazetari eta politikariak bertsoak itzultzeaz gain, epaiketan ere itzultzaile lanak egin zituen bi akusatuen (Txirrita eta Tomas Alcaine) eta legelarien artean.

BERTSO BERRIAK MIREN IBARLUZEAK ITZULIAK

Bertsolari aldizkarian Miren Ibarluzea bertsolari eta itzultzaileak ekarri ditu berriz ere euskarara Txirrita epaitegira eraman zuten 14 bertso hauek (behean irakurgai). Aipagarria da Ibarluzeak bertsoz egin duela gaztelerako edukiaren itzulpena, neurtuta eta errimatuta.

    1
Mila bederatziehun eta
hamalaugarren urtean
kasu bitxi bat gertatu zaigu
legasatarren artean.
Eta aurkitu garenerako
muturraren muturrean,
zer gaude ba pazientzia dosi
handi baten beharrean!

    2
Egun Legasan bada urroztar bat,
Eusebio du izena.
Galoirik gabe dago gaixoa,
lehen jefea izan zena.
Ondo sufrituaren traza du,
ez baita oso gizena.
Hitz batez da gizon bat nirekin
lehendik sapan dabilena.

    3
Aldiz nik ez dut pausorik eman
ez dena endredatzeko.
Konfiantzazko etxea nuen
baita gutunak leitzeko.
Baina behin pezeta kendu zidan
gizonak multa ordaintzeko,
ta intentziorik ere ez du egin
inori entregatzeko.

    4
Hau ona! Arrazoia zanpatu
eta nahigabetu ordez,
gizona harrotuta jartzen da
gurekin kopeta beltzez.
Han agertzen da bizkitartean
multak beretzako gordez.
Beste askorekin egin bazuen,
gurearekin nola ez!

    5
Notario-fiskal ustekoa!
Etsai laguntzat nuena!
Multak kobratu beharrez presak
hartuta ibiltzen zena
indarka bota dugu udaletik
eta itzuli du dena.
Guk uste dugu horixe dela
bukatzeko bide onena.

    6
Ez nuen egundo pentsatuko
hala gertatuko zenik.
Baina hala jarduten hasita
bada diferentziarik.
Errugabeak zigortuz pozten
zenak gu ere iraindu nahirik,
anuntzio bat jarri ez zuen ba
arrotz ginela esanik!

   7
Berrogeita hamar urte luze da
bizi garela Legasan,
jakina denez aspaldidanik
itzal egiteko trazan.
Errezu Jaungoikoak zenbaiten
migi gaiztotik gorde gaitzan!
Hitz faltsuz kargatu baikaituzte
Kristorekin egin gisan.

    8
Dinamita jarri ziotela
esan eta esan berak.
Ta ondorioz frijitu gaitu
ospe txar eta galerak.
Baina fastidio handiena
hari sortu dio aferak,
ezen ordaindu behar izan ditu
hondatutako platerak.

    9
Guardia Zibilak deklaratzera
deitu gintuen lehenbizi,
ta gure ibilera denen berri
jakiteko azaltzen hasi.
Baina azkenerako norbaitek
zuen han jakinarazi
haren ustetan ez genuela
guk kastigurik merezi.

    10
Guardia Zibilek Sala del Vallen
juez aurrera entregatu
gintuztenean Etxandi jaunak,
hitza hartuta, aurkeztu
zuen konpetentziaren faltan
nahi zela desenkusatu,
eta afera Iruñaldean
behar zutela aztertu.

    11
Iruñera bidali gintuen
juezak dena ikusita,
han erabaki zezaten auzi
hau ulertu ta ikasita.
Han dena izan genuen aldeko,
beldurrak kanpo utzita.
Gizona, nahastetan zertan sartu
kalte guztiok bizita?

   12
Estimatzen da adiskide batek
karta batez esatean
hari deitzeko geldiaraziz
gero Iruñea partean.
Bere influentzien indarrak
erabilita tartean,
libre jarriko gintuzkeela
egun erdiko epean.

   13
Berandutu zitzaigunez gero
hura joana zen handik.
Ezin egundo ondo ibili
okerreko bidetatik!
Hango juezak ezin esan edan
zuela gure poltsatik,
dena atera baitzen dagokigun
gizonaren azaletik.

    14
Espero gisa gure lanera
itzuli gara sikira!
Gizonak zenbat galdu ote duen
jendearen ikusmira!
Jarri gaitezen kasu honetan
gertatuari begira:
gure Tomas, Pedro eta Frantzisko
orain deskantsatu dira.
Itzulpenaren berritzulpena
 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Txirrita
2020-09-13 | Kepa Matxain
'Bertso Gudua' revisited
Txirrita eta Basarri, Aitzolen begiradapean

1935eko San Sebastian egunez jokatu zen Lehen Bertso Gudua, egungo Bertsolari Txapelketen aurrekari nagusia. Puntako hogei bertsolari lehiatu ziren, Donostiako Kursaal Zaharreko Poxpolin aretoa leporaino beteta zegoela. Baina lehia hutsetik harago, egun hura historiara igaro da... [+]


2018-08-21 | Estitxu Eizagirre
Txirritaren "delituzko" 14 bertsoek zer zioten bada?

Mikel Taberna idazleak eta Beñat Hach Embarek Bertsolari aldizkariko zuzendariak abuztuaren 20an aurkeztu zuten berria: Txirrita Iruñeko auzitegiak kondenatu zuela bertsoz Legasako alkate ohi Eusebio Babaze “iraintzea” egotzita. Iruñeko Lurralde... [+]


Aitzol, Txirrita, Lotsati... orain jabetza publikoa dira

1936an hil ziren Hego Euskal Herriko idazleen obra guztiak jabetza publikora pasa dira urtea aldatzearekin batera, Espainiako Estatuko jabetza intelektualaren legeak egilea hil eta 80 urteko epea ezartzen baitu eduki horiek edonork nahieran erabili ahal izateko.


2016-11-13 | Estitxu Eizagirre
80 urte geroago nola egiten dugu bertsotan?

“Nere aipamenak izango dira
beste 80 urtian”.

Artistaren kontzientziaz jarri zuen bertso sorta ezaguna Txirritak: bere lehen plaza eta orduko kantu-lagunak historiara pasa zitezen. Azken puntu horrek ere egin du bere lana, hil zela 80 urte bete diren honetan berari... [+]


Eguneraketa berriak daude