Raquel Padilla. Yaqui indiar zuria

"Gasbidea egiteko baimenaren truke 400 peso eskaini diote familia bakoitzari, 18 euro"

  • Egungo Sonora estatuan (Mexiko) bizi diren Yaqui eta Mayo herrien alde lan egiten du Raquel Padilla Ramos antropologoak.
    Herri hauen historikotasunaren eta lurraldetasunaren balorea erakutsi nahi du, ura eta lurra lapurtzen dizkietenen aurrean.

Reyes Ilintxeta @ReyesIlintxeta
2018ko uztailaren 22a
Argazkia: Dani Blanco.
Argazkia: Dani Blanco.
Raquel Padilla Ramos (Hermosillo, Sonora, Mexiko, 1967)

Antropologia eta Historia Institutu Nazionaleko irakasle eta ikerlaria da. Etnologiari buruzko doktoretza tesia egin zuen Hanburgoko unibertsitatean. Urteak daramatza Mexikoko ipar mendebaldean dagoen Yaqui herri indigena aztertzen. Ekainean Espainiako Estatuan izan zen hitzaldiak ematen eta dokumentazio bila, yaquien gobernu tradizionalak hala eskatuta. Euskal Herrian hainbat mintzaldi eskaini zituen eta Iruñean Tomas Lizasoain, XVII. mendean hara joandako bertako jesuitaren inguruko informazioaren peskizan ibili zen.

Zertan datza zure lana?

Mexikoko ipar mendebaldean, Sonora estatuan, bizi diren Yaqui eta Mayo herriak dira bereziki interesatzen zaizkidanak. Haien historia eta ezaugarriak ikasteaz gain, nire helburua haien kultur eta lurraldearen defentsa mugimenduetan laguntzea da. Nire ikerketak haien zerbitzura jartzen ditut.

Nola, adibidez?

Yaqui ibaian asko dira urtetan eragindako kalte ekologikoak. Gaur egun gasbide bat eta zenbait meatze proiektu daude abian. Mayoen lurraldean ere badira mehatxuak, herdoiltze laku bat egiteko asmoa, esate baterako. Gasbidea egiteko baimenaren truke 400 peso eskaini diote familia bakoitzari, 18 euro. Zer irain mota da hori? Herriek esan zuten ezetz, diruarekin nahiz dirurik gabe, ezetz.

Nire ikerketekin, herri horien historikotasunaren eta lurraldetasunaren balorea erakusten saiatzen naiz. Modu honetara azaldu nahi dut zergatik ezin diren zenbait aldaketa egin eta are gutxiago haiei galdetu gabe. Oso garrantzitsua da. Legeak dioenaren arabera kontsulta egin behar diete halako proiektuak abian jarri baino lehen, baina ez dute egiten.

Nolakoa da herri indigenen mapa Mexikon?

Badira herri indigena asko, eta hizkuntza ugari. Mexikok dituen 127,5 milioi biztanleetatik %12 indigenak dira. Ia 70 herri daude. Populazio handiena dutenak Nahua eta Maya herriak dira. Lehenak ia bi milioi eta erdi kide ditu eta bigarrenak milioi bat eta erdi inguru. Sonoran badira bederatzi talde etniko, guztira 138.000 pertsona, hau da populazioaren %5,2. Yaquien herria 30.000 biztanlek osatzen dute ofizialki, eta 40.000k haien kalkuluen arabera. Zortzi herritan banatuta daude. Zortzi herriak fundatze-herriak dira eta haien sistema soziopolitikoaren oinarriak dira.

Herri indigenen arteko harremanik ba al da?

Sonoran dauden herrien eta Yucatango mayen artean, adibidez, ez dago harreman zuzenik, mitologia muin bakan batzuk izan ezik. Aldiz, ia guztiek borroka fronteak irekiak dituzte hainbat proiekturen aurrean. Oro har, esan daiteke herri indigenek ez dituztela duela 100 edo 200 urte izan zituzten lur eremuak. Yaquien herria, txikia izanik ere, bere lurraldea hobekien kontserbatu duena da. Ez da lehen izan zutenaren ezta herena ere, baina oso garbi dute zeintzuk diren haien arbasoen lurraldearen mugak. Bi muino dira mugarri nagusiak, takalai sarde edo urkila itxura dutenak.

Harrigarria da nola ezagutzen duten lurraldea. Ume txikiek ere esaten ahal dizute nolakoa den, zein tamaina duen, non dauden mugak, Yaqui ibaiko ponpa eta ubideetatik zenbat litro ur pasatzen diren... Oso garrantzitsua da ezagutza horiek transmititzea. Oso lotuta daude lurrari, haien identitatea ondare immaterialean oinarritzen delako.

Argazkia: Dani Blanco.

Ibaia da herriari izena ematen diona. Zein da bere garrantzia?

Yaqui hitzak “ozenki mintzo dena” esan nahi du, eta halakoa da, edo zen, ibai hori. Haiek haien buruari “yoreme” esaten diote: “jendea, tradizioa errespetatzen dutenak”, eta zuriak kontrakoa dira; “yori”. Ibaia esentzia da. Yaquien jatorria lau elementu funtsezkotan dago: lurra, ura, airea eta sua. Elementu sakratuak dira. Yaqui ibaia, inguruko labore lurrak bezala, ezinbestekoa da haientzat, baina arazoa da aspalditik badirela gatazkak ibaiaren urarengatik eta yaquiak borroka guztiak galtzen ari dira. Latzena XIX. mendean hasi zen. Politika liberalei jarraikiz, zuriek salgai jarri zituzten indigenen lurrak. Ibaia bideratzen hasi ziren kanpotarren lurrak ureztatzeko, horiek benetako agrotitanak bihurtuz. Geroztik, beste hamaika proiektu egin dute eta gaur egun erreka ur xirripa bat besterik ez da haien lurraldean. XVII. mendean hara iritsitako lehen misiolariek ur emaria zela-eta ibaia Guadalquivirrekin alderatzen zuten.

Horren ondorioz nekazaritza ikaragarri murriztu da. Nazio Batuen Erakunderaino eraman dute ahotsa, gutxieneko emari ekologikoa eskatuz, bertako landareak eta fauna mantendu ahal izateko. Flora behar-beharrezkoa dute elikatzeko ez ezik sendagai gisa eta baita erritualetarako ere. Makalak esate baterako. Aste Santuko erritualetarako behar dituzten makal hostoak eta lezkak lurraldetik kanpo bilatu behar izaten dituzte orain.

Nolakoa da haien erlijioa?

Katolizismo berregituratua. Jesuitek moldaketa batzuk egin zituzten katolizismoa yaquien munduan sartzeko. Yaquiek gustatzen zaiena eta komeni zaiena hartzen dute eta gainerakoa errefusatu. Antropologoek “katolizismo natiboa” deitzen diogu horri. Liturgia katoliko zaharra gordetzen dute eta apaizak bizkar emanda eta latinez ematen du meza, adibidez.

Zu yaqui hizkuntzan mintzatzen zara?

Ez, ez. Nahiko nuke. Hitz eta esaldi batzuk esaten badakit, eta zerbait irakurtzeko gai naiz, baina ez da erraza. Agurtu bai, haien hizkuntzan, eta saiatzen naiz ikasten.

Eta nola dago hizkuntza?

Mexikoko ipar-mendebaldean dauden hizkuntza indigenen artean indartsuenetakoa eta erabilera errotuena duena da. Gehienek hitz egiten dute. Hala ere, hizkuntza arriskuan dago, gaztelaniaren mehatxupean. Zaharrenak eta 12 urtera arteko haurren artean soilik aurki daitezke elebakarrak gaur egun. Helduak ongi mintzatzen dira gaztelaniaz eta askok ingelesa ere badakite. Arizonan bizi diren yaquien komunitateekin harreman handia dute. Oso ohikoa da musikari eta dantzariek Amerikako Estatu Batuetako baimen bereziak izatea hara joateko. Arizonan 8.000 yaqui inguru bizi dira, eta hango gobernuaren aitorpena dute.

Raquel Padillak dioenez, Yaqui herriak elite intelektual garrantzitsua du eta lege kontuetan oso trebeak dira: “Ez da komunitate indigena handiena, baina bai enblematikoa, eta beste indigena askok imitatzen dute haien gobernuarekiko harremanetan”.
Argazkia, Raquel Padillak utzia.

Nola iritsi dira hara?

Han daudenak erbesteratuak dira. Yaquiak Mexikoko Gobernuaren aurka altxatu ziren garaian joan ziren, XIX. mende bukaeran, Porfirio Díaz diktadorearen garaian. Yaquiek badaramatzate ia bi mende borroka latzetan haien lurraldetasunaren defentsan. Arazoa hasi zen lurrak kentzen hasi zitzaizkienean. Zuriek pentsatzen zuten indigenen lurraldeetan gutxiegi produzitzen zela eta atarramentu handiagoa atera behar zela. Bizitza eta lurra ulertzeko bi moduek egiten dute talka: indigenek ez dute ikusten lurra nekazaritza edo abeltzaintzarako produkzio toki bezala, baizik eta kultura garatzeko eta bizitzeko leku bezala. Haiek toosa (habia) esaten diote beren lurraldeari. Espazioaz eta bere erabileraz zurien kontzepzioa eta haiena oso desberdinak eta bateraezinak dira.

Borrokek zer ondorio izan dituzte yaquien herrian?

Latzena Porfirio Díazen diktaduran iritsi zen. Sarraski ikaragarriak egin zituzten herrietan. Ehunka gizon hil, eta emakume eta haurrak, batzuetan familia osoak, erbesteratu zituzten batez ere Yucatan aldera, aziendetan lan egiteko. Yaquiak oso indartsuak eta langile onak dira. Garai hartan Sonoran 10.000 bat yaqui baino gehiago ez zen gelditu, baina porfiriatoa amaitu ondoren askok eta askok hartu zuten etxerako bidea. Lortu zutena kontrako efektua izan zen: lurraldearekiko atxikimendua areagotu zen erbestearen ondorioz.  

Bestalde, yaquiak oso negoziatzaile trebeak dira eta hitzarmen asko egin izan dute batzuekin eta besteekin haien lurrak berreskuratzeko. 1910ean Mexikoko iraultzan parte-hartze garrantzitsua izan zuten, gerra amaitutakoan lurraldea itzuliko zieten promesarekin. Ez zen erabat bete eta liskar gehiago izan zuten urtetan. 1940an beren lurraldearen heren bat aitortu zien Mexikoko Gobernuak. 400.000 hektarea eskasekin geratu diren arren, haiek uste dute oraindik zati handiagoa berreskura dezaketela eta horretan ari dira jo eta ke.

Hortik dator Espainian zarela baliatuz egin dizuten enkargua?

Bai. Hiru egun baino ez neramala Madrilen, Loma de Bacum herriko gobernu tradizionalaren agindua jaso nuen artxiboetan bilatzeko agiri garrantzitsu batzuk. Zehazki yaquien lurraldea aitortzen duen XVII. mendeko dokumentua aurkitzeko eskatu didate. Felipe III.a Espainiako erregeak 1615ean sinatutako agiria da, non lehen aldiz idatziz eta modu ofizialean zehazten den zeintzuk diren herri horren lurraldearen zabalera eta mugak.

Horretarako, Sevillara joango naiz. Rifeko gudan soldadu aritzeko Mexikoko Gobernuak Espainiari eskaini zion deportatuen batailoiaren informazioa ere bildu nahi dut. Hori litzateke Yaqui herriaren kontrako deportazio andanaren azkena.

Nolako harremana dute kultura indigenek Mexikoko Gobernuarekin?

Herri indigenen garapenerako erakundeak ditu Gobernuak, baina aldi berean, haien lurraldeak suntsitzen dituzten kanpoko enpresa handiak babesten ditu. Mexikoko Gobernua bera baino askoz indartsuagoak dira indigenen lurraldeak suntsitzen dituzten enpresa transnazionalak. Badituzte haien poliziak, sikarioak… Droneak sartzen dituzte, esate baterako, espioi moduan. Argi esan daiteke, gainera, beste aldera begiratzen duela Gobernuak mafiek eta droga-trafikatzaileek droga sintetikoak sartzen dituztenean.

Argazkia: Dani Blanco.

Nolakoak dira yaquiak?

Kronika zaharretan herri menderagaitz, borrokalari eta burugogor gisa agertzen da. Gaur egun oraindik askok beldurra diete oldarkorrak direlakoan, baina ez da egia. Erasoen aurrean baino ez dira defendatzen. Oso argi dute sarraski baten biktimak izan direla.

Gauza batzuetan oso inozoak dira. Eta oso errezelokoak, aldi berean. Ez zaie gustatzen erritualetan inor argazkiak egiten ibiltzea. Ez da Bideko Ama Birjinaren argazkirik. Turismoa ez zaie interesatzen, aitzitik ez dute nahi. Onartzen dute jendea joatea haien dantza sakratuak eta errituak ikustera, baina errespetuz. Oso histrionikoak dira eta txantxazaleak, bereziki kanpotarrekin. Bestalde, oso sentikorrak dira. Misiolariak horretaz ohartu ziren. Etxera gonbidatzen bazaituzte eta ezin bazara joan, oso triste gelditzen dira.

Kanpora ateratzea eta gauza berriak ezagutzea asko gustatzen zaie. Misiolariei harrera egin bazieten izan zen interesatzen zitzaielako. Misiolariek erritualtasun berri eta aberatsa ekarri zuten, arreta biziki pizten zien yaquiei. Misiolariek nekazaritza teknika berriak ere ekarri zituzten. Yaqui herriak elite intelektual garrantzitsua du. Badira historialariak, hizkuntzalariak, idazleak, abokatuak, antropologoak, musikariak… Lege kontuetan oso trebeak dira. Ez da komunitate indigena handiena, baina bai enblematikoa, eta beste indigena askok imitatzen dute haien gobernuarekiko harremanetan.

Eta zuk zer harreman duzu haiekin?

Ez naiz han bizi, baina askotan joaten naiz. Batzuetan esaten dute: “Hor doa indiar zuria”. Oso aktiboak dira Facebook-en eta oso harreman gertukoa dugu sarean. Badakite haien alde lan egiten dudala eta izugarri eskertzen dute.

Iru˝ean

“Labrit Ondareko lagunek gonbidatu naute etortzera. Tomas Ignacio Lizasoain izeneko hemengo jesuita hara joan zen XVIII. mendean eta bera izan zen Bideko Ama Birjinaren debozioa eraman zuena. Oso errotuta dago debozio hau yaquien artean eta ni haren arrastoaren bila etorri naiz. Ez dut bere bataio agiria aurkitu, agian inguruko herriren batean jaioa zelako. Boloniara ere joan beharko dut han hil zirelako deportatuak izan ziren euskal jesuita asko”.

Emakumeak, arriskutsuenak

“XX. mende hasierako kronika batek dio emakume yaquiak zirela erbesteratu behar ziren lehenak, haiek zirela arriskutsuenak, yoriekiko (zuriekiko) gorrotoa transmititzen zietelako haurrei”.

Bake bila

“Bi hitzetan laburbil daiteke yaquiek zer nahi duten: eman bakea! Utzi bakean eta ez sartu gure kultura eta gobernu moldeekin. Oso zaila dute aurrera ateratzea dauzkaten baliabideekin. Yaqui ibaiaren urik gabe lurrak alokatzen dituzte eta askok, yori (zuri) askok, ez diete ordaintzen, orduan beste bide batzuk bilatu behar dituzte. Jende ugari inguruko hiri txikietako fabriketara joaten da. Gatazka berriena da lurraldea urratzen duen gasbidearen kontrako borroka. 1824tik yaquiak borrokan ari dira. Gaur egun ez dira armekin altxatzen, baina erresistentzia estrategia asko dituzte”.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: yaquiak  |  Mexiko  |  Enpresa transnazionalak

ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude