Oso ona Morau-ren disko berria. Oso onak hitzak, doinuak eta kantak. Bere zazpigarren diskoa da, eta bere lanik pertsonalena. Hunkigarria, mingotsa, barrenak mugiarazten ditu. Halabeharraren edo ezinbestearen doinuak dira. Nahigabea, atsekabea... Sentimenduak puri-purian ageri dira.
Bere amaren gaixotasuna eta zaintza dira kanten ardatza. Duela hamabi urtetik gora amari alzheimerra diagnostikatu ziotenetik orain dela urtebete inguru zendu zen arte, harekin goizero paseo bat emateko eta bidean hartutako argazki bat Facebooken jartzeko ohitura hartu zuen Andoni Tolosa Morau-k. Amaren gaixotasunarekin eta zaintzarekin loturiko bizipenak idatziz jaso zituen, eta ibilaldi eta testu horiek izan dira lan honetako kantuen abiapuntua.
Horrela, ohikoak dituen ironia eta umorea alde batera utzi ditu, azalean eta kontrazalean ageri diren esaldietan izan ezik: 13 kantu belarritik hartzeko irakur daiteke azalean, eta “Ez utzi kantuok haurren belarri eta eskuetatik hurbil. Ez dute errezetarik behar. Irakurri prospektua erabili baino lehen kontrazalean”.
Lan xumea eta dotorea da. Ederra. Entzun aurretik ere nabarmena da, azala, CDa eta hitzen posterra biltzen dituen kartoizko kaxari erreparatuta. Artisautza lana da, artelana, Morau-k eta bere lagunek auzolanean eskuz egina, do it yourself (zuk zeuk egin ezazu) erara. Gainera, diskoak banan bana zigilatuta daude, argizari gorriarekin.
Kantak ere modu horretan grabatu eta bere kasa argitaratu ditu. Peio Gorrotxategi aritu zen teknikari lanetan Ereinotzuko Aieka estudioan. 13 kanten artean Itoiz taldearen Clash eta Pistols kantaren bertsioa dago.
Aipagarriak dira Iñaki Martiarena Mattin-ek egin dituen ilustrazioak, eta Beñardo Goietxeren eta Giorgio Bassmattiren parte hartzea: Beñardo Goietxek (Mugaldekoak) koruak egin ditu kantuetan, eta Giorgio Bassmattik Bi argazki kantaren bertsio bat egin eta gitarra jo eta abestu du bertsio horretan. Ederki biribildu dute lan osoa.
Diskoa Morauren Bandacamp plataformaren bidez, Hernaniko hainbat lekutan eta jendaurreko emanaldietan bakarrik eskura daiteke.
Harat
Harat
Autoekoizpena, 2022
---------------------------------------------------------------
Post-rocka, post-punka, post-hardcorea... Iraganetik datozen aterkiak dira. Inork gutxik daki zehazki zer estaltzen duten eta zer ez, nor busti eta nor ateri den. Eta,... [+]
CEROS
Ben Yart
Oso polita, 2023
---------------------------------------------------------
Chill Mafia eztanda bat izan zen. Tinta asko gastatu zen prentsan fenomenoa ulertzeko, edota ikuskizunean nork bere aletxoa gehitzeko, klik errezak zirelakoan. Leherketa zirudiena... [+]
Todo es para destruir
La excavadora
Mauka, 2023
-----------------------------------------------------
La Excavadora Gasteizen jaio zen pandemia betean, erabat gogaituta eta nazkatuta geundenean. Aitortzen dut nolabaiteko ilusioa piztu zuela behingoz norbaitek berriro... [+]
Azken deia
112
Autoekoizpena, 2023
Azaroan, Ez Donk Amaitu-k Arrasaten antolatutako jaian, deskubritu nuen herri bereko 112 talde gaztea. Sorpresa atsegina hartu nuen. Gazteak izanda ere beste hainbat proiektutan (WC, Txuleria Joder, Volkete…) ibilitakoak... [+]
Ekialdea dela, Mendebaldea dela, baten bati ez zaio gustatzen Euskal Herriko banaketa kultural hau. Kontsentsuen faltan, badugu egia bat berdaderoa: kultura –eta musika– lurraldeari lotzen zaio, edo ez da. Nafarroa Garaiak eta Behereak eman dizkigute euskal zera hau... [+]