Gezurrak, filtrazioak eta deskargak

  • The Shape of water, The Post, Lady Bird, Three Billboards outside Ebbing, Missouri... aurtengo sari potolo guztiak irabazteko aukera gehien dauzkaten film hauek, bat-batean, modu misteriotsuan eta batzuk zinema aretoetan estreinatu ere egin gabe, Interneten azaldu dira, “doan” eskuragarri. P2P sareetan, screener ugari topa dezakegu eta dezenteko kalitatearekin gainera. Hau gertatzea ez da berria, azken urteetan errepikatzen ari den zerbait  baita. Baina, nola liteke? Nondik atera dira kopia hauek?

Goazen pausoz pauso. Interneten modu ilegalean film bat deskargatzen dugun bakoitzean ikusiko zenituzten fitxategi horien izenaren ondoan CAM, TELESYNC, SCREENER, DVDRIP edo DVDScr bezalako hitzak. Deskargen munduan, fitxategiaren jatorriaren arabera, kalitate desberdinak existitzen dira eta hauek sailkatzeko jartzen dira izen horiek. CAM formatukoak, adibidez, kamera batekin zuzenean zinema aretoetan grabaturiko filmak izaten dira eta ondoren pasatzen dira formatu digitalera. Hori bai, kalitate oso eskasekoak izaten dira.

Oscar sariak iritsi aurretik 6.000 lagun ingururen esku jartzen dira pelikulak, haien botoa eskuratu nahian.
Baina horrek filtrazioak errazten ditu

Ohikoenak, eta gaurko gaiari zuzenean loturikoak, DVD-SCREENER (screener) fitxategiak izaten dira. Promozioetarako erabiltzen diren DVD, Blur-ray edo (garai batean) VHS-etatik ateratzen diren kopia digitalak izaten dira. Eta hori argi izanik, hementxe agertzen zaigu pil-pilaren saltsa baina lodiagoa den gaia. Nola da posible hasieran aipatu ditudan film horien DVD-SCREENER kopiak Interneten egotea, kontuan izanik estreinatu ere egin ez direla? Alegia, nork igo ditu sarera?

Akademikoen screener-ak

AEBetan sarien denboraldia hasten denean, banatzaileek beraien ekoizpen guztien kopiak bidaltzen dizkiete zine-akademiako kide diren guztiei, film konkretu hori ikusi eta bozkatu ahal izateko. 1980ko hamarkadatik hona egiten den zerbait da –garai hartan, noski, VHS formatuan bidaltzen ziren–. Kalkulatzen da screener horiek 6.000 lagun ingururen eskuetara iristen direla. Estudio handiek, normala den bezala, beraien filma ahalik eta kide gehienarengana iristea nahi dute. Alde batetik, sarietan ahalik eta izendapen gehien jasotzeko eta, bestetik, noski, garaile bihur dezakeen boto magiko hori eskuratzeko.

Noiz eta nola bidali ere, estrategia horren barruko gakoetako bat bilakatu da: batzuek ohikoa dena baino lehenago bidaltzen dute, udazken hasieran –hori ote da deskarga batzuk hain azkar azaltzearen arrazoia?–, sasoi horretan akademikoek, normalean, film gutxiago izaten dutelako pilatuta eta beraien lanei arreta handiagoa eskaini diezaieketelako; besteek aldiz, data gerturatzen denean, modu horretan lan horiek pantaila handian ikusteko aukera eskainiz eta alderdi teknikoak gehiago nabarmenduz.

2003tik aurrera sareko erabiltzaile batek sistematikoki aztertu ditu filmen filtrazioak
Oscarren aurretik. Emaitzek ez dute zalantzarako tarterik uzten

Filtrazioak

Film baten 6.000 kopia baino gehiago mundu osoan bueltaka dabiltzanez, ia ezinezkoa da horietako batzuek filtraziorik ez jasatea. Akademikoek film hori ikusten duten momentuan, banatzaileek eskatzen diete kopiak suntsitzeko, bai, baina ez daukate modurik hori egin ote duten edo ez ziurtatzeko. Lan hauek guztiek “For your consideration only” bezalako mezuak izaten dituzte itsatsita normalean.

Fenomeno hau aztertzeko, 2003tik hona Andy Baio izeneko tipo batek webgune bat sortu zuen. Emaitza, lotura honetan kontsultatu dezakezuen dokumentuan dago ikusgai. Bertan, estreinaldi datak ikus daitezke, screener horien bidalketak noiz izan ziren eta film horiek online azaltzen diren egun zehatzak. Adierazgarria ezta?

Argi dago, bestalde, kopia horiek guztiak esku batetik bestera igarotzen diren bitartean, horrelakoak gertatzea saihestezina dela, edonork egin dezakeela kopia digital bat. Askotan aipatu izan dute familiako batek hartu ote zuen, lagun batek agian. Aitzakiak besterik ez. Alde batetik, uste dudalako guztiaren atzean interes ugari daudela. Eta bestetik, benetako borondatea izanez gero, oso erraz moztu zitekeen gai bat iruditzen zaidalako. Hollywoodeko exekutibo erraldoi horietatik hasiz, adibidez. Aitzakiak aitzaki, kontua da, pirateriaren kontrako gezi guztiak beti norabide berean jaurtitzen direla, baina kasu honetan arazoa beste aldetik datorrela. Ez duzue uste?


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Oscar Sariak
AEBetako jatorrizko herrien oscarra

Los Angeles (AEB), 1973ko martxoaren 27an. Oscar sarien banaketa ekitaldian, gizonezko aktore onenaren saria Marlon Brandori eman zioten, The Godfather filman egindako lanagatik. Baina Brandok uko egin zion estatuatxoa jasotzeari eta, haren ordez, Sacheen Littlefeather... [+]


2020-06-16 | ARGIA
2021eko apirilaren 25era atzeratu dute Oscar sariak banatzeko ekitaldia

Oscar sariak banatzeko ekitaldia datorren urteko udaberrira atzeratu du AEBetako zine akademiak, COVID-19ak eragindako konfinamenduak estreinaldi asko atzeratu ostean.


Afrikar emakume gerrariak Oscar sarietan

Dahomey erresuma (Egungo Benin), 1724. Emakumez osatutako ejertzitoak Alladaren aurkako gerran parte hartu zuen.


2017-01-25 | Gaizka Izagirre
Zergatik ‘La La Land’ ez den urteko film onena

Hasteko Arrival, Moonlight, Paterson eta Toni Erdman biribilagoak eta interesgarriagoak iruditzen zaizkidalako, hobeak azken finean. Baina beste filmekin konparaketa zuzenean erori gabe, Lalaland filma zergatik ez zaidan urteko film onena iruditzen azaltzen saiatuko... [+]


2016-02-26 | Gaizka Izagirre
Oscar sariak 2016: apustuak martxan!

Igandean banatuko dira 2016ko Oscar sariak eta aurkezlea Chris Rock izango da. Urteroko polemikak alde batera utziz –arrazakeriarena adibidez-aurten ere, urteroko kinielatxoa bete dut.


Eguneraketa berriak daude