Abenduaren 21ean izango al da Kataluniako erreferendum legala?

  • Kataluniako Gobernu legitimoaren erdia kartzelan daukate; beste lau kontseilari eta presidentea atzerrian. Tentsio izugarriko asteen ostean, badirudi indarrak abenduaren 21eko hauteskundeetara bideratuko dituztela denek. Asko dago jokoan. Espainiako Estatuak kolpe bat ematen duen bakoitzean “oraingoan bai, kontu hau amaitu da” pentsaera zabaltzen badu ere, gatazka bizi-bizi dago. Luze joko duen gatazka gordinean dago murgilduta Katalunia. Euskal Herrian ongi dakigu zer esan nahi duen horrek: orain arteko ‘Irribarren iraultza’ hortzak estutzearekin uztartzeko ordua iritsi dela.

Mundu osoko kameren aurrean zela, Puigdemontek Bruselan emandako lehen prentsaurrekoan, nahiko oharkabean pasa den zerbait esan zuen: Estatuaren errepresioaz Gobernu kataluniarrak zituen datuen arabera hobetsi zuten atzerrira joatea. Zer datu zituen bada presidenteak esku artean?

“Puigdemont Bruselan errefuxiatu ostean, hainbat kazetari barrez erantzuten eta Estatuaren biolentzia erlatibizatzen ari dira. Zergatik ez duzue egia azaltzen? Zergatik ez diezue zuen irakurleei azaltzen Mariano Rajoyk asmoa zuela 116. artikulua dekretatu, armada atera eta herritarrei eraso egiteko?”. La Directako Jesús Rodriguez kazetari zailduak jakinarazi zuen Espainiako medioentzat lan egiten duen dozena bat berriemailek “xehetasun askorekin” kontatzen zuela salbuespen legeria aplikatzeko asmoa.

Norabide berean doa Jordi Graupera idazle eta analista politikoa El Nacionalen: “Hildakoak egotea ea jasan zezaketen aztertu zuten presidenteak eta Gobernuak. Generalitateak trantsiziorako legea aplikatu eta errepublika efektibo eginez gero, orden publikoko indarren aginte erreala izan bitartean, berehalako bide bakarra, Lituanian bezala, jendeak erakundeak defendatzea zen. Zalantza bakarra zuten: ea Estatuak nola egingo zuen tiro, metalezko ala gomazko balekin, edota neonaziei modu askean ibiltzen utziko zieten”. Horren aurrean, Belgikako jokaldia hautatu zuten: errepresio hori ekidin, Lamelaren jokaldia zaildu eta gatazka naziaortera eramatea.

Alde ahula, herritarrek emandako agindua aurrera eramateko hautatutako ordezkari publikoen espetxeratzea eta Kataluniako erakundeen kontrola pixkana galtzen hastea. Egunotan, Madrildik Generalitatea “kudeatzera” heldutako lehen teknokratek demostratu dute gaztelania ez dela inoiz inon inposatu, bere garaian Espainiako Erregeak Gernikan esan bezala. Hartu duten lehen neurria, Generalitateko barne dokumentuak Cervantesen hizkuntzan idatziko direla izan da.

Askok errepikatzen dute ez zutela sekula pentsatuko klase politiko kataluniarra egoera honetara heltzeko prest egongo zenik –horren erakusgarri Urkulluren negoziaziorako borondatea?–, baina hala ere, azken asteetako bulegoko politikek kritikak jaso dituzte kalean mobilizatzen aritu den independentismoaren aldetik. Sektore ugarik aldarrikapenaren ostean, pauso erreal batzuk eskatzen zituzten errepublika eraikitzen hasteko: sinbolikoak (izan Espainiako banderak kentzea), legegileak (Parlamentua deitu eta aurrez prest zeuzkaten dekretuak onartzea Espainiako 155. artikulua legez kanpoko izendatuz, edo Independentzia Aldarrikapena buletin ofizialean argitaratzea) eta exekutiboak (denak beren bulegoetara itzultzea). Orain, ordea, Mossoen kontrola pixkana galduz, geroz eta zailagoa dute halako pausorik ematea, datozen hauteskundeak arte, behintzat.

Hauteskundeak bai, baina zertarako?

Rajoyk Katalunian 155. artikuluarekin emandako estatu kolpearen ostean hautekundeak hain azkar deitzea mugimendu zorrotza izan da. Zorrotza, baina arriskuz betea. Errepublika bat eraiki nahi duen independentismoak hauteskunde hauei boikota egin eta lau urtetarako Generalitatea kontrolatu eta desmuntatzea aukera bat zen. Ez da halakorik gertatuko ordea, alderdi independentistek, bihotzeko minez gehienek, botoen erronkari eustea erabaki baitute. Helburua: boomerangak Estatua aurpegian kolpatzea, hautetsontzietatik independentismoa indartuta ateratzea bilatuz. Hainbeste entzun behar izan duten “erreferenduma legez kanpokoa da” argudioa gainditu eta hirugarren –eta azken?– erreferenduma egiteko aukera jarri die mahai gainean estatuak. “Hauteskunde autonomiko” hauek Katalunian plebiszitario gisa planteatzen dituztenean, zer egingo du Estatuak irabazteko?

Egoera zaila izanik ere, lorgarria da independentismoak oinarria zabaltzen jarraitzea. David eta Goliathen arteko borrokaren aurrean herritarrek egingo duten hautuak batetik, Podem-en inguruko zatiketak bestetik, eta salbuespen egoerak bultzako duen parte hartzearen igoerak azkenik, emaitzetan zein eragin duen ikusteko dago. Egia esan, independentismoari ongi etorriko litzaioke urriaren 1eko erreferendumean baiezkoa bozkatu zutenak baino gehiago zenbatu ahal izatea. Baita ezezkoak zenbat diren kontatzea ere. “Legez kanpoko erreferendum batek legal izaten amai dezake”, dio kezkati PPko Mayor Orejak. Puigdemontek Espainiako Estatuari eta Europar Batasunari behin eta berriro botatzen dien galderak ulertzera ematen du zein aurreikuspen egiten ari diren alderdi errepublikarrak: “Guk errespetatuko ditugu emaitzak, eta zuek?”.

“Hauteskundeen ostean gobernu independentista bat aterako balitz, berriz ere 155. artikulua aplikatuko genuke”, bota zuen Senatuko presidenteordeak. Mehatxuka bada ere, zazpi urteko utzikeriaren ostean, edozeri “ezin da” erantzunez ibili eta gero, Espainiako Estatua azkenean sartu da bataila politikora. Beldurraren karta indartsua da eta PPk ongi daki hori erabiltzen. Estatuan bere hauteslego eskuindarra pozik edukitzeaz gain, aurkaria kolpatuz oinarriak desanimatu eta desmobilizatzea bilatzen ari da. Estrategia mingarria, edozein mugimendu politikotan aritu denak ongi dakienez. Horrez gain, opari gisa, beren ildo politikotik ateratzen den edonor mehatxatzeko tresna bilakatu dute PPko kideek Konstituzioaren ditxosozko artikulua. Izan Kataluniako, EAEko, Nafarroako edo Gaztela Mantxako gobernua. 155a izango al da 78ko Erregimenaren jostailu berria?

Biolentziaren karta edukiko du Espainiak eskuetan eta atxiloketak egiten jarraituko duela susma daiteke. Estatu honek ez du konplexurik interes politikoengatik komeni zaion edonor barrura sartzeko, galdetu bestela “dena da ETA” teoriaren biktimei.

Horrenbestez, erronka galanta eta galdera ugariren aurrean dago independentismoa: hauteskundeak bai, ados, baina zertarako? Hauteskundeak bide bat izan daitezke indartzeko, baina hauteskundeak al dira orain arte egin ezin izan den zerbait egiteko tresna? Nola hasi Kataluniako Errepublika eraikitzen? Lurraldearen kontrola eta beste hainbat gauza negoziatzea bilatzeko, nola bilakatu egoera jasanezin Espainiako Estatuarentzat? Kaleak izango du zeresanik.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Katalunia independentziarantz
Junts-PSOE akordioa
Amnistia legea eta negoziazio mahai berria, legealdi akordioaren truke

Akordioaren bidez Juntsek eta PSOEk Kataluniako gatazka historikoa bideratuko duen etapa berri bat ireki nahi dute. Horretarako, bi indarren arteko negoziazio mahai bat eratu dute eta bertako edukiak eta akordioak segitzeko bitartekaritza mekanismoa adostu ere bai.


'La Directa' babestu dute ARGIAk eta beste hainbat hedabidek: "Kazetaritza ez da terrorismoa"

La Directa-k salatu du Jesús Rodríguez kazetaria inputatu izana “informaziorako eskubidearen aurkako erasoa” dela. Elkartasun manifestua plazaratu dute Rodríguezi babesa helarazteko, eta dozenaka hedabide eta erakundek sinatu dute jada, ARGIAk... [+]


La Directako kazetari bat ere "terrorismoagatik" inputatu dute Tsunami Demokratikoaren auzian

Espainiako Auzitegi Nazionalak “terrorismo-delitua” egotzi dio Jesús Rodríguez La Directako erredaktoreari eta beste hamaika pertsonari, tartean Carles Puigdemont presidente ohi eta Marta Rovira ERCko idazkari nagusiari, 2019ko epaiaren aurkako... [+]


Puigdemont eta Rovira inputatu ditu Auzitegi Nazionalak Tsunami Demokratikoagatik

Espainiako Auzitegi Nazionala 2019ko udazkeneko protestetan “terrorismo” deliturik izan ote zen ikertzen ari da. Bitartean, PSOEko eta JxCko ordezkariak Bruselan bilduta daude.


Jordien indultua egokia dela onartu dute eta Miquel Buch kontseilari ohia lau urtera zigortu

Ostegun honetan ezagutu dira bi epaiak. Batean, Espainiako Auzitegi Gorenak balekotzat eman ditu Jordi Cuixart eta Jordi Sánchezen indultuak. Bestean, Bartzelonako Auzitegiak laur urte eta erdiko kartzela zigorra jarri dio Miquel Buch Generalitateko Barne kontseilari... [+]


Eguneraketa berriak daude