Txango historiko bat

  • XX. mendeko euskal artista nagusien artean, Remigio Mendiburu hondarribiarra. Bost eskultura dauzka ikusgai jaiotze-hirian sakabanatuta. Zer hoberik, horiek guztiak txangoan lotzea baino. Mendibururen obra ezagutuz ezagutzeko Hondarribia. 

Hondarribiko Alde Zaharrean, Txingudiko badiara begira aurkituko duzue 'Talua', Mendibururen lan bitxia (argazkia: Nùria Juan Serrahima).
Hondarribiko Alde Zaharrean, Txingudiko badiara begira aurkituko duzue 'Talua', Mendibururen lan bitxia (argazkia: Nùria Juan Serrahima).

Artearen kontzepzio estu batetik –jar dezagun estetikaren sublimazio gisa ulertuta–, pentsa daiteke Hondarribia dela artea inspiratzeko toki egokia: imajinatu, mihise, pintzel, kapela, pintorea hiriko estanpa eder horietako bat harrapatu nahian. Baina, kasualitatea, gertatzen da historian zehar artearen garapenerako gune egokia ere izan dela. Egun aktibo dagoen artista sorta horren erakusgarri: Judas Arrieta, Sergio Prego, Maider Goikoetxea, Iñaki Gracenea, Aiert Alonso, gutxi batzuk aipatzearren. Denboran atzerago eginda, jakingarria da Hondarribiak Gaur taldearen osaketan izan zuen garrantzia.

Gaur taldeak, aurkezpenik ez du behar, 60etako euskal artea irauli zuen, hurrengo hamarkadetako artearen oinarriak jartzeaz gainera. Tartean ziren Oteiza, Chillida, noski, Amable Arias bezalako artista gorenak. Hondarribiari dagokionez, Alde Zaharrean zituzten tailerrak Rafael Ruiz Balerdi eta Jose Antonio Sistiaga taldekideek. Nestor Basterretxea oraindik ez zen bertan bizi, baina Oteizarekin batera etxea zuen Irunen, salto batera. Eta, nola ez, gaur guri hemen interesatzen zaigu, hiriko seme bat zen partaide esanguratsu, Remigio Mendiburu, Hondarribian zehar txangoa egiteko aitzakiatzat hartuko duguna. Aitzakia baino, motibo, eta ez nolanahikoa: Mendibururen obra ezagutuz ezagutuko dugu Hondarribia, eta Hondarribia ezagutuz Mendibururen obra.

Remigio Mendiburu, Oteizarentzat: “Zalantzarik gabe, gure artean, euskal sendotasun handieneko eskultorea” (eta hori zehatz zer den auskalo), “identifikatuena gure Euskal Herriarekin, eta modurik sinpleki naturalenean”. Bernardo Atxagak ulergarriago esan zigun: “Euskal Herrian sekula izan den artistarik basatiena”. Hondarribian jaio zen, 1931n, eta Hondarribian datza, 1990ean Bartzelonan hil ondotik. Datza, halaber, bere obraren erakusgarri batek. Ez alferrik, guztira bost eskultura daude sakabanatuta hiriko beste hainbeste puntutan. Seigarren bat ere bai, baina Herriko Etxeko Batzar Aretoan: zail da Ama Guadalupekoaren irudi hori ikustea, ez bada udal bilkura edota ezkontza batean; biak ere okasio nekezak, aukeran.

Ur ertzetik

Nolabait antolatu behar txangoa, eta has dezakegu bidea behetik, ur ertzetik, hain zuzen Bidasoa eta aireportua gurutzatzen diren lekutik. Puntal (garai batean de España) auzoa, bertan dago Txoria, justu Europan zeharreko migrazioan hegaztien pausaleku den Txingudiko badian. Lakio, kaiola, ehiztari tranpak egin izan zituen Mendiburuk, txori bat aske egin zuen 1985ean, itxura batean kantuan. Brontzeak ezin, urte sasoiaren arabera migrariek zail, suerte pixka batekin baltsen bat entzun daiteke pianoan, Chopin, etxe bateko leihotik. Pierre Lotiri eskainitako parkean dago Txoria, idazle-militarrak Hendaian zuen etxea parez pare. Estatua bat jarri nahi izan zioten hortxe behin, aspaldi (edo ez hainbeste), baina omendua antiklerikalegia omen zen. Mendibururena Lotirenean jarrita, kontzientziaren bat baretuko zen azkenean.

Pierre Lotiri eskainitako parkean dago 'Txoria', Mendibururen eskultura ezagunetako bat (argazkia: Nùria Juan Serrahima).

Bertan ramuntxo egoteko tentazioa utzi, eta jarrai dezagun aurrera. Javier Ugarte kalean, Carlos V.aren gaztelu atzean, Oilar-eneatik Alde Zaharrera igotzen gaituen igogailuaren ondoan, Talua. Eskultura bereziki entrainablea. Jaso bezala kontatuko dut: ondoko etxeko teilatutik, Mendibururen tailer, bota omen zuen eskaiola puska handi bat, eta erori moduan egin zuen handik denbora batera pieza brontzean. Mendiburuk amaren suizidioarekin lotzen zituenez lurreko txoke horiek, lanerako bide hori utz zezala eskatu zion Oteizak.

Handik ez oso urruti, Eguzki plazan, udalak eskuratu Mendibururen azkena, Izenbururik gabea (horixe du izenburu). Handik ez oso urruti halaber, Remigio Mendiburu kalea. Kale horretan bizi direnekiko errespetu guztiarekin: eskasegia artistak merezi duen aitorpenerako. Google Maps-en ere ezin da ikusi. Eta, hona iritsita, eskaera bat: erakundeek hartu beharko lukete lana, fundazio, museo edo dena delako bat sortzeko, beste batzuekin egin den bezala –Oteiza, Chillida, zorte hobe edo makurragoarekin–, Mendibururen lana ezagutarazteko.

Mendira

Mendi aldera egin beharra dugu orain, Guadalupeko ermitara. Ondoko zelaian dago Txalaparta, Ez Dok Amairu taldearen irudi ikoniko, 1966ko Veneziako Bienalean erakutsi zena. Txoria bisitatuari gertatzen zaion gauza bera: originala zen egur, brontzera pasatzean galdu dute graziaren parte handi bat. Eskulturak baliatu izan dituen material guztiak landu zituen Mendiburuk, baina zurarekin izan zuen erlazioagatik da ezagun. Pagoa batez ere, eta haritza. XII. mendeko Bernardo sainduak esandakoari kasu egin izan balio bezala: “Basoak liburuek baino gehiago erakutsiko dizu”. Material pobreak erabili izan zituen, inork nahi ez dituenak, material oparitu, utzi, aurkituak, habe zahar, enbor ahaztu, zabortegietatik hartuak. Noski, zura aire zabalean gaizki, brontzean erakustea litzateke aukera txarren artean onena.

Oraindik gorago, Jaizkibelgo tontorraren ondotxoan, Herrien Batasuna, izen antzeratsuko alderdi politikoa baino puskaz lehenago, 1963an. Arrautza Frijitua izen popularragoarekin ezagutzen du jendeak. Sinbolikoki indartsu: Pasai Donibane (Pasaia Hondarribikoa zena) eta Hondarribia liskartuta ibili dira, XVII. mendetik aurrera. Adibidez, pasaitarrek burujabetza aldarrikatzeko ekintza bat egin, eta Hondarribiko apaizak adar bedeinkatu batzuk eta gurutze bat haien aurka jaurti. Hortik Herrien Batasuna mugarriaren beharra, historiako bake garairik egonkorrenari bide egiteko. Mendiburuk eskultura dagoen tokian jartzeko erabakia hartu zuen bikote bat ikusi zuelako bertan zirrika, amodio gune gisa. Ez litzateke eskultura bultzatzeko estrategia okerra, zirriak egiten diren leku bakoitzean jartzea bana. 

Eskulturak nola eta non lekutu erabakitzeko orduan izaten omen zituen Mendiburuk zailtasunak. Ibilbidea bukatuta, esan dezagun hobeto daudela dauden moduan eta lekuan –ez akaso ondoen–, inon egongo ez balira baino. Gogoratuz Oteizak Mendiburuz esan zuena, “historiko bat, kritikarik gabeko, historiarik gabeko herri batean “, osatu dugu txangoa. Txango historiko bat.


Eguneraketa berriak daude