Zubietako tatuaiak

  • Kartzelarik onena kartzela ez dena da, kantatu zuen bertsolariak, eta kartzelarik gabeko mundu bat eskatu zuen zorionekoa kartzela zigorrera kondenatu zuten. Ez dugu maite, edo hori diogu ahopeka, baina behar dugula uste dugu. Hauxe da egun kartzelari buruz sozietateak, oro har, egiten duen gogoeta. Alternatibarik ikusten ez dugula onartuta, auziari garrantzia kentzen diogu eta kartzela mendekua dela ahazten zaigu. Ondorioz, hura gutxiesteko joera handia dago.

Euroestudios SL-ren proiektuko fotomuntaketa bat.
Euroestudios SL-ren proiektuko fotomuntaketa bat.

Sozietateak ez du espetxeetako errealitatearen arrastorik. Sozietateak uste du plasmako telebistak eta igerilekuak dauden espazioa dela kartzela eta jendea kalean baino hobeto dagoela barruan krisi garaiotan. Hori da estereotipoa.

Protesta artean hasiko dituzte Zubietan errauste planta egiteko lanak, eta aldiz, oharkabe doaz ehun metrora eraiki asmo duten bigarren izugarrikeriaren asmo eta esleipenak. Zubietako makro-kartzelaz ari gara, Norte III izenarekin bataiatu duten proiektuaz. Irudi erraz bezain makabroa duen metafora, EHUko Soziologiako doktore eta Salhaketako kide Cesar Manzanosek adierazi bezala. Badugu hitzak leunduz errealitatea ere leundu egiten dela sinesteko halako premia. “Zentro eredu” deitu diogu pertsonak errausteko labe honi, eta bertan pilatu, deslai utzi eta erreko ditugu zaborra balira bezala ehunka lagun, egin berri dituzten beste kartzeletan gertatzen den antzera.

Martxoaren 31 eta apirilaren 2 artean Añorgako Firestone Lantegi Berreskuratuan egingo den Tatto Circus-Espetxeen aurkako topaketak jarri gaituzte egitasmo zahar-berri honen atezuan. 2013an lanen esleipenak eginak zituen baina PP Espainiar Estatuko gobernura heldu zelarik stand by geratu zen proiektuak, hautsak arrotzeko abiadura hartu du. Zubietakoaz nahiz halako eraikuntzak bultzatzen dituzten negozio logikez aritzeko solasaldia antolatu dute aipatu topaketen baitan, apirilaren 1ean, 11:30ean: “Zubieta, edo burtsan kotizatzen diren kartzelak”.

“Kartzela erraldoien” gizatasuna

2006ko otsailaren 23an, kartzela erraldoiak kentzeari buruzko legez besteko proposamen bat onartu zuen Eusko Legebiltzarreko gehiengoak. Proposamenaren laugarren atalak eskari zuzena egiten zion Espetxezaintzako Zuzendaritza Nagusiari: Euskal Autonomia Erkidegoan Zubietakoaren gisako zentroak eraikitzeari utzi eta lurralde historiko bakoitzean Gizarteratze Zentroak zabaltzeko lanak bizkortzea. 2015eko azaroan, baina, Donostiako alkate Eneko Goiak “desengainua hartu” eta “haserre” agertu zen hedabideen aurrean kartzelaren eraikitzea “beste behin atzeratu” zelako.

Ez Zubietan, ez Gipuzkoan, halako kartzelarik ez da behar inon. Baina gure kontzientzia hebainduek kontrakoa sinetsi nahiko dute, erosoa baitzaigu gizatasunaren diskurtsoa: “Martuteneko kartzelaren baldintzak txarrak dira eta baldintzok presoek sufritzen dituzte. Hortaz, ez da bidezkoa horrelako instalazio bat izatea eta, ondorioz, ezinbestekoa da –eta, beraz, lehentasunezkoa– kartzela Zubietara eramatea”, esango du Goiak. Eta kartzela zaharkituek agerian dituzten gabeziak emendatu beharrez bestelako galderak errefusatuko ditugu.

Eskuzaitzeta mazelan 28 hektareako sailean kokatuko den kartzelak 55.392 metro koadroko azalera izango du; aurrez uste zena baino gehiago, hastapenetako proiektuak aldaketak izan baititu. Proiektu berriak ez du bost urte atzera diseinatutakoak aurreikusitako ez igeri-leku estalirik, ezta plasmako telebistarik ere, hauek “premia-gabeko eta handinahiko elementuak” direlakoan, Jorge Fernández Díaz Barne ministro zenaren hitzen errepikan. “Luxurik” gabeko eraikinak 1.100 lagun jazartzeko gaitasuna izango du, sei modulu eta 508 zigor-gelatan, bi ohatzekoak gehienak, beste 80 osagarrirekin (hauetarik 24 isolamenduan).

Minaren negozioak

Zubietakoa justifikatzeko beharren inguruko ikerketarik ez zegoen 2012an, urte bereko martxoan kartzelaren aurka agertu ziren zenbait eragilek ezagutarazi zutenez. Kontrara, orduko datuen irakurketa azalekoak agertzen du kartzela-zigorra bete beharrean diren gipuzkoarren edo lurraldean erroldatuak diren pertsona kopuruaz ezaxola diseinatu proiektua dela. Hau da, kartzela beteko luketen pertsonen gehiengoa ez litzateke herrialdekoa, 2012an Gipuzkoa bizileku zuten presoak 600 inguru baitziren, eta paradoxa makabroan, horietatik gehienak zigorra herrialdetik kanpo betetzen. Bost urte igaroak direla ikerketarik ez dago oraino.

Eraikuntza proiektua fini da, 2015eko uztailean Euroestudios S.L. enpresari esleitu zioten erredakzio lanak sei hilabeteko epean funditzeko. 2016az gerora Barne Ministerioaren meneko SIEP (Sociedad de Infraestructuras y Equipamientos Penitenciarios) eraikuntza lanak esleitzeko Zigor-Erakundeek agindua noiz emango zain aurkitzen da. Azken kostua zein izango den jakiteko dagoen arren, gaur-gaurkoz kartzela berriak 91,4 milioi euroko kostua izango du. Akaso diru eta zifren dantzarekin, halako batean, Zubietako kartzelaren proiektua zerk hauspotzen duen galdetuko dugu. Galderaren harian, Goiak esango du eraikuntza lanen atzeratzea oso albiste txarra dela eta segidakoa gogorarazi: “Baldin eta Txomin Enea bada hiriak duen apusturik garrantzitsuena etxebizitzak zein etxebizitza babestuak egiteko, kartzela Zubietara eramateak baldintzatzen du gune horren garapenaren bigarren zatia”. Ezer gutxi du ikustekorik kartzela-sistema gizatiarrago batekin edo sistema bera “zuzenbidera egokitzeko” beharrarekin.

Estu lotu izan du mendebaldeko iruditeria kolektiboak tatuaia, lehenik zigorrarekin oro har, eta zehatzean kartzelarekin aro modernoetan. Ez alferrik, itsas jendeak asmaturiko praktika dugu eta jakina da legearen ihes egiten zuela itsasora ez lagun gutxik. Orbainak eta zauriak, gatibu hartu dituen gorputzetan ez eze, kartzelak tatuaia berria egingo du aurki lurraldeko gorputz sozialean, aurrez Norte I izenekoak egin bezala, Arabako eraikinik handiena den horrek.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Azpiegitura handiak
Larunbatean manifestazioa egingo dute Altsasun: "Trena benetako garraiobide bihurtu dadin"

AHTren kontrako eta trenaren aldeko eragileek deituta, manifestazioa egingo dute Altsasun apirilaren 20an, larunbatarekin, tren-azpiegiturak berritu eta trenen maiztasuna handitzea eskatzeko. Alternatiba bat badagoela gogorarazi dute deitzaileek eta azterketa hori aurrera... [+]


Baskoien beste herrixka baten aztarnak aurkitu dituzte Nafarroan eta AHTren lanek suntsitu ditzaketela salatu dute

Muru Artederreta herrian, Murugain izeneko muinoan, Burdin Aroko herrixka baten horma agerian geratu da, AHTren lanentzako laginak hartzen ari zirela.  Bizilagunen hango elkarteak salatu du trenarentzako tunel baten ahoa eraikitzeak harresiaren zati bat suntsituko lukeela.


2024-04-14 | Sukar Horia
Superretik Subera

Iaz ireki zuten Supersurraren fase berria. Bilboko azken haran naturala porlanez zikindu ostean, bidesaria ordaintzeko prest dauden gidariek, eta erratuta Supersurrera sartzen diren horiek, minutu pare bat irabazi ahal dizkiote erlojuari.

Eraikuntza enpresek dezente gehiago... [+]


2024-03-18 | ARGIA
EH Bizirik elkarretaratze zaratatsura deitu du Europako industria eolikoaren kongresuaren aurrean

Martxoaren 20an Barakaldoko BECen egingo du Europako industria eolikoak bere urteroko kongresua, "Wind Europe" deitu diotena. 10:00etan atarian elkarretaratze zaratatsua deitu du EH Bizirik sareak.


Galizian 13 parke eolikoren proiektuak geldiarazi ditu justizia auzitegiak, ingurumenean izan ditzaketen ondorioengatik

Berriztagarriek Galizian ere sukarra bizi dute eta proiektu ugari justizia auzitegietan dira momentu honetan. Galiziako Justizia Auzitegi Nagusiak haietako hamahiruren gaineko suspentsioa agindu du, eta horretarako bere irizpideak egokitu ditu Espainiako Auzitegi Gorenak... [+]


Eguneraketa berriak daude