Ingelesez ez, mesedez

  • Xabier Montoiaren kontzertuaren kronika. Izenburua: No english, please. Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean. Martxoaren 19an, iluntzeko 19:00etan.


2017ko apirilaren 02an
Argazkia: Dos por dos

Igande iluntzea. Etxerako gogo gehiago, kalerako baino. Xabier Montoia zetorren, ordea, eta joan beharra zegoen. Norbere buruari esan: “Merezi izango dik”. Jantzi beharrekoak jantzi, eta kalera, gorputzak eskatzen zuenaren kontra. “Nori bururatu zitzaioan igandetan ere kontzertuak egitea?”, “Igandeek ere balio ditek kontzertutarako?” Galdera horiek ere, buruan.
    Azken aldiko formazioarekin etorri zen gasteiztarra: Ibon Rodriguez gitarran eta pianoan, eta Itziar Lertxundi celloan lagun zituela. Baina errepertorioa ezohikoa zen, Izar & Star ziklorako bereziki prestatutakoa, bere kantuz eta bertsioz osatua. Eta bertsioak ere, irizpide jakin bati lotuak: ingelesez ez beste hizkuntzatan, batez ere anglofonoa den eszena baten ifrentzu modura edo. Kantatu zuen gazteleraz, katalanez, portugesez, alemanieraz, galegoz, italianoz, eta, noski, euskaraz; ingelesa, izenburuan besterik ez No english, please.
    Oihanederreko sarrerara sartu nintzenerako jotzen ari zen taldea: Ruben Bladesek Hector Lavoerentzat idatzitako El Cantante-rekin ari ziren, eta gerora jakin nuenez honekin hasi ziren, nahita. Halaxe zioen entzun nien lehenengo esaldiak: “Hoy les dedico mis mejores pregones”. Intentzioak, argi.
    Segidan etorri ziren Aspaldiko Danborrak jatorrizkoan: trip-hop kutsukoa, konponketa berriarekin; Bertolt Brecht eta Kurt Weill-en Die Moritat von Mackie Messer, ni bezalakoentzat Mack the Knife zena ordura arte; erromantze galego dotore bat; oraindik kaleratu gabeko pare bat kanta; Maria del Mar Bonet-en Merce dotorea, formatu honetan are dotoreago egin zitzaidana, eta beste hainbat. Amaierako Zugan Gogoa klasiko dantzagarrira arte, horrelaxe: bertsioa, kantu propioa, bertsioa...
    Dagoeneko hiruzpalau formatutan ikusia nago Montoia: garai bateko superbandarekin, aurrena Ni ez naiz... aurkezten, Gaztetxean: bi gitarraren laguntzarekin, Hala Bedi Tabernan; gitarra bakarrarekin, IBUn; eta azken formatu honekin, pare bat aldiz. Eta denetan ongi, gustuz. Sekula ez da izan lehen lerrokoa, areto handiak erdi betetzekoa ere ez; baina zaleon pozerako isilik gelditzekoa ere ez da izan, ezta formula batean egonkortu eta bertan goxo egitekoa ere.
    Izan zen esan zuenik lekua ez zela egokiena, oihartzun gehitxo zegoela eta ez zela behar bezala entzuten. Ados, ez da kontzertu areto bat, jauregi baten patio handi sabai altuduna baizik. Ez zen eraiki propio horretarako; baina zer nahi duzue esatea, niri gustatu zitzaidan: ematen zion halako oihartzun bat, cello-gitarra-ahots konbinazioari on egiten ziona.
    Igande iluntzeko gorputz nekosoari, buru motelduari ezin hobeto etorri zitzaion emanaldia. Astea amaitzeko edo hasteko, “pa pa ra ba pa pa” ezpainetan izatea baino hoberik ez da.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kontzertuak
Zuzeneko kronika
Behin baziren baionar batzuk...

Willis Drummonden agur besta

Non: Intxaurrondoko kultur etxean, Donostian

Noiz: Urtarrilaren 5ean

Gonbidatuak: Zetkin, Elvis Caino DJ, Indezen DJ eta Zumitrenko DJ.

------------------------------------------------

... esango dugu noizbait. Joan ikustera, baina... [+]


Eguneraketa berriak daude