Mexikoko Guerrero eta Oaxacan herritarrak armatu dira bizirauteko

  • Ofizialki narkotrafikoaren kontrako gerra bataiatu den sarraskiaren erdian, Mexikoko hainbat herrik auzolaneko polizia sortzera jo dute jendeen biziak eta etxeak zaintzeko agintari ustelek bidalitako militarren edo narkotrafikoaren sikarioen atzaparretatik. Policia Comunitario uniformea jantzirik, ia bi mila gizon eta emakume armatuk patruilatzen dituzte Guerrero eta Oaxacako eskualde askotako bide eta karrikak.

‘Proceso’ egunkariak plazaratutako argazkian, CRAC-PCko polizia komunitarioa armak kentzen Tixtlako udal polizia bati 2013ko abuztuaren 26an. Egun hartan herri batzarraren 50 milizianok udaletxea okupatu zuten, aurretik bost polizia mendean hartuta, elkar
‘Proceso’ egunkariak plazaratutako argazkian, CRAC-PCko polizia komunitarioa armak kentzen Tixtlako udal polizia bati 2013ko abuztuaren 26an. Egun hartan herri batzarraren 50 milizianok udaletxea okupatu zuten, aurretik bost polizia mendean hartuta, elkarri tiroka hasteko gutxiren faltan. Udalaren poliziek atxilotutako Nestora Salgado buruzagia eta beste 20 komunitario askatzea exijitzen zuten. Ondoko egunetan tirabira handiak izan ziren batetik Gobernuak Tixtlara bidalitako federal eta militarren, eta bestetik herri batzarraren polizia komunitarioen artean.

Tarteka zabaltzen dira munduan azken hamarkadotan Mexikon endemikoa bilakatu den bortizkeriaren oihartzunak. Laster itzaltzen dira, Ayotzinapako 43  ikasle desagertarazi eta ziurrenik torturatu ostean hilen sarraskia ahaztu zen bezala. Baina Mexiko osoan eguneroko ogia dira bortxaketa, lapurreta, tortura eta hilketak; AEBek bien arteko harresia eraikitzeak are eztanda gogorragoetara kondenatuko du horko jendea.

Gero eta lotsagabeago beren legea ezartzen duten narkotrafikatzaileak batetik, eskupekoz usteldutako agintari politiko eta militarrak bestetik, atzerritik jinik Mexikoko lurren jabe egin diren meatzaritzako multinazionalak harantzagotik... beren etsipenean komunitate askotan milizia armatuak antolatu dituzte. Iraultza handien ilusioz ez baina soilik bizirik irauteko itxaropenean.

Erdiko Amerikatik Suitzako L’Echo magazinerako idazten duen Cédric Reichenbach kazetariak “Mexique: les villages s’arment pour survivre“ erreportajean kontatu berri ditu berrikitan Guerrero eta Oaxaca estatuetatik egindako bidaia batean ikusitakoak, nola funtzionatzen duten bizirauteko asmoz beren buruak milizia armatuz hornitzea erabaki duten herrietan.

Guerrerok, bere hiru milioi eta erdi biztanleekin Mexikoko estatu pobreenetakoa denak, AEBek kontsumitzen duten heroina guztiaren erdia sortzen du. Tixtla herrira –21.000 biztanle– heldu da kazetaria: “Narkotrafikatzaileek irrikatzen duten eskualde honetan ziztu bizian ugaritu dira heroina ekoizteko mitxoleta gorri eta horiek edertutako soroak eta haiekin batera krimena eta inpunitatea. Inoren babesik gabe, drogaren kartelei zuzenean obeditzen dieten poliziek pertsegituak, Tixtlako herritarrek erabaki zuten beren defentsa sistema antolatzea”.

Hitzorduan aurkeztu zaio Tori, 28 urteko komandantea, aurpegia kagula edo pasamontañas batez estalia. Kontatu dio 2013an lanari ekin ziotenean Los Rojos kartelekoak zirela herrian nagusi, jendea jipoituz, bortxatuz, edozer ostuz beren AK-47 fusilak eskuetan. Herritarrek polizia komunitarioa osatu zutenean, narkoek atzera egin eta herria bakeratu zen. Geroago, ordea, Los Ardillos bandakoak agertu ziren, herritarrei elkarlana eskainiz, aurretik poliziarekin ere tratua lotu zutela argudiatuta, baina   milizia berriak tratuari uko egitean gauzak okertu ziren.

Bazter batean elkarrizketan ari direla, ohartu orduko kazetaria aurkitu da jende ondo armatuz inguratua. Torik lasaitu du, segurtasun kontua dela: duela lau hilabete narkoek lau polizia komunitario hil zituzten segada antolatuta. Kasualitatez bezala, egun hartan polizia ofizialaren arrastorik ez zen hiltzaileak pertsegitzeko. Giroa mikatza da geroztik: “Kontu handiz ibili beharra daukagu. Hemen krimen antolatua eta Estatua, biak bat eginda daude. Eta narkoek salatariak dauzkate edonon”.

San Luis de Acatlanera doa gero kazetaria. Ez da urrun Acapulco, lehen mailako gune turistikoa eta munduko hiri bortitzenen artean laugarren. Gerreroko lehenbiziko Polizia Komunitarioa San Luisen sortu zen 1995ean, herritarrak izututa zeuzkan hilketa eta eraso giroari aurre egiteko. Hasieran, agintariek eta armadak berak erraztu zien bidea, baita armak eman ere, jendeak baretuko zituztelakoan. Inguruko eskualdeetara azkar hasi zen zabaltzen eta 1998an beren justizia eta espetxeratze sistema propioa ere antolatu zuten, gaizkileak polizia eta epaileei entregatzeak deusetarako balio ez zuela jabetuta.

Narkoak gaizto, Estatua gaiztoago

Reichenbach harritu da 42.000 biztanle biltzen dituen San Luis Acatlan udalerri zabalean sumatzen den giro lasaiarekin. Ez kontrolik, ez jende mozorrotu armaturik, haurrak karriketan jolasean, herritarrak beldurrik gabe bide, soro eta plazetan... Milizia herritarraren fundatzaileetakoa den Gelacio Barrera Quinterok aitortu dionez, “ezin amestuzkoa zen hau 1990eko hamarkadan hasi ginenean. Ez genituen armak plazerez hartu, beharrak eraginda baizik. Jendea hiltzera behartu gaituzte. Gutako lagun asko ere erori dira borrokan. Orain Mexikoko leku askotan nahiko lukete hemen daukagun bakea”.

Guerreroko 150 herritan zabalduta daude gaur 1.800 miliziano, Aginte Komunitarioen Eskualdeko Koordinadora -Polizia Herritarra (CRAC-PC) delakoaren agintepean. Herri edo auzune bakoitzak batzarrean izendatzen ditu bere agenteak, soldatarik gabe ariko direnak. Motibo handia eduki behar da izendapenari uko egiteko. Ordainetan, gainerako herritarrek lantzen dituzte agentearen lurrak eta mantenua segurtatzen. Konpromiso zorrotza, dudarik gabe.

Herri batzarra, lekuotako indigenek europarren inbasiora arte zerabilten gobernatzeko modua, zapatistek eguneratu zuten 1994an agintariei matxinatu zitzaizkienean. Denborarekin ikusi da  zapatisten bide bera hartu ez duten beste indigena eta mestizo askori ere baliagarri suertatu zaila antzinako herri usadio eta legeak eguneratzea, Mexikok bizi duen intentsitate apaleko gerraren erdian laguntzen baitiete bizirauten.

“Gerrilla antzeko bat osatzen dugu –onartzen du Pablo Guzman komunitarioak– baina Chiapaseko zapatisten alderantziz, guk ez diogu gerra deklaratu Estatuari. Bakea deklaratu diogu. Eta batzuetan elkarlanean ari gara agintariekin, denen onerako baldin bada”. Hala ere, herritarrentzako Estatuaren militar eta poliziak dira beren malurren errudun nagusiak, eta ez diete batzarrek kontrolatutako eremuetan ibiltzen uzten ez bada aurretik baimena negoziatuta. “Gure autonomia eraikitzen ari gara, bide bakarra delako gure bizimodua zaindu eta lurrak konpainia handien lapurretatik babesteko”.

Estatua izan da herritarrei galdetu barik Mexikoko lurzoruaren zati handiak meatzaritzako multinazionalei bi sosen truke saldu dizkiena. Kazetaria Oaxacako San Jose del Progresora iritsita, haiek jendeei eragiten dizkieten pikardiak kontatu dizkio Rosalinda Dionisio Sanchezek, zeinari bi tiro eman baitzizkioten Kanadako konpainia baten urre meategiari aurre egiteagatik. Hondeamakina erraldoien zarata gau eta egun, meategiak lapurturik ura desagertzea, erabilitako kimikoen kutsadura basatia... “Egia da narkotrafikatzaileek usteltzen dutela gure herrialdea, dudarik gabe. Baina bortizkeriarik gogor eta orokortuena Estatutik dator. Mexikok eta bere buruzagiek natur baliabideak saltzen dizkiete diru gehien eskaintzen dietenei, herritarrei galdetu ez baina kexatzen badira errepresioa ezarriz”.

San Jose del Progreson herritarren batzarrak udal paraleloa antolatu du bere bulego, azoka, irrati eta guzti. Batzar luzeetan erabakitzen dituzte herriko eguneroko arazo txikiak bezala meategi erraldoia blokatzeko planak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Mexiko
Mexikoko lehen magistratu ez bitarraren heriotza gorroto diskurtsoen ondorio dela salatu dute

Aguascalienteseko Fiskaltzak adierazi du Baena bere bikotekideak hil, eta ondoren bere buruaz beste egin zuela. Baenaren senideak ez datoz bat hipotesi horrekin, eta familiaren abokatuak adierazi du ikerketa aldatuko duten frogak aurkeztuko dituela. LGBTIQ+ komunitatea ere kexu... [+]


Suge buruaren koloreak pizten

2022ko irailaren 19an Mexiko Hiria astindu zuen lurrikarak ez zuen soilik hondamena ekarri. Tenochtitlan zaharrean lurperatuta zegoen suge buru kolosal bat ere agerian utzi zuen.


Maya trenaren obrek dagoeneko 10 milioi zuhaitz baino gehiago bota dituzte Mexikoko hego-ekialdean

1.500 kilometro baino gehiago izango ditu trenbideak, zeinak Mexikoko hego-ekialdeko bost estatu bilduko dituen: Campeche, Chiapas, Quintana Roo, Tabasco eta Yucatan. Maya trenaren kudeaketa Armadaren esku utzi zuen pasa den hilean Andres Manuel Lopez Obrador presidenteak.


2023-07-13 | Ilargi Manzanares
Luis Martín Sánchezen gorpua aurkitu dute, aurten Mexikon hil duten zazpigarren kazetaria

La Jornada hedabidean lan egiten zuen, Mexikoko egunkari nagusienetakoa. Bere gorpua Nayarit estatuan aurkitu dute, desagerpenaren salaketatik egun gutxitara.


Eguneraketa berriak daude