"Indartsuagoak dira patriarkatuaren 500 urte iraultzaren 50 urte baino"

  • Habanako Unibertsitatean Latinoamerikako filosofia soziala aztertzen duen GALFISA taldeko kidea da Maura Febles. Teoriatik gizarte aldaketako prozesuei behatzen diete; Feblesek Kubako ekonomian gertatzen ari den desestatalizazio prozesuari erreparatu dio. Begirada feminista batekin aztertu du prozesua, eta horren aukerez eta arriskuez jardun du Bilbon, Gizarte mugimenduak eta burujabetze agendak ikastaroan.

“Profesionalek Kuban geratu nahi izatea lortu behar da, inbertsio handia egin delako euren hezkuntzan. Arazo larria da zientzia gogorren arloan, asko Kanadara joaten baitira”. (Arg.: Aritz Loiola)
“Profesionalek Kuban geratu nahi izatea lortu behar da, inbertsio handia egin delako euren hezkuntzan. Arazo larria da zientzia gogorren arloan, asko Kanadara joaten baitira”. (Arg.: Aritz Loiola)

Ekonomiaren desestatalizazio prozesuan kooperatiba ei da eredurik interesgarriena.

Kubako ekonomia eredua eguneratzearen ildo nagusietakoa desestatalizazio prozesua da, estatuak ezin du bere gain hartzen jarraitu zenbait ataza txiki. Ekonomia eragile eta gune berriek kudeaketa berriak eskatzen dituzte, baita zentzu etikoak, politikoak, eta balioak ere. Kooperatiba lan molde ez indibidualista da, ondasunen metaketa bilatzen ez duena, hortaz, horren aldekoa da gure apustua. Duela lau urtera arte nekazaritza kooperatibak ziren soilik, bestelakoak berriak dira eta hiri guneetan garatzen ari dira. Horiekin lehian daude lan pribatua eta estatuaren enpresa sozialista, aldaketa eredu berriak eta errentagarritasuna bilatzen ari baita azken hori ere.

Zergatik ez da kooperatibismoa bultzatu oraintsu arte Kuban?

Estatuaren inguruan dena kontzentratzen zuen ereduak ondo funtzionatu zuen 1990era arte, Sobiet Batasunaren babesarekin. Ondoren, 90eko hamarkadan, ez zen denborarik egon hausnartzeko, larrialdi bati aurre egiteko hartu ziren zenbait neurri. Kritika batzuek diote orduan egin behar zirela aldaketak; agian bai, baina kontuan hartu behar da Kuban ez dela inoiz tradizio kooperatibistarik izan, iraultzaren aurretik ere ez. Oraindik ez daukagu kooperatiben legerik, lege dekretu bati esker ari gara lanean.

Denetariko ereduak ari dira garatzen baina, ez bakarrik kooperatibak. Hor dago eredu estatista bere ajeekin, enpresa pribatuak, autonomoak... Nola ikusten duzu horien arteko harremana?

Ereduen arteko elkarbizitza aurreikusten dugu. Guk eredu kooperatibista proposatzen dugu, baina eredu guztietan egon daitezke bizitza erdigunean jartzen duten kudeaketak. Lan pribatuan aukera gehiago daude harreman kapitalistak garatzeko, lan eskubideak bortxatzeko. Bestalde, ez dugu uste dena kooperatiba bihurtu behar denik, ezta kooperatiba eraketak ezer bermatuko duenik ere. Eredua edozein dela, dena herritarrek kudeatzea proposatzen dugu, herri botereak bere eskualdeak kudeatu eta enpresak gauza publikoenganako ardura mantendu dezan: egiturak, ospitaleak… Elkartasunean bizi izan gara 50 urtez, eta hori oso balio garrantzitsua da.

Balio negatiboak sortzen ari dira enpresa pribatuetan. Paladar jatetxeen adibidea eman duzu ikastaroan. Ondo irabazten duenak klasetzat du bere burua.

Arazo handia da, 90eko hamarkadan sortutakoa, formazio handiko profesionalak eremu pribatuan beren hezkuntzarekin zerikusia ez duten gauzetan ibiltzea edo beste herrialdeetara alde egitea. Profesionalek Kuban geratu nahi izatea lortu behar da, inbertsio handia egin delako euren hezkuntzan. Arazo larria da zientzia gogorren arloan, asko Kanadara joaten baitira. Gizarte zientzietan, berriz, bestelako ekoizpena denez, oso krisi handia dago, ikertu nahi ez duten gazte asko daude. Gu zorionekoak gara GALFISAn, estatuaren menpe bagaude ere ondo lan egiten dugulako, belaunaldien arteko elkarrizketa dago, asko sortzen ari da… Baina salbuespena gara, ezin dugu itxaron herrialdearen produktibitatea altxatu arte soldatak igotzeko. Emigrazioa ez da gelditzen, eta horri gehitu behar zaizkio beste fenomeno batzuk: biztanleria zahartzea, jaiotza kopurua apaltzea...

Aurreko ereduaren ajeak badira kooperatiba eratu berrietan?

Bai, denbora beharko da pertsonen pentsamoldeak aldatzeko. Esaterako, ni Centrohabanako Model joskintza kooperatiban nabil aholkulari, duela hiru urte kooperatiba bihurtutako lantegia da eta langile gehienak 40 eta 60 urte bitarteko emakumeak dira, enpresan hogei urte baino gehiago emandakoak. Orain emakume subjektu gisa aritzen ikasten ari dira, beren burua gauzatzen, jendaurrean hitz egiten, erabakiak hartzen, huts egiten duen lankide bat egozten, falta den materiala lortzen…

Lehengo egunean onartu zenuen oraindik matxismo handia dagoela Kuban. Iraultzak ez ote du genero berdintasuna behar bezala landu?

Eztabaida feminista Latinoamerikako beste gune batzuetan baino beranduago heldu zen Kubara. Hala ere, iraultzaren helburua izan zen emakumearentzako gune berezkoak sortzea, ez berdintasun eredua gauzatzeko, aparte garatu zitezen baizik, hori da egun ere behar duguna. Emakumea oso indartsu sartu zen prozesu horretan, instituzio mordoa sortu ziren, Kubako Emakumeen Federazioa eta beste. Orain eztabaida handia dago Kuban mugimendu feministarik dagoen ala ez, eta oso akademikoa da eztabaida hori oraindik, ez kalekoa. Aktibismo feminista handia dagoela esango nuke, gauza asko egiten dira, baina agenda propioa falta zaio mugimendu horri. Gauza asko ditugu, abortuaren legea eta beste, baina gehiago falta zaigu. Orain eskatzen ari dira indarkeria matxistaren kontrakoa. Baina matxismoa ez da ezabatuko konstituzioak hala dioelako bakarrik. Indartsuagoak dira patriarkatuaren eta inperialismoaren 500 urte iraultzaren 50 urte baino.

El Salvadorko jostunekin

“Model kooperatibakoak El Salvadorko maquila bateko jostunekin harremanetan jarri genituen hango GKE baten bidez. Etxera zerbitzua ematen duten brodatzaileak dira, oso lan baldintza txarretan aritzen direnak. Bideo-mezuen bidezko harremana egin genuen haiekin hasieran, kartaz gero eta azkenean bertara joanda. Denek zioten emakume salvadortarrentzat oso ona izango zela, baina kubatarrentzat ere onuragarria izan zen; hango emakumeen lan baldintzak ikusita, hain gaizki ez zeudela ikusi zuten. Haiek hamabost brodatzailerentzat makina bakarra zuten, pedalek eragina, eta gurean makina elektriko bana dute jostunek. Azkenerako ‘hara, ez gaude hain gaizki’ zioten. Gure kooperatibatik makina elektriko bat haiei bidaltzea erabaki dute”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kuba
187 herrialde agertu dira Kubako blokeoa amaitzearen alde, eta soilik bi kontra: Israel eta AEB

Nazio Batuen Batzar Nagusian onartu dute AEBek Kubari ezarritako blokeoa amaitzeko ebazpena: aldeko 187 boto izan ditu, aurkako bi (AEB eta Israel), eta abstentzio bat (Ukraina).


Kubak 17 urtez Pentagonoan infiltratu zuen espioia aske, 20 urte espetxean egin ostean

AEBetako Defentsarako Inteligentzia Agentzian analista lana egiten zuen, eta hainbat informazio sekretu helarazi zizkion Kubako Gobernuari 1984tik aurrera. 2001ean atzeman zuen FBIk, eta 25 urteko espetxe zigorra ezarri zion. Bere aurkako 2002ko epaiketan egin bezala, orain... [+]


Emilio Aranguren. Euskal DNA-dun gotzain kubatarra
"Iraultza ateo deklaratu zenean, orduantxe aldaketa gure etxean"

Habanan egindako elkarrizketa baten bigarren atala izan liteke hau. 2011ko ekainaren 19an ARGIAren orrialdeetan mintzatu ginen Holguineko (Kuba) gotzainarekin. Francok estatu-kolpea jo zuen garaian Legazpiko alkate Daniel Arangurenen eta Emilia Etxeberriaren semea dugu, gurasoen... [+]


2022-11-22 | ARGIA
Pablo Milanés abeslaria hil da

Pablo Milanés abeslari kubatarra zendu da, 79 urterekin. Madrilen eman ditu azken urteak, baina han eta hemen kontzertuak eskaini ditu, azken unera arte.


Eguneraketa berriak daude