Esaten direnak eta esan-gabeak


2016ko irailaren 11n

Adibide batek “gizonezko batzuk emakumezko asko baino berritsuagoak dira”, dio hiztegian, hitzei itsatsita doazen estereotipoak agerian utziz.

Estereotipoetan beti dago zerbait egiatik. Horregatik, posible da emakumeoi parte handiagoa egokitu izana eguneroko bizitzaren soinu-bandan. Eta baliteke nagusi izaten segitzen duen sexuen araberako rol-banaketan andreoi esleitu izana, hein handiagoan, hizkuntzaren funtzio fatikoa, komunikazio-zubiak eta bideak zabalik jarraitzen direla bermatzea xede duen hori. Eginkizun pragmatikoa eta funtsezkoa, dudarik gabe –pertsonen zaintza edo gizarte-balioen iraupena bezala–, baina emakumeok funtzio erreferentzialaren muina den gizarte-diskurtso nagusitik urruntzen gaituena: emakume askori aditu diet kexu gizonek beren hitzak kontuan hartzen ez dituztelako, eta horri buruzko eztabaidetan gizonek beti esaten dute emakumeen hitz-jario etengabeak bultzatzen dituela haien hitzei kasu ez egitera!

Diskurtsoak motz gelditzen dira. Maiz, hitz hanpatsuak astintzen dituzte, ezer esan gabe genero-indarkeria ahalbidetzen duen substratuaz

Emakumeen aurkako indarkeria (tratu txarrak, eraso sexistak…) gizarte-diskurtso nagusiaren parte bihurtu da (hain da agerikoa biolentzia hori, non ezinezkoa baita ja itsuarena egitea), eta indarkeria horren arbuioa nahitaezko osagaia da, zorionez, gehienetan gizon diren ordezkari politikoen hitzetan. Eskertzekoa da hori, baita azkenotan eraso sexistei aurre egiteko erakunde askok hartutako jarrera komunikatibo irmo eta argia ere –erasoak gertatu ahala haien berri ematea, adibidez, balantzeetako datu estatistiko huts bihurtzen utzi gabe–.

Hargatik, diskurtsoak motz gelditzen dira. Maiz, hitz hanpatsuak astintzen dituzte (“legearen pisua” edo “gizartearen arbuioa” kasu), ezer esan gabe genero-indarkeria ahalbidetzen duen substratuaz (horretaz, feministak baino ez dira mintzatzen, eta diskurtso nagusitik baztertzen zaie ia beti). Ez dira aipatzen emakumeoi emakume garen aldetik hainbat gizonek gizon-rola baliatuz egiten dizkiguten gauza lotsagarriak. Andre gehienok gertaera bat baino gehiago daukagu kontatzeko: hitz batzuk izan daitezke, begirada bat edo, uste baino sarriago, eraso fisikoa. Lotsaturik, isilpean gordetzen ditugu halakoak, eta hamarkadak igaro daitezke ezer esaten ausartu arte. Oharkabean pasatzen diren gertaera “arinak” dira, legearen pisuak edo gizartearen arbuioak zigortzen ez dituztenak, eta agenda politikoetan edo diskurtsoetan tokirik ez daukatenak.

Andreok hasi behar dugu halakoak azaleratzen, jendaurrean kontatzen. Eredu izan daiteke Miren Agur Meaberen Galtzerdi zuriak kontakizuna (Berria, 2016-08-14). Hitz hanpatsu askok baino hobe islatzen ditu emakume askok eta askok bizitakoak.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Materialismo histerikoa
Keinuak

Asmatuz gero, ziur asko, eraginkorragoa da keinu bat, hitz bat baino. Zenbat bider esan eta ezeztatu dugu mila hitzek irudi batek baino gehiago balio dutela. Barkatu, alderantziz da. Ez da bakoitzak zenbat balio duen, da zertarako. Zerbait ulertzen burua bihurritu nahi... [+]


2024-05-05 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Intimitatea

Etxe batean badira zenbait gune, gutxitan erakusten zaizkionak etxetarra ez den norbaiti. Esan trastelekua, ganbara, galdara gela, armairu bat. Askotan lurrazpiko etxeko oinean edo irisgarritasun gutxiko etxearen goialdean kokaturik dira. Etxearen txoko hauek lotsa,... [+]


2024-05-05 | Diana Franco
Teknologia
Nora begiratu?

Incel, cyberbullying, sexting, catfishing, ciberbating, doxxing, gaslighting, grooming, sextorisioa… Azkenaldian, gizakion jokabide ezkor guztiak eremu digitalean “tag-eatuak” izaten ari dira, badirudi eremu fisikoan genituen adierazpenek ez dutela balio... [+]


Joera kontrajarriak?

“Inoizko [EAEko] parlamenturik abertzaleena” vs. “Independentismoa minimo historikoetan dago”. Bi baieztapen horiek azken aldian entzuten ditugu, eta areagotu dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan apirilaren 21ean izandako hauteskundeen ondotik. Bi esaldi... [+]


Eguneraketa berriak daude