Erreferendum loteslea deika da Kataluniako Errepublikaren bide orrian

  • Zertan da independentzia prozesua Diadaren bezperan? Urduritasuna eta ilusioa barreiatzen ari dira Kataluniako mugimendu soberanistan. Azken urteetako Diadetan independentistek sekulako indar erakustaldiak egin dituzte: errepikatuko ote dira balentria haiek? Zalantzak handiak dira, baina indarrik ere ez da falta.

Via Catalana egin zeneko irudi bat; oso Diada arrakastatsuak egin dira azken urteetan eta oraingoan bada beldurra hainbeste jende biltzeko gaitasunaz.
Via Catalana egin zeneko irudi bat; oso Diada arrakastatsuak egin dira azken urteetan eta oraingoan bada beldurra hainbeste jende biltzeko gaitasunaz.

Azken hilabeteetan duda ugari metatu da independentzia prozesuari buruz. Arrazoi anitz dira horretarako, baina funtsean Junts Pel Sí eta CUPen arteko desadostasunak daude. Horren erakusle dira Generalitatearen aurtengo aurrekontuak, indar biak ez dira ados jarri eta, horren ondorioz, Carles Puigdemont presidenteak konfiantza mozioa deitu du Legebiltzarrean irailaren 28rako. Unea ez da txantxetakoa: gainditu ezean, CUPek sostengatzen ez badu, Legebiltzarra desegin eta hauteskunde berriak deituko lirateke. Une honetan independentismoak ez du halakorik gura. “Procés”aren porrota litzateke.

Oraindik ere Artur Masen inbestidura saioko liskarrak gogoan direnean, CUPek sekulakoak entzun behar izan ditu Junts Pel Síko lerroetatik. Barne tentsioak ere handiak izan dira kuperoen artean, zatiketa hots eta guzti. Orain konfiantza mozioa ondo prestatzea dagokiela azpimarratzen dute alde bietan: CUPek 2017ko aurrekontuak eta RUI (Aldebakarreko Independentzia Erreferenduma) jarri ditu mahai gainean; Junts Pel Sík legealdia amaitzeko segurtasuna.

Funtsean, konfiantza eza da arazo nagusietakoa. Berez, oraingo gobernua 18 hilabete irauteko hautatu zen. Espainiako Estatuarekiko deskonexioa prestatzea litzateke bere zeregin nagusia, alde bakarreko independentzia aldarrikatzea eta Legebiltzarra desegitea hauteskunde berriak egiteko. Legebiltzar berriak Kataluniako Errepublikaren konstituzioa idatzi beharko luke eta ondoren hau erreferendumera eramango litzateke.

Konfiantza ez da arazo bakarra, aldiz, bada oinarrizkoagorik: 2015eko hauteskundeen emaitzak. Independentismoak gehiengo argia lortu zuen Legebiltzarrean, baina botoen ikuspegitik ez zuen emandako botoen %50 gainditu. CUPek hauteskunde biharamunean adierazi zuen horrek ez zuela independentzia aldarrikatzeko zilegitasun nahikorik ematen. Egungo prozesuaren alde ahulena da hori eta horregatik plazaratu da erreferendum berriaren ideia; hau da, behar dela tresna bat katalanek benetan zer nahi duten jakiteko.

RUI, erreferendum loteslea
CUPek eta beste sektore batzuek zalantza handiak dituzte Generalitatearen borondateaz, batez ere Espainiako Estatuarekiko apurketaren uneaz, eta beldur dira prozesua bidean urtzeaz. Hori ikusita, CUPek aldebakarreko erreferendum loteslea jarri du mahaiaren gainean, eta apurka, gero eta onarpen handiagoa izaten ari da mugimendu independentista osoan.

Zein da jokaldi berriaren muina? Uneren batean Estatuarekiko apurketa egin behar dela, tresna RUI izan edo aldebakarreko independentzia aldarrikapena (DIU ospetsua) izan, oraingo prozesuan aurreikusten den gisan. Apurtu behar bada, beraz, hobe apurtzea “independentzia bai edo ez” galdera demokratikoarekin, “Konstituzio hau bai edo ez” galderarekin baino. Denek ulertuko dute hobeto galdera, zeresanik ez nazioartean, lehenengo aukera bigarrena baino. Hori litzateke, funtsean, RUIren aldeko arrazoi nagusietakoa.

1980an eta 1995ean Quebecen egindako erreferendumetan ez zen adostasunik egon eta Gobernu Federalak legez kanpokotzat jo zituen

Gaur gaurkoz, CUP, ANC, ERC eta Reagrupement, esaterako, ados dira RUIrekin. Generalitatean eta PDCn (Kataluniako Alderdi Demokratikoa, Artur Masen CDC ohia) aztertzeko prest daude, eta proposamena gero eta indar handiagoa ari da hartzen. Hori bai, Junts pel Síren ustez, aurrera eramatekotan, egungo prozesuari gehitzeko atala litzateke eta ez berau zalantzan jartzeko tresna.

RUIren aurka diren independentisten ustez, arriskuak handiak lirateke: lehenbizi Espainiako legediarekiko talka; bigarrena, 2014ko azaroko kontsultaren errepikapena bihurtzea; eta hirugarrena, aurkakoek parte ez hartzeko arriskua. Azken hau ez da txantxetakoa eta PP, Ciutadans eta PSOEren iritzi argiaz gain, En Comú-koek adierazi dute jada RUIren aurkako jarrera.

Xavier Domenech bozeramaileak  joan den astean Kongresuko inbestidura saioan argi utzi zuen gisan, haiek erreferendum adostuaren alde dira. Kataluniako ezkerraren bi arimen arteko tirabirak latzak dira gai honen inguruan. CUPen aburuz, RUI egiteko data ona litzateke 2017ko ekaina, besteak beste, egungo Generalitateak hor beteko lukeelako 18 hilabeteko epea eta desegin beharko litzatekeelako. Aldekoen arten, alabaina, ez dago batere garbi noiz komeniko litzatekeen egitea erreferendum hau, hori bailitzateke egiazko apurketaren unea.

Quebeceko erreferendum aldebakarrekoak
Quebec eta Eskoziako adibideak hor dira etengabe, biak erreferendum adostuaren aldeko eredu gisa plazaratuak. Errealitatean, ordea, akordioaren ikuspegitik ez dira parekoak. Londres eta Edinburgoren arteko akordioa izan zen 2015eko erreferenduma egiteko, Kanadako Gobernu Federala eta Quebecekoaren artean ez. 1980an eta 1995ean Quebecen egindako erreferendumetan ez zen adostasunik egon eta Gobernu Federalak legez kanpokotzat jo zituen. Baita Kanadako Auzitegi Gorenak ere, baina ez zituen debekatu, horrek erreferenduma egiteak baino kalte handiagoak ekar zitzakeelako.

Baina 1995eko erreferendumaren aurka herritar talde batek aurkeztutako helegitea aztertu egin zuen Kanadako Auzitegi Gorenak, eta hortik atera zuen 1998ko ebazpen ospetsua: Quebeceko Gobernuak ezin zuen aldebakarreko independentzia aldarrikatu, baina erreferendumean independentziaren aldekoek irabaziz gero, Gobernu Federala behartua legoke Quebecekoarekin negoziatzera. Alde biek ontzat jo zuten erabakia eta gaur egun garrantzi handia du munduko autodeterminazio prozesuetan. Baina ez zen Gobernu Federala izan helegitea jarri zuena, eta nahiko aparte geratu zen erreferendumaren legezko auziaren afera osoan, ez behintzat lehen lerroan, Madrilgo PPren Gobernua Katalunian ari den gisan.

Trantsizio Juridikorako Legea
Uztailaren amaieran Kataluniako Legebiltzarrak onartutakoaren arabera, independentzia prozesuaren une batean Espainiako legediarekiko deskonexioa egongo da; hori da hain zuzen Trantsizio Juridikorako Legeak aurreikusi beharko duena, une batetik bestera pasatzerakoan legezko hutsune juridikorik egon ez dadin. Oinarrizko hiru esparru arautuko dituzten hiru legerekin egingo da trantsizio hau: prozesu konstituziogilea, gizarte segurantza eta Kataluniako Ogasuna. Berez, prozesua gidatzen dutenen ustez, lege hauen onarpena izango da Espainiako Estatuarekiko apurketaren unea, hau da, aldebakarreko independentzia aldarrikapena. Une horretatik aurrera, Kataluniako Legebiltzarra eta Generalitateak Kataluniako legedia bakarrik obedituko lukete. Askoren ustez, horixe litzateke RUI egiteko une egokia, lege hauek onartu eta berehalakoan.

Eta zer dio En Comúk?
Ada Colauk gidatzen duen mugimendu indartsuak Generalitatearen egungo prozesuaren aurkako jarrera hartu du ofizialki, baina ez barne zalantza eta tentsiorik gabe. Egiazki, gauza bat da Catalunya Sí Que es Poteko parlamentariek pentsa dezaketena eta beste bat da En Comúko boto emaileek buruan dutena. Inork ez du zalantzan jartzen oinarri horietan badela jende independentista ugari, eta Bartzelonako alkatetzarako Ada Colau bozkatuko duela, baina erreferendum batean independentziaren alde egingo lukeela. Zenbat dira, baina? Hori da behingoz, independentismoak kontatu nahi duena.

Kontraesanak eta beldurrak ez dira gutxi En Comúkoen artean. Ez dira ados Junts Pel Sí eta CUPeko bide orriarekin, baina Ada Colau eta En Comú aurtengo Diadan izango direla iragarri dute, nahiz eta hau ANCk eta Ómniumek antolatu duten, argi adieraziz Legebiltzarraren eta Gobernuaren bide orria sostengatzen dutela.
    En Comúren barruan ere ez dago garbi nola jokatu, baina oro har, ados dira prozesu soberanista indartzearen ideiarekin, hori bai, beste bide orri batekin. Bartzelonako Udalean Ada Colauren bigarrena den Gerardo Pisarellok uda honetan idatzitako artikulu batean, ezkerrekoen prozesu soberanista defendatzen zuen. Hau da, bere ustez, azken hauteskundeetako emaitzekin soberanismoak ezkerrera egin du, eta hori prozesuan islatu beharko litzateke. Nola baina?
    Lotura Kataluniako Errepublika litzateke. Pisarelloren ustez ezin da zain egon Espainiak errreferenduma egitea onartu arte. Zer egin, beraz? Legebiltzar hau desegin, hauteskunde berriak deitu eta ezkerreko soberanismo indartuak bideratzea Kataluniako Errepublikaren sorrera, besteak beste, ERC, En Comú eta CUPeko indarren bidez. Hemen ere Legebiltzar berria konstituziogilea litzateke eta behin konstituzioa idatzita, erreferenduma egingo litzateke. En Comúk, orduan, Espainiako gainerako herriekin estatu konfederalaren aldeko hautua egingo luke. Artikuluan, Pisarellok “prozesu konstituziogile ez subordinatua” deitzen zion honi guztiari.
    Viçent Partal Vilawebeko zuzendari eta independentista ezagunak gogor kritikatu zuen proposamena titulu hau zeraman abuztuko editorial batean: “Burujabeak baina ez independenteak, edo nola asma daitekeen zentzu gabeko debate bat”.
    Buruarenak baino bihotzarenak dira Diada bezperako egun hauek. Independentismoa sendo dagoela erakutsiko du ostera ere Irailaren Hamaikak, baina Junts Pel Sí eta CUPek gauza asko adostu beharko dute bide orriaz eta gobernuaren jardueraz, batez ere irailaren 28ko konfiantza mozioaren aurretik. Inoizko Legebiltzar eta gobernu independentistenekin, inoizko erabaki gaitzenak hartzea dagokio mugimendu independentistari. Zein norabidetan ezin da esan, baina 2017ko Diadan Kataluniako balizko Errepublikaren egoera oso bestelakoa izango da.

Konstituzio Auzitegiari egindako desafiorik handiena

Uztailaren amaieran Espainiako Konstituzio Auzitegiak atzeratu egin zuen Kataluniako Legebiltzarrarekiko talka, ustez irailaren 11ko Diadaren ondorengorako utziz. 2015eko azaroaren 9an Legebiltzarrak onartutako deskonexioaren hasieran oinarritzen da guztia. Espainiako Konstituzio Auzitegiak legez kanpokotzat jo zuen onartutako adierazpena. Kataluniako Legebiltzarrak, aldiz, Prozesu Konstituziogilearen azterketa batzordea abiarazi zuen, auzitegiari muzin eginez.

Iragan uztailaren 27an aurkeztu zituen bere ondorioak batzorde konstituziogileak eta Parlamentuak onartu egin zuen Junts Pel Sí eta CUPeko botoekin. Konstituzio Auzitegiak astebete lehenago jakinarazi zion Legebiltzarrari ez onartzeko batzordearen ondorioak, eta hala egiten bazuen zigorrak egongo zirela. Konstituzio Auzitegiari Legebiltzarrak orain arte egindako desobedientziarik esanguratsuena litzateke uztailaren amaierako hau.

Kataluniako Errepublikaren oinarriak

Duela urtebete PPren Gobernuak bultzatutako Konstituzio Auzitegiaren erreformarekin, auzitegi honek zuzenean zigor dezake Kataluniako Legebiltzarra, baina oraingoz ez du horrelakorik erabaki. Legebiltzarreko idazkaria eta Mahaiko kideei ohartarazpenak egin dizkie, eta ez da hortik harago joan. Legebiltzarraren desafioa ikusita, abuztuaren 1ean bildu zen urgentziaz Konstituzio Auzitegia, baina ez zuen inongo zigor neurririk hartu. Gertatutakoa jaso zuen eta Diada ondorengoan berriz biltzea erabaki zuen, egun esanguratsuaren aurretik Kataluniako independentismoarekiko talka saihestu guran.

Espainiako fiskaltzak, aldiz, Konstituzio Auzitegiari eskatu dio jada ekin diezaiola bide penaletik Carme Forcadell Legebiltzarreko lehendakariaren kargugabetzerako. Hala gertatuko balitz, independentistek uste dute Forcadellek normal jarraitu behar duela lanean, kargugabetzeari muzin eginez. Begi bistakoa da, alabaina, hori zilegitasun borroka hastea litzatekeela, besteak beste Espainiako legediaren arabera, Forcadellek sinatutako guztia balio gabekoa litzatekeelako.

Eta zer da zehatz mehatz Konstituzio Auzitegiak bertan behera utzi duena? Legebiltzarrak onartutakoaren arabera, independentzia prozesu honek hiru fase izango ditu. Lehena herritarrek parte hartzeko prozesua izango da eta Forum Sozial Konstituziogileak gidatuko du; forum hau alderdiek eta gizarte mugimenduek osatuko dute. Bigarrenak Espainiako Estatuarekiko deskonexioa ekarriko du, hauteskunde konstituziogileak egingo dira eta ateratzen den parlamentuak Kataluniako Errepublikako Konstituzioa idatziko du. Hirugarren fasean, erreferendum bidez Kataluniako gizarteak Konstituzio berria bozkatuko du.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Katalunia independentziarantz
Junts-PSOE akordioa
Amnistia legea eta negoziazio mahai berria, legealdi akordioaren truke

Akordioaren bidez Juntsek eta PSOEk Kataluniako gatazka historikoa bideratuko duen etapa berri bat ireki nahi dute. Horretarako, bi indarren arteko negoziazio mahai bat eratu dute eta bertako edukiak eta akordioak segitzeko bitartekaritza mekanismoa adostu ere bai.


'La Directa' babestu dute ARGIAk eta beste hainbat hedabidek: "Kazetaritza ez da terrorismoa"

La Directa-k salatu du Jesús Rodríguez kazetaria inputatu izana “informaziorako eskubidearen aurkako erasoa” dela. Elkartasun manifestua plazaratu dute Rodríguezi babesa helarazteko, eta dozenaka hedabide eta erakundek sinatu dute jada, ARGIAk... [+]


La Directako kazetari bat ere "terrorismoagatik" inputatu dute Tsunami Demokratikoaren auzian

Espainiako Auzitegi Nazionalak “terrorismo-delitua” egotzi dio Jesús Rodríguez La Directako erredaktoreari eta beste hamaika pertsonari, tartean Carles Puigdemont presidente ohi eta Marta Rovira ERCko idazkari nagusiari, 2019ko epaiaren aurkako... [+]


Puigdemont eta Rovira inputatu ditu Auzitegi Nazionalak Tsunami Demokratikoagatik

Espainiako Auzitegi Nazionala 2019ko udazkeneko protestetan “terrorismo” deliturik izan ote zen ikertzen ari da. Bitartean, PSOEko eta JxCko ordezkariak Bruselan bilduta daude.


Jordien indultua egokia dela onartu dute eta Miquel Buch kontseilari ohia lau urtera zigortu

Ostegun honetan ezagutu dira bi epaiak. Batean, Espainiako Auzitegi Gorenak balekotzat eman ditu Jordi Cuixart eta Jordi Sánchezen indultuak. Bestean, Bartzelonako Auzitegiak laur urte eta erdiko kartzela zigorra jarri dio Miquel Buch Generalitateko Barne kontseilari... [+]


Eguneraketa berriak daude