Historiako kirolari aberatsena

Erroman, zirkuko kirolariak lau talde nagusitan zeuden banatuta: zuriak, gorriak, urdinak eta berdeak. Irudietan, talde zuriko eta gorriko zaldunak irudikatzen dituzten mosaikoak (K.a. III. mendekoak). Diokles auriga talde zurian hasi zen, baina bere karr
Erroman, zirkuko kirolariak lau talde nagusitan zeuden banatuta: zuriak, gorriak, urdinak eta berdeak. Irudietan, talde zuriko eta gorriko zaldunak irudikatzen dituzten mosaikoak (K.a. III. mendekoak). Diokles auriga talde zurian hasi zen, baina bere karrerako urte gehienak talde gorriarekin egin zituen. Argazkia: Erromako Museo Nazionala

Erroma, K.o. 146. Kaio Apuleio Diokles auriga erretiratu zen 42 urterekin. Lankide eta jarraitzaileek haren omenezko idazkun bat eginarazi zuten, Dioklesen ibilbide ikusgarria biltzen zuena. Besteak beste, jardunean irabazitako dirutza jaso zuten inskripzioan: 35.863.120 sestertzio.

Kaio Apuleio Diokles 104. urtean jaio zen Lusitania probintziako hiriburuan, Emerita Augustan (egungo Mérida, Espainia). Lusitaniako zaldiak fama handikoak ziren inperioan eta, hiriak zirkua zuela kontuan hartuta, ez da harritzekoa Emerita Augusta aurigen harrobi oparoa izatea.

18 urterekin hasi zen koadriga lasterketa ofizialetan lehiatzen, talde zuriarekin. 24 urte zituela, talde berdean sartu eta hiru urtez bertan aritu zen eta, azkenik, urte gehienak talde gorriaren alde eman zituen, 42 urterekin erretiratu zen arte. 24 urteko ibilbide luzea ezohikoa zen, auriga asko gazte hiltzen baitziren istripuetan; beste askok lasterketak nahi baino lehenago utzi behar izaten zituzten lesionatuta.

Ezohikoa zen, halaber, koadriga gidariaren garaipen portzentajea: %34. Beti ere Erroman egin zioten idazkunaren arabera, 4.257 lasterketatan parte hartu zuen eta 1.462tan irabazi zuen. Beste 1.438 lehiatan bigarren edo hirugarren izan zen helmugan. Gainera, irabazteko inongo aukerarik ez zuela zirudienean, atzetik aurrera egiteko zeukan trebeziagatik zen ospetsua, baita gurdia tiratzen zuten lau zaldien artean ducenarios bat zuelako ere; 200 lasterketatik gora irabazitako zaldia, alegia.

Irabaziak ez zetozkion garaipenetatik soilik. Garaiko merchandising-ak ere ekarpen handiak egin zizkion Dioklesen patrikari. Gladiadoreen eta aurigen zaleek askotariko objektu oroigarriak erosi ohi zituzten: kirolariaren irudia zuten olio-lanparak, mosaikoak...

Kirol bizitzaren amaieran ez zen Erromatik asko urrundu. Lazion bertan geratu zen, Praenesten, egungo Palestrinan, eta han hil zen. Heriotzaren dataren berri ez dugu.

Forbes aldizkariaren arabera, 2009an Tiger Woods golf jokalaria izan zen 1.000 milioi dolarreko irabazien muga gainditu zuen lehen kirolaria. Peter Struck Pennsylvaniako (AEB) Unibertsitateko Ikasketa Klasikoen arloko ikerlariaren arabera, berriz, Dioklesek egungo 15.000 milioi dolar irabazi zituen. Baina hainbeste mendeko tartearekin halako estrapolazioak egitea ez da oso fidagarria eta konparaketa garaikideak egitea esanguratsuagoa da. Aurigaren dirutzarekin inperioko armada osoa hiru hilabetez mantendu zitekeen, edo hiria urtebetez elikatu.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Erromatarrak
Gerra Hotza eta Erromatar Inperio baketsua

Ekialde Hurbila, K.o. II.-III. mendeak. Erromatar Inperioak 1.000 kilometro inguruko defentsa lerro bat osatu zuen ekialdeko limes edo muga zaindu eta persiar armadaren nahiz tribu nomaden erasoei aurre egiteko. Lerro hura iparraldetik hegoaldera luzatzen zen, Palmiratik egungo... [+]


Erromatar legioaren "hozkailua"

Varsoviako unibertsitateko arkeologoek, Danubio bazterreko erromatar garaiko indusketa gune batean Antzinaroko "hozkailua" aurkitu dute.


Erroma salbatu zuten antzarak

Erroma, K.a. 406. Hiriak gerra deklaratu zion Veii herriari, handik 10 milia ingurura zegoen kokaleku etruriarrari. Urte luzez Veii aberastu egin zen, nagusiki gatz merkataritzaren kontrolari esker, pixkanaka erromatarrei itzal eginez.


Ponpeia baino lehen

Vesuvio, duela 3.800 urte. Sumendiak eztanda egin zuen enegarren aldiz, eta mendi magaleko Brontze Aroko Afragola herrixka errautsek estali zuten, K.o. 79an Ponpeia eta Herkulanorekin gertatu bezala.


Eguneraketa berriak daude