Zuzeneko emanaldia

Itakatik Torreburura, bizitzaren bidaia

Dabi Piedra
2016ko ekainaren 05a
ZEIN ONGI BIZI ZEN ULISES

Oholtza gaineko bertsolaritza utzi berri, Ulises euskaldunaren azalean agertu zen Xabier Amuriza Bilboko Bidebarrieta liburutegian, maiatzaren 19an. Maisua omentzeko beste emanaldi berezi hauek egingo dira ekainean: 16an Etxanon Amurizaren gaiak eta garaiak berbaldia; 17an Durangon Emaidazue freskura lagunarteko kantaldia eta 19an Etxanotik Berrizera Amurizaren bideak eta aireak erromesaldi artistikoa.

Entzule guztiak adi-adi, ikusminez, zain eta halako batean agertu da Xabier Amuriza taula gainera. Beltzez jantzita, solemnitate ukitu bat ere nabari zaio. “Bat-batean konturatu nintzen Ulises nintzela”, ekin dio errezitaldiari. Hala, munduko gorabeherak ikusten, baina ez beti ulertzen, hasiko da Ulises izeneko mutikoa, bizitzaren bidaia harrigarrian.

Bost ekitalditan banatutako entzunkizuna da Zein ongi bizi zen Ulises. Hitza tresna bakar duela, ordu eta laurdenez entzule guztiak istorioari kateatuta izan ditu Amurizak eta minutuak bizkor pasa dira. Gogoetatik badu saioak, umoretik ere bai. Pasadizo barregarriak, istorio liluragarriak eta hausnarketa burutsuak tartekatuta, Ulisesen bizi ibilbidea ezagutu dute bertaratutakoek eta beren buruari galdetu diote fantasiazko errelato bat entzuten ari ote diren, ala errealismo biziko kontakizun bat.

Izan ere, Ulisesen munduan, pertsonek Grezia klasikotik hartutako izenak dauzkate eta abereek, aldiz, pentsalari ospetsuenak, hala nola Descartes, Newton eta Kafka. Era berean, haur denboran lehenengo eta postari lanean ondoren, Ulisesek baserri giroko gizarte tradizionaleko pertsonaiekin topo egingo du: apaizak, artzainak, bertsolariak eta abar.

Ume baten xalotasunetik agertuko du mundua Ulisesek entzunkizunaren aurreneko zatian. Bigarrenean, pixka bat koskortuago eta postari lana hartuta, bizitzaren gazi-gozoak ikasiko ditu, pertsonaia bitxien bidez. Hirugarren eta laugarren zatiak laburragoak dira, umore garratzagora eta exageraziora jota.

Bosgarren atalean, gogoetarako tartea hartuta biribiltzen du entzunkizuna. Urteen talaiatik, behin bizi izanda nahikoa dela deritzo Xabier Amurizak, bigarren aldiz biziko bagina berriro gauza bera egingo genukeelako. “Heriotza usnatu behar da bizitzaz gozatzen hasteko”, bota du, Gabriel García Márquezi aipua eginaz. Horretan dihardu, bizitzari zukua atera nahian, Zein ondo bizi zen Ulises entzunkizuna lekuko: “Ez naiz erretiratu, ontziz aldatu baizik”.

Ulisesek, postariaren etengabeko bidaian, bizitzaren zirrikitu gehienak ezagutu ditu, Xabier Amurizak ere ezagutu dituen bezala. “75 urte behar izan ditut konturatzeko Ulises izeneko haur hura neu nintzela”. Etxera itzultzeko unea iritsi zaio, baina ez du Itakako bidea hartu. “Euskal Herrira, Zornotzara, Etxanora, Torreburura itzuli naiz eta bidean zuek guztiak aurkitu zaituztet”.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Xabier Amuriza

Xabier Amuriza kanaletik interesatuko zaizu...
2016-05-15 | Estitxu Eizagirre
Plazetatik erretiroa hartu du maisuak

75 urte bete dituen egunean (maiatzaren 3an) iragarri du Xabier Amuriza Sarrionandiak bertsotatik erretiroa hartu duela. 1980an, txapela buruan, bertsogintza irauli eta bertso eskolak martxan jarri zituen eta geroztik etengabe aritu da bideak urratzen.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude