Genero krimenak auzitara

  • Giza eskubideen urraketa latzak jazo diren gatazketan modu partikularrean sufritu dute indarkeria emakumeek. Aitzitik, oso herrialde gutxitan ikertu dira genero krimen gisa. Argentina da horietako bat; bertan aurkeztu du orain Women’s Link Worldwide elkarteak diktadura frankistako krimen matxistak ikertzeko aurreneko kereila historikoa.

Daria eta Mercedes Buxadé ahizpak, beste hiru emakumerekin batera, erizain boluntario gisa Mallorcarantz ontziratu ziren 1936ko abuztuan, espedizio errepublikazale batean. Falangistek atxilotu eta Mallorcako kuartel nagusira eraman zituzten. Hauen aginduz,  moja talde batek birjintasuna frogatzeko azterketa ginekologikoa egin zieten, eta gero falangistek modu basatian behin eta berriz bortxatu zituzten. Hurrengo egunean Son Coletes-eko hilobian erail zituzten. Gorpuak bertako hobi komunean daudela uste dute senideek, baina oraindik ezin izan dituzte lurpetik atera.

2010etik María Servini de Cubria epailea ikertzen ari den frankismoko krimenen auzira gehitu diren kasuetako bi dira, beste lau emakumeerekin batera. Women’s Link Worlwide elkarteak aurkeztu ditu sei kasuak kereila batean, emakumeek jasandako indarkeria ere ikertu eta ezagutzera eman dadin.

Teresa Fernández Women’s Link Worlwideko abokatuak dioenez, errepresio frankista emakume zein gizonek sufritu bazuten ere, lehenengoek indarkeria zehatza jasan zuten emakume izateagatik beragatik. Erregimenak bi arrazoi erabili zituen emakumeak jazarri eta torturatzeko: ideologikoki erregimenaren kontrakoak ziren gizonen senide izatea eta diktadurak emakumeei ezarritako etxeko eremuarekin apurtzea.

Kereilan azaltzen diren sei emakumetatik bosten testigantzak senideen eta Bartomeu Garí historiagilearen bitartez jaso dituzte. Gaurko egunez lau desagertuta daude eta bakarra da bizirik dagoena: Lidia Falcon O’Neill abokatu feminista. 1960 eta 1974 urte bitartean zazpi aldiz atxilotu zuten, besteak beste zenbait iritzi artikulu argitaratzeagatik. Bost atxilo-aldietan torturatu zuten: emakume izaerarekin zerikusia duten eraso zuzenak, ugalketa baldintzatzeko sabelean kolpeak eta erditzearen inguruko etengabeko irain eta aipamenak.

Maria Servini de Cubria epailea ikertzen ari den kausara gehituriko sei emakumeetatik lau desagertuta daude eta bakarra da bizirik dagoena: Lidia Falcon O’Neill abokatu feminista; 1960 eta 1974 artean bost aldiz torturatu zuten

Diktadura frankistan hainbat genero krimen nagusitu ziren: sexu indarkeria, tortura, haurren lapurreta eta ilea larru-arras moztuta errezino olioarekin egindako purgak. Sexu indarkeria espetxeetan eta atxiloaldietan gertatu zen nagusiki, eta haur gehienak ospitaletan lapurtu zituzten. Denera 30.960 haur, kereilan azpimarratzen denez. Emakumeak, gainera, genero diskriminazioz torturatu zituzten, irain sexista, genitaletako deskarga elektrikoak eta ugalketa oztopatzeko kolpeekin, Falcon O’Neillen testigantza erakusgarri.

Argentina bide-urratzaile

Gaurko egunez, Argentina munduko herrialde bakanetakoa da diktadurako krimenen arduradunak bere justizia sistema propioaren aurrean epaitzen. Are bakanagoak dira prozesu judizial horren barruan emakumeen aurkako krimen zehatzak salatu, ikertu eta epaitzeko urratsak.

Azken diktadura militarraren aurkako lehen prozesu judiziala 80ko hamarkadan hasi zen herrialdean, baina urte gutxira bertan behera geratu zen, harik eta 2005ean epaiketei berriz ekin zitzaien arte. Fernándezen esanetan, “emakumeenganako errepresioaren gaian Argentina askoz aurreratuago egon da, bereziki bigarrenez epaiketak hasi zirenean emakume taldeak oso adi ego zirelako prozesu berrian genero ikuspegia txartatzeko”.

Kasu honetan ere, andrazkoak ezarritako roletik atera eta militante politiko izatea bizi osoko markekin zigortu zen. Delitu sexualak ez ziren kasu isolatuak izan, herrialde osoan sakabanatuta zeuden bostehundik gora atxilotze zentro klandestinoetan praktika planifikatua izan zen, diktadura militarrak abian jarritako “garbiketaren” parte. Emakumeak sistematikoki bortxatu eta sexu indarkeriaz zigortu zituzten: biluzte behartuak, hilekoa izatean edonolako garbiketak ukatzea edo torturagatik ahulen zeudenak kateatuta eta begiak estalita bortxatzea. Haurdun zeuden emakumeak ere berdin tratatu zituzten kasurik gehienetan eta haurrak behin jaiota, amarengandik banandu eta milaka desagerrarazi zituzten.

Herrialdearen urterik ilunenak argitzeko izan diren 200 epaiketa baino gehiagotan, lortu da diktadura sasoiko agintari batzuk genero krimenengatik kondenatzea. Lehenengoa 2010eko ekainean izan zen, Mar de Platako agintari ohi bat –Gregorio Rafael Molina– bi emakume bortxatzeagatik zigortu zuten, beste kargu batzuen artean. Argentinako diktaduraren kontrako prozesu judizialean genero indarkeria zigortu zuen aurreneko epaia izan zen eta praktikaren sistematikotasuna frogatzeko ere balio izan zuen.

Ez da erraza, baina, emakumeei gertatukoaren salaketa muturreraino eramatea. Susana Chiarottik, Argentinako emakumeek jasandako sexu indarkeriari buruzko Grietas en el silencio (Arrakalak isilpean) libururen egileetako batek, esana du azken epaiketetako sententzien %5 baino ez dela genero ikuspegiak eraginda izan.

Albo kaltea baino gehiago

Nazioarteko krimenak genero ikuspegiarekin aztertzea, fokua testuinguru bakoitzean emakume eta gizonen artean izandako botere harremanetan jartzean datza, gatazkak emakume eta gizonengan izandako eragin ezberdina ikertu ahal izateko.

Nazioarteko krimenak genero ikuspegiarekin aztertzea, fokua testuinguru bakoitzean emakume eta gizonen artean izandako botere harremanetan jartzean datza

Genero krimenak sarri bortxaketarekin –penetrazioarekin– lotzen dira, baina indarkeria zabalagoa barnebiltzen du, esaterako: eskukatzeak, esklabotza sexuala, hainbat jazarpen bide eta sexu indarkeria –behartutako biluzteak edo mehatxu sexualak kasu–, emakumeengan orokortua baina gizonengan ere erabilia, Argentinako kasuak frogatu duenez.

Generoan oinarritutako indarkeriak soka luzea du gizakiaren historian. Urte luzez krimen hauek familiaren ohorearen –ohore maskulinoaren– aurkako erasotzat jo izan dira, eremu pribatuko iraintzat. Gatazketan albo kaltetzat ulertu dira eta horrek delitu gisa epaitzea zaildu du, kasu horiek inpunitatera eramanez.

Fiskal eta epaile askok gaian “sentsibilizazio falta” dute Fernándezen ustetan. Sexu indarkeria biktimek sarri ez dutela garrantzirik izaten dio, ez zaielako galdetu ere egiten. “Oso zaila da jendeari ikusaraztea gizonek jasandako indarkeria bezain garrantzitsua dela emakumeek jasandakoa argitara ateratzea, ez baita parekoa ia inoiz. Bizi garen gizarte patriarkaletan, ikuspegi maskulinoa gailentzen da arlo honetan ere”, azaldu du abokatuak.

Pauso txikitan aurrera

Erregimen autoritarioak genero ikuspegiarekin aztertzeari geroz eta arreta gehiago eskaintzen zaio nazioartean Fernándezen iritziz, baina esan gabe doa, inolaz ere ez nahikoa: “Genero  jurisprudentzia pauso txikitan doa aurrera. Emakumeei eragiten dieten giza eskubideen urraketak sakonagotik aztertu behar dira eta prozesu judizial guztietan kontuan hartu”.

Women’s Link Worlwide elkarteak horretan dihardu 2001ean sortu zenetik, besteak beste emakumeek gatazken testuinguruan sufritutako indarkeria auzitara eramaten. Duela gutxi Guatemalan egindako lana nabarmendu du Fernándezek.

Indarkeria sexuala eta bortxaketa gerrako armatzat erabili ziren herrialdean 80ko hamarkadako gatazka armatuan, biztanleria indigena maia ikaratu eta txikitzeko. 2013an Women’s Link Worlwideko abokatuetako batek txostena aurkeztu zuen auzitegietan, emakumeak eta neskak Guatemalako militarren helburu izan zirela frogatzeko, erasoetatik bizirik ateratako hamar emakumeren testigantza zuzenarekin. Aurreneko aldia izan zen herrialdean sexu indarkeria jasan zuten emakumeen testigantzak nazioarteko krimen gisa aurkeztu zirena, eta ez gatazka armatuko albo kalte huts gisa.

Teresa Fernández (Women’s link worlwide):
“Oso zaila da jendeari ikusaraztea gizonek jasandako indarkeria bezain garrantzitsua dela emakumeek jasandakoa argitara ateratzea, ez baita parekoa ia inoiz. Bizi garen gizarte patriarkalean, ikuspegi maskulinoa gailentzen da arlo honetan ere”
Egiazko justizia jokoan

Aurkeztutako kereilarekin emakumeek jasandako errepresio matxista ikusarazi nahi du Women’s Link Worlwidek, orain, frankismoaren auzian harriak mugitzen hasiak egon daitezkeela baliatuz. Fernándezek dioenez, bada zantzurik frankismoaren inguruan urteetan luzatu den isiltasuna arrakalatzen ari dela pentsatzeko. Nazioartetik Espainiako Estatuari egindako presioak edo azkenaldian lurpetik ateratako 1936ko gerra zibileko gorpuak aipatu ditu, adibide gisa.

Krimen matxistak ikertzeko oztoporik handienaz galdeginda, Espainiako Estatuan frankismoa bera ikertzea aski oztopo dela dio. Diktadurapean jazotako krimenak ikertzeko egun abian den auzibide bakarra Argentinatik ari da zuzentzen Servini de Cubria epailea, eta honi ere trabak jarri dizkiotela gogorarazi du. Azkenetakoa, tortura eta hilketengatik inputatutako 18 frankistei galdeketa egiteko Serviniren eskaerari entzungor egin izana.

Oztopoak oztopo, orain aurreneko erronka kereila onartua izatea dela dio Fernándezek, eta hala izatekotan, Ruandan edo Jugoslavian bezala, genero krimenen inguruan dagoen jurisprudentzia guztia aplikatu dadila. “Bortxaketa, umiliazio publikoak… gizakiaren aurkako delitutzat har daitezela”, dio.

Diktadura garaiko emakumeei jazotakoa ezagutzera emateko abagunea baliatu behar delakoan da: “Egiazko genero-justiziaren aldeko borrokan mugimendu soziala eragin nahi dugu, historia osorik ezagutarazi. Atzera begiratu ahal izatea, gertatu zena ezagutu eta beldurrik gabe hartaz hitz egin ahal izatea”. Ideia argi du: ez bada emakumeek bizitakoa ere kontatzen, ez da justiziarik izango.

 


Azkenak
Inteligentzia Artifiziala
264 milioi euroren truke, Musken Grok adimen artifiziala Telegrameko erabiltzaileetan instalatuko da

Urtebetean Grok-ek Telegramen ibiltzeko aukera izango du, mezularitza enpresaren 1.000 milioi erabiltzailetan sartuko da eta horren truke 264 milioi dolar jasoko du. Pável Dúrov Telegrameko sortzaile eta jabeak baietsi du operazioa bere kanal ofizialean.


Tortura zantzuak izan arren, Raul Fuentesen kasua ez duela ikertu gogorarazi diote NBEtik Espainiari

1991n atxilotua izan zenean Espainiako Poliziak Bilboko Komisarian torturatu egin zuela salatu zuen Raul Fuentesek. Espainiako auzitegiek ez zuten salaketa aintzat hartu, besteak beste delitua preskribituta zegoelako. Orain, Nazio Batuen Erakundeko Torturaren Aurkako Batzordeak... [+]


2025-05-30 | Sustatu
Euskaraldiak Artazu herritik dakarkigun harribitxia

Sarean jarri dute "Belarribizi eta Ahoprest" laburmetraia, joan den igandean itxi zen 2025eko Euskaraldiaren aitzakiarekin Oskar Alegria zinegileak Artazu herrian udaberri honetan filmatu duen lana. Belarriprest eta ahobizi kontzeptuen gaineko... [+]


Jaurlaritzari “kezka” sortu dio EHUko Medikuntza Fakultateko euskarazko plaza berrien kopurua %60 murrizteak

EHUk, aldiz, azaldu du ezinezkoa dela hitz emandako 40 plaza berriak eskaintzea, ez baitute horretarako baliabiderik. Plaza berrien kopurua pixkanaka areagotzeko asmoa erakutsi du EHUk.


Donostiako Guardetxearen aldeko osoko bilkurako protestan gazte bat atxilotu du Udaltzaingoak

Tentsio uneak bizi ahal izan dira ostegun eguerdian Donostiako Udaletxeko udal batzar aretoan.


AEBek proposatutako su-eten akordioa “aztertzen” ari da Hamas

Proposamenak “hilketek eta goseteak” bere horretan jarraitzea bermatuko duela salatu du Hamasek, baina gehitu du zer erantzun aztertzen ari dela. Israelek proposamena onartu duela jakinarazi dute AEBek.


2025-05-30 | ARGIA
Gizon batek 13 urteko alaba hil du eta bere buruaz beste egin du ondoren, Bilbon

Bilbon, Larraskitu auzoan, familiaren etxean gertatu da. Eztabaida bortitz baten ondoren emakumeak etxetik ihes egin du eta Udaltzaingoari deitu dio. Udaltzainek alabaren eta aitaren gorpuak aurkitu dituzte etxean. Emakumea ospitalera eraman dute zaurien ondorioz.


Herrietako farmaziak despopulatzearen kontrako tresna izan daitezkeela uste du COFNAk

Nafarroako Farmazialarien Elkargo Ofizialak (COFNA) eta Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako Sailak programa bat abiatu dute landa eremuko jendeak behar bezala hartzeko medikazioa.


Bunkerretik ihes egiteko manifestua

Heriotzak Eduardo du izena

  • Egilea: Formol konpainia (eta Ander Lipusen manifestua)
  • Non: Modelo Aretoan, Zarautzen, Literaturia jaialdia
  • Noiz: Maiatzaren 23an.

-------------------------------------------------------------

Bunker batean garatzen da antzezlana... [+]


2025-05-30 | ARGIA
Kerik gabeko eremu gehiago ezarri nahi ditu Espainiako Gobernuak: markesinak, campusak, terrazak...

Espainiako Osasun Ministerioa kerik gabeko eremu berriak ezarriko lituzkeen lege aurreproiektua eratzen ari da eta Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan izango luke eragina. Eremu berri horien artean, tabernetako terrazak, unibertsitateetako campusak edo autobus-markesinak ageri... [+]


Bizkaiko Aldundiak Jaurlaritzaren ardurapean utzi du Bilboko itsasadarraren azpiko metroaren lotura egiteko aukera

Bilboko itsasadarraren ertz biak lotzeko ibilgailuentzako tunelaren proiektuagaz batera, Areeta eta Sestao lotuko zituen anezka-tren bat ere iragarri zuen Bizkaiko Foru Aldundiak 2022an. Orain, proiektua gauzatzeko ardura Eusko Jaurlaritzaren mendeko Euskal Trenbide Sareari... [+]


Atxondon hildako langilea “diru-gosearen” biktima izan dela salatu du AHT Gelditu!-k

AHT Gelditu elkartearen esanetan, AHTren obretan asteartean izandako heriotza bezalakoen atzean "esklabotza-baldintzak" eta "tratu arrazista umiliagarri eta iraingarriak" baino ez daude. Atxondoko Udalak gertatutakoa ikertu eta argitzeko eskatu du. AHTko obretan... [+]


2025-05-29 | ARGIA
Segregazioa hezkuntza
Ikastolen Elkartea: “Matrikulazioren kudeaketak ez du segregazioa bukatzeko balio”

Euskal hezkuntza sisteman haur zaurgarriak ondo integratzeko dekretua egin zuen Eusko Jaurlaritza Hezkuntza Sailak 2023ko maiatzean eta gaur haren balorazio oso kritikoa egiten du Ikastolen elkarteak: hark ez du balio izan segregazioa amaitzeko. Hainbat proposamen ere egin... [+]


Eguneraketa berriak daude