Gure basoetan bere tokia irabazten

Pagoetako Behorbarroteko hagina da parkeko zaharrena: 200 urtetik gora ditu. (Inaxio/Euskal-Herria.org)

Aiatik gora eginda laster iristen da Pagoetara. Itsasoa parez pare topatu dugu paisaia berde horretatik. “Hemen paradisuan daude haginak: hezetasun handiko tokian, baina aldi berean kostako tenperatura epeletan”, azaldu digu Antxon Gomez parkeko basozainak. Jurasikotik datorren espeziea da hagina. Azken glaziazioaren ondoren (duela 110.000 eta 10.000 urte artean) Europa guztian egondako euriteen ondorioz hagina kontinente osoan zabaldu zen. Klima aldaketarekin, berriz, beste zenbait espezieren aurrean atzera egiten hasi zen, baina gurean prezipitazioak eta hezetasun maila mantendu egin ziren: haginarentzat baldintza ezin hobeak. Gizakia artzaintzarako eremuak soiltzen hasi zenean, berriz, mozketek pagoa lagundu eta haritza, hagina eta beste hainbat espezie kaltetu zituzten.

Feudalismoaren akaberan giltzarri

Gizakiak mendeetan haginaren zabalkundeari egindako kalte nagusia, hala ere, armagintzari lotutakoa izan zen. Erdi Aroan, galestarrek arku berezi bat asmatu zuten haginarekin egina. Ehun Urteko Gerran erabili zuten arku hori, eta Frantziako nobleziaren %80 bataila bakar batean bidali zuten pikutara: “Feudalismoaren amaieraren hasiera izanen zen hura”. Hura ikusita, ingelesak hasi ziren arku haiek masiboki erabiltzen, eta Europa guztiko hagin populazioak txikitu zituzten. Espeziea, garai hartan, ez zegoen bere momenturik onenean, eta halako erritmoko mozketek berreskurapena galarazi zioten toki askotan.  

Gipuzkoako armarrian

Joera orokorraren kontra, Pagoetan (Aizarnako eta Hernioko inguruak ere hartzen ditu populazioak) hagina berreskuratze prozesuan dago, eta Penintsulan eta Europa mailan populazio garrantzitsuenetako bat ere bada. Zergatik? 50eko hamarkadan Gipuzkoako Diputazioak Pagoetako finka erosi zuenean, orduko teknikariak, hagina Gipuzkoako armarrian agertzen zela eta, zeuden piezak ez moztea erabaki zuen. “Beste toki gehienetan moztu egin ziren, edo ganadua ibiltzen zen, zuhaitzaren berreskuratzea zailduz. Toki gutxitan eman dira hemengo baldintzak” dio Gomezek.

“Penintsulako hagin baso gehienetan egona zen talde bat etorri zen duela gutxi bisitan, eta ez zekiten populaziorik handienetakoa etxe alboan zutenik”. Bada garaia, beraz, ondare ekologiko hori zabaldu eta Pagoetako nahiz inguruko haginei balioa emateko!


ASTEKARIA
2016ko martxoaren 20a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hagina
Konbentzimendu osoz

Aspaldian ez naiz boto-emaile ziurra. Halako batean, konbentzimenduak erabaki zuen hagin baten itzalean esertzea, eta bizitzak aurrera eraman ninduen, bazterrik bazter, urruti. Harrezkero hura ez da osoa, eta ni alderrai nabil.


2016-10-09 | Jakoba Errekondo
Haginaga baten peskizan

Haginetik haginaga. Hagina, Taxus baccata, haziak erabili beharrik gabe ugal daiteke. Adar muturretako kimuak, aldaxka gisa, aldatu eta landare berriak sortzeko gai dira. Aldaxka landare “amaren” puska bat besterik ez denez, bertatik sortuko den landare berria haren... [+]


2016-10-02 | Jakoba Errekondo
Itxaropena esklabotza da

Hagin bat sortzeko gai bazara, milaka urterako mundu bat egiteko ahalmena duzu. Milaka urte bizitzeko pazientzia hartzen du, bai, haginak (Taxus baccata). Milaka urte horietan mundu asko biziko dira haginaren inguruan: txori, intsektu, landare, goroldio, perretxiko... Etenik... [+]


Eguneraketa berriak daude