Atxega txoko txiki batetik

  • Atxega Jauregian (Usurbil), urtarrilaren 29an, banatu genituen 2015eko euskarazko komunikazio ekimen onenentzako sariak. Garaikurra: Anton Mendizabal eskultorearen artelana.

Iritsi naiz. Badaezpada ere ordua baino hamar minutu beranduago, jada jende pixka bat bildua izango zela ziurtatzeko-edo. Eta hasi naiz begirada gazteren baten bila, lekuz kanpo xamar sentituta akaso, ondoan dudana bistaz ere ezagutu ez eta gure euskal mikro-munduko norbait izango ote denaren beldurrez. “Gazte hauek, izan ere, ez diten inor ezagutzen!” aditu aurretik aliatu nahi izan dut ni bezalako beste gazte ignoranteren batekin.

Eta bagoaz barrura. Aurretik zein mahaitan eta norekin bazkaldu behar dudan ondo aztertuta. Eseri orduko lehen platera aurrean, eta hasi dira ondokoarekin bromak: “Honentzako labana hau erabili behar dela uste duzu ala beste hau?”. Esku artean ibili ditugu ezagutu ere egiten ez ditugun tresnak –agian beste mahai batzuetan horrelakoak erabiltzera gu baino ohituago dagoen gonbidatuak egongo ziren, baina tira, uste dut sentsazioa orokorra izan dela–, baina dena tenedore berarekin janda ere guztia izugarria zegoela onartu beharra daukat.

Ederra da sariak intrigaz gozatzea, sarituak nor diren momentuan ezagutzeko gogoz, ondoan dauzkadan hiru damatxoak (benetan ez direnak hiru, lau baizik) susmagarriki urduri nabarituz. Eta altxa zaizkit bat-batean, Furundarenaren musikak lagunduta, lehen saria jasotzera. Hori poza nirea, gazte ignorante konplizeak mikrofonoaren aurrean saria eskuetan... Gure estiloko gazte aldrebesek ere jasotzen dituzte-eta ARGIA Sariak! Han ibili dira bata bestearen atzetik, irabazleak, txalo artean sariak jasotzen.

Banaketa bukatutakoan hasi da bals-a. Mahai batetik besterako mugimendua. Lagunen, ezagunen eta komenigarrien arteko dantza. Harekin egon, bestearekin hitz egin, eta hangoari kaixo behintzat esan beharko diot. Niri esana zidaten jendea ezagutzeko leku egokiak direla horrelakoak, baina guztiak oso okupatuta ikusi ditut; eta ni halako naiz, beste honetan nabil... eta azalpenak ematen hasi beharrean nahiago izan dut Atxegako txoko txiki honetatik baileaz gozatu.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: ARGIA Sariak
Irauteko borroka egin dutenentzat

Negozioak eta interesak zapaltzaileen buruetan. Izan herri bat zapaltzeko, hizkuntza bat, kultura bat, memoria edo ingurumena. Dirua, sosa. Egoerarik makurrenetan ere, ordea, usu pizten da erresistentziaren su txikia, interesen gainetik duin bizi nahi duen jendearen mugimendua... [+]


Eguneraketa berriak daude