Filantrokapitalistak, erruki handiz kateatzen gaituzten oligarka horiek

  • Aberats handiek beti maite izan badute karitatea erakustea, muturreko kapitalismoaren garaiotan, filantropia bera muturreraino eramaten ari dira, Facebookeko ugazaba Mark Zuckerbergen filantropiazko azken operazioak erakutsi duenez. Konplexuak galdurik, oligarkek erabaki dute filantropia erabiltzea batak bestea aberatsagotzeko.

Facebook korporazioak zabaldutako argazkian, multinazionaleko nagusi Mark Zuckerberg eta Priscilla Chan beren seme Max aurkezten munduari 2015eko abenduaren 1ean. Irudi samur honekin batera zihoan Facebookeko akzioak gizadiaren aldeko ekintzetarako donatz
Facebook korporazioak zabaldutako argazkian, multinazionaleko nagusi Mark Zuckerberg eta Priscilla Chan beren seme Max aurkezten munduari 2015eko abenduaren 1ean. Irudi samur honekin batera zihoan Facebookeko akzioak gizadiaren aldeko ekintzetarako donatzeko erabakiaren berria. Zuckerberg (1984) da Oxfam GKEren kalkuluetan munduko 3.600.000.000 herritar txiroenek daukaten adina ondasun pilatzen duten 62 pertsona izugarri aberatsetako bat.

2015eko abenduaren 1ean mundu osoari opari handi bat iragarri zioten Faceboocken jabe Mark Zuckerberg eta bere emazte Priscilla Chanek: Faceboocken akzioen %99, zehazki 45.000 milioi dolarren balioa, gizakiaren aurrerapena sustatzeko.

Senar-emazte txit aberats filantropoek eskuzabaltasun keinuaz ospatu zuten beren seme Maxen jaiotza. Facebookek zabaldutako gutunean, Zuckerberg aita-amek ttikiari azaldu zizkioten donazioaren bi helburu nagusiak. Bata, giza bizitza azken mugetaraino hobetzea, sustatuz medikuntzan, ekonomiazko aukeretan eta informazioaren eskuratzeko ahalmenean zentratutako proiektuak. Bestea, txirotasuna hobetu eta baztertutako taldeak ahalduntzea.

Zuckerbergtarrek edo beste fundazio ospetsu baten jabe diren Bill eta Melinda Gates bezalako jendeek osatzen dute filantrokapitalismoa deitzen dena. Kontzeptua The Economist astekariko Matthew Bishopek asmatu zuen 2008an. Globalizazioaren garaiko karitatea aztertzen hasita, baina, Linsey McGoey soziologo ingelesak bere liburuaren tituluan ipini bezala, “Doako oparirik ez da: Gates fundazioa eta filantropiaren prezioa”.

In These Times gune aurrerazalean elkarrizketaturik, McGoeyk argitu du egunokaz hainbeste miresmen pizten duen karitate hau ez dela berria batere. Gaur munduan ezagunak diren fundazio klasiko handiak, Carnegie, Rockefeller... beren korporazioen antzeko egituraz antolatu zituzten izen bereko industrial handiek. Emaitzetan oinarritutako filantropi estrategia, Gates, Warren Buffett, George Soros eta abarren fundazioek hain famatu egin dutena, modernoa da baina XX. mende hasieratik da ezaguna.

Halere egia da Facebookeko nagusiak urrats berria eman duela. Gatestarrena bezalako fundazio klasiko batek Estatuarentzako zergak arintzearen truke diru-laguntza ematen badio enpresa komertzial bati, badauzka legezko baldintza batzuk segurtatzeko diru hori ongintzarako erabili dela eta ez etekin pribatuetarako.

Aldiz, Zuckerbergek ez du fundaziorik sortu, erantzukizun mugatuko korporazio bati (LLC Limited Liability Corporation ingelesez) eman dizkio bere akzio ia guztiak eta honek baimentzen dio ustezko karitatearen diruak zeinek zertan erabili dituen ez publiko egitea. Helburuak publikoki ezagutarazi arren, dirua inoren kontrolik gabe erabili. Filantropiazko lanetarako dirutzak edozein enpresa komertziali eskainita ere, herritarrak usteko dute plutokratak bere altxorra oparitu egin diola gizadiari.

“Hona hemen –dio McGoeyk– filantropia berri baten jaiotza: aberatsek opariak zuzenean aberatsei egiten, orain arte sekula ikusi gabekoa. ‘Korporazioen filantropia’ kontzeptuaren esanahia aldatzen ari da erabat. Lehen adierazten zuten korporazioek beren etekinen zati bat irabazirik gabeko erakundeei ematen zietela. Orain, berriz, oso bestela da: korporazioen filantropiak egiten du ustezko karitatea diruz lagunduz beren buruak diru-laguntza beharrean direla argudiatzen duten enpresa komertzialei”.

Mugarik gabeko aberatsak

Justizia globalaren gaiak jorratzen dituen beste aditu batek, Cynthia Petersek, hau idatzi du The Change Agent aldizkarian: Corporate Charity Is Corporate Power. Karitate honek multinazionalen boterea sendotzen duela argudiatzeko arrazoiak aurreratu ditu. Korporazio batek zergak arintzen ditu kontratatzen duenari ere arinduz: munduko 10 aberatsenetako bat den Zuckerbergek akzioak LLC berriari pasatuz kasik zergarik ez du pagatuko, eta honi lanak egingo dizkioten enpresek ere ez.

Bestetik, oligarkiak bere burua sendotzen du. Orain arte, zergen dirua gastatzeko moduaz herritarrek zerbait erabaki zezaketen, mobilizazioen bidez politikariei presio eginda. Hemendik aurrera Zuckerberg bezalako pertsonen eskuetan geratzen da aberastasuna zertan gastatu erabakitzea.

Demokrazia ahultzen dute filantropook. Jende ahulenen bizimodua hobetzea Estatuaren gain egotetik oligarken “eskuzabaltasunaren” mende egotera pasatzen da: ospitale bateko zerbitzu berri bat finantzatzea dela, ikastetxe bati oparia... txiroen eritasun guztien artean lehentasuna duena malaria ala beste bat den ere eztabaida publikoz ez, nagusi jaunak erabakiko.

Ororen buru, Petersentzako filantropiazko estrategiok kapitalismoari distira emateko public relations operazio erraldoiak dira. “Muturreko berdintasun eza daukagunez, muturreko filantropia ere badaukagu”.

Intermon-Oxfam GKEak zabaldu berri dituen datuek erakutsi dute muturreko berdintasun ezarena ez dela esajerazioa. Munduko 62 pertsona aberatsenek ondasun gehiago daukate 3.600.000.000 txiroenek baino. Are larriagoa da ikustea egoera txarrera doala: mundutarren erdiak adinako ondasun osatzeko 2010ean 388 aberats behar ziren, 2011n 177... 2014an 80 eta 2015ean 62.

Nola baimentzen dugu herritarrok filantrokapitalismoa? Linsey McGoey soziologoak zenbait esplikazio aurreratzen du. Neoliberalismozko azken hamarkadotan egia eztabaidaezina bihurtu da esatea enpresa pribatua efizienteagoa dela publikoa baino, eta honen hutsuneak azkenean hark bete behar dituela. Benetako egia ezkutatuz: Bill Gates eta gainerako oligarkak funtsean Estatuaren laguntzari esker aberastu direla, patente, kontratu publiko, pribatizazio eta abarri esker. Ate errotetan gizentzen diren politikari-enpresarien konplizitatez, etekinak korporazioek eraman dituzte, galerak oro estatuen esku lagata.

Globalizazioarekin, gainera, kapitalismo basatiaren kalte odoltsuenak urrutiko herrialdeetara lekualdatu dira, herrialde aberatsetako jendeak desmobilizatuz. Ez zen horrela XIX. amaiera-XX. hasieran. “Andrew Carnegie altzairuaren erregea –dio McGoeyk– lehenbizikoz mintzatu zitzaienean beste aberatsei beren altxorren zati bat pobreen laguntzeko erabili beharraz, langileak greba eta liskarretan ari ziren Carnegieren burdinoletako lan-baldintza gogorrengatik kexu. Langile haiek herritarrak alde zeuzkaten”.

Aberats ustez karitatetsu haiek ere bazituzten aldekoak herritarren artean, bai propagandista fidelak ere, baina eszeptizismo handia zabaldua zen haien sakoneko asmoez. Garai hartan baziren idazle handiak, hala nola Oscar Wilde edo Charles Dickens, saiakeran bezala fikzioan satirizatu eta salatu zutenak orduko filantropia, berdintasun eza lausotu ez baina handitzen zutelako. “Gaurko literatura irakurrienean nekez aurkituko duzu horrelakorik”.


ASTEKARIA
2016ko urtarrilaren 31
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
#5
Maite Díaz de Heredia Ruiz de Arbulo
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Enpresa transnazionalak
2024-04-12 | ARGIA
Espainiako Estatuan karbono dioxido gehien isurtzen duten hamar enpresen artean: Repsol, Iberdrola eta ArcelorMittal

2023an, karbono dioxido isuriek %5,3 egin dute behera Espainiako Estatuan. Gehien isurtzen duten hamar enpresen artean, bakarrak egin du gora, Iberia hegazkin konpainiak, %10,7ko igoerarekin. Kutsatzaileen zerrendan aurrena Repsol dago.


2024-03-14 | Gedar
Mercadonak %40 areagotu ditu irabaziak, eta %30 Inditexek

Marka historikoak hautsi dituzte bi enpresek 2023an: Mercadonak lehen aldiz lortu du 1.000 milioi euroko irabaziak gainditzea.


Iberdrolak 4.803 milioiko irabazi garbia izan zuen 2023an

% 10,7ko igoera izan du aurreko ekitaldiaren aldean; iaz, 4.339 milioiko errekorra lortu zuen. Hala ere, Ignacio Sanchez Galan presidenteak irabazi elektrikoen kargaren aurka egin du.


Repsol, demonioak hemen eta han

Davoseko talaimendi distiratsu eta zuritik hitz egin digu Repsoleko sheriffaren ahotsak, denok entenditzeko moduan: “We have to broaden our mind”. Alegia, mentalitatea zabaldu behar dugula, ezin dugula pentsatu erregai fosilik gabe bizi gaitezkeenik. Ze uste zenuten... [+]


Repsol, demonioak hemen eta han

Davoseko talaimendi distiratsu eta zuritik hitz egin digu Repsoleko sheriffaren ahotsak, denok entenditzeko moduan: “We have to broaden our mind”. Alegia, mentalitatea zabaldu behar dugula, ezin dugula pentsatu erregai fosilik gabe bizi gaitezkeenik. Ze uste zenuten... [+]


Eguneraketa berriak daude