"‘Gutxiengo hautatuarentzat’ etiketapean ibili naiz, baina mentalitatea aldatzen hasi beharrean nago"

  • Auditorioa ohi da, argiak itzal, isiltasuna, kantariaren ahotsa, pianoa inoiz. Ahotsa eta hatz kriskitinak Bernardo Atxagaren hitzen gainean hegan. Paradisurako jaioak gara / hala nola txoriak airerako; / paradisuaz behera ez dugu / ezer ere nahi, ezer ere ez. Zoragarria da emaitza, bizian ezin ahantzizkoa.

Jabier Muguruza. Akordeoilari txikitandik, musikari eta idazle da oroz gain, bere bide guztiz pertsonala egiten asmatu duena.
Jabier Muguruza. Akordeoilari txikitandik, musikari eta idazle da oroz gain, bere bide guztiz pertsonala egiten asmatu duena. Dani Blanco

Irungo Moskun zitatu gara. Irunen beti Mosku. Zer du plaza honek?

Moskurekiko miresmen handirik ez dut. Hala ere, uste nuen erreforma politiko garaiko lekua zela Mosku, bertan biltzen ginen orduan ezkerreko jendea, baina ez, historialariari esker jakin dut hori baino zaharragoa duela historia Moskuk. Are zaharragoa da Urdanibia izena, baina, bitxikeria, gure amona Joxepak ez Mosku, ez Urdanibia, “Alameda” zuen leku honen izena. Ez naiz hemendik aparte bizi, leku atsegina da Mosku, baina idealizatu gabe.

Ezer idealizatzerik bada, gaur egun?

Eguneroko jarduna dut nik idealizatua, eguneroko lana, urtea joan eta urtea etorri nork bere ahaleginari eusteko desioa. Eta ez naiz, bakarrik, neure buruaz ari, oro har jardun nahiko nuke. Garai zailenetan ere hartutako bidean segitzea, modurik duinenean aritzea, norberak duen onena emanez saiatzea. Mirestekoa da. Horretan sinesten dut.

Horixe erakusten du zure bideak, leial izan zatzaizkiola zeure buruari. Goiti-beheitiak ere izango ziren, bada, bide luze horretan.

Krisialdiak izaten dira, bai. Oraindik orain, horixe esan diot neure buruari: “Jabier, diskoa egin duzu, hau da, inbertsioa. Kontzertuak egiten ari zara: zazpi eginak, oraindik batere ez kobratua, eta bitartean, denei ordaindu behar izan diezu zuk: musikariak, teknikariak, ekipoa…”. Hala ere, aurrera egiteko ilusioa gailentzen da. Begira, azkenaldian, lagunartean, igual, eta topa egiten hasi eta “Osasuna!” hasten da jendea. Nik, osasunarekin batera, “… eta gogoa!” esaten dut. Ilusioa, alegia. Denbora asko ez dela horixe galdetu zidan kazetari beterano batek: “Halako bidea duzu egina, Jabier: zerk pizten dizu aurrera egiteko ilusioa?”.

Eta erantzuna?

“Hurrena datorrena nire diskorik onena izatea!”. Eta benetan ari nintzen. Eta konbentzituta nago egin dudan azkena [Tonetti anaiak] onena ez bada onenetakoa izango dela. Horixe da ilusioa. Gure lanbidean jende asko ikusten dut zuloan sartuta, depresioak jota. Horregatik ematen diot inportantzia ilusioa eusteari. Ezinbestekoa da. Jakina, ni ez naiz nor inori leziorik emateko. Garai zailak bizi ditugu musikariok.

Eustea bera irabaztea dela diote.

Bai, gure lanbidean bai. Garbi.

Bideo interesgarri bat bada sarean, katalanek zuri egindako elkarrizketarena. Sariak aipatzen dira, besteak beste, eta diozu ibilbidea duzula saririk handiena.

Horretan nago ni.

Ibaiaren ibilbidean badira zatiak, badira iturburu, adar eta meandroak… Non da zure iturburua? Bost urteko hura dugu iturburu, menturaz, Europako akordeoi txapelketa Holandan irabazi zuena?

Bost urteko hura bada, bai, iturburua, baina hura bezain iturburu duzu zortzi-bederatzi urteko Jabier hura, Agoitzen neskato bati kantua egin ziona, hitzak eta musika. Oso kantu txarra –nahitaez txarra!–, gaztelaniaz egina, artean euskaraz ez bainekien. Hortaz, haurtzaroan abiatzen da nire historia. Ondoren, rockero eta kantautoreekin egindako kolaborazioak daude. Bi mundu arrunt diferenteak, nahi baduzu, baina nik neure barruan lotu egiten nituenak. Askoren musika laguntzaile izan nintzen, baina horretaz aparte, gogoeta ere izaten zen haien ondoan; kantautoreekin, batik bat. Imanol, Xabier Lete, Mikel Laboa… haien ondoan radarra jasota egoten nintzen, eta uste dut asko ikasi nuela beraiengandik.

Rockero eta kantautoreak gorabehera, zuen etxean bazen musika girorik.

Bai, haurtzaroan gurasoen bidez jaso nituen lehenengo erreferentziak. Horra musettea. Asko entzuten zen gure etxean. Ikaragarri gustatzen zitzaien akordeoia gurasoei. Baita hemengo trikitia ere. Gurean ez zen musettea bakarrik. Jakina, nerabezaroan besterik izan zen, hiru anaiok bata erosi eta bestea lagunekin konpartitu hasi ginenean. Beste garai bat zen, beste giro bat zen gure artean ere: batak deskubritzen zuena besteari jakinarazten zion. Horrela aberastu ginen. Nire bi anaiok niri ematen didate meritua, neuk ekartzen nituela diskoak diote, baina ez da bakarrik nik egiten nuen gauza. Denok egiten genuen.

Les Mecaniciensen ezagutu zintugun askok. Asmakizuna kantu beti gogoangarri hura.

Baina Les Mecaniciens baino lehen, Ja, ja diskoa aipatu beharko genuke, haur eta gaztetxo artean arrakasta handia izan zuena. Les Mecaniciens, berriz, Ja, ja gisa bat zen, helduentzat. Baina ez zuen arrakastarik izan. Lehen diskoa egin, eta hainbestean. Bigarrena, eta berdin. Hirugarrena, eta antzeko. Ez zegoen aurrera egiterik. Horrekin batera, beste faktore bat, neure jarrera izan zen: “Jabier, hasi kantari, hasi heure modura gauzak esaten, bestelako koplarik gabe”.

Bide pertsonalari ekin zenion, zure lanaren ezaugarri den horrixe: bide pertsonala.

“Ahots propioa” diote literaturan, eta obsesioa nuen nik ahots propioa. Hor, bestalde, hizkuntza dator. Diote gure hizkuntza ez dela traba ez handicapa, baina nik bestela uste dut, batzuetan traba dela, nahiz eta abantailak ere badituen: ahots pertsonala eskaintzeko garaian, euskaraz aritzeak asko laguntzen du. Esateko modua asko landu dut harrezkero. Eboluzioa izan da, dudarik gabe. Oraindik orain Gasteizen izan naiz, Filologia ikasleei hitzaldia egiten. Lehen diskoko kantu batekin batera, azkeneko honetakoa jarri nien entzungai. Oso jende argia zegoen tartean, eta berehalakoan antzeman zioten bilakaerari: lantze pertsonala, irakurketak, musika ezberdinak entzutea, jazza, musikari jakinak…

Bilakaera horri haize eman zioten Katalunian.

Loteria tokatu zitzaidan Katalunian, eta ez naiz diruaz ari. Uste dut horrela adierazi ezinik ez dagoela, gertatu zaidana ez baita normala. Errekonozimendu handia dut han. Iaz, esaterako, Barnasants jaialdiaren barruan egindako kontzertu onenaren saria eman zidaten. Hori nekez irudika nezake hemen. Gauza asko gertatu zaizkit Katalunian. Kataluniak eman didana aletzen hasiko banintz ez nuke inoiz bukatuko.

Inor ez da profeta bere herrian.

Bernardo Atxagaren Xolak esaten du inor ez dela kroketa bere herrian… Hemen gehiago kostatu zitzaidan entzulearekin konektatzea. Katalunian, aldiz, berehalakoa izan zen erantzuna. Klub txikietan hasi nintzen –Harlem, La Cova del Drac…–, baina segituan zabaldu zen hotsa, Katalunia osora. Hemen gehixeago kostatu zitzaidan. Lehen diskoak egin eta, arao eta birao!, erantzun handirik ez!

Kataluniak eman dizuna aletzen hasiko bazina ez zenukeela atertuko esan duzu. Liverpool ez zizun Kataluniak eman.

Ez, hura beste bidetik etorri zen. Besteak beste Paul McCartneyk fundatutako musika eskolako zuzendari Arthur Bernsteinek ezagutu ninduen, eta bertara eramateko interesa agertu zuen. Dudak zituen hizkuntzaren inguruan, han koristak oso inportanteak baitira, eta haiek euskararekin nola moldatuko ziren zalantzak baitzituen Bernsteinek. Horrela, korista ipar-amerikarra, suediarra eta kataluniarra gertatu zitzaizkidan ondoan. Jakina, miresgarriak hiru kantariak ere. Hura oso inportantea izan zen niretzat. Asko lagundu zidan nire buruarengan sinesten. Hemen lanak nituzkeen neure buruarengan sinesten. Alde horretatik asko lagundu dit kanpora irteteak, asko lagundu dit Bartzelonak, asko Madrilek, asko Liverpoolek. Orduantxe esaten diozu zeure buruari: “Ez gara hain txarrak izango! Aurrera!”. Zuk beste inork ez badu sinesten egiten duzun horretan, zaila da aurrera egitea. Jackson Browne batek esatea Kiko Venenorena eta zurea direla inoiz egin dizkioten bertsiorik onenen egileak –eta, bide batez, urtero garai honetan bere gaileta zoragarriak bidaltzea–, [barrez dio] ... horrek asko laguntzen du.

Gutxiengotzat jo izan duzu zeure musika.

Bai, “gutxiengo hautatuarentzat” etiketapean ibili naiz, baina mentalitatea aldatzen hasi beharrean nago, zeren eta, Durangoko Azokan, adibidez, harrera ezin hobea izan du Tonettik... Barnasants jaialdiak gonbidaturik egindako diskoak, hemen Berria egunkariak banatu zuenak, berdin, oso harrera ona. Gutxiengoari begiratzen diot, bai, baina gutxiengo handiari. Bestalde, oraingo mundu honetan, kultura jasaten ari den pisu eta presentzia galera ikaragarria da. Izugarria iruditzen zait. Horixe irakurri diot oraindik orain Richard Fordi, eta bat nator haren iritziarekin. Horrekin batera, bada beste egitate bat: kulturgintzan ari garenok erdi galduta gabiltza, biderik ez dago, noragabea da nagusi, idazle, musikari, kazetari… etorkizunari ezin antzemanda gabiltza denok. Jarrera kritikoa izan, erne egon, formula ezberdinak saiatu, eta eutsi. Ez dago besterik. Amore emanez gero, kito, gureak egin du.

Nola entzunarazi zeure ahotsa, zarataz betetako munduan, ingeles musika hezurretaraino entzunarazten diguten garaian?

Hiperestimulazioak ondorio latzak izango ditu belaunaldi berrietan. Horretan dira pedagogo eta psikologoak ere. Musika ez da adar bat besterik. Leporaino nago leku guztietan musika entzuten. Isiltasuna behar dugu. Isiltasunaren bidez baloratuko dugu musika. Beti errebindikatu dut isiltasuna, nahiz musikan nahiz oro har. Bestalde, zein egoeratan heltzen zaigu musika orain? Edozein euskarri kaxkarretan entzuten dugu. Akordatzen naiz zertan gastatu nuen nire lehenengo dirua, orain dela kasik 40 urte: musika ekipo txukun bat erosi nuen Hendaian, eta ezkutuan ekarri etxera, kontrabandoan. Oraindik gordea dut. Kontrabaxuaren hotsa eta! Gozamen hutsa!

Gozamen hutsa da Jabier Muguruza ahotsa eta hatz kriskitinak beste laguntzarik gabe entzutea.

Nik horretan sinesten dut, ez dago besterik. Iaz edo, Camprodonen [Girona, Katalunia] kontzertua egiteko deitu zidaten. Gero, kontzertu egunean, goizean, bertako musika eskolako umeen aurrean ere arituko ote nintzen. Banuen kezka, baina baietz. Sartu aretora, 300 bat haur eta gazte, batzuk txiki-txikiak. “Zer izan behar du honek? Hau da desastrea!”, pentsatu nuen. Mikel Azpiroz eta biok hasi ginen, pianoa, ahotsa, eta haur eta gazte haien parte-hartzea. Ordu eta erdi egin genuen, zoragarria. Adi-adi denak, isiltasun erabatekoa. Komunikazioak funtzionatzen du. Tan petita a capella kantatzen jardun dut Katalunian, eta horren inguruan sortzen zen giroa guztiz potentea zen. Paregabea.

Giro horretakoa da zure musika.

Nik neure apustu pertsonala egina dut, baina, adibidez, Ferminen azkeneko diskoa entzun –instrumentazioa, erritmoa, New Orleanseko giroa–, eta oso interesgarria iruditu zait emaitza. Hemen nork bere ahotsa du, nork bere ezaugarriak, eta haietara errenditu behar da. Suzanne Vegak esaten zuena: “Ahots txikia dut, istorio txikiak kantatzeko”. Inportantea da munduan kokatzen jakitea. Horretarako bide luzea egin behar da.

Asmatu duzu.

Borroka horretan nabil. Oso zorrotza naiz neure buruarekin, beti galdezka, beti bila, beti. Oso inkonformista ere bai alde horretatik.

Hamaika lan dituzu eginak. Musikari zara, baita idazle ere, antzezle ere ari izan zara, elkarrizketak egiten ere bai. Zure Entrevistas con alma liburua ekarri dut lagun, Jabierrek Jabierri zer galdetuko ote liokeen jakin nahirik.

Zer galdetuko niokeen?... Hauxe: “Tonetti anaiak defenditzea dagokizu orain, diskoa atera berria denez gero. Dena den, zein izango duzu hurrengo apustua? Nondik jo nahiko zenuke?”.

Diskoa atera berri, eta bide berri bila? Ez adarrik jo!

Bai, bada! Ez dizut alferrik esan! Egin ditudan hamalau diskoak hartu, eta garbi ageri da bertan lotura bat, zerbait komuna, ikuspegi eta mundu ikuskera bat bera osatzen duten elementu sorta bat –ahots propioa, alegia–, baina, horrekin batera, bilaketa lana dago disko bakoitzean, progresio bat, eta ez nahitaez instrumentazio gehiago baliatzera, biluztera ere bai, momentu jakin batean. Oraingo diskoan, jazz formatura itzuli sonoritate zehatz baten bila, eta guztiaren gainetik, gordin jardutea hobetsi, erabateko isiltasunean –El Vendrelleko auditorioan, eman dezagun–, batere efekturik gabe. Horixe da bilaketa, nire kasuan. Lehen ondo egina, lortutakoa, errepikatu, ala sortzaileari dagokion jarrera izan eta kritiko jardun, beti urrats bat aurrera egin nahian, arriskatzen ibili? Horretan entretenitzen naiz ni.

Jabier Muguruza

1960, Irun

Akordeoilari txikitandik, musikari eta idazle da oroz gain, bere bide guztiz pertsonala egiten asmatu duena. Hamalau disko ditu kaleratuak. Espainiako Musika Saria hirutan jasoa da euskarazko kantagintzaren atalean, Liverpooleko McCartneyren musika-eskolan irakasle jarduna, errekonozimendu handia jasoa Katalunian, literatur errezitaldiak egina Bernardo Atxagarekin, haurrentzako eta helduentzako literatura idatzia, antzerkirako musika egina… direnak eta ez direnak egin ditu Muguruzak, bere buruari zintzo eta leial.

Azken hitza
Elkarrizketa

"Egiazko topaketa. Ez galdera-erantzun sorta bat, korrika eta presaka egina, ezpada zeremonia txiki bat, leku lasai batean bazkari erlaxatu batekin hasten dena, eta urgentziarik gabeko berriketa batek burutzen duena"
(Jabier Muguruza, Encuentros con alma, Alberdania, 2011)


ASTEKARIA
2016ko urtarrilaren 03a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Musika
2024-04-21 | Iker Barandiaran
Amorrazioa, jarrera eta kantuak

Madrilgo queer mugimenduan kokatzen nuen taldea, eta orain gutxi bere esentzian –zuzenekoan– ezagutzeko aukera izan nuen. Orduan jakin nuen Argentinan jaio baina gaztetan Madrilera joandako Belenek (ahotsa eta gitarra) sortu zuela taldea, eta Mariarekin (bateria eta... [+]


2024-04-14 | Iker Barandiaran
Errekak ez du planeatzen

Garai batean, buruz genekizkien The Dark Knight filmeko Jokerren esaldi guztiak, “kaosaren agentea” zenez gero. Horrelakorik zuen, esaterako, bere jokabidea azaltzeko: “Plan bat duen tipo bat al dirudit? Badakizu zer naizen? Autoen atzetik korrika doan txakur... [+]


2024-03-24 | ARGIA
Korrika: 23 edizioetako kanten bilduma

43 urte igaro dira AEK-k lehenengo Korrika antolatu zuenetik 1980an. Lekukoak egindako ibilbideen, leloen, abestien eta omendutako pertsonen errepasoa jarraian.


Eguneraketa berriak daude