Nola bultzatu CDC, horra gakoa

AURRERATUKO dut bihotzak eta buruak une honetan eskatzen didatela Kataluniako Parlamentuan CUPek Artur Masen aldeko botoa ematea. Ibarretxe Planaren garaian Batasunak planaren alde serio egitea eskatzen zidan bezala. Indar metaketari begira bistan da ez zuela serio egin bere alde, baina baiezko boto batzuekin ahalbideratu zuen Eusko Legebiltzarrean plana ateratzea. Inork ezingo zuen esan berak bidea oztopatu zuenik, baina emandako sostengua hutsala zen, horrela Madrilgo Kongresuko paretaren aurka zihoalako lehenik eta euskal gizarteko trenbide itsura ondoren. Eta hala izan zen.

Denborarekin dena askoz hobeto ikusten da, jakina. Gaur egunetik begiratuta, argi ikusten da EAJko sektore zabal eta nagusiek zein lasai hartu zuten arnas planaren hondoratzearekin. 2015etik aztertuta, ulertezina egiten da Juan Jose Ibarretxe lehendakariak bakardadean egindako bidea. Bakardadea orain ikusten da, aldiz, orduan lidergoaren gorenean bere alderdia eta euskal gizartearen zati handi bat atzean zuen lider sendoa islatzen zen gizartearen ispiluan, zilegitasunez eta irmotasunez gainezka.

Bere alderdia ezagutzen zuenez, Juan Jose Ibarretxek nahiago izan zuen EAJ barruan borrokatu baino, independentziaren think tank bat eratu eta gizartean eragin. Magia eta ikerkuntza ez datozela oso bat jakingo du lehendakari ohiak, baina Eusko Legebiltzarreko ponentzian 2030erako independentzia aurreikusi zuen Katalunia eta Euskal Herrirako. Aitortu behar zaio, hala ere, duintasunez jakin izan duela ihes egiten ate birakarietatik. Bere Estatutu Berriaren mikroipuna halakoa izan liteke: Ibarretxek ezin izan zuen, EAJk ez zuen nahi izan eta ezker abertzaleak ez zuen asmatu.

ETA CUP-EKOEK, nola demontre ikusiko dute Masi Generalitateko atea ixtearen jokaldia 10 urte barru? Inork ez daki. Urtarrilaren hasiera arte ez da guztiz jakingo, baina Mas edo Març horretan hauteskunde usain sarkorra barreiatzen ari da Katalunian. CUPek eta JxSík aitortua dute jada, eszenatokirik txarrena hauteskundeak errepikatzea litzatekeela, baina ez da oso sinesgarria, bestela badirudi logikoena adostasuna lortzea litzatekeela. Lehendakaria eta bere gobernua adosteko gai ez badira, nola sinetsiko du herritarrak independentziarako bide-orria adosteko gai izango direnik?

Korapilo honetan egon daitekeen klabe garrantzitsuetako bat honakoa da: CDC oso ukitua egon arren, ea bere bizkarrezurra nola sentitu den orain arte egindako bideaz. Azken urteetan egon den zalantza nagusiena izan da Mas noraino iristeko gai izango zen:orain arteko aurreikuspen guztiak gainditu ditu, duda barik. Eta gakoetako bat honakoa da: ea nola akuilatzen den gehiago CDCren mundu hori, Mas aurrera bultzatuz ala Mas baztertuz.

CDCn gaia oso argi balute, ordezko bat jarriko lukete eta kito: hurrengo hauteskundeetan egoerak okerrera egiteko arriskua saihestuko litzateke.Egunotan egiten ari den apustua irabaziko luke orduan CUPek. Baina, posible den bezala, CDCren baitan dena hain argi ez balego? Orduan hemendik hamar urtera iraganeko hanka sartze hartaz arituko dira CUPen.

PRESOEN gaiak jarraitzen du izaten eztabaidagai ezker abertzalean, joan den azaroaren 28an Bilbon egindako manifestazioak erakutsi duen legez. Ez dago zalantzarik 2011n Estatuak presoekiko gutxieneko neurri humanitarioak hartu izan balitu, eztabaida ez litzatekeela orain berbera. Baina ez da halakorik gertatu eta urduritasuna barreiatzen ari da han-hemenka. Estatuak bazekien halakorik gerta zitekeela eta karta horrekin jokatzen ari da, pertsonak eta haien eskubideak konplexu etikorik gabe erabiliz. Esan dezagun argi, Estatuaren indarkeria erabiliz. Egoera horretan, eztabaidarik ez izatea litzateke deigarriena. Testuinguru  horretan, espetxetik atera berri den Jesus Mari Zalakainek Berrian esandakoak ez dira txarrenak iparrorratz gisa: “Gakoa da jarraitzea, bilerak egiten, manifestazioak, eskariak, ahal den guztia”. Eztabaida hori kudeagarria da.

Arazoa larriago izango da eztabaida honen atzean dagoen mamia ezker abertzalearen ildo politikoa bera bada, helburu eta bitartekoak tartean direla. Bere gora-beherekin, baina balore handitzat jo izan da ezker abertzale osoak batera amaitu izana borroka armatuaren bidea. Hala ote da?


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Katalunia independentziarantz
Junts-PSOE akordioa
Amnistia legea eta negoziazio mahai berria, legealdi akordioaren truke

Akordioaren bidez Juntsek eta PSOEk Kataluniako gatazka historikoa bideratuko duen etapa berri bat ireki nahi dute. Horretarako, bi indarren arteko negoziazio mahai bat eratu dute eta bertako edukiak eta akordioak segitzeko bitartekaritza mekanismoa adostu ere bai.


'La Directa' babestu dute ARGIAk eta beste hainbat hedabidek: "Kazetaritza ez da terrorismoa"

La Directa-k salatu du Jesús Rodríguez kazetaria inputatu izana “informaziorako eskubidearen aurkako erasoa” dela. Elkartasun manifestua plazaratu dute Rodríguezi babesa helarazteko, eta dozenaka hedabide eta erakundek sinatu dute jada, ARGIAk... [+]


La Directako kazetari bat ere "terrorismoagatik" inputatu dute Tsunami Demokratikoaren auzian

Espainiako Auzitegi Nazionalak “terrorismo-delitua” egotzi dio Jesús Rodríguez La Directako erredaktoreari eta beste hamaika pertsonari, tartean Carles Puigdemont presidente ohi eta Marta Rovira ERCko idazkari nagusiari, 2019ko epaiaren aurkako... [+]


Puigdemont eta Rovira inputatu ditu Auzitegi Nazionalak Tsunami Demokratikoagatik

Espainiako Auzitegi Nazionala 2019ko udazkeneko protestetan “terrorismo” deliturik izan ote zen ikertzen ari da. Bitartean, PSOEko eta JxCko ordezkariak Bruselan bilduta daude.


Jordien indultua egokia dela onartu dute eta Miquel Buch kontseilari ohia lau urtera zigortu

Ostegun honetan ezagutu dira bi epaiak. Batean, Espainiako Auzitegi Gorenak balekotzat eman ditu Jordi Cuixart eta Jordi Sánchezen indultuak. Bestean, Bartzelonako Auzitegiak laur urte eta erdiko kartzela zigorra jarri dio Miquel Buch Generalitateko Barne kontseilari... [+]


Eguneraketa berriak daude