Emakumeak borrokan
Argia Eguna

Txikien egun handia

  • Argiako harpidedun, irakurle, langile eta zaleon eguna izan zen irailaren 20ko igandea. Non eta Oñatin, bertako herri-eragileen eta herritarren laguntza eta presentzia nabarmenarekin. Tartean, festa giroa, bertako produktuak, egitarau oparoa eta primizia bat: astekariaren diseinu berritua erakusten duen 0 alea.

     

Lander Arretxea @larretxea
2015eko irailaren 27a
Azoka gunean kantu saio ederra izan zen.
Azoka gunean kantu saio ederra izan zen.Dani Blanco

“Hau antolatu duenak zientoka langile behar ditu izan”. Hori pentsatuko zuen igande goizean Oñatiko Foru Enparantzara hurbildu zen despistaturen batek, lehen begiratua eman orduko. Ez zebilen horren oker; langileak ez, baina ehunka bidelagun badituelako Argiak. Tartean, Argia Egunean ezinbestekoak izan ziren eta lan boluntarioaren bidez lagundu zuten eskualdeko herri-eragile guztiak. Despistatuak ere segituan ulertuko zuen bertan topatu zuena horrexek egiten zuela posible. Nahikoa izango zuen enparantzaren albo batean jarritako pankarta handia irakurtzea: “Jende txiki askok, gauza txikiak eginez, mundua alda dezake”.

Txikitik eragiten lelopean, txiki askoren lanari esker borobildutako eguna izan zen beraz, igandekoa. Eta komunitate bat jai giroan elkartzen duen egun oro den bezain handia; handitasuna ez delako soilik kopurutan neurtzen.

Goiza hasteko, bisita gidatua eta azoka

Goizeko 10:00etan izan zen egunari hasiera emango zion bisita gidatua. Eguraldi paregabearen babesean, Gerardo Elortza historiagileak Oñatiko historia eta arkitektura aberatsaren berri eman zien jakin-minez gerturatutako 80 bat lagunei, ñabardura eta ohar bikainekin. Ez zen ohiko bisita izan ordea: herriko bertso eskolan aritzen diren Egoitz Aizpuru, Maider Arregi eta Urko Arregi bertsolariek umore finez jantzi baitzituzten Elortzaren azalpenak, ibilaldia are atseginago eginez.

Bisita gidatua amaitu aurretik hasi zen berotzen Foru Enparantzako giroa. 11:00etan harrera-ekitaldia gidatu zuen Olatz Korta Argiako kideak, egunaz gozatzeko argibideak azaldu eta laguntzaile guztiei eskerrak emanez. Segidan, aurtengo berrikuntza izan den eragileen azokarako bidea erakutsi zigun. Bertan ziren, postu banatan, mundua txikitik aldatzeko lanean ari diren talde eta ekimen mordoa: Fracking Ez, Olatukoop, Txatxilipurdi, Arrasate Euskaldun Dezagun, Ekin, Topagunea, Txirrinka, Fiare, Elkar Hezi, Bizi!, Bilgune Feminista, Emakumeen Mundu Martxa, Askapena, Euskal Herrian Euskaraz, Euskal Memoria, Intxorta, Joxemi Zumalabe, Erein Da Jan, Ortuzabala, Bagara, Eltzia, Lanki, REAS… Goiz osoa eman zuten hurbiltzen zitzaizkienei euren aldarrikapenen berri eman eta materiala saltzen.

Emakumeen Mundu Martxako ordezkari gisa zen bertan Mariasun Zelaia Zumelaga, eta pozik zen postua jartzeko aukerarekin: “Uste baino askoz jende gehiago hurbildu da, eta oso giro ederra topatu dugu gainera. Jende oso anitza dago hemen, eta aukera ona da beste proiektuak ezagutu eta geurea ezagutarazteko”.

Nendo Dango tailerra eta jolas hezitzaileak

Goizeko egitarau oparoaren baitan, izan zen bestelako ekimenik ere. Txatxilipurdi elkarteak antolatuta, 50 ume eta helduk hartu zuten parte ginkana hezitzailean. Lau gai lantzeko (hizkuntz aniztasuna, herri nortasuna, garaiko eta tokiko elikagaien dastatzea eta jendartearen bilakaera), taldetan banatu eta hainbat egoerari egin behar izan zioten aurre; beti ere parte-hartzea sustatzeko xedearekin, jolasa eta hezkuntza uztartuz.

Aldi berean, 2014an Usurbilen egindako Argia Eguneko arrakasta errepikatuz, Nendo Dango tailerra egin zen Oñatiko pilotaleku inguruan. Zuhaitzen eta bestelako landareen haziak buztinezko bolatxoen barruan gorde zituzten bertara hurreratu zirenek, landaredia galdu duen inguru batera jaurtiz, birlandatzeko asmoarekin.

Argiazaleek epaitutako diseinu berria

12:30ean hasi zen argiazale eta eragileen topaketa. Argia Egunaren helburu nagusietako bat harpidedun, irakurle eta abarrekin bildu eta haien iritziak jaso ahal izatea da, eta horretarako parada egun osoan izan bazen ere, mahai bueltan egindako berriketa saioa izan zen aukerarik onena. Hainbat gai jorratu ziren bertan (komunitatearekin harremana, edukiak…) baina hizketagai nagusia, astekariaren diseinu berria izango denari ekarpenak egiteko propio osatutako 0 alea izan zen.

Estitxu Eizagirre Argiako zuzendariak gogorarazi zuenez, 2014ko Argia Egunean egindako topaketan batek baino gehiagok adierazi zuen diseinua berritu beharra zegoela, eta geroztik, urte osoan aritu dira horretarako lanean. “Argia barruan prozesu parte-hartzailea jarri dugu martxan diseinu berria osatzeko, eta argiazaleei ere zabaldu nahi genien prozesu hori”.

Oro har, harrera ona izan zuen ale berriak, eta aldaketa asko ia aho batez jo zituzten ontzat parte hartu zutenek. Malen Aldalur Argiako kolaboratzaileari esaterako, argazkiek presentzia gehiago izango dutela gustatu zitzaion bereziki. “Beranduegi (web telebista saio umorezkoa eta kritikoa) paperera eraman dutela ere ikusi dut, umorea jorratzeko. Ideia ona dirudi”. Bestalde, Danele Sarriugarte idazleari diseinu berria “minimalistagoa” dela iruditu zitzaion, eta asmatu egin dela horretan.

Baratzea ere protagonista

Goiz emankorraren ostean, espero baino apur bat beranduago hasi zen bazkaria. Bertako eta garaiko produktuen aldeko aldarrikapenak praktikara eramanez, Erein Da Jan eta Lur Lan elkarteen eskutik egin zuen askok pasa den Argia Egunetik buruan zuten otordu oparoaren parekoa. Logika bera jarraituz, enparantzaren bazterrean jarritako txosnan ere txorrotako ura eta Arrasateko ZerB garagardoa eskaini ziren egun osoan zehar. Oñatiko moneta soziala den txantxiarekin ordaintzeko aukera ere izan zen gainera.

Bazkalostean egokitu zen eguneko unerik umoretsuena. Jakoba Errekondo agronomoak hizketarako duen dohaia eta jakituria frogatu zuen beste behin. Antton Olariaga, Joseba Larratxe (Josevisky) eta Ainara Azpiazu (Axpi) marrazkilarien ilustrazioen doinu eta neurrira inprobisatuz, baratzaren bueltako kontuez mintzatu zitzaigun. Umore fina eta azalpen argigarriak uztartuta osatu zuen Bizi Baratzea liburuan aurki daitekeenaren lagina.

II. NAN arrotzen jaurtiketa

Arratsaldean iritsi zen kirolarienek espero zuten zita. 2014ko Argia Egunean nortasun agiri arrotzen Euskal Herriko lehenengo jaurtiketa txapelketa antolatu bazen, bigarrena izan zen Oñatikoa, ohiturarekin jarraituz. Katalunian eta Asturiasen ezaguna den praktika gurean ere zaleak pilatzen ari da apurka eta izan zen eguerdi partetik probak egiten aritu zenik ere.

50 bat lagunek hartu zuten parte txapelketan, eta guztien artean, Gorka Maiz gabiriarra izan zen garaile, 28,10 metroko jaurtiketa bikainarekin. Kontrako haizeak baldintzatuta, gutxigatik ezin izan zuen gainditu oraindik ere Euskal Herriko markarik onena dena. 2014ko Argia Egunean ezarri zuen Iñigo Uribetxeberria azpeitiarrak: 29,60 metro.

Post punk doinuak amaitzeko

Bazkariko betekada kirol saioarekin arindu ostean, dantzarako prestatu eta Perlak taldeak hartu zuen Gazteleku alboan jarritako oholtza. Pixkanaka baino pauso sendoz aurrera egiten ari den taldeak geldoenak ere mugiarazi zituen erritmo sendoko post punk doinuekin. Haien ondotik, bi bikotek hartu zuten erreleboa agertokian: Maria eta Manex lehenik, Aran eta Lo ondoren.

Doinu, zapore eta giro onarekin amaitu zen horrenbestez aspertzeko tarterik utzi ez zuen eguna. Gehienen ahotan, hitz bertsuak: aniztasuna, komunitatea, giro ona… Danele Sarriugartek esaterako aniztasun horretan jarri zuen fokoa: “Oso jende diferentea dago gaur, eta hori ederra da. Argiara jende oso anitza hurbiltzen gara: batzuk elikadura burujabetza eta ekologismotik, beste batzuk feminismotik, kulturatik, euskaltzaletasunetik… Gaurkoa horien guztien bilgunea izan da”. Bide beretik mintzatu zen Estitxu Eizagirre ere: “Argia eguna ari da pixkanaka bere izaera propioa hartzen. Oso jende desberdinak egiten du topo, eta aukera dugu lasai hitz egiteko harpidedunekin, irakurleekin, proiektuan modu batera edo bestera parte hartzen dutenekin…”.

Txikiak batu, antolatu, eragin eta gozatzea. Hori bai gauza handia.

‘Trantsizioak’ erakusketa

Egun osoan zehar, nostalgiak edo jakin-minak jotako jende mordoak miatu zuen estreinekoz Oñatiko Gaztelekuan erakutsi zen Trantsizioak erakusketa. Museo askok nahi lukete horrenbeste bisitari izan. Argiak azken 40 urteetan pilatutako artxibo historikoan dauden milaka argazkien lagin adierazgarria biltzen du erakusketak, gaika antolatuta. Urko Apaolaza kazetariak hartu du irudi artean galdu eta hautaketa egiteko lana. “70eko hamarkadatik aurrera eman diren eraldaketak erakutsi nahi izan ditugu argazki hauen bidez, eta baita Argiak urte hauetan guztietan jorratu dituen gaiak zeintzuk diren ere”.

Tartean baziren 70eko hamarkadako emakumeen asanbladen argazkiak, 1976an antolatutako 24 orduak euskaraz irratsaioa emititzen zuten bitartean hartutakoak, eta baita berriagoak ere, Euskaldunon Egunkariaren itxieraren aurka Donostian egindako manifestaziokoak esaterako. Apaolazari adierazgarriena iruditzen zaiona ordea 1980an “Euskara nafar hizkuntza” lelopean Iruñean egindako manifestazioan ateratakoa da. “Oso eguraldi petrala egin zuen eta aterkiekin babestuz agertzen da jendea haizeari eta euriari kontra egiten saiatzen. Oso ondo adierazten du zenbat lan egin behar izan zuten euskararen alde”.

Erakusketan bertan ikusgai jarritako Argia eta Zeruko Argiaren ale zaharrek ere bereganatu zuten bisitarien arreta. Apaolazaren arabera, erakusketa ibiltaria izateko bokazioz jaio da eta asmoa da Oñatin hainbat astez egon ostean, beste herri batzuetara ere eramatea.

Irailaren 19an ere, Argia Eguna izan zen

Argia Egun betea irailaren 20a izan zen, baina bezperan bazegoen zeregina.

10:00etan Txirrinka, Natur Eskola eta natur taldearen eskutik Oñati inguruan bizikleta ibilaldia egin zen. Bertako naturaren berri eman zuten Natur Eskolako eta natur taldeko kideek, eta bizikletazaleek ere euren ekarpenak egin zituzten.

Bueltaxkak egarritu eta gosetu zituen eta 13:00k inguruan Gaztelekura gerturatu ziren Argiak prestatutako Trantsizioak erakusketaren irekiera ekitaldira. Euskal Herriko historia hurbilari begirada selektiboa eman dio erakusketak. Urko Apaolaza erakusketaren prestatzailearen aurkezpen hitzak entzun, historiaren puskak ikusi eta irakurri, eta ondoren zizka-mizkak sabela betetzeko.

16:30ean hamarnaka haur eta helduk Arrikrutzeko kobetera bisita mitologiko gidatua egin zuten.

22:30ean Ruper Ordorika oñatiarrak kontzertua eskaini zuen Gaztelekuan. Oñatiko Udalak antolatutako kontzertuaren hasieran Argia Egunaren berri eman zitzaien Ruper zaleei. Haietako asko gerturatu zen hurrengo eguneko ospakizunera.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Argia Eguna

Argia Eguna kanaletik interesatuko zaizu...
Zuek gabe ez legoke Argia Egunik

Zorionez, ARGIAn badugu txoko hau eta probestu nahiko genuke pasa berri den urriaren 7an Gasteizko Argia Eguna aurrera atera zedin modu batera edo bestera lagundu diguten guztiei eskerrak emateko. Euskaldunok hitz gutxikoak omen gara, eta eskerrak ematea ere asko kostatzen omen da; baina, eta zein ederra den? Bi hitz, hamabi letra besterik ez, eta batzuetan horrenbeste kostatzea...

Urriak 7ko zitak badu aurretik prestaketa lan handi bat, eta urtero ahalegintzen da ARGIA jaia ospatzekoa den... [+]


2017-10-11 | Arabako Alea
Gasteiz euskaldunaren ibilbidea Argia Egunean
MULTIMEDIA - ekitaldia

Larunbatekoa ibilbide berezia izan zen, eta GEU elkartearekin batera, beste eragile batzuk izan ziren, tartean, Ramon Bajo eskola eta Goian, Zizta eta Lazarraga elkarteak.

Larunbatean, urriak 7, ARGIA eguna ospatu zen Gasteizen. Laster 100 urte beteko dituen aldizkariak, Euskal Herriko aldizkaririk zaharrenak, Gasteiz aukeratu zuen egun berezi hori beren harpidedun, irakurle eta jendearekin elkartzeko.

GEU elkarteko kideok gure ekarpena egin nahi izan genion egitarauari eta Gasteiz... [+]


2017-10-10 | Dani Blanco
Galeria: Argia Eguneko irudi onenak

Urriaren 7an Gasteizen ospatu genuen Argia Eguna hango eragiel eta lagunekin elkarlanean eta komunitate osoa bilduta, kazetaritza independentea babesteko helburuz. Hemen egunak utzitakoa iruditan.


Komunitate oso batek bultzatutako kazetaritza independentea

Ospatu dugu Gasteizen Argia Eguna. Kataluniako anabasa guztiaren erdian, buruak ekarri ditugu gurera, eta laugarren urtez Argia Jendearekin gozatzeko aukera izan dugu Arabako hiriburuan.


2017-10-07 | ARGIA
Argia Eguna: Txikitik eragiten Gasteizen

Argia Eguna egin dugu Gasteizen. Jaiaren laugarren edizioa izan da 2014an berreskuratu genuenetik, eta hiriburu batera gatozen lehen aldia, aurrekoetan Usurbil, Oñati eta Ondarroan izan eta gero. Alde Zaharreko Landatxo kiroldegian hasi da festa, arratsaldean Gaztetxera joan gara musikaz gozatzeko.


"Argiak indarra izatea nahi dugu, gizartean eragiteko"

Mimo handiz aukeratu du Argia aldizkariko lantaldeak urriaren 7an ospatuko duten Argia Egunaren kokalekua; Arabako hiriburuari egokitu zaio, "oso fuerte" dagoelako.


2017-10-04 | ARGIA
Nortasun agiri arrotzen jaurtiketa: Kataluniatik hartu genuen ideia hura

2014ko udaberriko egunen bat, ARGIAren egoitzan. Irailean egitekoa den Argia Egunerako prestatze lanak hasiak dira jada, eta norbaitek ideia dakar: ikusi du nortasun agiri arrotzen jaurtiketa antolatu dutela Kataluniako halako herrian, errekor “ofiziala” eta guzti dutela, eta galdetu du “zergatik ez holako bat Argia Egunean?”.


ARGIA Jendea bilduko duen topaketa Gasteizen

Lerrook idazten ari naizela oraindik urriaren 1a igaro gabe badago ere, dagoeneko imajinatzen ditut zu, irakurle, hitz hauek leitzen ari zaren egun horretan aldizkari eta egunkariek botako dituzten lerro-buruak. Aukera posible guztiak irudikatzea ez dakit erraza den, baina nire buruan sartzen direnak behintzat, ikusten ditut. Beraz, pentsatzen dut zu ere, lagun, gertatu dena gertatu dela ere, hurrengo egunetako erreakzioei begira egongo zarela.


2017-10-03 | ARGIA
Jolas kooperatiboak, sukaldaritza tailerra eta Nendo Dango Argia Egunean

Haur eta helduentzako jolas hezitzaileek hartuko dute kalea aurten ere Argia Egunean, larunbat honetan bertan Gasteizko alde zaharrean. Eguerdiko 12etan ekingo diegu: batetik, jolas kooperatiboak (Etxauri plazan edo Landatxo gunean), bereziki 6-10 urte bitartekoak buruan, eta bestetik sukaldaritza-tailerra (Landatxoko sukaldean), 2-14 urtekoentzat aproposa.


OroiTour
Bertsio ofiziala kalean borrokatzen da

Gasteizko tour politikoak elkarri lotuta dauden garai eta agertokiak ditu ardatz, nola Lauaxeta-ren fusilatzea edo 1976ko langile sarraskia. Herri-tresnatzat dute ibilbidea Martxoak 3 elkartekoek, Frankismoaren krimenak desitxuratzeko “estatu estrategiaren” aurrean. Urriaren 7ko ARGIA Egunean ezagutu ahal izango dituzu kaleari konkistaturiko memoriaren espazioak.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude