Nola egin leku kabitzen ez dakienari

  • Uztailaren 17-19 bitarteko asteburuan hartuko dute leku Eako Poesia egunek hamabigarren urtez. Poesia ardatz, askotariko emanaldiekin ondu dute egitaraua, “poesia ezin da kabitu” lelopean.

Castillo Suarez eta Asun Landa aurtengo Eako Poesia Egunak aurkeztu zituztenean. Poesia askotan “gutxietsita” dagoela uste du Landak eta horregatik ematen diote lehentasuna Bizkaiko herriko ekitaldietan.
Castillo Suarez eta Asun Landa aurtengo Eako Poesia Egunak aurkeztu zituztenean. Poesia askotan “gutxietsita” dagoela uste du Landak eta horregatik ematen diote lehentasuna Bizkaiko herriko ekitaldietan.

“Batzuetan poesia ez zait kabitzen buruan. Orduan autoa hartu eta kostaldeko errepidea hartzen dut, radarrei erreparatu gabe, bizitzea eta urruntzea gauza bera balira bezala”, Castillo Suarezenak dira berbak, Eako Poesia Egunen antolatzaileei aurtengo goiburuak –“poesia ezin da kabitu”– iradokitzen zionaz galdetuta esandakoak.

“Poesia zer den eztabaidatzen hasita konturatu ginen poesiaren monopolioa ere ezin genuela Ean lortu, librea dela, eta sortzaileei hartaz hausnartzeko erronka luzatu genien”, azaldu du Asun Landa Herrieri Emon Arnasa elkarteko kide eta antolatzaileak.

Poesia askotan “gutxietsita” dagoela uste du Landak, eta horregatik poesiari lehentasuna eman eta Ean haren erakusleiho txiki bat zabaltzen ahalegintzen direla. Poesiari “aparteko lekua” eskaini nahi dioten arren, egitaraua hibridoa dela dio; besteak beste, antzerkia, musika, hitzaldiak eta performanceak ere batzen baitituzte egitarauan.

Poesia protagonista nagusia bihurtzearekin batera, Eako herriak berak ere egiten ditu berezi egunok. Eskaintza kulturala naturarekin uztartzen dutela dio Landak, kostako herri txikiaren parajeak baliatuta eszenatokietarako; moila, itsasertza eta ondoko auzoak kasu.  

Aresti gogoan

Bere gaixoaldiaren azken urteetan Ean izan zen Gabriel Aresti, 1975ean hil zen arte. Landak gaztea zela ezagutu zuen: “Frankismoko azken urte haietan, modernitatea eta haize freskoa esan nahi zuen Arestik guretzat”. Bizkaiko herriaren inguruan “poema ederrak” idatzi zituenez, harekin zuten zorra kitatzeko omenaldi bat antolatu zuten 2004an. Hurrengo urteetan, poesia zaletasuna eta ekimenarekin jarraitzeko gogoa antzemanda, hasieran Arestiren omenezko eguna zena, asteburu beteko poesia ekimen bihurtu da.

Urtero du horregatik Arestik tokia gordeta egitarauan. Aurten Miren Agur Meabek hartuko du kargu, Nire arestiar lauburuak hitzaldiarekin. Bilboko idazleak haren lanetan izandako eraginaz mintzatuko da, ezagutzen joan ahala nola bat egin eta nola urrundu diren bizitzan zehar.  

Iaz Iratxe Retozalak eta Danele Sarriugartek Arestiren imaginarioa aztertu zuten generoaren ikuspuntutik; eta hain zuzen, lan hori zabalduko da aurten poesia egunetan argitaratzen den Zaldiarri eskuorrian. Edizio guztietako kartelak bezala, Erramun Landak egin ditu honen diseinuak.

Aurtengoa seigarren alea izango da, baina aurreko urteetako Zaldiarriak ere eskuragai izango dira Ean; Iñigo Aranbarrik eta Anarik, Koldo Izagirrek, Harkaitz Canok, Mikel Antzak eta Luzien Etxezaharretak idatzitakoak.

Bertso eta poesia

Poesia eta oro har literaturaren inguruko kezkei eragin eta eztabaida sustatzen ahalegintzen direla dio Landak. Aurten azpigai gisa, bertsolaritza eta poesiaren arteko harremana hartu dute eta hartara, Maialen Lujanbiok bertarako espresuki gertatutako hitzaldia eskainiko du larunbatean. Ildo berean, Kafkaren aulkia ikuskizuna eskainiko dute Itxaro Bordak, Uxue Alberdik, Andoni Egañak eta Pello Ramirezek. Zure hatzaren ez galtzeko Bordaren azken poesia liburuko poemetan oinarrituta osatuko dute emanaldia.

Programazioko hirugarren hitzaldirako gonbidapena hirugarren emakume batek egin du; Alaitz Aizpuruk Joxe Azurmendi poetaren inguruan hitz egingo du ostiral iluntzean, Joxe Azurmendi 60ko poesiaren eraberritzean izenpean.

Aurtengo in memoriam gonbidatua Miguel Hernandez izango dela nabarmendu du Asun Landak. Josu Landak Munduko Poesia Kaieretan itzuli dituen haren zenbait poema kantatuko ditu ostiral gauean.

Uzta berria

Poesia egunen aldeko ezaugarrietako bat esperimentazioari eta proiektu berriei aukera ematen dietela da, Landaren aburuz. Horren erakusgarri, ITU Bandakoak aurrenekoz igoko dira eszenatoki gainera larunbatean, Bedaronako auzoan. Taldeko gazteen hitzetan, “belaunaldi bat hiru ekitalditan” islatuko dute Ean aurkeztuko duten Ituskizuna performancean.

Metrokoadroka sormen laborategiak ere Su izan nahi: hildakoak, senideak eta maskotak antzerki emanaldia estreinatuko du larunbat gauean. Eta antzerkiaren ostean, musika: Anarik Zure aurrekari penalak disko berria aurkeztuko du Eskolapen talde osoarekin batera.

Landak azaldu duenez, urteekin egonkortu den emanaldietako bat, argitaratutako azken poesia liburuen lagin bat eramatea izan da. Jose Luis Otamendik izango du bere azken liburua aurkezteko parada; Kapital publikoa (Atlantikoaren aurrean) errezitaldia eskainiko du larunbat eguerdian Portusolon.  

Poesia gosez jarraitzen duenak, igande eguerdian izango du zita moilan. Azken poesia uztarekin jarraituz, Antonio Casado da Rocha, Tere Irastortza, Joan Mari Irigoien eta Mikel Antzaren poemak errezitatuko dituzte. Musika Beñat Barandiaranek jarriko du.

Natxitxuko herri-bazkariaren ostean, erroak Eako poesia egunetan dituen Erractus ikuskizunak emango dio amaiera aurtengoari. Jule Goikoetxeak, Danele Sarriugartek eta Kattalin Minerrek aurten eskainiko duten azken emanaldia izango da gainera.

Poesiari aski toki egiteko ahalegina nabaria izan arren, ezin leku nahiko egin herri eta asteburu batean. Josu Landaren hitzetan, “ez zaizkio aski amodioa, abegia, adeia, profesionaltasuna, zaletasuna... espiritu librea da poesia berez, ez du gogoko inon kabiaraz dezaten”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ea-ko poesia egunak
Poesia lurreko jendearentzat

"Parrapean" errezitaldiaren kronika. Uztailaren 14an Eako poesia egunetan eskaini zuten Gotzon Barandiaran, Itziar Castrillo, Ane Garcia eta Josu Landak.


Eguneraketa berriak daude