Poesia lurreko jendearentzat

  • "Parrapean" errezitaldiaren kronika. Uztailaren 14an Eako poesia egunetan eskaini zuten Gotzon Barandiaran, Itziar Castrillo, Ane Garcia eta Josu Landak.

Violeta eta Nicanor Parra 1966an, Txileko Santiago hiriko La Reina komunan Violetak altxatutako karpan. “Folklorearen Unibertsitate Nazionala” izendatu zuen karpan ikastaroak eman zituen. 
Bertan bizi eta suizidatu zen 1967ko otsailaren 5ean.
Violeta eta Nicanor Parra 1966an, Txileko Santiago hiriko La Reina komunan Violetak altxatutako karpan. “Folklorearen Unibertsitate Nazionala” izendatu zuen karpan ikastaroak eman zituen. Bertan bizi eta suizidatu zen 1967ko otsailaren 5ean.

Jaun-andreok/ hauxe da gure azken hitza/–gure lehen eta azken hitza–./ Poetak Olinpotik jaitsi ziren. Eako poesia egunetan gaude, Portusolon, iluntzeko azken argi orduetan. Agertokirik ez da hemen, non dena maila berean gertatzen den, hartzailea eta sortzailea lur berean diren. Eta agertokirik gabeko agertokian, orain, Gotzon Barandiaran, Itziar Castrillo, Ane Garcia eta Josu Landa. Eta haiekin, haien gorputzetatik, Nicanor Parra eta Violeta Parra. Gure arbasoentzat/ luxuzko gaia izan zen poesia/ guretzat baina/ premia-premiako produktua da:/ ezin dugu bizi poesia barik.

Ez Olinpo eta ez jainko. Horixe zen, hain justu, Portusolo. Lurreko jendea, etxe arteko belar gainean; poesia galdekatzaile, zorrotz, eder, lurtar baten zirraran. Castrillo saxofoian, beste hiruek eman zituzten txiletarren olerkiak euskarazko itzulpen ederrean, eta gitarrarekin abestu zituen Garciak Violetarenak. Lagundu zioten Barandiaranek eta Landak ere. Poetaren indarrez egin zuten, buruz inoiz. Landak Nicanor ikaslearen larrutik: Zoratu egin gintuzten irakasleek/ harira ez zetozen galderekin. Nola batzen diren zenbaki konplexuak/ ba ote den armiarmarik ilargian. Eta Barandiaran, belarri ertzera, irakaslearenetik: tsarraren familia zelan hil zen/ ba ote liteke ahoa itxita kantatzerik?/ nork margotu zizkion bigoteak Giocondari/ zer izen duten Jerusalemgo biztanleek. (...)

Hitza hartu eta jendearengandik gertuago uzten zutela zirudien. Bihotz-gogoak lurrera gerturatzen dituela parratarren hitzetan datzan munduak. Nola mintzo zaizkigun askatasunaz,/ eta horixe bera falta zaiguna./ Nola eskatzen duten lasaitasuna,/ eta gu torturatzen agintedunak. Eta bizi-bizi errepika: Zer dio Erromako Aita Santuak/ bere usoa ikusirik hain lumatua?

Irakurraldien tarteetan anai-arreben bizitzetako pintzelkada batzuk eman zituzten; antipoesia, komunitate maputxeekin lotura, Violetaren Parisko ibilerak… Landak aipatu zuen azkena; latza dela, latza, Eskerrak bizitza idatzi zuenak bere buruaz beste egin izana hura idatzi eta gutxira, 1967ko negu urrunean. Kantatu zuen hura ere Garciak, Amets Arzallusen itzulpena –haren eta besteen bila ariko ginen gero, armiarmako atarian–. Eskerrak bizitza eman didalako/ begien kabi bat, nik zabaltzerako/ kolore guziak bazituelako/zeru altuetan izar gorri asko/ eta haien artean maitea han dago.

Une batean euri tanta finak hasi ziren, eta ezer gertatzen ariko ez balitz bezala jokatu genuen denok. Berehala agortu ziren tantak, amaitu zen gidoia eta jendea gehiago eskatzen hasi zenean, 17-etara bueltan berriz Garciak: Elkarri lotuz, elkarri,/ huntza bezala murruan,/ eta haziz doa, haziz,/ goroldioa harrian moduan. Bai, bai, bai....

Gauza ederra da zauden tokian eta denboran, beste inon izan nahi ez izatea.


ASTEKARIA
2018ko irailaren 02a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ea-ko poesia egunak
Eako poesia egunak
Nola egin leku kabitzen ez dakienari

Uztailaren 17-19 bitarteko asteburuan hartuko dute leku Eako Poesia egunek hamabigarren urtez. Poesia ardatz, askotariko emanaldiekin ondu dute egitaraua, “poesia ezin da kabitu” lelopean.


Eguneraketa berriak daude