Laborariek tresnak elkarbanatzen dituzte, zuk zergatik ez?

  • Elgarrekin NMEK. Lekua: Makea (Lapurdi). Bizibidea: Laborantza. Inguruko laborarien antolaketa: Elgarrekin NMEK (Nekazaritzako Makinen Erabilerarako Kooperatibak. Frantsesezko CUMA Coopérative d'Utilisation de Matériel Agricole). Sorrera: 1975eko abenduan sortutako NMEK-k Lekornen (Lapurdi) du lantegia.

Gazte makearra bezala, Iparraldean dauden NMEK gehienak laborantzara edo nekazaritzara bideratuta daude, baina antolatzeko moduak eta eskemak beste arloetara bideragarriak dira, lehen sektorera mugatu gabe.

Makeako pentzeetan da Antton Uhalde laborari gaztea, egunero bezala bere ardi eta behiekin lanean. Esnetarako ditu lehenak, eta haragitarako, berriz, bigarrenak. Hogeita bost urterekin, badira lau haurtzarotik etxean ezagututako bizibideari heldu ziola; aita erretretan izanik berak hartu baitzuen aziendaren ardura. Elgarrekin NMEKn da sartua gaur egun, etxean irakatsi zioten bezala, eta inguruko 150 laborarik ere hautatua duten moduan. Zehazki zer da NMEK edo CUMA bat?

Laborari eta nekazariek modu kolektiboan elkarbanatzen dute lanerako beharrezko duten tresneria. Horrela, ekonomikoki asko errazten zaie laborariei lanabesak erostea, ez baitio gastuari bakarrik aurre egin behar. Zonaldeka banatzen dira kooperatibak, eta beharren araberako materiala izaten dute. Elgarrekin NMEKn erosten den edo urtean zehar erabiliko den tresna bakoitzeko ez dute kide guztiek diru zati bat jarri behar izaten; laborari bakoitzak erabakitzen du zein material behar duen eta erabileraren arabera antolatzen dute ordainketa. Urtean kuota bat izaten dute aukeratutako makina bakoitzeko, eta ondoren langileak erabilera-orduen arabera ordaintzen du.

Onura ekonomiko eta soziala

Alde ekonomikotik garbi dago laborariari merkeago aterako zaiola materiala kolektiboan erostea; baina alde sozialetik ere badu bere puska. Laborariak bildu egiten dira, elkarrekin lan egiten dute, eta sare sendoak sortzen ari dira. Jabego pribatutik harago taldea osatu dute, eta taldean funtzionatzen dute.

Antolaketarako independenteak

NMEK-k ez daude beste erakunderen baten barruan, eta bata bestearengandik independente sortzen dira. Halere, izaten dute beste NMEKekin harremana, eta zenbait material erosteko bi edo hiruren artean ere egiten dute tratua. Elgarrekin NMEK-k 150 kide inguru ditu eta bi langile dauzkate denbora osoz, kooperatibarentzat lanean. Hauek antolatzen dituzte guztiek garai bertsuan behar izaten dituzten makinen ordutegiak, erabilera-orduak, eskatzen diren tresna berrien hautaketa prozesuak, materialaren mantenua eta abar.

Laborari bat, boz bat

NMEK-ko kide guztien artean hartzen dira erabakiak, eta erosketa prozesuek bere denbora behar izaten dute adostasunera heltzeko. Eztabaidak luze jo badezake ere, azken hitza du laborari bakoitzak, eta bozka bidez erabakitzen da zein material erosi. Hiruzpalau aukeren artean, bakoitzak modu irekian nahi duenari ematen dio boza, eta gehien lortzen dituena izango da aukeratutakoa.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Txanponaren beste aldeak
2016-02-07 | Lander Arretxea
Nori baino, norekin deitu

Bestelako kontsumo ereduak aipatzen hasi eta normalean lehenengo sektorea etortzen zaigu burura: kontsumo taldeak, bertako produktuak… Baina kontsumo kritikorako neurriak ez dira jan-edanera mugatzen. Azpiegitura erraldoiak behar dituen teknologia eta telekomunikazio... [+]


Txanponaren beste aldeak
Turismoa ez da zertan bisitarientzat soilik izan

Itsasoa usaintzera heltzen zara hemendik. Leku pribilegiatu batean nago oraintxe bertan, irakurle; Ondarroako Arrigorri hondartza nire magalean eta Saturraran bistaratzen dudala. Harkaitzen gainean kokatuta dagoen Alfa eraikinean nago, Arrigorri ostatu-jatetxean. Orain urtebete... [+]


2016-01-03 | Lander Arretxea
Emantzipazioa okupazioaz harago

35.466 etxebizitza huts Nafarroan, haietako 13.199 Iruñerrian. 2013koak dira datuak, baina ez dirudi hori asko aldatu dela pentsatzeko motiborik badagoenik. Eta bitartean, milaka lagun etxebizitza bat izateko aukerarik gabe: gurasoen etxea utzi ezin duten gazteak batzuk,... [+]


Txanponaren beste aldeak
Herritarrek gazteei mailegua interesik gabe

Ipar Euskal Herri barnealdea. Baxenabarre. 1966tik lanean den Euskaldun Gazteria taldeak 2009an eragin esparru berri baten beharra ikusita jada Zuberoan martxan den Gazteendako Aurrezkirako Lekuko Taldea (GALT) sortzeko hautua egiten du. Urte aldrebes samarrak bizi ditugu, ez... [+]


2015-12-06 | Lander Arretxea
Bi aldiz errentagarria den finantza erakundea

Aspaldi da han eta hemen finantza erakunde erraldoien kontrako iritziak entzun eta errepikatzen ditugula. Direla hipotekatako iruzurrak, direla preferenteak, ustelkeria kasuak… Baina hala ere, herritarron gehiengoak bertan gordetzen ditugu gure sosak eta aurrezkiak, kasu... [+]


Eguneraketa berriak daude