Mezularia zigortu nahi du Espainiako Gobernuak

  • 'Mozal Legea' izenez ezagutzen den Herritarren Segurtasunerako Lege proposamenak, protesta baketsu ugari zigortzeko bidea irekitzeaz gain, kazetaritza jarduna ere delitu bilakatuko du. Ez da Espaniako Estatuan informazio eskubideari eraso egiten dioten lehen aldia. Topatuko kazetari Iraitz Salegiren kasua da azkena, ekitaldi baten berri emateagatik kartzela zigorra eskatzen dute.

No Somos Delito ekimenak deitutako protesta bat, Madrilen.Carlos Delgado

Euskal Herriko 300 kazetari, argazkilari eta unibertsitateko irakaslek “Kazetaritza ez da delitua” manifestua sinatu dute. 59 hedabidetako kide hauek Mozal Legearen aurkako eta Iraitz Salegi kazetariaren aldeko jarrera hartu dute.

“Ez gaude prest legearen izenean informazio askatasuna nola desitxuratzen duten kontatzeko”, diote. Topaturen aurkako epaiketaren bitartez  kazetaritzaren lanbidea arazo bilakatu nahi duela ulertzen dute. “Guk, kazetariok, gizartearen arazoei irtenbidea bilatzen laguntzeko tresna izan nahi dugu”, aldarrikatu dute.

Salegirenaz gain, otsailean Espainiako Estatuan, kazetari lana egiteagatik atxilotuak edo epaitegira deituak izan diren Jaime Alekos eta Alicia Armestoren kasuak zabaldu dira. Lehena etxe kaleratze baten jarraipena egiten ari zela atxilotua Madrilen, eta bigarrenari beste etxe kaleratze batean barrez ari zen polizia baten argazkia sareratzeagatik salaketa jarri diote. Azken bi kasuokin Mozal Legea bera indarrean jarri aurretik bidea urratzen ari direla adierazi du Espainiako Kazetarien Sindikatuen Federazioak.

Zer dakar Mozal Legeak?

30.000 euro arteko zigorra izango dute etxe kaleratzeen galarazteak, Espainiako Kongresuaren aurrean egindako manifestazioak edo Poliziaren gehiegikeriak erakusten dituzten irudiak grabatu eta zabaltzeak. 600.000 euro artekoak eraikin publikoetan manifestazioak egiteak edo debekatutako manifestazioak aurrera eramateak. Mozal Legeak jasoko dituen neurri batzuk besterik ez dira horiek. Martxoaren bigarren astean Espainiako Senatuan onartuko dute azken orduko sorpresarik ezean, eta uztailaren 1ean indarrean sartuko litzateke.

Jorge Fernández Diaz Espainiako Barne ministroaren ustez, lege horrek “eskubide eta askatasun publikoak hobeto finkatuko ditu, herritarren segurtasuna hobeto bermatu eta legez kanpokoak edo indarkeriazkoak diren zein izaera bandalikoa duten jokaerak galaraziko ditu”.

Nazio Batuen Erakundeak Mozal Legea eta kode penalaren erreforma erretiratzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari otsail amaieran. “Modu baketsuan manifestatzeko eta era kolektiboan iritzia adierazteko eskubideak jendarte libre eta demokratiko baten oinarriak dira”, adierazi dute. Oposizio guztia aurka izan arren, aurrera doa, ordea, gehiengo osoa duen PP.

Euskal Herrian hainbat eragile hasi da gaia lantzen, Eleak mugimendua, Arabako Gazteak Altxa edo Herritarren Kriminalizazioaren Kontrako Plataforma kasu. Espainiako Estatu mailan No Somos Delito mugimendua gaia sozializatzen ari da.

Eleak mugimenduaren ustez, oinarrizko eskubide zibil eta politikoen ukazioa handituko du lege berriak. “Poliziari are botere, eskumen eta zigorgabetasun gehiago emango dizkio; delitu berriak nahieran ezarriko ditu; horiek zehatz definitu gabe utzi eta erabateko babesgabetasuna sortuko du; gogorrago baina ezkutuan zigortuko du”. Azken urteotan herri harresien bueltan lanean aritu den mugimenduaren ustez “disidentzia ororen aurkako arma hedakor eta trinkoa da; kalean, lehen lerroan eta egunero nahi adina erabiltzeko diseinatua”.

Kazetaritza ere jomugan

Protesta bera zigortzearekin batera, hauei buruz informatzen dutenak ere jarri ditu begi puntuan Espainiako Gobernuak. Legean zehazki jaso dute ezingo dela agenteen irudirik zabaldu horien baimenik gabe.  Horrez gain, Barne ministroak adierazi du Poliziak aukera izango duela kamerak errekisatzeko, ekintza “ilegalak” egiteko badira edo Poliziaren lana egiteko oztopo direla uste badute.

Mugarik Gabeko Erreportariak elkarteko kide Malen Aznarezek kazetariei beren lana egiten jarrai dezaten eskatu die. “Lege honen aurka gaude eta gobernuko alderdia aldatzen bada, derogatu egingo dutela espero dugu, baina bitartean kazetariei informatzen jarrai dezatela eskatzen diegu, manifestazio eta eskratxeak jorratzen. Guk lege honekin egingo diren zapalkuntzak salatzen indarra jarriko dugu eta hedabideen jabeei eskatzen diegu beren profesionalak babes ditzatela”.

Kazetarien elkarte, sindikatu eta eskolen gehiengoak adierazpen eta informazio askatasunarekin talka egiten duten lege honen aurka hitz egin du.

Nazioartean ere antzeko bideak

Europar Batasuna ere herritarren informazio eskubideari eragingo dion neurri multzoa prestatzen ari da 2013tik hona. Filtrazioen aurka jarriko dituzte indarrak, Corporate Europe Observatory irabazi asmorik gabeko elkarteak.

“Enpresen izen ona kaltetuko lukeen edozein informazio edo barne dokumenturen eskuratzea, erabiltzea eta legez kanpo argitaratzea” zigortu nahi dutela salatu dute.

Europako Batzordeak sekretu komertzialari buruzko zuzentarau hau aurrera ateratzen badu, europarrak izango dira kaltetuak beren ustez, “informazioa beharrean enpresen komunikatuak jasoko baititugu”.

Frantziako Estatuan lehen saiakerak kale

Joan den urtarrilean Frantzian antzeko arau bat atzera botatzea lortu dute kazetari, prentsa elkarte, hedabide, erredakzio kontseilu, agentzia, blogari eta GKE ugarik. Macron Legean isilpean eta azken orduan sartu zuen Gobernuak “sekretu komertzialari” buruzko emendakina. Teorian industria espioitzaren aurka egiteko zela esan zuten arren, hiru urteko kartzela zigorrak eta 375.000 euro arteko isunak ezarri nahi zituen “autorizaziorik gabe babestutako informazioaren ezagutza lortu, hau desbideratu edo argitaratzen du’tenentzat”.

Gainera, zigorrak zazpi urteko espetxealdira eta 750.000 euroko isunera igo zitezkeen “Estatuaren segurtasunaren aurka edo Frantziako oinarrizko interes ekonomikoen aurka atentatua” eginez gero. Frantziako kazetarien iritziz, emendakin horrek debekatu nahi zuen enpresentzat balioa duen edozein dokumentu argitaratzea. Enpresak erabakiko zukeen zer argitara dezakeen kazetariak eta zer ez. Eta kazetariak edo beren iturriak kartzelara joan zitezkeen interes orokorreko informazio bat argitaratzeagatik.

Zentsuraren hurrengo kate begia

Mozal Legea onartu aurretik ere ugariak izan dira informazio eskubidearen aurkako erasoak Euskal Herrian. Espainiako Auzitegi Nazionalak aginduta hainbat hedabide itxi izan dute: Egin egunkaria, Egin irratia, Egunkaria, Ardi Beltza aldizkaria, Apurtu.org gunea eta Ateak Ireki berbarako. Egineko zuzendari ohi Xabier Salutregi kartzelan da oraindik.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Mozal legearen mehatxua
Artxibatu egin dute Ahotsa.info-ko kazetari bat gezurrekin salatu zuen udaltzainaren aurkako kereila

2021eko protesta batean Poliziaren jarduna grabatu eta zabaltzeagatik, Mozal Legea urratu izana leporatu zion udaltzainak kazetariari. Salaketan hainbat gezur esan zituen agenteak, grabatutako bideoan egiazta daitekeenez. Agiriak faltsutzeagatik kazetariak kereila jarri zuen... [+]


2023-03-15 | Axier Lopez
Espainiako Gobernuak ez du hitza bete: Mozal Legeak indarrean jarraituko du

2015ean PPk gehiengo absolutuz ezarri zuen Mozal Legea. Oinarrizko zenbait eskubide urratzen dituen arau sorta horrek kontrakotasun handia bildu zuen Espainiako Estatuko mugimendu sozial eta alderdi politikoen artean, baita nazioartean ere. Lege hori "ezbairik gabe derogatu... [+]


Otsaileko lehen osoko bilkuran onartu nahi dute Espainiako Kongresuan 'Mozal Lege' berria

Dagoeneko erreformaren %96 adostuta dute Espainiako Kongresuan erreforma lantzen ari diren alderdiek, eta datorren astean akordio batera iritsiko dira, El Plural.com-en irakurri dugunez.


Laudioko Gaztetxearen aldeko elkartasun jaialdiak antolatu dituzte Laudion, Bilbon eta Gasteizen

Laudioko Gaztetxearen kaleratzearen ondorio ekonomikoei aurre egiteko elkartasun jaialdiak antolatu dituzte Orbeko Etxean, Zazpi Katu Gaztetxean eta Gasteizko Gaztetxean. Ertzaintzak 'mozal legea' ezarri zien sei gazteri ekainaren 13ko protesten harira, 4.000 euroko... [+]


2022-12-16 | Iñaki Agirre
“Ez dugu ekimen erreformistarik nahi, Mozal Legearen indargabetzea eskatzen dugu”

Hogei eragile sozialek baina gehiagok eginiko deialdiak dozenaka pertsona bildu ditu ostegun ilunabarrean Donostian adierazpen askatasuna aldarrikatu eta Mozal Legearen indargabetzea eskatzeko. Lege horren bitartez, Hego Euskal Herrian 2020tik hona 30.000 zigor baina gehiago... [+]


Eguneraketa berriak daude