"Etorkina egun lehiakide da, eta talka dator, xenofobiaren arriskua"

  • Iruñeko Jarauta karrikako etxabe ilun eta mehar batean du egoitza Etorkinek, beste herrialdeetatik etorritako herritarrei lege-aholkularitza ematen dien elkarteak. Rafael Paredes bertako abokatuaren esanetan “etorkinak lan egiteko irrikaz daude”.

“Iñigo Allí kontseilariak iruzurra zegoela esan zuen. Ondorengo ikerketek %0,7ko iruzur eskasa erakutsi zuten”.
“Iñigo Allí kontseilariak iruzurra zegoela esan zuen. Ondorengo ikerketek %0,7ko iruzur eskasa erakutsi zuten”.

Diru sarrera eskaseko etorkinak, justiziaren gastuak ordaintzeko modurik ez dutenak, hartzen dituzte Iruñeko Etorkinen bulegoan. 27.000 bisita baino gehiago jaso dituzte 2009an lanean hasi zirenetik. Lantaldean liberatu bakarra dago, Rafael Paredes abokatua, eta psikologo baten eta zenbait boluntarioen laguntza jasotzen dute. Bertara jotzen duen nornahiri zabaltzen dizkiote ateak, nongoa den edo ze izena duen galdetu beharrik gabe. Etorkinen sufrikario eta pozen testigantza zuzena jasotzen dute Etorkinen, aurreiritzi eta estereotipoak alboan utzita.

Gasteizko alkateak agertu du etorkin batzuei, magrebtarrei kasu, oinarrizko errenta jasotzeko baldintzak gogortu behar zaizkiela, laguntzei esker bizi nahi omen dutelako.

Ez dugu adierazpen hauei aurre egiten asmatu. Edo administrazioak ez du bere lana taxuz egiten, edo alkatea gezurretan ari da. Magrebtarrak eta beltzak laguntza horiek kobratzeko kinkan badaude, kobratu ditzatela. Eta gabeziak Gasteizko batek baldin baditu, edo Laguardiako beste batek, jaso ditzala eta kito. Baldintzak betetzen dituztela? Laguntza merezi dute. Adierazpenok asmo txarrez egiten ditu, botoak irabazi nahi dituelako. Zerbitzu hauengatik ere gizartean norgehiagoka baitago. Bertakook ere gizarte-laguntzen premia dugu, eta alkateak esaten digu beste horiek kentzen dizkigutela. Etorkina, egun, lehiakide bat da. Mahats bilketan, adibide bat jartzearren, lehen ez bezala hemengo jendearekin elkartzen dira, eta talka dator, xenofobiaren arriskua.

Eta iruzurrik balego?

Nafarroan ere Iñigo Allí kontseilariak iruzurra zegoela esan zuen. Ondorengo ikerketek %0,7ko iruzur eskasa erakutsi zuten. Salaketa hauekin baliabide gutxiko jendearen botoa lortu nahi dute. Nondik ateratzen ditu botoak Le Penek Frantzian? Gure buruzagi hauek ez dira ohartzen suarekin jolasten ari direla. Arabako Diputazioko presidentea eta Gasteizko alkatea arduragabe hutsak dira.

Etorkinek osasun zerbitzuak ere behar baino gehiago erabiltzen dituztela esan ohi du zenbaitek.

Hori faltsua da. Gehienetan gizon eta emakume gazteak direnez, osasun-zerbitzuak gutxien erabiltzen dituzten hiritarrak dira. Are gehiago, Espainiako Gobernuak, paperik ez edukitzeagatik edo lanik gabe egoteagatik, doako osasun zerbitzuak jasotzeko eskubidea kendu die. Eta hau erloju-bonba bat da. Administrazioak ez ditu kontrolatzen hemen ezagutzen ez ditugun gaitzekin jotako jendea, gaitz tropikalekin gehienak, ebola kasu. Ez al da sen onekoa guzti hori kontrolpean izatea? EAEko eta Nafarroako ospitaleetan, behinik behin, oraindik artatzen dituzte.  

Gurea bezalako krisi egoera batean zein da oinarrizko errentaren garrantzia?

Funtsezkoa da. Nafarroan murriztu eta murriztu ari dira. 2012 urtera arte errenta nahiko duina genuen: ez zituzten pertsonak egoera administratiboengatik bereizten, eta urtebetez hemen bizi izatearekin aski zuten. UPN eta PSNren koalizio gobernuarekin, Elena Torres sozialista Ongizate Departamentuko burua zela, murrizketak hasi ziren: bi urteko erresidentzia, paperik gabekoen bazterketa... Lotsatzeko modukoa bada ere, sozialistak joatearekin batera arindu zituzten baldintzetako batzuk. Orain, adin txikikoen ardura bere gain duten familiek laguntza jaso dezakete, paperak eduki ala ez. 2012ko egoerara bueltatu beharko ginateke, gutxienez.

Saharaz hegoaldeko etorkinen egoera zuzenean ikusteko aukera duzue. Nolakoa da?

Immigrazioa arras fenomeno konplexua da, eta anitza. Txinatarren edo pakistandarren immigrazioa ez da berdina. Hegoamerikarrak, jeneralean, abioiez etorri ziren; Saharaz hegoaldekoak, txalupaz edo Melillako hesitik gora salto eginez, basamortu erdia baino gehiago oinez edo ahal izan duten moduan gurutzatu eta gero. Latinoak klase ertainekoak ziren batik bat, hona etortzeko 5.000 dolar inguru bildu behar zituzten, eta Bolivia bezalako herrialdeetan hilean 200 euro jasotzen dituzte batez beste. Zeinek ordaindu zezakeen, bada, bidaia? Txiroenek ez. Ghana, Mali, Liberia, Kamerun edo Senegaleko etorkinak, berriz, pobre-pobreak dira, sorterrian utzi duten familia diruz laguntzeko zamarekin datozenak. Eta afrikarrentzat familia ez da aita-ama eta seme-alabak. Han familiaren kontzeptua askoz zabalagoa da.

Saharaz hegoaldeko etorkinez solas egiterakoan mafiak aipatzen dira. Mafiak dira penintsularaino hurbiltzen dituztenak, mafiak dira karriketan saltzen dituzten produktuen gibelean ezkutatzen direnak...

Inondik inora. Uste baino mafia gutxiago dago. Han uzten dituzten senideengatik datoz hona. Euren herrialdeak nola dauden ikusi besterik ez dago: Niger, Mauritania, Ghana, Kamerun, Ginea Conakry, Mali. Familiengatik euren buruak arriskuan jartzen dituzte. Niri kontatu didate nola, udan bertan, Ozeano Atlantikoan, txalupan lagunak hotzaren hotzez hiltzen ikusi dituzten. Eta itsasora jaurtitzen zituzten gorpuak, txalupan leku gehiago izateko. Pateretako jabeek 100-200 euro-edo kobratzen dizkiete, baina beraiek familiak laguntzeko etortzen dira.

Gurera iritsita, Europarekin zituzten aurreikuspenak betetzen zaizkie?

Ez, ez dira betetzen. Baina paperak lortzeko sei urtez zain ibili zen Senegaleko etorkin batek esan zidana errepikatuko dizut: “Rafa, ni hemendik ez noa. Belarra jango dut gutxienez, baina ez noa”. Saharaz hegoaldekoak ez datoz, orokorrean, diru apur bat biltzera edo bizitza-proiektu bat aurrera ateratzera, espainolek atzerrian, Alemanian edo Frantzian, egiten zuten moduan. Bizitza arriskuan jarri dute hona etortzeko. Nola itzuliko dira zer jateko ez duten leku batera? Ez dauka zentzurik. Beren ilusioa sorterrira abioiez joatea da, oporretan, senide guztientzako opariak daramatzatela. Ez doaz bertan gelditzera. Familiaren diru-sarrera nagusia dira. Afrikan ez dago Gizarte Segurantzarik, ezta antzekorik ere.

Eta zein da gutaz duten irudia?

Niri esaten didate euskaldunak bezalakorik ez dagoela. Eta ahalko balute denak gurera etorriko liratekeela. Hotzak, hori bai, atzera eginarazten die. Telebistatik beltzen oso irudi negatiboa igortzen digute. Melillako hesira igotzen diren 40 gizonak gu inbaditzera datozela dirudi. Eta azken 10 urtetan 30.000 inguru sartu dira bakarrik. Krisia baino lehen, Boliviatik, egunero 3-4 abioi iristen ziren, topera beteta. Ekuadorreko milioi bat etorkin izan ditugu, Errumaniatik beste milioi bat, 400.000 boliviar... Eta lau beltz datoz eta ez dago beraientzat lekurik?

Administrazioarentzat etorkin onak eta gaiztoak daude?

Noski baietz. Gaiztoak laguntzak eskatzen dituztenak dira. Eta, benetan esaten dizut, lan egiteko irrikaz daude. Atzo oinarrizko errenta jasotzen duen afrikar bat etorri zen bulegora. Pozez gainezka zegoen, aldi baterako lanerako enpresa batek hilabeteko kontratua egin ziolako. Loteria tokatu izan balitzaio bezala sentitzen zen. Nahiago dute, mila bider, lan egitea laguntzak jasotzea baino. Egia da batzuetan magrebtarrekin talka ematen dela. Eta egia da ere beraiek ere pittin bat ireki beharko liratekeela, ezjakintasunak mesfidantzari bide ematen diolako. Gasteizko alkatea ez da tentela, eta badaki nora apuntatu, gizartean magrebtarren aurkako jarrerak baitaude.

Azkenaldian, Caritasek txosten bat karrikaratzen duenean, ematen du talde iraultzaile batek atera duela.

Caritasek betidanik esan duena errepikatzen du: pobreen kopurua zein den, pobreziaren ezaugarriak zeintzuk diren, zer egin daitekeen pobreziari aurre egiteko, nola eman diezaiekegun duintasun apur bat pobreenei... Baina noski, egunez egun geroz eta murrizketa gehiago baldin badaude, eta behar gorrian dagoen jendeak murrizketak pairatzen jarraitzen baldin badu, Caritasen zenbakiak ez dira boterearen gustuko izanen. Nola iritsi gara egungo egoerara? Nola pasatu gara 4 milioi pobre izatetik 8-10 milioi pobre izatera? Tristea da Caritas iraultzailetzat jotzea neguan etxeetan elektrizitatea ez mozteko eskatzeagatik. Gure gizartean bertan oso ongi bizi diren hiritarrak daude, hilero 2.000-3.000 euro poltsikoratzen dituztenak, eta gogaikarria egiten zaie ikastetxera doazen haurren %25 gosaldu gabe doala jakitea. Diskurtso ofiziala hausten duten berrien arduradunak errudun bilakatzen dira.

Etorkinak beharrezkoak dira gure bizitza-kalitateari eusteko?

Nork zaindu behar ditu gure aiton-amonak? Nork garbitu behar ditu gure etxeak? Etxeko lanetan diharduten Latinoamerikako emakume asko oso gaizki pasatzen ari dira.  Modu lotsagarrian esplotatzen dituzte. Komunikabideetan, berriz, “Neskame batek atso baten bitxiak lapurtu ditu” bezalako titularrak agertzen dira, eta amaierarik gabeko lanorduak, jasan behar dituzten irainak, soldata irrigarriak isiltzen dituzte. Hemen kasu asko hartu izan ditugu. Eta burua makurtu beharrean izaten dira euren sorterrian seme-alabak utzi dituztelako, aiton-amonen edo senideen esku, eta aitak bere eginkizunei muzin egin dielako. Emakumeen artean egoera oso larria da, gizonena baino gaitzagoa, eta inork ez dio horri erreparatzen.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Errefuxiatu krisi globala
2024-02-29 | Euskal Irratiak
Otsailean 600 migratzaile lagundu ditu Irungo Harrera Sareak

Migratzaileen kopurua anitz emendatu da Irun eta Hendaia arteko pasabidean. Irungo Harrera Sareak ohartarazi duenez, otsailean 600 pertsona lagundu dituzte, iaz, urte osoan 2.700 izan zirelarik. Iragan urtarrilean, 2.700 etorkin heldu dira Kanariar Uharteetara, egunero 80... [+]


Egunean hemezortzi migratzaile hil ziren bataz beste iaz Espainiako Estatura iristeko ahaleginetan

Caminando Fronteras gobernuz kanpoko erakundeak “Monitoreo Derecho a la Vida” txostenaren edizio berrian egindako balantzea da: 6.618 hildako izan dira mendebaldeko Muga Euroafrikarrean; horien artean, 384 haur.


2023-09-29 | ARGIA
Frantziako Gobernuak Bidasoako muga ixtea ez dela zilegi berretsi du Europako Auzitegiak

Europako Justizia Auzitegiak (EBJA) erabakia hartu du mugako barne-kontrolak berrezartzeko Frantziako Gobernuaren politikari buruz. Bidasoaren mugan ohikoak diren zenbait praktika. hala nola muga igarotzeko debekuak eta berehalako itzulketak, ez direla legearen araberakoak... [+]


Hil gaitzazue

2021eko abuztuaren 15ean, talibanek Kabul mendean hartu zutenean, milaka afganiar ihes egiten saiatu ziren. Soilik hilabete hartan, 35.000 pertsona baino gehiagok zeharkatu zuten Pakistango muga, eta 2022. urtea hasi orduko 145.000 ziren beste aldean. Aldiz, gertakari horien... [+]


2023-08-21 | Hiruka .eus
Pertsona guztien erroldatzea bermatuko duen protokoloa eskatu du Marea Horiak

Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak urteroko Marea Horia izeneko mobilizazioa egin du zapatuan, Plentzia eta Gorlizko hondartzetan. Horietan bildutako lagunek salatu dute mundu osoko milioika pertsonak, euren jatorrizko herrialdeak utzi eta Europara iritsi nahian,... [+]


Eguneraketa berriak daude