Argiazaleon Topaketa

Argiazaleon Topaketa (Arg: Dani Blanco)
Argiazaleon Topaketa (Arg: Dani Blanco)

Usurbilgo frontoian bilduta, lankide, lagun, kolaboratzaile, harpidedun eta irakurleekin patxadaz hitz egiteko tarteren bat hartu nahian eseri ginen eguerdian. Gorputz eta buru geureganatzeko Asisko Urmenetari eskatu genion laguntza, eta lehendabizi hitz eta irudi bitartez joan ginen marrazten Argia. Suzko gezia jaurtitzeko prest, pertsonaia mitologiko itxurako emakumea izan litekeena. Babesa. Indarra. Bizia. Sua. Argia.

Eta hasi ziren gure lau kide, irudiaren elementu bakoitza, banan bana askatu eta azaltzen. Sutan dagoen gezia, esan zuen lehendabizi Lander Arbelaitzek. Euskara oinarri duen komunikabidea irudikatu zuten horrela, eta ekarri zituzten gogora hedabide elebidunen Euskal Herrian euskarari egindako ekarpenak: Euskaldunon Egunkariaren sorreran Argiak izandako paperetik hasi eta gaur interneteko webgunean eskaintzen diren euskarazko hamaika dokumentu eta materialetaraino. Baina suzko gezia ere puska txikiagotan egin zuen Nora Barrosok eta begiratu zion puntari. Argiaren independentzia, burujabetza. Baina nola jaurti gezia arkurik gabe? Nola zabaldu Argia harpidedunik gabe? Nola egin Argia independentea babes ekonomikorik gabe? Kolaboratzailerik, irakurlerik gabe? Eta geroz eta handi eta sendoago egin arkua, su jaurtitzailea indartsuagoa izango da, “Argia egiten dugun guztiok baikara tiratzaileak”, aipatu zuen Estitxu Eizagirrek.

Zaldi gorputzarekin irudikatu zuen emakumea Urmenetak, oinarri sendokoa, eta gaurko hogeita sei langileak jarri zituzten hezurduran. Goitik beherako gorputz egituraketari, baina, buelta eman nahi izan zioten enpresaren estrukturaz hitz egitean, horizontaltasuna izan baitzen hitz gakoa. Soldaten parekatzea eta gardentasuna. Eta hori lana bizitzeko eta bizitza lanarekin uztartzeko moduarekin lotuta dago, baloreetan oinarritutako lantokian lan egin nahi baitugu. Eta balore horiek dira gezia jaurtitakoan erre nahi ditugun elementuak, eta Argiazale guztiok balore horiek jomuga izatea nahi dugu.

Iraitz Agirrek ireki zion bidea talde txikitan egiteko prestatutako eztabaidari, eta guztion esku utzi zuen Argia zabaltzearen konpromisoa, bakoitzak bere lekutik.

Hiru galdera bota genizkion irakurleari: Nolakoa da zure harremana Argiarekin? Zeintzuk dira sail gogokoenak eta zer botatzen duzu faltan? Zer egin liteke auzoetan, herrietan, Argia hurbildu eta zabaltzeko? Eta ireki zen eztabaidarako txanda. Bospasei laguneko taldetxoetan banatuta, langile, kolaboratzaile, irakurle, bakoitzak bere ideiak eta ikuspuntuak komentatzeko aukera eduki genuen. Puntuz puntu bildu genituen ateratako proposamen eta iritziak, eta ondoren mahai bakoitzeko dinamizatzaileek guztioi azaldu zizkiguten eztabaidatutako gaiak, aukerak eta proposamenak. Oso kontutan edukiko ditugu. Eskerrik asko, beraz, orduan esan genuen moduan, parte hartu zenuten guztiei.
 


ASTEKARIA
2014ko urriaren 05a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Argia Eguna
Zuek gabe ez legoke Argia Egunik

Zorionez, ARGIAn badugu txoko hau eta probestu nahiko genuke pasa berri den urriaren 7an Gasteizko Argia Eguna aurrera atera zedin modu batera edo bestera lagundu diguten guztiei eskerrak emateko. Euskaldunok hitz gutxikoak omen gara, eta eskerrak ematea ere asko kostatzen omen... [+]


Argia Eguna
Komunitate oso batek bultzatutako kazetaritza independentea

Ospatu dugu Gasteizen Argia Eguna. Kataluniako anabasa guztiaren erdian, buruak ekarri ditugu gurera, eta laugarren urtez Argia Jendearekin gozatzeko aukera izan dugu Arabako hiriburuan.


2017-10-10 | Dani Blanco
Galeria: Argia Eguneko irudi onenak

Urriaren 7an Gasteizen ospatu genuen Argia Eguna hango eragiel eta lagunekin elkarlanean eta komunitate osoa bilduta, kazetaritza independentea babesteko helburuz. Hemen egunak utzitakoa iruditan.


Eguneraketa berriak daude