Euskal prentsa aldarrikatzeko talaia 80ko hamarkadan

  • Bi hamarkadako etenaldiaren ondoren aurten berriz ospatuko da Argia Eguna, Usurbilen irailaren 27an. 1982an egin zen lehen aldiz, astekaria herritarrengana hurbiltzeko eta euskal prentsaren beharra aldarrikatzeko.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza
2014ko irailaren 07a
1989ko kartela, euskarazko egunkaria sortzear zela.
1989ko kartela, euskarazko egunkaria sortzear zela.ARGIA

Irailaren 27an zita garrantzitsua duzu argiazale, Usurbilen: Argia Eguna ospatuko dugu eduki bete ekitaldiz eta festa giroan. Oso bestelako garaian eta asmoz berrituta helduko diogu erronkari, baina 80ko hamarkadako Argia Egunen xede berarekin: gure proiektu komunikatiboa herritarrekin konpartitzea.

Argia Eguna egiteko ideia ez da herenegungoa. Donostian argitaratzen zen Argian –ez nahastu astekari honen arbaso den Iruñeko kaputxinoen Zeruko Argiarekin– irakurle batek aldizkari hori sortu zen egunari “Argia Eguna” deitzea proposatu zuen 1932an: “Azken urte abetan, jai beri asko sortu dira. Zuaitz eguna, aurezki eguna, idazti eguna, aberi eguna… Ondo ez derizkiozu?”.

Mende erdi eta diktadura bat geroago, 1982an, halako egun bat antolatzeko beharra ikusi zen. Agian 1981ean Donostiako Balda pilotalekuan egindako 1.000 lagunentzako bazkariaren arrakastak hauspotuta, baina batez ere euskal prentsaren egoera prekarioak bultzatuta, ekin zitzaion Argia Egunari.

Frankismo ostean, ia erabat gazteleraz aritzen ziren aldizkari eta egunkari abertzaleen sorrerak euskarazko aldizkariak kolpatu zituen. Anaitasuna 1982an itxi behar izan zuten arazo ekonomikoek bultzatuta, eta zerutiar izateari utzi zion Argia berriak ere neguko lorea zirudien. Baina hainbaten esfortzuari eta askoren laguntzari esker iraun zuen.

Urte hartako azaroaren 28an mahaiak jarri zituzten hainbat auzo eta herritan aleak saldu eta harpidetzak egiteko. Hurrengo urteetan Argia Egunak gero eta indar handiagoa hartu zuen. 1984an Astigarragan bazkaria eta arratsalde-pasa antolatu zuten bertsolari eta gaiteroekin. Bertso paper sariketa ere egiten hasi ziren. 1986an 180 mahai zenbatu zituzten Euskal Herri osoan, 1987an jadanik 300 baino gehiago ziren, herrietako euskaltzaleen laguntzaz jarriak. Astekariaz gain, Euskal Kulturaren Urtekaria, Txisteka-Misteka kasetea, egutegia eta beste hainbat produktu izaten ziren salgai. 

80ko hamarkadan euskal prentsa bi aldagairen inguruan zentratu zen. Batetik, Eusko Jaurlaritzari diru-laguntzak igotzeko eskatu zitzaion behin eta berriz, “komunikabide diglosikoen porrota” argudiatuta. Bestetik, euskarazko egunkaria sortzeko abagunea gero eta errealagoa zen –Argiak hamarkada osoan metatutako esperientzia eta baliabideak Euskaldunon Egunkaria sortzeko erabili ziren–. 1989an Argia Egunak Euskal prentsaren eguna leloa zeraman. Urte horretan banatu ziren lehen aldiz Argia Sariak eta pixkanaka astekariaren urteroko zita nagusi bilakatu ziren.

Azkeneko Argia Eguna 1992an egin zen. Bi astez luzatu zen, Donibane Lohizunen astebete geroago egin baitzen. Euskal Kulturaren Urtekariaren 5.000 ale saldu ziren eta egutegia agortu egin zen. Goizuetan Amaia Zubiria, Txomin Artola eta Ortzi taldeak 500 lagun bildu zituzten, Gasteizen bertso saio bikaina egin zen, Oiartzunen haurrentzako egun-pasa…

22 urteren ondoren, Argiak euskal jendarteko sarea aktibatu nahi du berriz ere, ospatzeko eta laguntza jasotzeko premia bera baita atzokoa eta gaurkoa.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Argia Eguna

Argia Eguna kanaletik interesatuko zaizu...
ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude