Antzerki kritikariaren azalean

  • Kritikoari gorroto. Mahai-ingurua

Kritikoari gorroto. Hala zuen izena Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak (EHAZE) Esperientzixak jardunaldiaren baitan antolatutako mahai-inguruak. Bertan izan ziren, gorroto horren jomugan eta mikrofonoaren parean, egun antzerki kritika euskaraz egiten duten kazetari bakarrak: Agus Perez (Berria) eta Jaime Valverde (Gara). Hori bai, Karlos del Olmo moderatzaileak argitu zuenez, “maitasuna da gorroto guztien abiapuntua”.

Agus Perez Euskaldunon Egunkaria sortzearekin batera hasi zen antzerki kritikak idazten, eta bolada luzean euskarazko kritikari bakarra izan da. Epailearena baino, kritikariari laguntzailearen lana dagokiola argitu zuen. Jaime Valverde aldiz, hasiberria da, zortzi antzerki kritika soilik argitaratu baititu. Bere hitzetan, kritika ezinbestekoa da, “on egiten duen kaltea”.

Hizlariek eta moderatzaileak aitortu zutenez, txikia da euskal antzerki sistema, eta ia denek ezagutzen dute elkar. Hori dela eta, Perezek konpainia izaten du gogoan kritikak egiten dituenean, euskalduna denean batez ere. “Antzezlana prestatu dutenek merezi dute kanpoko irakurketa bat”. Bestalde, irakurleari begira, “irakurgarria” den testu bat idaztea izaten du helburu. Valverderen iruzkinek aldiz, funtzio pedagogikoa dute. “Irakurleari antzezlana gustatuko zaion edo ez adierazten saiatzen naiz”.

Biek ala biek antzerkia ikusi eta berehala idazteko ohitura dute, egunean bertan edota hurrengo goizean bestela. Hala ere, zenbat eta denbora gehiago igaro, orduan eta hobeto barneratzen duela antzezlana nabaritu du Valverdek. “Beranduago idatzi ditudan kritikak izan dira sentsazio onenak eman dizkidatenak”.

Perezek dokumentazio lan handia egin behar izaten duela aitortu zuen: “Lehen nire balizko jakiturian bilatzen nuen informazioa, orain internetek asko erraztu du lan hori”. Adituekin hitz egitea ere atsegin du, euren iritzia kontuan hartzeko. Valverderi arrebak laguntzen dio testuak errazago egiten, mundu akademikotik datorrenez, esaldi luze eta korapilotsuak idazteko joera baitu.

Hizlarien azalpenek kritikariaren lan “bakartia” ulertzen lagundu zien eserlekuetan eroso jarritako aktore eta antzerkizaleei, baina ez hizlarien azalpenek bakarrik. Izan ere, ariketa bitxia proposatu zuen Karlos Del Olmok: irakurketa dramatizatua ikusi ostean, ikusleek horren kritika egin behar izatea; ikusleak kritikoaren azalean jartzea, alegia.

Xabier Lopez Askasibarren Piztu gabeko zigarroak antzerki laburra izen zen aukeratutako testua, Edipo eta Yocastaren mito klasikoa gaur egunera ekartzen duena. Maite Arrese eta Mikel Martinez aktoreek euren ahotsarekin gorpuztu zuten antzezlana, jatorrizkoan bi bakarrizketa paralelo direnak testu bakarrean uztartuta.

Irakurketa amaitzean, isiltasunean murgildu zen aretoa, moderatzaileak xaxatuta zenbaiti kritikari sena piztu zitzaion arte. Gehientsuenek jatorrizko testua txalotu eta irakurketaren gehiegizko abiadurari erreparatu zioten, eta aktoreek ere izan zuten euren proposamena defendatzeko aukera. Amaitzeko, eztabaida horietan murgilduta zirela, kritikoaren lanari buruzko esaldi borobilena bota zuen Ramon Agirre aktoreak: “Kritikoari, egurra eman behar duenean ere, antzerkia maite duela nabaritu behar zaio”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Antzerkia
2024-02-28 | dantzan.eus
Lau pastoral plazaratuko dira 2024 urte honetan

Aurtengo urtea emankorra izango da pastoralei dagokionez, lau pastoral emango baitira; bi Zuberoan eta beste bi Zuberoatik kanpo: Iruñean (Nafarroa) eta Xarneguko (Lapurdi-Nafarroa Beherea) zonaldean. Gure herriko lau historia ezagutaraziko dira oholtzan antzerki,... [+]


Xabin Fernandez eta Intza Alkain. 'Kanpora sartzen' antzezlana
"Zuen bizitzan lehen aldiz, herrian ikusiko duzue GIBa"

2013an, medikuaren telefono deia jaso zuen Xabin Fernandezek (Legorreta, Gipuzkoa, 1985). Diagnostiko garbia eman zioten: GIBa. “Seropositiboa zara”. Bizitzak 360 graduko buelta eman zion orduan. Mamuak agertu zitzaizkion: beldurra, amorrua eta lotsa, besteak beste... [+]


2024-02-13 | Euskal Irratiak
Oier Araolaza
"Libertimenduak herrietako harremanak erregulatzeko eta egituratzeko tresnak dira"

Nehoiz baino negu epelagoa izanik ere, ihauteek udaberriari dei eginen diote. Ihauterietako asteburu gotorrena heldu da. Irisarrin Donibane Garazin, Donostiako Añorga auzoan edota Iruñean libertimenduak izanen dira, Irurin maskaradak eta Lapurdiko hamaika herritan... [+]


Eguneraketa berriak daude