Basoaren belarriak

Nemi aintzira,  XVIII. mendeko margolan batean.
Nemi aintzira, XVIII. mendeko margolan batean. John Robert Cozens
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Urteko egun luzeenen sasoi honetan, baratze, soro, belaze, sagasti eta abarretako lanak aurreratuta izanez gero, mendi-gailurretara igotzeko gogoa pizten du giroak. Laster, egunak laburtu eta laburtu hasi ahala, etorriko dira udako egun beroenak, eta, tontorrerako bidea hartu ordez, erreka zulo eta basoetako bidezidorrak kilikagarriagoak izango dira. Baita idazleentzat ere. Kinto Horazio Flako (K.a. 65-8) poeta erromatar errealista eta praktikoak ederki esan zuen: “Idazleek, den-denek, salbuespenik gabe, basoak maite dituzte”. Berarena, behintzat, ulergarria da, eguneko uztaren zale porrokatua zen, Carpe diem.

Basoan, bere lana irakurriz gero, baten batek entzungo duela badaki idazleak, hainbeste izaki bizi da bertan. Basoak belarriak dituela esan ohi da... Europako kultura ugaritan txertatutako sinesmen hori John Heywood (1497-1580) poeta musikariak idatzi zuen: “Basoak belarriak ditu, eta landak begiak”.

Botanikan eta erlijioetan jakitunetan jakintsua zen Jacques Brosse (1922-2008) filosofo frantziarrak basoari buruzko idatzi ederrak sortu zituen. Haietako batean jaso zuen garai bateko elizgizonek latinez Aures sunt nemoris esaten zutela, basoak belarriak dituela, alegia. Baso soila adierazteko silva edo lucus erabili beharrean Nemus, baso sakratua, erabiltzen zuten. Hori irakurtzen, kaskezurreko oroimenaren txokoa iraulika hasi zait: Italiako Genzano di Eroma herrian, duela urte batzuk, “gaztetxe” bateko ameslari batzuen asmo abangoardista: lorategi botaniko abandonatu baten berreskurapena zela medio, jendartearen dinamika, gaixo eta baztertuen integrazioa, sormena talde lanean sustatzea, ondarea aintzat hartzea eta abar aberats bati ekiten. Haiekin elkarlanean ari nintzela, ondoko aintzira baten inguruko basoan, ibilaldi bat, gauez. Tarteka jendeak bere kontuak besteoi kontatzen. Italieraz, zipitzik ere ez nuen harrapatzen, baina ikaragarrizko xarma sortu zen. Nemi aintzira da, sumendi baten barruan. Diana ehizaren jainkosari eskainitako tenplu bat zen bertan. Baita Kaligulak eraikitako bi ontzi erraldoi ere: bata jainkosarentzat, bestea beretzat. Nemus, baso sakratutik dator Nemi. Gaur jabetu naiz: Europako baso sakratu ezagunenean ibili ginen... Basoko oroilorea (Myosotis sylvatica), oroitzapenak mugitzen dituena, oraintxe da lore. Gure idazleenak entzuten. Armiarmak bezala: milioi erdi bat baso hektareako.


Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...