ARGIA.eus

2020ko ekainaren 06a
LITERATURIA 2014

Euskal letren plaza berezitua Zarautza aldatu da

  • Udaren atarian heldu da Literaturiaren 6. edizioa. Aurtengoan, Larrabetzu utzi eta Zarauzko herriak egingo dio tokia euskal literaturaren hitzorduari, urtetik urtera hazi den ekimena izaki, azpiegitura hobea behar duelakoan. Auzolana du oinarri Literaturiak, eta literaturzaleen bilgune ez ezik, argitaletxe, sortzaile eta kultur ekintzaileentzat erreferentzia bilakatu da. Maiatzaren 28tik ekainaren 1era.

Myriam Garzia
2014ko maiatzaren 25a
Udaren atarian heldu da Literaturiaren 6. edizioa. Aurtengoan, Larrabetzu utzi eta Zarauzko herriak egingo dio tokia euskal literaturaren hitzorduari.
Udaren atarian heldu da Literaturiaren 6. edizioa. Aurtengoan, Larrabetzu utzi eta Zarauzko herriak egingo dio tokia euskal literaturaren hitzorduari.

Literatura Eskolakoen ausardiari zor zaio Literaturia. Duela sei urte ekin zioten bideari, Larrabetzuko eskolako jolastokian, dozena erdi argitaletxeren liburuak salduz eta zenbait hitzaldi emanez, asteburuan. Literaturia txiki hura hazi egin da ordea, eta egun, euskal literaturaren plaza esanguratsua izateaz gain, protagonismo handia eman dio sorkuntzari.

Gotzon Barandiaran antolatzaile eta idazleak gogoratu digunez, 10 urte dira dagoeneko sortu zela, “Literatur Eskolaren ekimenez, eta honen ingurura batutako sarearen bidez sortu genuen Literaturia, berari soilik eskainitako espaziorik ez zuelako euskal literaturak. Euskaraz eta literaturaz jardungo zuen plazaren beharra ikusten genuen. Plaza zer da? Erakusleihoa, baina baita jendea elkartzeko tokia ere. Hasieratik otu zitzaigun Larrabetzun egitea, eta bertako herritarrok hartu behar genuela antolaketa geure gain. Gero eta handiagoa izan da lantaldea eta hartu duen ardura. Herritarren lanari esker atera da aurrera”.

Hala ere, Literaturia handitzen joan den heinean ardurak ere banatu egin dira eta larrabetzuarrak ez dira bakarrik egon. Literatura Eskola ez ezik, beste elkarte batzuk ere beregatu ditu Literaturiak, EHAZE edota 111 Akademia kasu. Baina Larrabetzu herri txikia da, 2.000 biztanle ingurukoa, “eta besteak beste, azpiegitura eta finantziazio mugak agertu dira. Nahiz eta Larrabetzuko Literaturia erreferentzia izan, ziklo bat bete zela ohartu ginen”, aitortu du Barandiaranek.

Zarautzek literatur tradizio handia du, idazle asko dago, hango Garoa liburudenda ere gogor dihardu, gaztetxea ere badu, udalak kulturan asko inbertitzen du, eta halaxe erabaki zuten Zarautza aldatzea eta Literaturia beste lantalde baten esku uztea. Zarautz Ehuntzen plataforman hainbat kultur eragile biltzen dira, eta “haien lan egiteko modua eta gurea oso antzekoak dira”, azaldu du Barandiaranek. “Literaturia ez da leku bat, literaturaren plaza da, eta Larrabetzun, Zarautzen, Laudion, Hendaian edo Atarrabian egon daiteke. Baina ezinbestekoa da lekuan lekuko lantaldea egotea eta lantalde horrek herria dinamizatzea”.

Euskal herriko leku guztietatik etorritako idazleak, sortzaileak, argitaletxeak, irakurleak, zaletuak, kontsumitzaileak izan dira Literaturian eta honek izaera nazionala ematen dio ekimenari.

Literaturiak liburuari erreparatzen dio, baina beste zenbait adierazpide ere oso hurbilekoak ditu. Barandiaranen arabera, “sortzaile garenok profil bat baino gehiago dugu, literaturzale, hartzaile, antolatzaile, idazle eta abar gara, eta Literaturian elkartu egiten gara lagun giroan”.

Kultur adierazpen bakoitzak bere plaza

Tamainaz eta formaz, Literaturiak Durangoko Azokarekin zerikusirik ez badu ere, euskal literaturaren udaberriko hitzordua izan nahi du. Hala ere, Gotzon Barandiaranen ustez, “Durangoko azoka euskal kulturaren azoka da, ez da soilik literaturarena. Literatura, beraz, atal bat da, eta euskal literatura, atalaren azpiatala. Zoritxarrez, ez da nagusi. Durangoko azokan euskaraz ez den literatura da nagusi”. Ildo honetatik Barandiaranek plaza sektorialak proposatzen ditu, hau da, diziplina bakoitzak, musikak, antzerkiak, literaturak eta bertsolaritzak bere espazio berezitua izatea. “Euskal kulturarako oso garrantzitsua da zertan ari garen erakustea. Horren harira, kultur adierazpide bakoitzak plaza bana izango balu, oso osasungarria izango litzateke. Durangoko azoka ere indartuko luke. Kendu baino, gehitu egingo lioke. Plaza bakarra baduzu, leku gutxiago izango duzu”.
Durangoko azokarako argitaratzen dena masifikatu egin dela iruditzen zaio Barandiarani: “Ahotsenean izan dudan esperientziagatik, esan daiteke bertan aurkezten diren liburu eta diskoen %90ek gerora ez dutela oihartzunik eduki”.

Euskal Literaturaren plazak irakurzaleak ere behar ditu. “Ohikoa ez den hori erakartzea da orain erronka. Larrabetzun lortu genuen literaturarekin zerikusirik ez zutenak erakartzea. Askok, Literaturiari esker, euskal literatura berbagai izatea lortu dugu”.

Hala ere, lortzekotan, gogotik jardun behar, eta urte luzetan: “Herri mugimenduetatik egina bada, behetik eta diru iturri publikoetatik kanpo, askoz ere lan handiagoa egin behar duzu. Konparatu besterik ez dago, Euskal Herrian badira jazz, folk ala rock jaialdiak, hasieratik dirutza izan dutenak, BBK Live bera; oso epe motzean 0tik 500era egin dute. Gureak herritarron borondatez eginak dira, inoiz ez era profesionalean. Guk ere milaka euro edukiko bagenitu, milaka lagun hurbilduko lirateke Literaturiara”.

Literaturiak ez du erakunde publikoetako diru-sarrerarik. Aurtengo edizioan, ekitaldietan parte hartuko duten sortzaileen ordaina eta baliabide teknikoak estaltzeko lain emango du Zarauzko Udalak. Borondatezko lana ezin saihestu, beraz. “Izaera herrikoia ezinbestekoa du Literaturiak”, diosku idazleak, “euskal kulturara apurrak besterik ez baitira bideratzen”.

Egitaraua

Maiatzaren 28an. Herri 1, 11 irakurle eta literatura. 19:00, Torre Luzea parkea.

Maiatzaren 29an. Harri eta Herrik 50 urte. Karmelo Landa eta Saroi Jauregi. 19:00, Yubionea (San Pelaio auzoa).

Maiatzaren 30ean. Litera-tourra, Bada teatroa. 18:30, Musika plaza.

  • Etxepare Rap, Imanol Epelde. 77, Bide Ertzean. 19:00, Modelo aretoa.
  • Petti idazleen kantari. 23:00, Barley taberna.

Maiatzaren 31n. Liburu azoka. 11:00-20:00, Zigordia plaza.

  •  4 liburu, 4 idazle, 11 irakurle. 11:00-12:00, Musika plaza.
  • 2014ko liburu berrien aurkezpen solasaldiak. 12:00-14:00, Garoa liburudenda.
  • Inpromatxa. 13:00, Putzuzulo gaztetxea.
  • Zarauzko idazleen irakurraldia. 17:30, Zigordia kalea.
  • Haurrentzako ipuinak. Iñaki Zubeldia. Arratsaldeko 17:30etatik aurrera, Sortaldean.
  • Xabier Montoiaren mundu miresgarria. 19:30, Marina Txiki taberna.
  • Gabrielen Lekua sentikaria. 22:00, Modelo aretoa.

Ekainaren 1ean. 2014ko liburu berrien aurkezpen solasaldiak. 11:00-13:00, Sortaldea.

  • Bertso-nobela: Hodeien Adorea. Felix Zubia, Iñigo Mantzizidor Mantxi eta Yoseba Peña.13:00 Musika Plazatik. 13:45, Marina Txiki taberna.
  • Urak ttiki dire, Gilkitxaro antzerki taldea. 17:30, Sortaldea.
  • Poesia errezitaldi kolektiboa. 18:30, Sortaldea.
ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Literaturia

Literaturia kanaletik interesatuko zaizu...

ASTEKARIA
2014ko maiatzaren 25a
Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude