Itxialdiarekin egin diote kontra itxierari

  • Lagun etor gurekin, denek elgarrekin badugu zer egin. Gu ez gira lotsatzen, etsaia non hazten, han da gudukatzen. Gure odolez (e)ta ondasunez, gure izaitez dirade gosez. Elkartasunez erakuts hortzak, elkarri josiz buru-gorputzak zioen Guk taldeak “Laborari, langile eta nagusi” abestian, 1977an, orain 37 urte…

Langileek enpresaren teilatu gainean aldarrikatu zituzten euren eskaerak.
Langileek enpresaren teilatu gainean aldarrikatu zituzten euren eskaerak.

Bi eguneko itxialdia egin dute TS Fundiciones Zestoako enpresako langileek, lantegia itxi ez dezaten eta beren lanpostuak aldarrikatuz. Likidazioan da dagoeneko enpresa, eta 156 langile geratuko dira kalean. 2013an hartzekodunen konkurtsoan sartu zen eta otsailean eman zuen zuzendaritzak enpresaren itxieraren berri. Orain astebetera arte kontsulta epean egon dira bi aldeek negozia zezaten, baina enpresaburuek ez dute proposamen berririk aurkeztu. Apirilaren 21ean bukatutzat eman zuten tarte hori, eta enpresa behin betiko itxiko dute.

Apirilaren 29, asteartea, goizeko 7:20an 60 bat langile Arroako (Zestoa) enpresa inguruan daude, urduri, hamar minutuan enpresa okupatzekotan baitira. Argazkilari eta kazetariren bat ere haiekin gaude dagoeneko, irudiren bat harrapatu nahian. Behargin batzuek uste zuten ez zutela sartzerik ere lortuko, baina ikusi ditugu taldean barrura sartu eta ateak katez ixten; nerbioso bezain euforiko. Berehala kateatu dira 50 urte inguruko hiru gizon lantegi atariko burdinazko egituran eta kasko txuri eta urdin batzuk bistaratu dira teilatuan; beste batzuk lantegia apaintzen hasi dira: TS S.O.S, TSko langileak borrokan edo Eusko Jaurlaritza, hau al da zuen lan politika? leloak daramatzaten pankartak ageri dira. Lehen helburua beteta: barruan daude. Orain zalaparta egitea tokatzen da.

Goizeko 8:00etarako berria zabaltzen hasi da sare sozialetan, eta inguruko herritarrak gerturatzen hasi dira. Hedabideek ez dute denborarik galdu. Ertzaintzak ere ez. Tentsioa gora doa, badirudi polizia edozein momentutan sartuko dela enpresa hustera. Protesta baketsua dela adierazi dute langileek, eta Ertzaintza sartuz gero ez dutela erresistentziarik jarriko, baina Maiatzaren Lehenera arte geratzeko asmoz sartu dira, eta ez dizkiete ateak irekiko. Zumaiko eta Zestoako alkateak ere izan dira Zarauzko eta Azkoitiko komisarietako polizia-buruekin hizketan, eta eurek berretsi dute langileek ez dutela ez ezer hautsiko, ez liskarrik sortuko. Hala,

maiatzaren 1era arte ertzainak lantegiaren inguruan ibili dira, baina interbenitu gabe.
Bi egunez TS fundizio enpresaren bideragarritasuna eta euren lanpostuak defendatu dituzte, langileek barrutik, eta babesa ematera gerturatutako lagun eta senideek kanpotik. Eta langile borrokaren aldarri egunean atera dira lantegitik, mobilizazioetan parte hartu eta, beste askoren artean, euren egoera salatzeko.

50 langile kalera, 100 ordu gehiago lan egin…

2012an enpresako zuzendaritzak TSk bideragarritasun falta zuela argudiatuz birmoldaketa plana martxan jartzeko asmoa azaldu zion Enpresa Batzordeari: langileen soldataren %10 jaitsi, langileen %33 EEEan sartu, eta “borondatezko” 22 kaleratze moldatu. Jarrera horren aurrean 2013ko urtarrilean greba mugagabea hasi zuten langileek, bitartean zuzendaritzarekin akordio batera iristeko ahaleginetan. Astebeteren buruan, bada, lanera itzuli ziren langileak hitzarmena sinatuta: bi urtez lanpostu guztiak mantendu –langileek hiru urtez mantentzea eskatzen zuten–, enpresaburuek eskatzen zuten %33ko EEEa mantendu –langileek %25 proposatzen zuten–, baina horren ordainetan 2013ko soldata eta aparteko ordainsari guztiak egokitzen diren egunetan kobratu –langileak aparteko ordainsari bat kobratu gabe geratzeko prest zeuden–.

Hilabete batzuen buruan bueltatu ziren, baina, langileak borrokara. Beren etorkizuna ilun ikusten zutela, azken hileko soldata kobratu gabe zeudela, eta enpresako zuzendaritza eurekin sinatutako akordioa hankaz gora jartzen ari zela azaldu zuten 2013ko urrian. Enpresa husten ari zirela ere salatu zuten beharginek, TSko akzionistena den WEC enpresara eramaten ari zirela tresna eta makina batzuk.

Enpresaburuek TS Fundicionesek aurrera jarrai zezan premiazko neurriak hartu beharko zituztela azaldu eta egun batzuetara aurkeztu zioten langileen ordezkaritzari bideragarritasun plan berria: 50 langile kaleratzea, geratzen ziren 100 langileen soldatak %25 jaistea eta urteko lanorduetan 100 ordu gehiago sartzea. Hori onartu ezean hartzekodunen konkurtsora sartuko zen enpresa. Langileen ezetzarekin, azaroaren 29an sartu zen konkurtsora TS Fundiciones, eta epaile batek izendatu zuen administratzailearen esku geratu zen.

Protesta eta mobilizazio hilabeteak izan dira 2014koak TSko langileentzat. Manifestazioak, itxialdiak, elkarretaratzeak eta prentsaurrekoak antolatu dituzte besteren artean, lanpostuen alde. 2014ko otsailean azaldu zuen, baina, enpresako zuzendaritzak TS ixteko asmoa, eta negoziaziorik egon ez denez, likidatu egingo dute.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: TS Fundiciones itxialdia
2016-03-17 | ARGIA
Zestoako TS Fundiciones abian da GRI Castings bataiatuta, eta 120 langile ohi kontratatuko ditu

TS Fundiciones-eko langile ohiek prentsaurrekoa eman dute publiko egiteko GRI Castings enpresaren zuzendaritzarekin lortu duten akordioa. 120 langile ohi hasiko dira bertan eta lan gehiago sartu ahala, gehiago izango lirateke kontratatuak. Hala ere, lan baldintzen akordioa ez... [+]


Zestoako TS Fundiciones barruan jarraitzen dute langileek

Zestoako TS Fundiciones enpresako langileek itxialdia hasi dute asteartean. Lanpostuen aldeko pankartak zabaldu eta haietako batzuk teilatuan kateatu dira. Hainbat herritar hurbildu da babesa ematera.


Eguneraketa berriak daude