Atea zabaltzeko ordua

  • Hainbat diskurtso eta legeren jomuga etorkinak bihurtu diren garaiotan, Europar Batasunean dugun migrazio politika aztertu dugu, 13 urtean 23.000 hildako baino gehiago eragin dituen politika bidegabea. Etortzea lortu dutenek modu sotilagoan jasaten dituzten trabak eta bizi dituzten pozak ere kontatu dizkigu Raquel Salles de Campos brasildarrak.

Frontex agentzia sortzea, estatuek euren erantzukizuna saihesteko modua dela uste du hainbatek. Agentzia horrek hainbat salaketa ditu bere gain, aldamenetik barkuak pasa eta laguntza behar zutenei jaramonik ez egitea egotzita.
Frontex agentzia sortzea, estatuek euren erantzukizuna saihesteko modua dela uste du hainbatek. Agentzia horrek hainbat salaketa ditu bere gain, aldamenetik barkuak pasa eta laguntza behar zutenei jaramonik ez egitea egotzita.AFP

Martxo bukaeran argitaratu berri dute Europara iritsi nahian hil diren lagunen orain arteko datu-baserik zehatzena: 2000 eta 2013 urteen artean, 23.000 baino gehiago izan dira, The Migrants Files artxiboaren arabera. Eta hala ere, inon erregistratuta ez dauden biktima asko eta asko kanpoan geratu direla onartu dute egileek. Gehienak itsasoan itota hil dira (Mediterraneoan bereziki), gosez eta egarriz basamortuan akitu direnak ere ugari dira, beste batzuk erail egin dituzte, edo hotzez hil dira, beren buruaz beste egin dute, mina-zelaiak zapaldu dituzte… Pasa den otsailean bertan, gogoan dugunez, gutxienez hamalau pertsona hil ziren, Maroko eta Ceuta arteko mugan igeri ari zirela; auzitan dago guardia zibilaren jarduna.

Europar Batasunaren migrazio politika dago guztiaren oinarrian. Gotorleku izan nahi du Europak, eta horretarako mugak kanpora ateratzea du abiapuntu: nondik dator migrazioa? Bada, hara eramango ditugu mugak, batez ere Afrikarekiko eta Asiaren zati batekiko, hasiera-hasieratik oztopatzeko Europara etortzea. Ezin bada jatorrian saihestu, bidean jartzen dira trabak –aurrerago mintzatuko gara Frontex eta EuroSur agentziez–, baita helmugan ere –ezagunak dira Grezia eta Bulgariako hormak edo Ceuta eta Melillako hesiak, orain xafla ebakitzaile eta guzti–, eta azken buruan, akordioak sinatzen dira jatorriko herrialdeekin, sartzea lortu dutenak berehala kanporatzeko.

Giza eskubideen aurkako politika? “Europak ezin du politika bat indarrean ipini eta politika horren ondorioak kontuan ez hartu. Erantzukizun zuzena du heriotza horietan, baina begiak ixten dituzte bai Bruselan bai estatu askotan –dio Agustin Unzurrunzaga migrazioan aditu eta SOS Arrazakeriako kideak–. Lampedusan 387 lagun hil ziren eta Durao Barrosok bertaratu eta malko batzuk bota zituen, baina politika ez da aldatu. Edo okerrago: mugak are zorrotzago mantentzeko, Frontex agentziari orain EuroSur agentzia gehitu diote”.

Bilbon bizi den brasildarra da Raquel Salles de Campos, eta baietz uste du, giza eskubideen aurkako erasoa dela europar politika, lege baztertzaileak bultzatzen dituen heinean. “Adibidez, lesbiana bati asiloa ukatu berri diote, sexu joera ez delako argudio gisa onartzen; haurdun zegoen emakume bati ere asilo eskaera atzera bota zioten, haurdun egoteagatik (zer eta gehien behar duenari!); prestazio sozialak ere, eskubide bat izan arren, alde batera uzten ditu batzuk… Eta gauza txikiak ere badira, detaileak, betikoei aukerak eta eskubideak urratzen dizkien eguneroko biolentzia sinbolikoa”. Transitoa, ordea, (berak ez du migrazio hitza erabiltzen) eskubidea izateaz gain gelditu ezin den prozesu bat dela argi du Salles de Camposek, mugak muga: “Betitik egin dugun zerbait da, eta immigrazioa bezalako etiketak jartzen hasi ginen arren, fenomenoa bera da: zenbat mugitu gara munduan zehar, deitu migrazio, deitu turismo? Zenbaten guraso, aitona-amona eta arbasoak jaio ziren beste lekuren batean? Behar oso anitzak asetzeko, munduan zehar mugitu nahi duen eta munduari aberastasun handia ematen dion jende asko dago, baina beti pentsatzen dugu hartu egin nahi dutela. Ez dugu arreta jartzen ematen duten horretan, egiten dituzten ekarpenetan”.

Bisen sistema baztertzailea eta txartel urdina

Europarrok ez dugu oztopo berezirik ez Europan barna ez munduan ibiltzeko –gatazkan dauden zenbait herrialdetara joateko ez bada–, aski ditugu nortasun agiria eta pasaportea. Ostera, dakigunez denek ez dute zorte bera: herrialde jakinetako biztanleei bisa eskatzen zaie Europan lur hartzeko. Bisen politika Bruselan erabakitzen da eta irizpide argiak ditu: kontinenteko estatu guztietan (hots, kontinenteko herritar guztiei) bisa eskatzen zaien munduko leku bakarra Afrika da. “Mundu osoko mapa hartzen badugu, Afrika osoa eta asiar gehienak (Txina, Vietnam…) dira bisa behar dutenak, eta esaterako Amerikan aldiz, Kanadatik Txileraino laster Ekuador eta Bolivian baino ez da beharrezkoa izango baldintza hori. Bazterketarako sistema bat da bisa, pobreenak kanpoan uzteko sistema”, azaldu du Unzurrunzagak.

http://www.argia.eus/fitx/irudiak/raquel-685.jpg

Raquel Salles de Campos brasildarra Bilbon bizi da egun (irudian, bere etxeko atarian): “Munduko lurralde jakin batzuk esplotatzen jarraitzen badugu, herritarrek horietatik irten nahiko dute”.

Egonaldi bisa lortzeko (gehienez 90 egun igarotzeko), nahikoa diru eta ondasun izatea eskatzen da. Erresidentzia bisa eskuratzeko, lehenik erresidentzia baimena behar da eta erresidentzia baimena beti dago lan baimenari lotuta: bai sartzeko, baita ondoren geratzeko ere (legezko lan-kontratua mantentzea da gakoa). Errotze soziala (bertan urteak pasata egoera legezko bihurtzea) eta familia berrelkartzea (Europan lanean ari denaren senitartekoak batzeko sortua) ere migratu duenak kontuan hartu beharreko formulak dira. “Funtsa zera da: Europara etorri nahi baduzu, lanera etorri behar duzu”. Lehen, herrialdeek Betetzen zailak diren jardunak motako zerrendak argitaratzen zituzten hiru hilero, lan merkatuan bete barik geratu diren eta kanpokoren batek nahiko balu eskatu ahalko lituzkeen lanpostuekin. 2008tik, baina, Espainiako Estatuan bederen zeron dago zerrenda eta inor ez da bide horretatik sartzen.

Hori bai, urte horretan bertan, Europako zuzentarau baten bidez txartel urdina jarri zuten martxan: esku-lan kualifikatua (goi-mailako prestakuntza duena) erakartzeko, txartel horren bitartez erraztasunak ematen dizkiete estatuek atzerritar “onei” (erresidentzia eta lan baimenak lortzeko, Europan barna mugitzeko…).

Kontrola zorrozteko, Frontex eta EuroSur

Kanpo-mugetan kontrola indartzeko, Frontex agentzia sortu zuen EBk 2004an. Itsasontzi, helikoptero, sentsore eta abarrez hornituta, migratzaileen bidaia eragoztea du eginkizun eta diru publikoz finantzatzen da (2013an, 85 milioi euro inguruko aurrekontua izan zuen). Batekin gutxi ez eta bigarren agentzia bat martxan jartzea onartu du Batasunak: EuroSur, hegoaldeko estatuentzat (224 milioi euroko aurrekontua izango du sei urterako). “Zerbitzua” azpikontratatzeko eta ondorioz estatuek eskuak garbitzeko eta erantzukizunak saihesteko modua dela uste du hainbatek. Itsasoan noraezean dauden pertsonak sorosteko aproposak direla saldu duen agintaririk bada, baina hori ez dela euren lana erantzun dute agentziotako beharginek eta, are okerrago, Frontexek hainbat salaketa ditu bere gain, aldamenetik barkuak pasa eta laguntza behar zuen jendeari jaramonik ez egitea leporatuta.

Mugan hartuz gero, Marokorekin adibidez tratua du Espainiak, eta Marokotik abiatu dena hara bueltatzen dute zuzenean. Baina erasoak eraso, muga gainditzea lortuz gero, zer? Identifikatu egiten dituzte lehenik, eta behin-behineko zentroan dauden bitartean espedientea irekitzen zaie, kanporatzeko prozedura administratiboa martxan jarriz. Sarri, luzatu egiten da prozesu hau (enbaxaden arteko hartu-emanengatik, helegitea jartzeko aukera dagoelako…) eta Ceutan eta Melillan esaterako behin-behineko zentroan gehienez 45 egunez egon daitezkeenez, asko libre uzten dituzte. Hainbatek penintsulara edo beste estaturen batera jarraituko dute bidaia, bizkar gaineko zama ezin kendurik: egoera ez legezkoan eta kanporatze prozedura bat irekita dutela.

Diskurtso probokatzaileak eta arau gogorragoak

Lehenengo urratsa, krisiaren aitzakian mezu populista ustelekin iritzi publikoan xenofobia eta arrazakeria sustatzea izan ohi da –eta ez gara eskuin-muturraz bakarrik ari–: etorkinek lana eta diru-laguntzak kentzen dizkigutela, gure gizarte eta osasun zerbitzuak aprobetxatzera datozela, gaizkileak direla, segurtasun faltaren eragile, ez dutela integratu nahi... Horiek guztiak eta gehiago behin eta berriz ezeztatu dituzte datuek –Krisiak areagotutako topikoak desegiten artikuluan jaso genuenez–.

Bigarren urratsa, beldurra zabaltzea: Manuel Valls Frantziako lehen ministro izendatu berria Ekialdeko Europako ijitoak “eskale eta gaizkile” direla baieztatzen eta Herve Barrié epailea ijituek “Frantzia arpilatu nahi” dutela esaten entzutea baino ez dago. Edo, Unzurrunzagak gogoratu digun moduan, El País egunkariak dio 30.000 afrikar daudela hesiaren alde batetik bestera jauzi noiz egingo zain, eta Espainiako Barne Ministerioak berriz, 90.000 direla. “Betikoa da, 2005ean ere, Giovanni Sartori soziologoak, Asturiasko Printzea saria jasotzearekin bat bota zuen hiru milioi afrikar zeudela saltatzeko gertu; non daude hiru milioi horiek?”. Errealitateak, beste behin, ezetz diosku, eta Hego Euskal Herrian adibidez, 2012an gehiago izan dira joan diren afrikarrak (6.650) etorri direnak baino (2.110). Adituek, bien bitartean, ozen hitz egin dute: joera demografikoa ikusiz bakarrik, gure ekonomiak kanpotik jendea etortzea behar du, etorkizunean biziraun nahi badu.

Eta hirugarren urratsa, ahulenak zigortzea, immigranteen aurkako politika gogortzea: etorrera galarazteko kontrolak sendotuz (EuroSur); behin barruan, kanporatze prozedurak erraztuz (aipaturiko espedienteen sistema aldatu dezakete Espainian, Errumania eta Bulgariako erromaniak erbesteratzen tematu dira Frantzian…); bertan geratzeko atzerritarren legea gogortuz (gizartean zenbateraino dauden integratuta neurtzeko bideak ireki nahi ditu legeak, integrazio irizpide horiek baldintzatu dezaten bertan segitzeko baimena); eta euren egoera okertuz (Espainiako Gobernuak osasun txartelik gabe utzi ditu etorkinak). Langabeziari eta etsipenari aurre egiteko, errudunak behar dira. “Norbait eraso behar da, eta nor erasoko duzu? Baliabide gutxien dituena, edo ez dituena, baliabide horietara iritsi ez dadin”, dio Salles de Camposek.

Zein da soluzioa?

Ez dirudi erraza munduan politika eredugarriak aurkitzea. Gakoa abiapuntua aldatzea dela uste du Unzurrunzagak: oztopoa jartzeak, “ezin du etorri” esateak, ez luke oinarria izan behar, migrazioa eta birmigrazioa erraztea baizik, eta estaturen batek kontrakoa eginez gero, zergatia justifikatu beharko luke. “Merkantziak eta kapitala alde batetik bestera mugitzen badira, pertsonek ere eskubidea behar lukete mugitzeko. Baina pertsonen migrazioa beti dago estatu hartzaileen menpe: zenbat, nondik, nola… etorri daitezkeen, besteak diren arren beharra dutenak”. Gainera, “jendeak, sistemak sistema, erabakitzen du nora joan eta zer egin (jendea ez da tuntuna, krisian dagoen herrialdean lana aurkitzen ez badu, beste batera egingo du bidea), eta ikusi da jendeari sartzeko eta bere herrialdera bueltatzeko erraztasunak ematen badizkiozu, gehienak ez direla geratzen. Aldiz, hesia jartzen baduzu, sartzea hainbeste kostatu zaionez, bertan geratuko da, bizimodu kaskarra eramanda ere”. Europan mugak kendu dira estatuen artean, eta ez da ezer pasa; “Europa eta Afrika oso ezberdinak direla eta ezinezkoa dela? Beharbada, baina Europako esperientzia hor da, eta nahiz eta espainiarrek jakin Frantziako soldatak askoz altuagoak direla (gutxieneko soldata 1.160 eurokoa da Frantziako Estatuan eta 645 eurokoa Espainiakoan), espainiarrak ez dira Frantziara joaten bizitzera, edo Britainia Handira”.

Zimendua, jendearen beharrei eta eskubideei erantzungo dieten legeak izan beharko luketela gaineratu du Raquel Salles de Camposek. Norbanakook dugun erantzukizuna hartu du hizpide: “Askok borondatez kontra emigratzen badu, zer ari naiz ni egiten, nire mikromunduan, bestea etxetik ateratzera behartzen duena? Zer eta non ari naiz kontsumitzen? Non eta zein baldintzatan egindako kafe eta txokolatea? Nire mikrotik nola eragin dezaket makroan? Munduko lurralde jakin batzuk esplotatzen jarraitzen badugu (guk eta gure gobernuen erabakiek), herritarrek horietatik irten nahiko dute. Kultura eta etnia bati dena kentzen badiogu, desplazamendua ari gara bultzatzen… Baloreen krisia aspalditik dugu errotuta, baina besteei espaziorik ez uzteko adina kontsumitu al dugu dagoeneko? Balbula etengabe erregulatzea dagokigu (batzuei kentzea besteei emateko), oreka mantentzea eta elkarbanatzea zentzudunagoa baita, baina ez dugu ikusi nahi”.

Irudian, Europara bidean hildakoak gorriz. Herrialde ugaritako kazetari, elkarte, GKE, behatoki eta abarren datu bilketaren emaitza da The Migrants Files artxiboa.
"Sinetsi nuen immigrante nintzela, eta ezberdin izatea nire arazoa zela"

33 urte eta 6 urteko semea ditu Raquel Salles de Camposek. Brasilia hirian jaio zen, AEBetara joan zen 17 urterekin, eta handik Italiara, unibertsitate ikasketak egitera. “Italian bizitako azken boladan, atzerritar izatetik immigrante sentitzera pasa nintzen, baztertua, kasik errudun, tratua ezberdina izaten hasi zelako. 8 hilabeteko semearekin ikaratuta atera nintzen Italiatik, etiketaz josia, sinetsarazten utzi nielako, sinetsi nuen, denek hori esaten zutelako eta legeak berak hori adierazten zuelako, immigrante nintzela, ezberdina, eta ezberdin izatea nire arazoa zela. Bilbora iritsi eta berdin, traba legal eta burokratiko pila batek egin zidaten ongietorria (haurra eskolatzeko, diploma baliozkotzeko, osasun publikoa erabili ahal izateko…). Pentsa, senar italiarrak etorri beharra zeukan baieztatzera harekin ezkonduta nengoela, eskubide jakin batzuk aitortu ahal izateko! Ikusten duzu arauak ez daudela eginak integratzeko (eta hitz hori ere ez zait gehiegi gustatzen), sarrera blokeatzeko baizik. Atea irekitzen dizute, solidario direla saltzen dute, eta gero prozesu luze baten barruan sartzen zaituzte, ea zenbat eroriko garen. Biktima zara modu bikoitzean: biktima zure jatorriko herrialdean, egoera konplexuetatik ihesi ateratzen den jende asko dagoelako, biolentzia handiko egoeretatik, eta hona etorri eta biolentzia pairatzen jarraitzen duzu, modu sotilagoan, baina biolentzia”.

Erakundeak zerbitzatzeko daude, erantzunak eta soluzioak eskaintzeko, eta horietako langileek borondate ona izatea, galdua dagoenari benetan laguntzea funtsezkoa deritzo. Eraso beharrean tresnak eskaintzen dizkizutenean, dena aldatzen delako. Horren adibide diren kasu asko eta asko ezagutu ditu Munduko Emakumeak elkartean, eta beretzat ere salbazioa izan da elkartea. “Emakumeei baliabideak, ikasketak, zerbitzuak… eskaintzeko tailerrak egiten ditugu eta udal eta ikastetxeetara joaten gara, migrazioaz eta generoaz hitz egitera. Lan politiko eta feminista egiten dugu, aniztasunaren barruan eta aniztasun hori errespetatuz. Guretzat ez da arazoa ezberdin izatea”.

Errefuxiatuak Laguntzeko Espainiako Batzordeak Bilbon duen egoitzan lanean dihardu, gerra errefuxiatuei, asilo politikoa eskatzen dutenei, arazoren bat duten edo lan bila datozen atzerritarrei… dokumentazio eta abarrekin lagunduz. “Batez ere, entzun egiten ditugu, borondatea hor hasten da, nora joanik ez duen jende ugari baitago, eta gogorra da kalean seme-alabarekin lo egitera behartua dagoela esaten dizun emakumea entzutea, ez dituztelako aterpetxean onartu”. Datuen arabera, emakume eta gizonen migrazio fluxua antzekoa dela kontatu digu, baina bulegotik pasatzen diren %75 gizonezkoak direla, emakumeentzat migratzea are zailagoa delako, eta baldintza okerragoetan egin behar izaten dute: “Gizonak euren artean elkartu eta dokumentuak lortzen dituzte; emakumeak, sarri, umeekin datoz, pertsonen trafiko ilegalean kateatuta, prostituzioari lotuta, baldintza negargarrietan etxeetan lan egitera…”.

Salles de Camposek sei urte daramatza Bilbon, eta migrazioak gorputzean (fisikoki nahiz emozionalki) uzten dizuten arrastoei buruzko proiektua garatzen ari da, beste hainbatekin batera. “Euskal Herriari utzi nahi diodan ekarpentxoa izango da, joan aurretik”.
 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Errefuxiatu krisi globala
2024-02-29 | Euskal Irratiak
Otsailean 600 migratzaile lagundu ditu Irungo Harrera Sareak

Migratzaileen kopurua anitz emendatu da Irun eta Hendaia arteko pasabidean. Irungo Harrera Sareak ohartarazi duenez, otsailean 600 pertsona lagundu dituzte, iaz, urte osoan 2.700 izan zirelarik. Iragan urtarrilean, 2.700 etorkin heldu dira Kanariar Uharteetara, egunero 80... [+]


Egunean hemezortzi migratzaile hil ziren bataz beste iaz Espainiako Estatura iristeko ahaleginetan

Caminando Fronteras gobernuz kanpoko erakundeak “Monitoreo Derecho a la Vida” txostenaren edizio berrian egindako balantzea da: 6.618 hildako izan dira mendebaldeko Muga Euroafrikarrean; horien artean, 384 haur.


2023-09-29 | ARGIA
Frantziako Gobernuak Bidasoako muga ixtea ez dela zilegi berretsi du Europako Auzitegiak

Europako Justizia Auzitegiak (EBJA) erabakia hartu du mugako barne-kontrolak berrezartzeko Frantziako Gobernuaren politikari buruz. Bidasoaren mugan ohikoak diren zenbait praktika. hala nola muga igarotzeko debekuak eta berehalako itzulketak, ez direla legearen araberakoak... [+]


Hil gaitzazue

2021eko abuztuaren 15ean, talibanek Kabul mendean hartu zutenean, milaka afganiar ihes egiten saiatu ziren. Soilik hilabete hartan, 35.000 pertsona baino gehiagok zeharkatu zuten Pakistango muga, eta 2022. urtea hasi orduko 145.000 ziren beste aldean. Aldiz, gertakari horien... [+]


2023-08-21 | Hiruka .eus
Pertsona guztien erroldatzea bermatuko duen protokoloa eskatu du Marea Horiak

Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak urteroko Marea Horia izeneko mobilizazioa egin du zapatuan, Plentzia eta Gorlizko hondartzetan. Horietan bildutako lagunek salatu dute mundu osoko milioika pertsonak, euren jatorrizko herrialdeak utzi eta Europara iritsi nahian,... [+]


Eguneraketa berriak daude