ARGIA.eus

2020ko abuztuaren 15a

Abertzaleen ahots ozena aldaketa garaian

  • Herri batzarrak eta elkargoak hautatuko dira Frantziako Estatuan hil honetako 23an eta 30ean, Ipar Euskal Herria barne. Bi itzulitan egin ere, usaian legez. Herriko Etxeetako zinegotzi eta Herri Elkargoetako hautetsi karguak berrituko dira. Areago, orain arte ez bezala, hautagaiak zerrenda bereizietan aurkeztuko dira 1.000 biztanlez goitiko herrietan

Mikel Asurmendi @masurmendi
2014ko martxoaren 16a
Baionako auzapez izateko hautagai faboritoa Jean-Rene Etchegaray da. Taldeko eskuinean.
Baionako auzapez izateko hautagai faboritoa Jean-Rene Etchegaray da. Taldeko eskuinean. Gaizka Irioz

Ipar Euskal Herriko herri bozak aldaketa garaian heldu dira. Besteak beste, Baiona, Miarritze eta Donibane Lohizuneko auzapezak –hiru familia notableen ordezkariak– politikatik erretiratu direlako: Grenet, Borotra eta Alliot-Marie, hurrenez hurren. Eta, halaber, Frantzia egitura administratiboa berritze garaian dagoelako. Adibidez, abertzaleek bereziki –Batera plataformaren bitartez– Estatuaren egitura deszentralizatzea eskatzen dute, Lurralde Elkargoa ozen aldarrikatuz.

Jakina denez, Iparraldeak ez du izaera juridiko-politikorik. Orain arte, Parisko boterea eta tokiko politikarien arteko “kontratu politiko” bakarra Pays egitura bidez gauzatu da. Hitzarmen hori Garapen eta Hautetsien kontseiluek kudeatu dute. Ordea, Estatuaren deszentralizazio “bataila” jokatzen den une honetan ez dago “kontraturik” ez berezko egiturarik. Pays egituraren kudeatzaileek Lurralde Kontratu berria maiatzerako zehaztea exijitzen diote Frantziako Gobernuari. Herriko hauteskundeen ondoren Hautetsien Kontseiluko karguak berrituak izanen dira. Horregatik boz hauetako emaitzen garrantzia.

Herriko Etxeak eta Elkargoak

Herriko bozak politikaren maila apalean jokatzen diren arren, konplexuak bezain garrantzitsuak dira Estatuaren egitura ulertzeko. Hona hemen Errepublikaren administrazioa osatzen duten hainbat zenbaki: 213 hiri-aglomerazio daude (15.000 biztanlez goitikoak). 15 hiri elkargo (450.000 biztanlekoak). 2.223 herri elkargo. Badago ere metropoli bat: Nizakoa (500.000 goitikakoa).
2.223 herri elkargo dira Estatuan, Ipar Euskal Herrian 10. Lapurdin: Euskal Kosta-Aturri eta Hego Lapurdi hiriguneak. Aturri-Errobi, Errobi eta Bidaxune elkargoak. Baxenabarren: Garazi-Baigorri, Hazparne, Iholdi-Oztibarre eta Amikuze herri elkargoak. Zuberoan: Xiberoa Herri

Elkargoa. Herriko Etxeetako hautetsiak izendatzeaz gain Herri Elkargoetakoak izendatuko dira, baina lehen aldikoz, 1.000 biztanleko herrietan bi zerrenda izanen dira. Orain arte, Herriko Etxeetako zinegotziek osatzen zituzten Herri Elkargoak. Hainbaten iritziz, herri elkargoetako hautetsien izendapen molde horrek demokraziaren eskasia agerian uzten zuen, orain, modu berri horretara zuzenduko da nolabait. Hala ere, udalerrietan aurkezten diren lehendabiziko hamahiru izenak eta herri elkargoetako lehenbizikoak hautagai berberak direla azpimarratu beharra dago. Dena den, bi zerrenda bereiziak dira eta hautesleek bi aukera ezberdin egitea daukate.

Lapurdi

Iparraldeko jende gehien Lapurdin bizi da. Baiona da hiriburua. Ofizialki ez bada ere, bai sinbolikoki bederen. Zentro-eskuineko Jean Grenet auzapezak utzitako aulkia dago jokoan. Jean-Rene Etchegaray zentrista eta axuantak UMPren sostengua dauka. Bera da hautagai nagusia, antza. Bitxikeria: Lurralde Elkargoaren aldeko Batera-ko kidea da. PSko Henri Etcheto du aurkari gogorrena. Hautagai abertzale burua Jean-Claude Iriart da, ezkerreko marka duen zerrenda. Gainerako zerrendak, frantses ezkerrera nahiz eskuinera lerratuak dira. Abertzaleak giltzarri izan daitezke bigarren itzulian.

Miarritzen ere aldaketa heldu da. Didier Borotra auzapez zentristaren garaia fini da. UMPko Max Brisson eta Michel Veunac zentristak (UDI) dira ordezkatzeko hautagai nagusiak. Jakes Abeberri axuant abertzalearen garaia iragan ondoren, abertzaleak zatituta daude. Ez dute berezko hautagaitzarik aurkeztu. Biarritz Elkartu eta Biarritz Bestelakoa talde abertzaleetako kideak Michel Veunac-en zerrendetan daude. Miarritzeko abertzaleak ahuldu izanaren seinale. Ez dago auzapez faborito argirik.

Angelu PSko Jean Espilondo auzapezaren gotorleku bihurtu da. Zentro-eskuinak UMPko Claude Olive hautatu du haren aurka egiteko. Angeluzain taldeak Robert Villenave zentrista du buru, EAJren sostenguaz. Hemen Angelu zerrenda abertzaleena da. Angelu ez da baitezpada abertzaleen plaza.

Donibane Lohizunen ere Michele Alliot Marie-ren aroa bukatu da. Egiari zor, azken legealdietan ez du kargua inoiz bete izan. Normalean UMPko Peyuco Duhart auzapezak berrituko du karguan. Pascal Lafitte da Herri berri zerrenda abertzaleko burua. 2008an, abertzaleek abantzu bozen %20 bildu zuten. Azpimarratzeko kopurua. Hendaian, Battitte Salaberri auzapez zentrista eta PSko Kotte Ezenarroren arteko lehia dago. Tokiko ikastolaren eraikuntzaren aferak markatutako bozak dira. Hendaia Biltzen abertzaleen hautagaia Iker Elizalde da. Hemen ere, abertzaleen jarrera erabakigarria izan liteke bigarren itzulian. Kanbo, Hazparne, Uztaritze ere herri garrantzitsuak dira. Hurrenez hurren, Vicent Bru, Beñat Intxauspe, Dominique Lesbast dira auzapezak, zentristak denak. Abertzaleen bozen emendatzeak eragin lezake herriotako politikan.

Baxenabarre

Donibane Garazi, Donapaleu eta Baigorri dira Baxenabarreko herri nagusiak. Abertzaleen marka agerikoagoa da han: Euskal Herria Bai (EH Bai). Dena den, tokian toki zerrendek berezko izena eta izana dituzte. Donibane Garazi hiriburuko auzapeza Alphonse Idiart eskuindarra da, eta karguan segitzeko xantza handiena du. Amikuze eskualdeko Donapaleuko auzapeza Jean-Jacques Loustaudaudine da, eskuindarra hau ere. Baigorri eskualde abertzalea da biziki. Alta, UMPko Jean-Baptiste Lambert da herri nagusiko auzapeza. Jean-Michel Coscarat-ek gidatzen du Aitzina Baigorri hautagaitza. Abertzaleek bozen %20 aise gainditu ohi dute lurralde historiko horretan. Areago, Baigorrin bozen %30 lortu dezakete. Alabaina, ezkerrak, eskuinak edota zentroak osatutako zerrendek gogor eta bateratuta egiten dute abertzaleen aurka.

Zuberoa

Herri Elkargo bakarrean jokatuko dira Zuberoko bozak. Maule, Atharratze eta Sohüta dira herri nagusiak. Hiriburuko auzapeza Mixel Etxebest da. Ez du marka abertzalerik, baina euskaltzalea da. Oposizioa ezkerrean dauka. Louis Labadot-en zerrendan joera sozialista eta komunistakoak biltzen dira. Union Citoyyenneko hautagai nagusiaren aburuz “Etxebest eskuineko gizon klasikoa da”. Beñat Elkegarai da abertzaleen burua: “Gu ez gara EH Bai”. Bera bada EH Baikoa, alta. Zerrendan ekologistak eta ezkertiarrak daude. Sorpresa emateko gisan ari dira. Basabürüko Atharratzen zerrenda bakarra Arnaud Villeneuve auzapezarena da. Sohütan, berriz, Christelle Mage oraingo auzapeza da faboritoa. Baliteke aurka eginen dion beste zerrenda bat osatzea.

Abertzaleen nahiak eta mugak

Abertzaleek Herriko Etxeetan eta Herri Elkargoetan leku zabala hartzeko lanean jarraitzen dute tinko. EH Bai markaz harago edo honago, bestelako ezkertiarrak eta ekologistak biltzen dira euren zerrendetan. Badira ere bestelako abertzaleak, –EAJren ildokoak, adibidez– horiek besteen zerrendetan bildu ohi dira.

EH Bai inguruko hautagaiek Bizi! mugimenduaren hainbat eskaera eta gomendio kontuan hartu dituzte: hala energiaren nola lurraren kudeaketa sostengarria. Halaber, Herriko Etxe batzuek Ikastolen egoitzak eraikitzeko Estatuarekin duten auziak kanpainan leku izanen du. Maleruski, herriko bozak izan arren, botere-gune nagusiak Lapurdiko hirigune handietan daude. Azken hamarkadetan, bertako populazioa %15-20 emendatu da kanpotik etorritako jendearekin. Eta boto maile hauek herriko hautagaitzei baino, alderdi nagusietako hautagaiei ematen diete botoa.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Herri bozak 2014

Herri bozak 2014 kanaletik interesatuko zaizu...

ASTEKARIA
2014ko martxoaren 16a
Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude