Euskal eszenaren erakusgarria Leioan

  • Euskara hutsezko sorkuntza du ardatz Kultur Maratila jaialdiak, eta otsailaren 20tik 23ra egingo da Kultur Leioan. Lau egunez, beraz, antzerkia, dantza, musika, poesia eta literatura gozagai, Leioako Udalaren Kultura Saileko zentro publikoan.
    Euskal sormenean krisirik ez dagoela islatzen duen ekimena dugu,
    urtero antolatzen baita, eta harrera ona izaten baitu aldiro.

Eneritz Artetxeren azken lanak, Konpota, emango dio hasiera jaialdiari, arratsaldeko 20:30ean. Phillippe Gaulier dramaturgo frantsesaren lana itzuli du Antton Lukuk eta Dxusturi Teatroa taldeak eszenaratu. Emakumezko bufoia gorpuzten du Eneritz Artetxek, batzuetan ero, eta besteetan zuhur. Gogora ekar dezagun Zubi egitasmoaren laguntza jaso zuela Dxusturi Teatroaren Konpota lanak.

Otsailaren 21ean, berriz, Ertza dantza taldea arituko da Auditoriumean. Asier Zabaleta dugu dantza garikide talde honen sortzailea eta dantzaria. Dantza lan berri batekin datorkigu Zabaleta. NAN ikuskizunak zenbait diziplina uztartzen ditu: dantza garaikidea, testua, bideoa eta zuzeneko musika. Nortasunaren eta nazionalitatearen inguruko hausnarketa da funtsean.

Asier Zabaleta dantzariak, Iñar Sastre musikariaren zuzeneko laguntza du. 2012ko urtarrilean hasi zen bien arteko lan prozesua, Iñar Sastre piano-jotzaileak Zabaletari inprobisaketez osaturiko CD bat bidali zionean. Gustura jaso zuela argitu digu Zabaletak: “Musika hori ikaragarri gustatu zitzaidan eta dantzan jarri ninduen segituan. Euskal doinu zaharren bertsioak ziren denak, tratamendu garaikide batez moldatuak. Euskal Herriko afera ekarri zidaten gogora eta azken 40 urte hauetan herri honetan, eta herri honengatik, zuzenki edo zeharka bada ere, bizitza galdu zuten guztiei omenaldi gisa eskaini nahi nien”. Horrela, Joan zaretenei adio pieza sortu zuen dantzariak. “Gero, abiapuntu horretatik segita, gaia zabaltzea eta sakontzea erabaki nuen, Iñarren musikak erabiliz betiere. Eta azkenean herriarekiko sortzen dugun harreman horretan zentratu nintzen. Euskal Herriko aferatik mugak zabalduz, edozein pertsonarentzat eta edozein herriri aplikagarria izan litekeen hausnarketa eginez”, jarraitu du dantzariak. “Nire ekarpena hainbat galdera plazaratzea da. Askotan, urtetan dirauten antzeko aferetan geure posizioa etxetik ikasi dugunaren eta bizitzan izan ditugun esperientzien ondorioa izaten da eta kosta egiten zaigu ‘bestearen’ azalean sartzea. Hemen ez da erantzunik ematen, baina ikusleak ikuspuntu ezberdinak izan ditzan eta ulertu ditzan saiatzen naiz”.

Kontzeptu konplexua dirudi dantza bidez adierazteko, baina Asier Zabaleta ez dator bat: “Dantza lanabes ezin hobea da hitzez esan ezin duguna adierazteko. Ikuskizun honetan hitzak bere lekua du, baina hauek iristen ez direnean gorputzak bere espresibitate guztia erabiltzen du”. Zuzeneko musikak badu zerikusirik espresibitate horretan. “Iñarrek izugarrizko indarra ematen dio jotzen duen musikari, gorputzez, bizitzaz atontzen du, eta azkenean bat egiten du eszenan gertatzen ari denarekin. Prozesu polita izan da. Biok sentitzen gara oso eroso inprobisaketaren munduan eta bi lengoaiak inprobisaketaren bidez leku berean elkartzea lortu dugunean izugarria izan da”.

Otsailaren 21ean, gaueko 22:00etan, Erakusketa gelan musikari helduko zaio txanda, Mixel Etxekopar eta Francois Rosseren eskutik. Trashumantzia ikuskizuna dakarte zuberotar eta alsaziar musikariek. Inprobisazioari toki handia eskainiz, garaikidetasunetik asko du Trashumantziak. Txorien doinuak edo artaldearen soinuak baliatuz, bide musikal berezi batetik eramango ditu entzuleak.

Otsailaren 22an, arratsaldeko 20:00etan, Zazpi Aldiz Elur (Mikel Laboa Elurretan) Tanttakaren antzezlan berria ikusteko aukera izango dugu. Bernardo Atxagak idatzitako testuaren gainean, eta Iñaki Salvadorren eta Angel Unzuren zuzeneko musikaz lagunduta, Mireia Gabilondo eta Iñaki Rikarte aktoreek antzeztuko dute Mikel Laboaren unibertsoa ardatz duen lana.

Mireia Gabilondo aritu da zuzendari lanetan eta halaxe esan zigun: “Mikel Laboaren gogoa sortu zitzaidan, berak askotan lagundu bainau nire bizitzan egin ditudan lan gehienetan, Laboa kuttunetariko bat da niretzat. Mikel Laboaren figuraren inguruan lan berri bat egiteko gogotik sortu da obra”. Lanari ekiterakoan argi zuen Mireia Gabilondok Mikel Laboaren lagun sortzaileekin elkarlanean aritu behar zuela, Laboa gertutik ezagutzen zutenak behar zituela ondoan. Horregatik, Iñaki Salvador musikaria arituko da zuzenean. “Gurekin hainbat lan egin ditu” dio Gabilondok, “baina batez ere, Laboarekiko gertutasuna interesatzen zitzaigun, beti lagundu baitzuen bera pianoaz. Gertuko jendea erakarri nahi nuen. Bernardorekin beste horrenbeste. Aspalditik zuen idatzita Mikel Laboaren inguruko testu hori, eta hortik abiatu ginen, Mikelen unibertsoa bizirik mantendu nahian”. Musikak, hitzek, poesiak, Mikelen bizitzak eta Zumetak egindako irudiek osatzen dute ikuskizuna. Kultur Maratila jaialdiaren baitan aurkeztuko du Tanttakak lan berria, eta Mireia Gabilondoren iritziz, “oraindik beharrezkoak dira Kultur Maratila bezalako ekimenak. Euskarazko sorkuntza hor dago, eta hainbat gauza egiten ari dira ildo horretatik. Publikoari eskaini behar zaion zerbait da, jendea hurbiltzea da garrantzitsuena eta jendeak gozatzea”.

Egun berean baina gaueko 22:00etan, Erakusketa gelan, JB Pedradas antzerki taldeak Pepino Ustelak Hozkailuan bakarrizketa aurkeztuko du. Jabi Barandiaran dugu taldeko antzezle eta zuzendaria. Pepino Ustelak Hozkailuan trasformazio baten istorioa da, gizona emakume bilakatzen da publikoaren aurrean. “Barreak bizitza salbatzen didalako, eta barre egiteari uzten diodanean, akabo” dio Espe Pino pertsonaiak.

Azken egunean, otsailaren 23an, poesia, musika, antzerkia, argazkigintza eta bertsolaritza batzen dituen Gabrielen Lekua sentikaria helduko da eszenara. Oier Guillanek eta Andoni Egañak, Gabriel Arestiren testuetan oinarritutako gidoia idatzi dute, eta Rafa Ruedak musikatu ditu honen poemak. Taula gainean zazpi lagun, Arestiren ondarea berpiztu nahian.
 


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude