Argia Sariak 2014

Bitarteko urriak, lan bikainak

  • Kazetaritzak ere estutasun ekonomikoak bizi dituen garaiotan, baliabide gutxirekin lan ezin hobea egin daitekeela erakutsi dute aurtengo Argia sarituek. Topatu.info webgunea, Maite Asensio kazetaria, Eider Olazar esataria, ErriGora ekimena eta Tribuaren berbak telebista saioa nabarmendu dira aurten.

Iure Eizagirre
2014ko otsailaren 09a
ErriGorak irabazi du Publizitate Saileko ARGIA Saria.
ErriGorak irabazi du Publizitate Saileko ARGIA Saria.

PRENTSA IDATZIA
Maite Asensio Lozano, Berria

Berria egunkarian gizarte gaiak lantzerakoan, aintzat izan ohi du gizon eta emakumeen arteko berdintasuna Maite Asensiok, genero ikuspegia duen kazetaritza hobea dela sinesten baitu. “Kazetaritzaren funtzioa bada arazoen erroetara joz informatzea, genero ikuspegia txertatzeak azalpen hobeak emateko aukera eskaintzen digu, hainbat gatazkatan sekulako eragina duelako generoak”.

Kazetaritza feminista indartzen doa eta Asensiok “luxutzat” du egunkari generalista batean horrelako gaiak askatasunez jorratu ahal izatea. “Egunkariotan bi joera daude: albisteak oso ikuspegi androzentrikotik ematen ditugu, askotan emakume batengan izango duen ondorioa kontuan hartu gabe, eta bestalde, erreportaje zabalagoak egiten dira gaiak hobeto lantzeko. Krisiarekin, baina, espezializazioa galtzen ari da”.

Horregatik, Berriak egindako apustua aitortzen du: “Saiatzen ari gara genero gaiak txukun lantzen erreportajeetan baina baita eguneroko albisteetan ere, batez ere, genero indarkeriaren ondorioz hilketa bat dagoenean, ikuspegi politikoa ere sartu eta azalduz zergatik hil duen emakume bat gizon batek, botere harremana zegoela, eta abar”.

IRRATIA
Eider Olazar Elduaien, Info7

Eguneko berri nagusien ondoren, gaurkotasuna zorroztasunez ezagutzeko aukera dute Info7ko entzuleek goizero Kale Gorrian irratsaioan. Eta horretarako prest izaten da mikrofonoaren bestaldean Eider Olazar, kolaboratzaile sare handi batekin. Hain zuzen ere, hauen ekarpena azpimarratu du Olazarrek, jasotako saria kolektiboa dela adieraztean.

Info7 baliabide ekonomiko mugatua duen hedabidea izaki, ezinbesteko lagun ditu teknologia berriak, eta sare sozialetan “erreferentzialtasuna” hartzen ari dela dio Olazarrek: 7.000 jarraitzaile ditu Twitterren eta 5.000 Facebooken. “Teknologia berrien bidez ahalik eta aukera gehien zabaltzea da gure apustuetako bat”.

Gainera, Kale Gorrian protagonista izan daitezkeen horiengana heltzeko bidea ireki dute sare sozialek: “Bestela zaila izango litzateke jende askorengana heltzea eta ahots ezberdinak biltzea lortzen da”.

TELEBISTA
Triburaren Berbak saioa, ETB1

“Urte askoren ondoren ETB1ek programazio osatua” izatea nabarmendu du Kike Amonarrizek, eta horretan Tribuaren berbak lekua izatearekin “pozik” agertu da, euskararen inguruko jakin-mina asetzen saiatzen baita astero. Lehen saioetan, euskarak munduko hizkuntzen artean duen lekua edo Lapuebla de Labarcako lehen euskaldun zaharra nor den aztertu du modu dinamiko, argi, jostari eta entretenigarrian.

Sorreratik nahi izan zuten publiko guztiengana iritsiko zen programa, horregatik, informazioa emateko adituen esanak eta bizipenak kontatzeko herritarren iritziak konbinatu dituzte. “Tribuak hitz egiten du, ez gara ari diagnosi hotzen inguruan, ez teoriaren inguruan, ari gara hizkuntzaren bizipenari buruz eta uste dut euskarak, zorionez, gure herrian emozio on asko sortzen dituela, indar soziala duela, sekulako atxikipena duela eta tribuaren kezka eta ilusioetako bat dela”, dio Amonarrizek. Euskararen egoera ona ez dela jakin arren, neurri batean, itxaropentsua eta indartsua dela nabarmendu nahi izan dute saioan.

Euskaraz ez ezik, honelako saio batek gaztelaniaz ere lekua izango lukeela uste du Amonarrizek: “Interesgarria litzateke horrelako programa bat erderaz ere egitea baina ezingo luke izan honen itzulpen zuzena”.

INTERNET
Topatu.info

Informaziorako webgune soila baino areago, hiru hankadun proiektu komunikatiboaren bitartekoetako bat da Topatu.info. Informazioarekin batera, formazioak, “gazteek elkarrekin ikasi eta ahalduntzeak”, eta hausnarketarako toki kolektiboak osatzen dute proiektua.

Gazte mugimenduak gizarteari bere ikuspegitik begiratzeko tresna da honakoa. Beraz, gazteak ditu informazio iturri, Iraitz Salegik azaldu duenez: “Mass mediek sortzen duten burbuilari zulotxo bat egin eta gure tokia egiteko tresnak herritarra izan behar du, eta kasu honetan, gazte mugimenduko oro izan behar da lehen informazio iturri. Horrekin ulertu behar da mezuak haiek nahi bezala, zehatz-mehatz, argitaratuko direla”.

Informazioa formatu ezberdinetan lantzen du Topatu.info-k eta bideoak dira indarguneetako bat: “Izugarrizko apustua egin genuen duela urtebete kalitatearen alde. Bere garaian bideo asko egiteko joera zegoen, baina ez ginen itsutu, bideoak landu eta txukun aterako genituela esan genuen”.


PUBLIZITATEA
ErriGora ekimena

Gure herriko bi oinarri lotu ditu ErriGora ekimenak: laborantza eta euskara. Eta horrekin batera, herritar ugariren ilusioa, elkartasuna eta parte hartzeko gogoa.

Antzeko egitasmo bat abiapuntu, ekimenari forma eman eta 2013ko udazkenean egin zuen Nafarroa hegoaldeko produktuak Euskal Herri osora zabaltzeko lehen kanpaina. ErriGorako Peru Aranburu eta Xabier Gojenolaren esanetan, produktu-sorta ugari saldu zituzten, herritar askoren laguntzari esker: “Saskien banaketan jende pila inplikatu da, kutxak muntatzen, komunikazio lana egiten; bitarteko urriko ekimena izan arren, jendearen parte-hartzeak eman dio izan duen arrakasta”.

Saldutakoaren diru zati bat Nafarroa hegoaldeko euskalgintza bultzatzeko izango da, han ez baitago bermatuta euskaraz ikasteko eta bizitzeko eskubidea. Zentzu horretan, “ekimen honek erakutsi du Euskal Herrian dauden errealitate ezberdinei, kasu honetan Nafarroa hegoaldekoari, herri bezala erantzuteko aukera badagoela”.
 

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: ARGIA Sariak

ARGIA Sariak kanaletik interesatuko zaizu...
2019-02-03 | Miren Osa Galdona
1989 ARGIA Sariak
Lehenengo hura

2019-01-28 | ARGIA
2019ko Argia Sariak ekitaldi osoa
MULTIMEDIA - ekitaldia

Urtarrilaren 25ean banatu dira Argia Sariak, Usurbilgo Atxega Jatetxean. Aurtengoa ekitaldi berezia izan da, batetik 30 urte egin dituztelako Argia Sariek, eta bestetik mendeurrena ospatzen ari garelako ARGIAn, eta ezinbestean, mendeurrenak zipriztindu du ekitaldi guztia.

Bazkaldu ostean, Hiru Damatxo kooperatibak ARGIA aldizkariaren urteurrenaz egindako bideoaren aurrerapen bat izan da ikusgai, eta jarraian ARGIAko lantaldearen izenean diskurtsoa irakurri du Onintza Irureta lankideak... [+]


2019-01-25 | Dani Blanco
ARGAZKI GALERIA: 30. Argia Sariak iruditan

ARGIA SARIAK berezia izan da aurtengoa eta gonbidatu guztiekin familia-argazkia atera dugu bazkaldu aurretik. Dani Blanco argazkilariak iruditan jaso du ekitaldia.


2019-01-25 | ARGIA
Eusko Ikaskuntza eta Euskaltzaindia - Merezimendu Saria
"Herria maite zuten haien guztien nahia gauzatzen jarraitzen dugu"

Eusko Ikaskuntzako presidente Iñaki Dorronsorok Gregorio de Mujikaren figura ekarri du gogora.


2019-01-25
Altsasuko Gurasoak - Sustapen saria
"Saria partekatu nahi dugu Altsasuko herriarekin, erakutsi duen duintasunagatik"

"Guretzat ohore handia da, ARGIArentzat hain berezia den urteurrenarekin batera, sari hau jasotzea", adierazi du Altsasuko Gurasoen ordezkari Isabel Pozuetak, alboan zituela Izaskun Etxeberria eta Antton Ramirez.


2019-01-25 | ARGIA
J.C. Etxegoien 'Xamar' ('Euskara Jendea', Bilbo Hiria)- Irratia saria
"Identitatea atxiki nahi duten herri menperatuek ez dute aski gramatika bat bizirik mantentzea"

Juan Carlos Etxegoien Xamar-ek jaso du Irratia saria Bilbo Hiria irratian Euskara Jendea saioagatik. Irratsaioak baditu aurrekariak, liburuan eta ikus-entzunezkoan bilduak zituen Xamarrek uhin bidez orain zabaltzen dituen eduki eta mezuak.


2019-01-25 | ARGIA
Indarkeria matxistaren biktimen mapa - Internet saria
"Hedabideok birpentsatu beharko dugu indarkeria matxistaren berri nola eman"

2018ko azaroan abian jarri zuen Berria egunkariak indarkeria matxistaren biktimen mapa.  Maite Asensio eta Pello Urzelai etorri dira saria jasotzera. Asensiok adierazi du orain dela hamabost urtez geroztik ditugula indarkeria matxistari buruzko datu zehatzagoak, eta orduan hasi zirela hedabideak “bortizkeria horren berri serioago ematen” eta “erantzukizun politikoa” bere gain hartzen.


2019-01-25 | ARGIA
Askekintzaren "Gurean" dokumentala - Ikus-entzunezko saria
"Festak espezismorik gabe ospatzeko ordua da"

Jaietan animaliek jasaten duten tratu txarraz hitz egiteko eta gaia mahaigaineratzeko aukera eskertu diote Askekintzako kideek ARGIAri. “Sokamuturra, idi eta zaldi demak, ahari jokoak, zezenketak, arrantza eta ehiza txapelketak, animalia erakusketak, zaldi edo asto lasterketak... Adibideak amaiezinak dira”, azaldu dute.


2019-01-25 | ARGIA
Gari Garaialde - Prentsa saria
"Oraindik zaila egiten da kamerarekin egiten dugun hori kazetaritza ariketatzat hartzea"

"Susmoa nuen, eta dut, orokorki, kazetaritzara dedikatzen garenon artean ere, fotokazetaritza ez dagoela kazetaritza bezala onartua. Agian, galdetuz gero, ehuneko handi batek baietz, kazetaritza dela esango dute, baina eguneroko martxan ikusten da hori ez dela egia", aitortu du Gari Garaialdek, saria jaso ostean.


2019-01-25 | ARGIA
30. Argia Sariak banatu ditugu

Gaur, ostirala hilak 25, banatu dira Argia Sariak, Usurbilgo Atxega Jatetxean. Aurtengoa ekitaldi berezia izan da, batetik 30 urte egin dituztelako Argia Sariek, eta bestetik mendeurrena ospatzen ari garelako ARGIAn, eta ezinbestean, mendeurrenak zipriztindu du ekitaldi guztia.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude