"Izugarrizko menderakuntza jasaten ari gara eta geldirik gaude"

  • Iturbide mexikarra da eta nahuatl hizkuntza erabiltzen du egunerokotasunean. Hizkuntza ez da bere kezka bakarra, nahuatltarren bizimodua mantendu nahian lanean baitabil bere komunitatean eratutako kooperatiban. Etxera joan aurretik, Jatorrizko Hizkuntzak Biziberritzeko Estrategiak aditu titulua egiten harrapatu dugu Eskoriatzan.

Bonifacio Iturbide. (Arg: Iure Eizagirre)
Bonifacio Iturbide. (Arg: Iure Eizagirre)

Mexikoko Cuetzala udalerrian du jatorria Bonifacio Iturbidek, Puebla estatuan. Nahuatl komunitatekoa da, Mexikoko indigena komunitate handienekoa. Egun, milioi eta erdi biztanle baino gehiagok hitz egiten dute nahuatl hizkuntza, baina bere biziraupena ez dago bermatuta. Erabilera bultzatu eta komunitatearen ohiturak mantentzeko, irratia jarri zuen martxan Iturbide kide den Unión de Cooperativas Tosepan elkarteak.

Konta iezaguzu zertan den irratiaren proiektua.

Duela urtebete jarri genuen martxan. Kultura ekoizpenaren bitartez, programak gure hizkuntzan eskaini, eta gure hizkuntza salbatu eta sustatu nahi dugu. Informazioa gure hizkuntzan eskaintzen duen irratia nahi dugu.

Sistemarekiko oso kritikoak gara, gure herrialdeko egoera beste modu batean ikusten dugu, ez gaur egun telebista kateek edo beste irratiek ikusten duten eran. Horregatik, nola bizi nahiko genukeen ere erakutsi nahi dugu eta hori nola egin aztertzen ari gara. Horretarako etorri naiz, nahuatl kulturaren baitan hizkuntza indartuko duen komunitatearen irratirako estrategia eta tresna bila.

Urtebeteko ibilbidearen ondoren, zein da irratiaren lekua nahuatl komunitatean?

Oraindik indar gutxi du komunitatearen barruan. Hasitakoan ohartu ginen jendearen gehiengoak ohiko irrati bat entzun nahi zuela. Mexikon irratien %96 enpresa pribatuen esku dago eta Gobernuaren esku, berriz, %2,5. Azken horietan daude komunitate-irratiak; legeztatu gabe daude, irrati komertzialen eta Gobernuaren proposamen ezberdina dugulako. Legea oso gogorra da eta dio komunitateen irratiek ez dutela komunikazio erreformaren barruan egon behar, erradikalak direlako, eraso egiten dutelako, eta matxinatu.

Komunitatean agian ez dakite baina FMko irratia nahi dugula diogunean ez gara irrati komertzialaz ari. Hainbat gazte etortzen zaigu, irratian espainieraz egin nahian eta guk ezetz esaten diegu, guk hitz egiten dugun moduan egin behar dugula, ez parekoak egiten duen moduan. Hizkuntza ez ezik, edukia garrantzitsua da guretzat: ez lirateke eskaini behar narkocorridoak (narkotrafikoari buruzko abestiak); generoaren aurkako musika; mezurik ez duen eta denbora-pasarako bakarrik balio duen ingelesezko musika.

Azken hilabeteetan konturatu gara jendea ari dela erantzuten, heltzen zaizkigun idatzizko mezuak nahuatlez dira. Jendea ari da garrantzia ematen gure herriaren irratiari. Uste dut oraindik eragin handia izan dezakeela, irrati txikia izanda ere asko irabaz dezakegu eta hizkuntzaren arloan gehiagora egingo du.

Bestelako proiektuak ere garatu dituzue irratitik.

130 ordu inguru ditugu grabatuta gure herriaren izaeraz, aitona-amonez, emakumeez, herrian nola bizi ziren azalduz, ezagutzen dituzten landareez, sendabelarrez… Aldi berean, galtzen ari garen esapideak eta hitzak berreskuratzen ari gara, ezagutza kulturalarekin batera. Horri esker, 7.000 sarrerako hiztegia prestatu dugu eta ikuskatze-lanetan ari dira.

Gainera, gastronomia lehiaketak egin ditugu kooperatiban eta 70-80 errezeta jaso ditugu. Bazkideei eurek prestatutako platerak eskatzen dizkiegu eta nahuatlez gain, totonaka komunitateko kideenak jaso ditugu. Nola prestatzen dituzten eta produktuak nola lantzen dituzten azaltzeko eskatzen diegu. Errezetak idatzita geratzen dira, nahuatlaren idatzizko transmisioa gauzatuz.
Kooperatiba aipatu duzu. Zein helbururekin sortu zenuten?
1977an sortu genuen kooperatiba, oinarrizko produktuak oso garesti saldu eta gure produktuak oso merke erosten zituztelako. Arroza, adibidez, 12,50 pesotan saltzen ziguten, denon dirua batu eta kooperatiban lanean hasi ginenean, garraio gastuak kontuan hartuta, 2,50 pesotan erosten genuen.

Batu ginen une hartatik mahai gainean egon zen gure egoera etniko-kulturala, eta asanbladak esaterako, nahuatlez egiten genituen. Prozesuak indartu egin genituen eta dirua aurreztu eta mailegurako kooperatiba baino gehiago eratzea pentsatu genuen. Osasun kooperatiba egin genuen eta gero, hezkuntzakoa. Hizkuntza galtzen ari zela eta hezkuntza-sistema hau irensten ari zela ohartu ginen.

Zein da nahuatlaren egoera Mexikoko hezkuntzan?

Mexikoko Hezkuntza Publikoko Idazkaritzak curriculum bakarra du herrialde osorako. Estatuak hizkuntza nagusian, hau da espainieraz, eskaintzen du hezkuntza. Guk, berriz, uste dugu jatorri ezberdineko jende talde bakoitza bere beharren, lurraldearen, kulturaren eta jatorriaren arabera prestatu behar dela.

Nahuatla hizkuntza nazional gisa aitortuta dago baina ikasgeletan ez da irakasgai guztietan erabiltzen, nahuatlez ematea beharrezkoa den irakasgaietan edo hauen zati batzuetan bakarrik ematen dute.

Alor horretan zer lan egin duzue?

Umeen Etxea izeneko eskola batekin hasi ginen 2007an eta aurten lehen belaunaldia graduatu eta bigarren hezkuntzari eman diogu hasiera. Orain, bigarren hezkuntzan matematika eta biologia nahuatl hizkuntzan eman ahal izateko lanean ari gara.

Gainera, uste dugu ikasleek ez dutela lau edo sei orduz ikasgelan itxita egon behar, ingurunean egindako praktiketan sinesten dugu. Landaguneetan praktika eta gure kultura uztartuta –artoa eta barazkiak ereinda, hegaztiak, loreak eta natura ezagututa– biologia, kimika eta matematika ikas daitezkeela uste dugu. Hezkuntza, gure ingurunea, osasuna eta kultura lotu nahi ditugu.

Garabide eta Huheziren Jatorrizko Hizkuntzak Biziberritzeko Estrategiak aditu titulua egiten aritu zara. Ondoriorik atera al duzu?

Batzuk lehendik konturatuta geunden errealitate baten jabe egin gara guztiok: izugarrizko menderakuntza jasaten ari gara eta geldirik gaude, pasibo, egoeraren aurrean entzungor. Egoera edozein izanda ere, jarraitzen badu, ez gara ohartuko noiz galduko den gure hizkuntza, beste hizkuntza onartu eta gurea utzi egingo dugulako. Hemen gaude jendeari ohartarazteko horrela jarraituz gero, desagertu egingo garela, jatorrizko milioika pertsona egongo gara hainbat lurraldetan baina gure hizkuntzak ez dira egongo. Gure esku dago zerbait egitea eta ondorengoei bide horretan jarraitzeko erantzukizuna uztea.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Mexiko
Josu Garritz
“Diasporan egungo egunean bizi dira, arbasoen jatorri eta historiaz pixka bat ahaztuta”

Pilotari famatua izan zen, munduko txapelduna, baina tartean behin baizik ez zuen Euskal Herrian jokatu, Mexikon jaio, hazi eta hantxe bizi baitzen, gurasoak haraxe joanda 1936ko gerratik ihesi. Abertzalea, Mexikoko euskal etxeko presidentea, Jaurlaritzaren aholkularia,... [+]


Hauteskundeak Mexikon
Claudia Sheinbaum izanen da Mexikoko presidentea

Morena Nazioa Onbideratzeko Mugimenduko hautagaiak 26,6 eta 28,6 puntu arteko aldea atera dio Xochitl Galvez hautagai kontserbadoreari. Egungo presidente eta alderdikide Andres Manuel Lopez Obrador-en bidetik jarraitzeko asmoa agertu du Sheinbaumek. Mexikoko lehenengo... [+]


Cristina Rivera Garza. Hildakoekin idaztea
“Zerbait gertatzen da munduan kolektiboki esaten dugunean norbait falta zaigula”

Bilbora etorri zen apirilean, idazketa sendatzaileei buruzko hitzaldi bat ematera, EHUko Ikerketa Ereduak eta Arloak Gizarte Zientzietan masterrak gonbidatuta. Bazuen zer esanik: soziologia eta historia ikasitakoa, artxiboa baliatzen du idazteko, eta bere ahizparen bizitza eta... [+]


Mexikok harremanak eten ditu Ekuadorrekin, Quiton duen enbaxadan polizia indarrez sartzeagatik

Estatu batek bere lurraldean dagoe enbaxada baten aurka horrelakorik egiten duen lehenengo aldia da. Mexikok enbaxada itxi eta iragarri du Ekuador salatuko dutela Nazioarteko Justizia Auzitegian nazioarteko eskubideak urratu izanagatik.


Eguneraketa berriak daude