Legeetatik at, legea hautsi barik

Katalunian hasi da independentziaranzko oztopo lasterketa. Orain, gobernuak badu legitimitate instituzionala erreferenduma deitzeko eta ez nolanahiko gehiengoarekin: 85 adierazpenaren alde eta 41 aurka (gehi CUPeko bi abstentzio). CiUren eta ERCren akordioaren arabera, erreferenduma 2014an egingo da. Noiz, ordea? Data bilatu behar. Gero erabaki dezatela kataluniar herritarrek eta kito. Horra demokrazia.

Hala beharko luke, baina ez da hain erraza izango. Lehenik eta behin, Artur Masek Madrili erreferendumerako baimena eskatzen dionean, Espainiako Gobernuak debekatu egingo du. Generalitateak helegitea jarriko du eta legezko tresna guztiak agortu, baina badaki bide horretatik jai duela. Gaur egun indarrean diren legeetatik at egin behar du independentziaren lasterketa, iragan 23an Parlament-ean lortutako babesarekin.

Eta nola antolatu erreferenduma debekatzen bada eta legearen aurka jo barik? Hainbat formula egon daitezke, baina bada hipotesi sendo bat: 2014ko uztailaren 8an egitea. Europako Legebiltzarrerako hauteskundeak dira orduan eta, dena antolatuta dagoela baliatuz, Artur Masek dei ditzake hauteskunde aurreratuak egun horretarako. Independentziaren aldeko alderdi guztiak batera aurkeztuko lirateke eta listo, horra baiezkoaren blokea, botoen erdia baino gehiago lor dezakeena. Ondoren, Gobernu berriak independentzia aldarrikatuko luke.

Burujabetza politikoa lehenik eta ondoren burujabetza juridikoa. Egun hauetan asko hitz egiten ari da bi kontzeptu hauei buruz Katalunian eta independentistek behintzat, argi dute ezin dela bigarrena eskuratu lehena indarrean jarri barik, eta horretarako ez dela Madrilen baimenik behar.

Eta orduan, listo? Ez, orduan hasiko litzateke independentzia ezagutzeko aldapa gora, eta hori zailagoa da, estatuei ez zaielako samur egiten kaltetutako estatuarekin adostasun bako prozesuak onartzea. Horra Kataluniako diplomaziaren desafioa. Madrilek argi ikusi du jokaldia eta, beste gai batzuetan legez, PPk iragarri du jada autonomien atzerriko jarduna legez kontrolatu eta murriztuko duela.

Estatu berri bat Europan, hori aldarrikatzen du katalanismo independentistak, Europar Batasunean zehatz mehatz, independentista eskoziarrek bezala. Herri eta estatu asko daude EBko atarian, ate joka, noiz eta EBren batasuna eta sentimendu europarzalea bere sorrerako ahulenetakoa denean. Horren erakusleetakoa da David Cameron britainiar agintariak besapetik atera berri duen EBrekiko erreferendumarena. Eta EBren egungo norabidean, oso posible da harengan sinesmen handirik izan ez duten ingelesek berau uztea.

Hara paradoxa, EBren sorrerako arrazoi nagusietakoa Alemania integratzea –eta hala mehatxu gisa indargabetzea– izan bazen, orain, Troyako zaldi gisa, germaniarrek EBko agintea hartu dute. Josep Fontana historialariari urtarrileko Larrunen egindako elkarrizketan esaten den gisan, Alemania Europar Batasunari esker lortzen ari da bi Mundu Gerrekin lortu ez zuena.

XX. mendeari gaur egunetik begiratuta, eta ñabardurak onartuta ere, honek baditu bi zati nabarmen Europan: lehen mende erdia gerra eta krisi ekonomikoarena da, eta bigarrena bakea eta ongizate estatuarena. Errealitate horien gainean eraiki zen EB eta zutoin horien erorketak ekar dezake bere hondoratzea, batez ere Alemaniak bere austeritate politikak inposatzen jarraitzen badu.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Katalunia independentziarantz
2024-06-12 | David Bou
Erbeste debekatua

Tren geltoki bateko nasa, bi lagun eta besarkada bat. Besarkada hori izoztuta geratuko da hurrengoan elkartu arte. Ni etxera itzuliko naiz, bera hor geratuko da. Han geratuko da aske izanda ere injustiziak harrapatu nahi gaituelako sentimendu mingarria ere. Jesús... [+]


“Ez dugu auzi justurik edukiko; gidoi hau lehendik idatzita zegoen”

Espainiako Gobernuak onartu berri duen Amnistia Legeak ez ditu zigortutako katalan guztiak bakean utziko. Batzuek erbestean segitzen dute, eta segituko dute, ea noiz arte. Baina beste batzuk berriki joan dira, ustez “gatazka” amaitzear zegoenean, alderdiak Amnistia... [+]


Auziagatik, erbestean
AURRERAPENA | “Amnistia Legea finkatzen joan ahala, are gehiago indartu dute terrorismoaren akusazioa”

Espainiako Diputatuen Kongresuak esperotako Amnistia Legea onartu baino egun gutxi lehenago, Amnistia Legearen aplikaziotik kanpo geratuko diren Tsunami Democratic auziko bi inputatu elkarrizketatu ditu ARGIAk Suitzan, Genevan, erbestean baitaude.

Aurrerapena da ondorengo... [+]


2024-05-30 | ARGIA
Amnistia Legea aurrera atera da Espainiako Kongresuan

Ezusterik gabe eta gehiengo osoz onartu dute Espainiako Kongresuan Amnistiaren Legea, txalo artean. Eztabaida laburra izan da, baina tirabiratsua, eta irainak ere entzun dira. 177 aldeko boto jaso ditu legeak eta 172 kontra.


Eguneraketa berriak daude