Demokrazia +

Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Kontsigna xume hori, gauden krisi sakonetik irteteko bide edota errezeta egokitzat sumatzen dut. Demokrazia ez da gobernariak aukeratzeko partiduen sistema anitza soilik. Baina ezaugarri hori ez da huskeria, garrantzi handikoa baita munduko edozein lekutan jendeak nork agintzen duen aukeratzea. Dena den, demokrazia ez da liberalismoaren sinonimoa. Demokrazia liberal honen bertsio posible bat da, egun indartsuena, jakina.  

Demokrazia liberalak, berez, herritar ugariren haserrea eta egoneza sortu ditu eta horiek aukera arriskutsu bati bidea ematen diote, boterearen erabilera autoritarioari, demokrazia alboratuz. Herri askotan, degenerazio antidemokratikoaren urratsak ari dira txalotzen, horregatik gizarte aske eta igualitarioagoa nahi dugunok, eredu politiko demokratikoagoak defendatu beharrean gaude, autoritarismoari aurre eginez.

Francoren garaiko eskoletan, “demokrazia organiko” batean bizi ginela irakatsi ziguten. Familia, udalerria, sindikatua eta mugimendu nazionalaren “organo” sendoetan finkaturik. Stalin, Mao edo Horneckerek ere, euren erregimenak “herri demokraziak” izendatu zituzten. Eta zoritxarrez, jende asko dago munduan sistema antidemokratiko eta bertikaletara itzultzeko gogoz, kontsumo material nahikorik ziurtatzen badiete. Hor dago koska eta arriskua!

W. Churchillek zioenez, demokrazia gobernu sistema txarren artean hoberena da. Nire aburuz, zerbait gehiago da. Demokrazia gizarte harremanak ulertzeko modua da, eta arazo politikoen konponbidea izan daiteke. Norbanakoen bizimodua da, baita taldeena ere, non eskuzabaltasunaren, askatasunaren eta berdintasunaren defentsarekin batera, aniztasunaren eta gutxiengoen eskubideak bermatzen diren, parte-hartzea eta gatazken konponbide baketsuak babesteaz batera. 
Chantal Mouffe-k dioenez, demokraziaren funtsa, ezarritako botereekiko sumisioaren logikaren errefusapenean datza, nahiz eta botere legalak eta gehiengoak izan, autoritatearekiko tentsionamendu iraunkorrean datza. Printzipioz, edozeinek, alkateak zein zientifikoak, liderrak edo apaizak ez du inongo eskubiderik arauak jartzeko eta besteak gobernatzen saiatzeko. Gobernarien legitimitatea, antagonista politikoen arteko lehia justuan irabazten da. Eta inork ez, ez Estatuak ez partiduak, ezta mugimendu sozialek ere, ez dute arrazoirik a priori. Arrazoi demokratikoa argudioen kontraste librean eskuratzen da, gizartean eta iritzi publikoan posizio gehiengoak lortzen. Horregatik, demokrazia faltsukeria da gardentasunik eta herritarren parte-hartzerik gabe.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...