[Erredakzioaren oharra] Vespa Velutina Nigritorax liztor asiarra da erle europarrari atera zaion azken etsaia. Euskal Herriko erlategietan agudo ari da hedatzen kalamitatea, erlezainen etsipengarri. Ondoko artikuluan kazetari eta erlezain amateurra saiatu da Velutina baten ikuspegitik azaltzen aldaketaren zentzua. Edo zentzuetako bat bederik.
Argiako irakurle hori, Vespa Velutina Nigritorax bat naiz. Nire habiak ikusiak dituzkezu telebistan edo egunkari handietako erretratuetan. Baldin baduzu hogei minutu, badaukat zuri zer kontatua.
Liztor asiarron berri 2006a arte Europako ia inortxok ez zekien. Urte hartan zabaldu zituzten lehen oharrak Frantziako erlezainen artean. Sainte Livrade-sur-Lot herrian (Baionatik 220 kilometrora) 2005ean azaldu nintzen lehenbizikoz, Txinatik bonsaiak inportatzen dituen landarezale baten erakustokian. Nagusiak esperoko zuen neguak hilko ninduela. 2006ko udaberrian gure lehen habiak ikusitakoan jakinarazi zien Claire Villemant, Jean Haxaire eta Jean-Claude Streito entomologoei. Hauek hasiera batean uste izan zuten hain lokalizatua egonik posible izango zela nire kasta suntsitzea. Laster ikusiko zuten oker zeudela. Betirako heldua naiz Europara.
2008ko ekainean Le journal du Pays Basque egunkariak jakinarazi zuen Euskal Herriko ateetan nintzela. 2010eko azaroan aurkitu naute Gipuzkoan. Espainolek orduan izan dute nire berri, Bidasoa eta Pirinioak gainditutakoan. Geroztik Euskal Herrian modako gaitzat sartua nago hedabide handien agendan. Habia espektakularra egiten dut, bertako espezie mitikoa den erlearen iraupena mehatxatzen, izurriak kontrolatzen dituztenei lana ematen, erlezaleak urte osoko ahanzturatik ateratzen. Erreportajetarako, primerakoa.
Erlezainak tristetu baino desesperatu egiten ditut nik, Vespa Velutina honek. Harro eta lotsagabe ikusten naute erlauntzen atarietan, eztia biltzetik datozen erle nekatuei erasotzen edo erlauntzetik ateratzen direnei. Handia naiz, burrunba gogorra egiten dut, batek erle bati heldu eta alde egin orduko beste bat edo bi edo hamar gatoz, etenik gabe. Nigatik eultzetako mugimendua gutxitzen da, erleak ez dira ausartzen irtetera, koloniak galtzen dira. Erlezainarentzako ez da bakarrik erleak galtzea edo eztia gutxitzea. Da nire inpunitatea ezin menderatua.
Erledunek tranpak jartzen dizkidate, garagardo eta zuku gozoz, bertan ito nadin. Aurkitzen dituzten habiak suntsitzen ahalegintzen dira, zuhaitzetatik jaitsi ondoren intsektizidaz, edo arbolean bertan eskopetaz tiroka. Kofoinen aurrean guardia egiten dute batzuek, zalabardoarekin ahal dituzten liztor aleak harrapatuz. Bakan batzuk hasi dira erlategiak sarez inguratzen. Edo pozoitutako karnata jartzen, habiara eraman dezaten. Bada bizirik harrapatutako liztorra hegal bat eta zango batzuk kendurik erleei atarian jartzen diena, ea hobeto ezagututa, usainduta, ukituta, guregandik defenditzen ikasten duten.
Ikasi beharko dute, Velutinok betirako etorri garela. Dagoenekoz ba omen dira defenditzeko taktika aurkitu duten erleak. Azken finean, Asian milaka urteko elkarbizitzan ni menderatzeko garatu dutena bera. Jatorrizkoa naizen India eta Txinan berez beste erle espezie bat bizi da, Apis Cerana, hemengo Apis Mellifera baino txikiagoa. Hango erle txikiek uzten didate hurbiltzen eta bat-batean ziento erdi bat edo gehiago datozkit gainera, pilota bat osatzen dute ni barruan harrapatutakoa itotzeko berotan, 45ºCtara iritsitakoan.
Nire hemengo pasadizoak gerta litezke XXI. mende hasierako mundializazioaren metafora. Txinatik heldu naiz, mendebaldeko industriako obreroen eta milaka enpresa txikiren malurra ekarri duen inperio urrunetik. Baina mundializazioa atzo hasia ez den bezala, Europako erlea ere aspalditik ari da urruneko izurri ezezagunen erasoa jasaten.
Erleen maitaleak larri dabiltza. Frantzian oso ezaguna egin dute “L’Abeille, sentinelle de l’environemment” (Erlea, ingurumenaren adierazle) kanpaina. Horrelako beste asko abiarazi dituzte munduan erlearen galerak kezkatuta. Ingurumenaren kutsadura kimikoak ekarri du milioika erleren suntsitzea. Klase guztietako kutsagarriak eta bereziki nekazaritza industrialean erabiltzen diren pestizida eta herbizidek ahuldu eta nahastu egiten dituztela xomorroon organismoak, babesak murrizturik naturan ohikoak diren birus eta bakterioen mende utziz.
Pozoiketaz gain, gaur munduan Apis Mellifera zaintzen duten milaka erlezainen buruhauste nagusia askoz txikiagoa da telebistek hainbeste maite nauten Velutina hau baino, zorri txiki bat da (akaro bat): Varroa Destructor. Hau ere ni bezala endemikoa izan da betidanik Asia urruneko Apis Cerana txikiaren ondoan, baina erle europarretara jauzi egin zuen 1960 inguruan. Euskal Herrian 1980ko hamarkada arte ez zaizue azaldu. Urteotan ari da iristen Suedia, Norvegia eta Eskoziako azken zokoetaraino.
Oraindik hemengo erleek ez dute ikasi Varroarekin bizitzen. Erlauntzarik baldin badaukazu, akaroa hiltzeko botika eman behar diezu derrigor, kimikoa edo ekologikoa, autoritateen bezala erlezainen elkarteen aginduz. Diote zureetan Varroa garbitzen ez baduzu, inguruko erleak kutsatuko dituzula, gauza ulerkaitza ekologiaren ikuspegik, baldin eta sinesten bada munduak erlea beharrezkoa duela bere biziraupenerako. Erlezain eta zientzialari bakan batzuek aldarrikatzen dute botikak justu alderantzizkoa eragiten dutela, bizkarroiaren eta ostalariaren eboluzioa eragoztea.
Erle trafiko handia dago munduan. Batzuetan leku batean gehiago behar direlako; esaterako, urtero otsailean AEBeetan gertatzen da munduko erle migraziorik handiena, ehunka trailerretan herrialde hartako erlauntzen erdia Kaliforniara daramate almendrondoen liliak ernaltzera. Zalaparta gutxiagorekin, urtero milaka erregina saldu eta erosten dira, birjinik edo laborategian ernaldurik, munduaren mutur batetik bestera, arraza hautatuetakoak, ezti asko ematen dutelako, edo kudeatzeko gozoak direlako.
Ekoizpen industrialerako erle egokiagoak erdiesteko zientziealariek antolatutako bidaietako bat amesgaizto bihurtu zen Ameriketan 1956an. Warwick Estevam Kerr entomologo eta genetista brasildarrak Sao Paolo inguruan gurutzatu zituen erle europarrak eta Afrikatik ekarritako Apis Mellifica Scutellata subespeziekoak. “Africanizadas” eta “africanised” horiek laster zabaldu ziren beheko eta goiko Ameriketan. “Oso gaiztoak dira” dio jende xeheak; adituek, etxearen defentsa gogorra egiten dutela. Erlauntza bati erasotzen dionari erle europarrak metro batzuetan segitzen dio, afrikartuak ez dio bakerik emango bide luzean.
Sasi-afrikarrok istripu asko eragin dituzte, heriotzak ere bai, baita betiko erle europarrak zirelakoan haien eztia zuhaitzetik harrapatzera joaten ohitutakoen artean ere. Aldiz, beren erlauntzetan horiek maneiatzen ikasi duten erlezain hegoamerikar askok maite omen dituzte, eztitan oparoak eta Varroarekin bizitzeko gai direlako.
Irakurle hori, ohartuko zinen orain arte kanpoko erleek edo haiekin bizi diren beste xomorroek Europakoekin topo egin dutenean gertatuak kontatu ditudala. Baina pentsatzen jarrita, Europako erlea ari da orain nozitzen bera usatuz munduko beste erle askok aurreko mendeetan jasandako patu bera. Aspaldikoa den mundializazioaren biktimen ordaina.
Apis Mellifera Europa eta Afrikako piztia izan da atzo arte. Ameriketan, gaur AEBak diren lurretara 1622an eraman zituzten lehenak, baina Kaliforniara ez ziren heldu XIX. mendera arte. XIX. mendean sartu zituzten Hego Amerika gehienean ere. Australiara bezala. Ozeaniako uharte askotan XX. mendea oso aurreratuta zelarik. Asian berdin. Nepalen 1978an lehenbizikoz!
Horietako ainitz lekutan erle euroasiarra nagusitu zaie bertakoei. Bidenabar Ameriketan, atzerakada handia egin dute bertako Melipona eta Trigona erle txiki eztenik gabeek. AEB, Argentina, Brasil... mundu mailako potentziak dira eztigintzan Apis Melliferari esker. Erleen erremedioak medikuntzan aplikatzen maisu den Kuban, erle europarraren propolia osasungintza publikoan erabiltzen da... baina milioika urtez bertan bizi izandako Meliponen propolia ez dute aski aztertu.
Ameriketara Velutinok ez gara iritsi oraindik, aldiz Varroaz kexu dira han ere. Bertako erleak, aldiz, bi zangoko indigenak bezala, izugarri urritu dira. XVI. mendetik hona Ameriketan Europako gripeak eta elgorriak bertako jendeen hiru laurdenak hil bazituen, zer nolako triskantza eritasun ez ote die eragin hemengo erleek hangoei?
Ni, liztor asiarra, kolonizatuen mendekua naiz. Ez lehena eta ez azkena euskaldunentzat. Artoa eta babarrunarekin (Indietako baba) batera ekarri zenuten patata denetan zabaldu ondoren bere zomorro endemikoa azaltzen ikusi duzue hemen. XIX. mendean filoxera eritasunak suntsitu zituen Europako gehienekin batera zuen mahastiak. XX. mendean ikusi dituzue gaztainondo gehienak ihartzen, Asia urrunetik heldutako txankroak jota. Beranduago, zumarra da ihartu dena hau ere urrutitik iritsitako gaitz batek jota.
Erruki ditut erlezainak, kalte handiak eragiten dizkiegu Vespa Velutinok. Ordainik gabeko zerbitzua egiten diote ekologiari bezala gizarteari eta, trukean, malurrak datozkie bata bestearen ondotik. Haien arazoetan ikusi ditzakete gainerako herritarrek mundializazioaren kalteak. Erraz ekartzen da da Kaliforniatik intsignis pinua etekin azkarra ematen duelako, baina gero hasten dira konplikazioak: harrak, haiek hegazkinetik fumigatu beharra, lurraren azidifikazioa... Jendez gainezka, planeta baratze handi bat da. Ikas ezazue xuxen kudeatzen.
Zuhaitzen hostoak erortzen ari dira, eguzkiak ez du hainbeste berotzen baina azken izpiak aprobetxatuz, bazkalostean mendi bueltatxoa ematera irten gara. Mendiaren soinuetan barneratuta, bat- batean tronpetak diruditen “kru-kru-kru” hotsak entzuten dira. Begirada... [+]
Udazken sasoia iritsi zaigu eta ohikoak diren irudiak etorri zaizkigu; hostaje gorrixkak, erortzen ari diren hosto bakan malenkoniatsuak, haizeak astindutako orbela.
Baigorriko pentzeetan jateko sagarrak ekoizten ditu Elena Aguerre laborariak. Lekorneko Garroa etxaldean barazkigintza ekologikoan luze aritua zen, baina 2022-2023ko neguan Baigorrira lekualdatu eta proiektu berria jarri zuen abian: “Pentze bat xerkatu eta hektarea eta... [+]
Inaurkina. Inaurkingintzan buru-begi hasia dago aberats jendea, abeldun jendea, abeltzaina. Buru-begi eta buru-belarriak erne egin beharreko lana da inaurkinarena. Etxeratu nahi den zaborra da inaurkina. Izan ere, zaborra, gaur egun sortzen duguna ez bezala, begi-bistatik... [+]
URA agentziak obrak “berehala” geldiarazi ditu, eta txostena ireki dio Red Electricari. Ez da lehen aldia bentonita isuriak atzematen dituztena. Obrek Gatika eta Europa konektatzea dute helburu.
Suaren presentzia naturan milioika urtetan izan da (gizakion agerpena baino askoz lehenagotik). Horregatik, ohikoa da landare askok suaren aurrean adaptazio ugari edukitzea. Gure inguruan arruntak diren arteek eta ametzek, adibidez. Baita txilar askok eta otea bezalako sastraka... [+]
2018tik 2023ra kolore berdea izatetik grisa izatera pasa den lur eremua 9.000 kilometro koadro ingurukoa da, Zipreren adinako azalera. The Guardian-ek argitaratu duen ikerketaren arabera, etxebizitzen eta errepideen eraikuntzara ez ezik, luxuzko turismo, kontsumo eta aisialdira... [+]
Altri multinazionalak Europako zelulosa lantegi handienetakoa eraiki nahi du Galizian, Palas del Rei herrian, lyocell deituriko zuntz "jasangarria" ekoizteko. Eukaliptoak, ura, moda-industria indartsua eta oligarkia politiko diruzalea. Dena du alde horretarako. Dena?... [+]
Berotegi gasen emisioak eta atmosferaren kutsadura murriztu egin diren arren, ingurumenaren egoera ez da ona Europan, kontuan harturik naturaren degradazioak, gehiegizko ustiapenak eta biodibertsitatearen galerak dakartzaten ondorioak, Europako Ingurumen Agentziak bost... [+]
Silurikoan sortu omen ziren, kontuak atera! Duela 400 milioi urte edo gehiago. Beraz, planetako lurretan azaldu ziren lehenetako animaliez ari gara, ez da txantxetarako kontua. Eta oraindik txantxa gutxiago, garai hartako espezie batzuek luzeran bi metro ere bazituztela jakinda... [+]
Uztailaren erdialdean aurkeztu zuten 2027tik aurrera Europako Nekazaritza Politika Bateratua (NPB) izango dena, eta proposamena izugarria da: NPBaren egitura desegitea eta azken urteotan lortutako aurrerapen urriak suntsitzea.
Garuna dirudi, bai, intxaur alearen mamiak. Garun bikoitza. Alearen edo garauaren barrukoari “intxaur-mami”, “intxaur-ister” eta “intxaurki” esaten zaio.
Pirinioetako eta Iberiar Penintsulako mendien katalogoa gehitu dugu Mendiak aplikaziora. Abuztuan hazi zen mendi katalogoa, eta dagoeneko igoera mordoxka bat erregistratu dituzte erabiltzaileek. Webgune gisa kontsulta daiteke Mendiak.eus, baina erabilpen aproposerako, app bidez... [+]
Public Eye eta Unearthed Gobernuz Kanpoko Erakundeek eman dute gehiegikeria horren berri irailaren 23an plazaraturiko txostenean. Inportatzaileen zerrendan 93 herrialde ageri dira, eta horietatik hiru laurdenak diru sarrera txikiak edo ertainak dituzten herrialdeak dira.
Orain da unea eta ez dugu denbora askorik. Baina, zer egin? Nondik hasi? Nora jo? Badugu gaitasun teknikoa, bide-orri argi bat falta zaigu, adostasun zabal bat. Oinak lurrean eta lokatzari aurre egiteko prest, berandu baino lehen ekin beharreko bideaz aritu gara Marta... [+]